Author: Esti

Hobekuntzak Dbuseko 26, 35, 45 eta 46 lineetan

Azaroaren 28an egin zen Dbuseko Administrazio Kontseiluaren bileran 26, 35, 45 eta 46 lineen zerbitzuan hobekuntza garrantzitsuak egiteko behar den aldaketa aztertu ziren. Hobekuntzak, 2019an jarriko dira martxan.

 

1) 26-Amara-Martutene linea

Linearen maiztasuna hobetuko da lanegunetan, egun duen 15 minutukoa izatetik 12 minutukora izatera igarota.  Honela geratuko dira linearen ordutegiak:

– Lanegunak: 12 minutuan behin.

– Larunbatak: 15 minutuan behin.

– Igandeak: 20 minutuan behin.

 

Linearen maiztasuna hobetuta erantzun ahal izango zaie, baita ere, lineak egun duen  eskari gero eta handiagoari eta Txomin Eneako urbanizazioari lotuta eta alde horretako populazioak izango duen gorakadari lotuta aurreikusten den eskariari.

 

2) 35-Arriola-Antiguo-Aiete-Ospitaleak

Gaur egun Arriola aldea eta Antigua auzoa Aieterekin, Miramonekin, Poliklinikarekin eta Ospitaleekin lotzen ditu, 60 minutuan behin. Maiztasun berria 30 minutukoa izango da lanegunetan, eta maiztasun aldaketaz gain lineak ibilbide berria egingo du, Errotaburu eta Lorea Aieterekin, Miramonekin eta Ospitaleekin lotzeko.

Lanegunetan, beraz, lineak hainbat ibilbide edukiko ditu, eta bakoitza 30 minutuan behin emango da.

Irteerak Arriolatik: egungo ibilbidea egingo dute, hemendik: Arriola, Unibertsitateak, Ondarreta, Pio Baroja, Aiete, Miramon eta Ospitaleak. Irteerak 60 minutuan behin izango dira, xx:30ean.

Irteerak Errotaburutik: irteerak Tolosa 138tik, 60 minutuan behin, xx:00etan. Hemendik igaroko dira: Errotaburu, Lorea, Unibertsitateak, Ondarreta, Pio Baroja, Aiete, Miramon eta Ospitaleak. Era berean, ibilbide horren barruan, 2 orduan behin Matia zentrotik aterako dira: 10:00h – 12:00h – 14:00h – 16:00h – 18:00h – 20:00h.

 

3) 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antigua-Aiete linea

Ibilbidea aldatuko da Aietetik, Andoain kalean eta Pagolan zerbitzua emateko, 19-Aiete-Bera Bera lineak egiten duen moduan.

Horrela, Pagola Antiguarekin lotuta egongo da eta Erdialdearekin eta tren eta autobus geltokiekin ere bai. Aieten, burualdeko geltoki berrian Aiete 93an egongo da, Etxadin egon ordez.

Irteerak Renfe-Bus Geltokietatik: xx:25h eta xx:55h

Irteerak Aiete 93tik: xx:25h eta xx:55h

 

4) 46-Morlans-San Antonio linea

46 lineak egun duen eskari txikia dela eta, ibilbidea luzatuko zaio Morlans Erdialdiarekin eta Grosekin lotzeko, eta, beraz, Easotik, San Martinetik eta Askatasunaren Hiribidetik ibiliko da. Ibilbide horrek 60 minutuko maiztasuna edukiko du, egun dituen 30 minutukoaren ordez.

Horrez gain, linearen ibilbidea Ategorrietaraino luzatuko da eta Parada Baserria -San Antonio-Montesol-Luis Pradera alderaino, 1.432 biztanle baititu eta hirian garraio publikorik ez duten alde gutxietako bat baita. Era berean, alde horretara iristen zaila da eta aldean bizi den jendeak adineko pertsonen profila dauka.   Horregatik, 46 lineak beste izen bat hartuko du: 46-Morlans-San Antonio.

 

Irteera Morlans Igogailutik: xx:45h

Irteerak Askatasunaren Hiribidea 3tik: xx:00h

Irteerak Parada Baserria 66tik: xx:10h

Irteerak Askatasunaren Hiribidea 20tik: xx:35h 

 

Aurreikusten da 46 linea 2019ko lehen hiruhilekoan aldatuko dela. 26, 35 eta 45 autobus lineei dagokienez, linea horien aldaketek flotara autobus berriak sartzea eskatzen dutenez, Kotxetegiak handitzeko obrak bukatu arte itxaron beharko da, eta aurreikuspenen arabera 2019ko udaberrian bukatuko dira obrak.

Dbus-ek 110 markesina berrituko ditu hirian

Datozen hiletan Dbusek hiriko 110 markesina berritzeko eta Irisgarritasunari buruzko Legera egokitzeko lizitazioa kaleratuko du. Gaur arte Dbusek berritu duen markesina kopururik handiena da, 2013tik markesinen kudeaketa Dbusen esku baitago. Une honetan Donostiak 563 autobus geltoki dauzka, eta horietatik 309 markesina erakoak dira eta 254 zutoin erakoak. Berritze planaren barruan markesinak baino ez dira sartzen, zutoinak egoera hobean daude eta.

Lehentasunez berritu behar diren markesinak zein diren zehazteko, Dbusek markesinen egoerari buruzko analisi bat egin du Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuarekin elkarlanean, eta analisi horren ondorioa izan da kaltetuen dauden markesinak direla eguneratu behar direnak. Hiriko garraio sarearen geltokien instalazioa, birkokapena eta mantentze lanak ez ezik, publizitatearen ustiapena ere esleituko da lizitazioan. Kontratua 15 urterako izango da; halere, aurreikusten da 110 markesinen instalazioa lehen urtean abiaraztea eta kontratuaren lehen zazpi urteak igaro baino lehen amaitzea.

Markesina duten geltoki guztietatik, 40 Grimshaw modelokoak dira, hau da, sartu den azken modelokoak, eta gainerako 269 markesinak 2003 modelokoak. Zehazki, berrituko diren 110 markesinak 2003 modelokoak dira, eta gutxi gorabehera 16 markesina eguneratuko dira urtean.

Hiriko altzariak bateratzeko eta homogeneizatzeko asmoarekin, markesinen modelo bakarra, berria eta funtzionalago bat erabiliko da markesinak berritzeko.

Lizitazioaren baldintza pleguan kalitate, irisgarritasun eta diseinuari lotutako irizpideak jasoko dira. Baldintza nagusietako bat izango da markesinak kalitateko materialez eta hiriaren berezko baldintza meteorologikoak jasatzen dituzten materialez eginda egon beharko direla eta hiriko altzariekin oro har bat datorren eta Irisgarritasunari buruzko Legean jasotako araudia betetzen duen abangoardiako diseinua eduki beharko dutela. Estetika homogeneoa bermatzeko, asmoa da markesina berriak hirian ezarritako azken modeloaren antzeko diseinua edukitzea, hau da, Grimshaw modeloaren antzekoa.

Markesina berriak irisgarriagoak izango dira. Irizpide orokor gisa, geltokiak ahalbidetzen duen guztietan, sarrera albotik zein erditik edukiko du, igarotzeko gutxienez 90 zentimetroko zabalera librearekin. Era berean, manpara guztiak zeharrargiak izango dira eta kolore biziko bi zerrenda edukiko dituzte kristala dagoela adierazteko. Linearen zenbakiari eta helmugari buruzko informazioa braillez edukiko dute, halaber, eta bermatze leku iskiatikoa duen eserlekua edukiko dute.

Era berean, planak gainerako markesinen berrikuspen integrala aurreikusten du, bai eta publizitateko mupien mantentze lanak eta gidarientzako WCen instalazioa ere.

Gutxienez hiriko markesinen heren bat berrituta, helburua da hiriko autobus garraioaren zerbitzua eta erabiltzailearen esperientzia hobetzen jarraitzea, autobusaren zain egotea atseginagoa eta erosoagoa izan dadin eta erabiltzaileak eguraldi txarretik benetan babestuago egon daitezen.

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin

Beste urte batez, Dbusek bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin. Eguna igandean, azaroaren 25a, ospatuko da.  Keinu horrekin Dbusek emakumeak iraindu eta beraien izena zikintzen duen eraso eta portaera ororen aurka dagoela erakutsi nahi du, eta bere ekarpena egin nahi  du genero berdintasunaren aldeko borrokan.

Horregatik, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunean Dbuseko autobus guztiek puntu lila eramango dute biolentzia horren aurka gaudela adierazteko.

Irakurri

Dbus-ek euskaraldia kanpaina bultzatzen du autobusetan kanpainaren kartelak jarrita

Dbus Euskaraldiaren bultzatzailea da beste erakunde batzuekin batera, esaterako Donostiako Udalarekin; hori horrela, kanpaina babesten duela erakutsi nahi du eta kanpainaren zabalkundea egin, zeinarekin euskararen erabilera sustatu nahi den, baita erakundeen barruan bertan ere.

Horregatik, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, hau da, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, autobusek kanpainaren kartela eramango dute barruan. Era berean, abenduaren 3an bertan aurreko atean ere eramango dute kartela autobusek.

 

Irakurri

Dbusek bat egin du Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Egunarekin

Azaroaren 17an, larunbata, Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Eguna izango da. Sindrome hori hainbat sintoma eta osasun arazo dakartzan asaldura genetikoa da.

Dbusek bat egin nahi du ASME Erakundeak (Smit-Magenis Sindromearen Espainiako Elkartea) antolatutako jarduerekin, gaixotasuna gehiago ezagutzeko asmoz, eta babesa eskaini nahi die egunero gaixotasun horri aurre egiteko borrokatzen diren pertsona guztiei. Horregatik, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainarekin lotutako kartela eramango dute bihar egun osoan zehar.

Irakurri

Dbus-ek bat egingo du Entzutearen Egunarekin

Bihar, osteguna, azaroak 15, Entzutearen Eguna ospatuko da. Dbusek bat egin nahi du egun horretarako Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak antolatutako jarduerekin, eta horren bidez hari babesa erakutsi, bere errealitatea beste norbaitekin partekatu behar duenari entzunez egiten duen lanagatik.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Desgaitasuna duten pertsonekiko harremanaren gaineko prestakuntza eskaintzen jarraitzen du Dbus-ek gidarientzat

Bigarren urtez jarraian,  Dbusek prestakuntza ikastaro bat antolatu du gidarientzat, Gureaken laguntzarekin, desgaitasuna duten erabiltzaileekiko harremana eta tratua hobetzeko asmoarekin. Prestakuntzaren asmoa da gidariei tresnak eta teknikak ematea Dbusen zerbitzuak erabiltzen dituzten desgaituekin harreman egokia eduki dezaten.

Pasa den edizioan 60 gidarik parte hartu zuten, eta aurten, berriz, beste 60 gidari joan dira prestakuntza saioetara. Hau da, gidarien heren batek jaso du prestakuntza. Apurka-apurka gainerako langileek jasoko dute prestakuntza, izan ere, helburua da gidari guztiak prestatzea.

Prestakuntzaren edukiak

 Prestakuntzan desgaitasunaren gaineko oinarrizko kontzeptuak aztertzen dira, bai eta hainbat desgaitasunekin zerikusia duten ohiko egoerak eta desgaitasun fisiko, sentsorial edo psikikoren bat duten pertsonekin edozein egoeratan harremanak izateko beharrezkoak diren trebetasunak ere. Horretarako, prestakuntza kasu praktikoetan, bideoetan eta role playing-ean oinarritu zen. Metodologia horri esker, parte hartzaileek desgaitasuna duten pertsonen egunerokoan ohikoak diren egoerak esperimentatuko dituzte, haien lekuan jartzeko eta kolektibo horri eskaintzen zaion zerbitzua hobetzeko.

Aldian-aldian Dbuseko gidariek prestakuntza ikastaroak jasotzen dituzte hainbat arloren gainean, esaterako, ibilgailu moten gainean edo pertsonen arteko harremanen gainean. Beraz, ikastaro berri honekin prestakuntza hori sendotu egingo da, gaitasun desberdinak dituzten erabiltzaileekiko tratua landuta. Helburua da Donostian eskaintzen den eta Donostiako herritarrek hain ondo baloratzen duten zerbitzua egunez egun hobetzea.

Beste prestakuntza batzuk

 Horrez gain, azken hilabeteetan Dbuseko tailerreko langileek ibilgailu hibridoen mantentze lanei buruzko prestakuntza jaso dute, eta laster autobus elektrikoen mantentze lanetan trebatuko dira. Gaur egun, Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu eta 24 autobus hibrido. Era berean, bi proiektu pilotu abian dira; bat, 18 metroko autobus %100 elektriko bat probatzeko eta, bestea, autobus hibrido-elektriko bat probatzeko. Urte amaieran Dbuseko flotan beste 14 autobus hibrido gehiago egotea eta ingurumenaren aldetik flotarik iraunkorrenetako bat  izatea ere espero da.

 

 

 

Irakurri

Dbus, mugikortasun elektrikoari buruzko jardunaldi bateko partaide

Urriaren 22tik 23ra bitartean negozio berrien gaineko kongresu bat dago Aranjuezen, Carril Bus sektoreko aldizkari espezializatuak antolatuta, eta Dbusek elektromugikortasunari lotuta daukan esperientzia eta egin dituen proiektuak ezagutarazi ditu bertan.

Ibilgailu elektrikoak dituzten beste hiri batzuetan, esaterako Madrilen, Valentzian, Bartzelonan edo Malagan diharduten operadoreen ordezkariekin batera, Dbuseko zuzendari nagusi Igor Gonzalezek solasaldi batean parte hartu du Dbusek elektromugikortasunarekin eta ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorra den garraioarekin duen konpromisoa azaltzeko eta konpromiso horri lotuta Konpainian gaur egun lantzen ari diren proiektuak ezagutarazteko. Solasaldian, halaber, floten elektrifikazioari modu bideragarrian aurre egiteko operadoreek dituzten premiez eztabaidatu da, bai eta soluzio teknologiko honek konpainien egunerokoan erabiltzeko eta beste propultsio sistema batzuekin konbinatzeko eskaintzen dituen abantailez eta desabantailez ere.

Dbus aintzindaria izan da eremu honetan, izan ere, 12 metroko autobus %100 elektriko bat abian jartzen zuen lehen operadorea izan zen 2014an. Autobusa Irizarrek fabrikatutakoa zen, eta ezaugarri horiekin Europan fabrikatzen zen lehen autobusa zen. Harrez gero mota horretako 3 autobus %100 elektriko ditu eta 18 metroko lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzen ari da. Autobus hori ere Irizar Taldeak fabrikatu du, eta autobus linearen bukaerako geltokian aukerako kargagune bat dauka. Azken asteetan beste proiektu pilotu bat ere jarri da abian CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako ibilgailu elektriko-hibrido bat probatzeko. Autobusa modu hibridoan zein modu elektrikoan dabil, kanpoko kargaren premiarik gabe; beraz, ez du azpiegiturarik behar, ez linean, ez Kotxetegietan.

Dbusek, halaber, 12 metroko 24 autobus hibrido dauzka une honetan, hau da, flotarik iraunkorrenetako bat dauka. Ibilgailu horiekin zaratarik eta igorpen kutsatzailerik gabeko garraio publikoa eskaini daiteke.

Irakurri