Datozen egunetan zerbitzua ematen hasiko da Donostian lehen autobus %100 elektriko artikulatua, Irizar Taldeak fabrikatutako ie tram modeloa. Ibilgailua berritzailea da eta gaur goizean aurkeztu da. 6 hilabetez egongo da Dbuseko 28-Amara-Ospitaleak linean, autobusak benetako baldintzetan eta bidaiariekin nola funtzionatzen duen frogratzeko egiten ari den proiektu pilotu baten barruan.
Proiektuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Donostiako Alkate Eneko Goiak, Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezek, Irizar Taldeko Zuzendari Nagusi José Manuel Orcasitasek eta Diputatu Nagusi Markel Olanok, iraunkortasunaren aldeko apustu sendoa eta iraunkortasunarekiko konpromisoa berretsita. Denek azpimarratu dute honen moduko proiektuekin hiria eta Gipuzkoa mugikortasun elektrikoaren munduko abangoardian kokatzen direla.
Autobus %100 elektriko artikuluaren ezaugarriak
Irizarren ie tram-a 18 metroko autobus bat da, ez du batere kutsatzailerik igortzen (0 igorpenak) eta isila da. Horrez gain, diseinu berritzailea dauka, estetika aerodinamiko erakargarria. Barruan, elementuen kokapenari esker errazago da ibiltzea, autobusaren bi zati nagusien artean leku gehiago baitago, eta argi gehiago dago, leihoak handiagoak direlako eta beheko aldean leihoak dituelako.
Ibilgailuak Dbuseko flotan ohikoak diren erosotasun eta segurtasuneko elementu guztiak ditu, hala nola erdiko atetik sartzeko arrapala teleskopikoa, gurpildun aulkietarako edo haur kotxeetarako erdialdean dituzten bi lekuak edo entretenimenduko edukiak edo zerbitzuari buruzko informazioa ematen duten autobus barruko pantailak. Autobusa Irizar Taldearen teknologiarekin fabrikatu da, eta beste nobedade azpimarragarri hauek ere baditu:
– Lau ate ditu autobus artikulatuek eduki ohi dituzten hiru ateen aurrean. Lehen atea sartzeko da eta beste hirurak jaisteko.
– Autobusaren atzerako ispiluen ordez kamerak ditu, ibilgailuaren kanpoaldea ikusteko.
– Autobusak argi gehiago dauka barrualdean, eta eserlekuak beste modu batean antolatuta daude.
– Barruko argiak led dira.
– Erdiko aldeko hauspoa zabalagoa eta argitsua.
– USB atakak eserleku guztietan.
– Litio ioizko bateriak ditu, potentzia dentsitate handikoak eta bizitza baliagarri luzekoak baitira.
Duela gutxi, autobusak 2018ko urteko autobusaren saria eta 2018ko Ibilgailu Industrial Ekologikoaren saria eskuratu ditu Espainian. Ildo horretan, autobusaren alderdi berrienak eta ekologikoenak azpimarratzeko, eta proiektu pilotua abian jarri dela aprobetxatuta, komunikazio kanpaina bat diseinatu da, donostiarrek proiektuaren berri eduki dezaten eta kutsatzailerik eta zaratarik igortzen ez duen ibilgailuaren abantailak ezagutu ditzaten. Ibilgailuaren errotulazioan bertan zein 28 autobus linearen geltokietan egongo da informazio hori.
Karga geltokian
Autobusa gauean kargatzen da, Kotxetegietan, baina, halere, aukerako karga bat ere egin behar du ibilbidean zehar. Aukerako karga hori 28 autobus linearen burualdeko geltokian egingo da, Miramonen, han jarri baita horretarako behar den azpiegitura elektriko. Autobusak, Miramoneko linea bukaerako geltokira iristen den bakoitzean, gutxi gorabeherako 5-6 minutuko karga bat egingo du. Autobusak pantografo bat dauka, zeina autobusaren sabaian zabaltzen den eta karga zutoinarekin konektatzen den, 500kW-potentziako karga jasotzeko.
Autobusa martxan jarrita, posible izango da urtean 120 tona CO2 gutxiago igortzea eguratsera. Aldi berean, beste urrats bat gehiago emango da Donostiako autobus flota elektrifikatzeko bidean eta, bereziki, 28 linearen erabateko elektrifikazioan, zeina Dbuseko linearik erabiliena baita eta urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen autobus linea Euskadin.
Era berean, agerian uzten du Dbusek elektromugikortasunarekiko eta ingurumenarekin gero eta errespetutsuagoak diren teknologiak bultzatzearekin duen konpromiso etengabea. 2014an Dbusek Europan fabrikatutako 12 metroko lehen autobus elektrikoa jarri zuen martxan, Irizar etxearen ie2 modeloa, eta harrez gero Dbusek hiru autobus %100 elektriko eta 24 autobus hibrido gehitu ditu bere flotan, eta ingurumena gehien errespetatzen duten flotetako bat bihurtu da.