Category : Berriak home

Dbizi-k Tarteko Geldialdia aurkeztu du

Dbizik, Donostiako bizikleta sistema publikoak, “tarteko geldialdia” aurkeztu du gaur goizean. Giltzarrapo adimenduna duten bizikleta elektrikoek eskaintzen duten funtzionalitate berria da. Funtzionalitate horrekin, erabiltzaileak gehienez ere 30 minutuko geldialdia egin dezake, egiten ari den ibilbidean, Dbiziko geltoki batean aparkatu beharrik gabe.

Gaur goizean aurkeztu da funtzionalitate berria, Donostiako Udaletxean, eta aurkezpenean parte hartu dute Olatz Yarza Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak eta Igor Gonzalez Donostiako Tranbia Konpainiako zuzendari gerenteak, hau da, Donostiako bizikleta sistema publikoa kudeatzeaz arduratzen den enpresako zuzendari gerenteak.

Olatz Yarzak nabarmendu duenez, “sistema horren kalitatea are gehiago hobetzeko urratsak egiten jarraitzen dugu, eta funtzionalitate berriak sartzen ari gara, bizikleta publikoa izan dadin hirian mugitzeko lehen aukeretako bat. Duela gutxi Geltoki+ aurkeztu genuen, giltzarrapo adimendunari esker geltoki gehiago izateko aukera, eta orain zerbitzua osatu dugu funtzio berri honekin, zeinarekin bizikleta erakargarriago izatea eta jendeak bizikleta garraiobide gisa aukeratzea bilatzen den”.

Zerbitzu berri hau erabili ahal izateko, aukera hau aktibatu beharko da Dbiziren apparen bidez, bidaia atalean, betiere giltzarrapoa itxi aurretik; izan ere, geldialdia aktibatu gabe ixten bada, bizikleta aparkatzea ezinezkoa izan dela jakinaraziko du appak. Kasu horretan, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikletaren giltzarrapoa irekitzeko eta app bidez tarteko geldialdia aktibatzeko.

Gehienez 30 minutuko geldialdia egin ahal izango da, eta denbora tarte horretan bidaia irekita egongo da, erabiltzaileak bidaia Dbiziko geltoki batean edo Geltoki+ plaza batean amaitu arte.

Igor Gonzalezek adierazi du ziur dagoela funtzionalitate berri hau oso ondo baloratuko dutela erabiltzaile guztiek, “denbora irabaztea ahalbidetzen duelako, enkarguak edo izapide azkarrak egiteko baliatu baitaiteke ibilbidea. Horrela, Dbizik herritarren beharretara egokitutako kalitatezko zerbitzua eskaintzeko apustua egiten jarraitzen du.”

Bizikleta elektrikoei jarritako giltzarrapo adimendunari esker garatu ahal izan da aldi baterako geldialdia, eta hori posible izan da Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) Next GenerationEU Funtsen bidez jasotako finantzaketarekin.

Dbizi sistema berritzearen aldeko apustua

Tarteko Geldialdia da Dbizik 2024an aurkezten duen bigarren funtzionalitatea. Horrela, bizikleta elektrikoetan jarritako giltzarrapo adimendunari esker, joan den martxoan Geltoki+ aurkeztu zen. Aukera horrek geltoki periferikoetan aparkaleku gehigarriak eskaintzen ditu, Dbiziko geltokiak beteta daudenean. Horretarako, bizikleten aparkalekuak jarri dira Dbiziko geltoki jakin batzuen inguruetan, erabiltzaileek bizikleta han utzi ahal dezaten helmuga geltokia beteta baldin badago.

Dbiziren berritasun hauekin, Dbizik erabiltzaileei aukera berriak eskaintzearen alde egiten jarraitzen du, aldi berean hirian bizikleta erabiltzea sustatzen jarraituta.

*Europar Batasuneko “Next Generation EU” funtsak finantzatutako proiektua – 2022ko ekitaldiari dagokion NextGenerationEU Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan emisio txikiko eremuak eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digital eta jasangarria ezartzeko udalerrientzako laguntza programaren deialdia.

 

Irakurri

Ekainaren 23tik aurrera Dbus-ek zerbitzu gehiago emango ditu udan

Ekainaren 23an, igandean, San Joan bezperan, Dbuseko udako zerbitzuak hasiko dira, eta abuztuaren 31ra arte, larunbata, eskainiko dira. Udan, halaber, Dbusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu denboraldiko ekitaldirik garrantzitsuenetarako.

Era berean, uda honetan berriro jarriko da abian Illunbeko aparkalekuaren eta hiriko erdialdearen arteko anezka zerbitzua.

Informazio gehiago (pdf-a)

Irakurri

Dbus-ek ´Salto batean´aurkeztu du

Gaur goizean, Dbusek “Salto Batean” izeneko udako kanpaina aurkeztu du udaletxean. Kanpainak autoaren ordez hiriko autobusak erabiltzera gonbidatzen ditu donostiarrak eta uda honetan Donostiara hurbiltzen diren pertsona guztiak.

Kanpaina fresko eta dibertigarria da, eta Dbusen elementurik ikoniko eta adierazgarriena du protagonista: igela. Animalia hori nahi duen lekura arin iristeko gai da, salto batean!, hori eginda baino ez. Eta simil horrekin herritarrak eta bisitariak gonbidatzen dira garraio publikoa erabiltzera, hiriko edozein toki eta planetara joateko.

Aurkezpenean Olatz Yarzak, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak, hartu du parte, eta hau nabarmendu du: “Donostiak garraio publiko sistema inbidiagarria du, eta gure helburuetako bat da horren erabilera sustatzen jarraitzea bai donostiarren artean, bai hiria bisitatzen duten pertsonen artean, batez ere udan. Dbusen bidaiatzea, erosoa eta segurua izateaz gain, efizientea, jasangarria eta irisgarria ere bada, eta hirian mugitzeko funtsezko pieza bihurtu da.

Kanpainaren bidez garraio publikoa erabiltzearen garrantziaz eta erabiltzaileei ematen dizkien onurez sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi da:

  • Garraio publikoan eroso eta modu entretenigarrian bidaiatzen da: musika entzun daiteke, irakurri egin daiteke, eta abar.
  • Dbusen bidaiatzeak lasaiago bidaiatzeko aukera ematen dio erabiltzaileari, norberak gidatzen duenean ez bezala, orduan pazientzia galtzen dugu-eta.
  • Bidaia azkarrago egiten da, izan ere, autobus erreiei esker auto ilarak saihesten dira eta, beraz, helmugara lehenago iristen da.
  • Garraio publikoan bidaiatzea merkeagoa da, aparkalekuaren/TAOren eta gasolinaren gastuak aurrezten dira.
  • Hiri garraioaren erabilera garbia da, trafikoa arintzen baita eta, beraz, ingurumeneko kutsadura eta kutsadura akustiko gutxiago dago.

Igor Gonzalezek, Dbuseko Zuzendari Gerenteak, hau nabarmendu du: “uda garaian errutinatik ateratzen gara, askoz plan gehiago egiten ditugu eta hirian zehar gehiago mugitzen gara, eta Dbusekin hiriko txoko horietara guztietara iritsi gaitezke, eroso eta estresik gabe.”

Kanpaina Donostiako udaren adierazgarri diren plan batzuen 5 irudik osatzen dute, igela protagonista izanda, eta datorren ekainaren 21etik aurrera markesinetan, autobusetan, Dbusen webgunean eta sare sozialetan egongo da ikusgai.

Bide Indarkeriari Stop elkartearen iragarkia

Udako kanpainaren osagarri gisa, prentsaurrekoan spot bat ere aurkeztu da. Spota Bide Indarkeriari Stop elkarteak egin du Dbusen laguntzarekin, eta bere asmoa da hiritarrak animatzea garraio pribatuaren ordez garraio publikoa erabiltzera. Aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Rosa Trinidad Bide Indarkeriari Stopeko presidenteak eta Oscar Terol aktoreak, iragarkiko protagonistak.

Bide Indarkeriari Stop izeneko “Bide segurtasunaren babeserako euskal elkartea” 2020an sortu zen, eta helburu argiak ditu: bide ezbeharretako biktimei babesa ematea eta laguntzea eta bide segurtasuneko kultura sustatzea gizartean, gidariak kontzientziatuz eta sentsibilizatuz eta prebentzioaren bidez, errepideetako tragediak murrizteko. Elkarteko lehendakari Rosa Trinidadek hau adierazi du: “testuinguru horretan egin da spot hau, autobusean bidaiatzearen eta autoz bidatzearen artean dagoen aldea erakusteko, eta, horrela, garraio publikoaren erabileraren garrantzia nabarmentzeko.

Gainera, Rosa Trinidadek hau azpimarratu nahi izan du: “garraio publikoak harreman zuzena du gure errepideetako ezbehar tasaren murrizketarekin. Izan ere, ezbehar tasa nabarmen txikiagoa da garraio publikoan automobil pribatuan baino.

Spota datorren ostiralean, ekainak 21, hasiko da ematen Dbuseko autobusetako pantailetan, Dbusen webgunean eta Dbusen zein Bide Indarkeriari Stop elkartearen sare sozialetan.

Irakurri

Anezka zerbitzua Illunbeko aparkalekutik hiri erdialdera uda honetan

Uztailaren 13tik, larunbatez, irailaren 1era, igandez, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, berriro lotuko dute Illunbeko aparkalekua hiri erdialdearekin autobus bidezko anezka zerbitzua bat jarriz.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak gogorarazi duenez, “zerbitzua batez ere uda garaian hiria bisitatzen duten pertsonei zuzenduta dago, eta Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako hiri erdialdearen arteko joan-etorriak errazten ditu, garraio publikoa sustatzeko eta hiriko trafikoa murrizteko”.

Yarzak nabarmendu du, halaber, “2020ko uztailean ekimen hau abian jarri zenetik, bisitatzen gaituztenek oso ondo hartu dutela zerbitzua, eta hala erakusten dutela 2023ko datuek, izan ere, orduan 37.715 bidaia egin ziren eta aurreko urtean, berriz, 23.401”.

Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, egunero, uztailaren 13tik, larunbata, irailaren 1era, igandea, eta, orain bezala, bi geltoki izango ditu:

  • Illunbeko geltokia: Irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
  • Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin.

Nobedadeak zerbitzuan

Aurten, udako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean zerbitzu horren erabilera sustatzen jarraitzeko, Udaleko Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Departamentuak akordio bat egin dute, hirira sartzeko errepide nagusietan jarritako panel argidunen bidez zerbitzuaren berri emateko eta ibilgailu pribatuak aparkaleku horretara gidatzeko.

Aurreko urteetan ez bezala, hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira: Mugi, BAT edo BARIK txartelak, gaur egun %50eko hobaria dutenak, eta QR edo EMV titulu digitalak eta noizbehinkako bidaia txartela.

Bidaia garraio txartelarekin ordaintzen dutenek auzo guztietara doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbuseko sarean. Era berean, garraio txartelik ez duten bisitariek QR kodea duen bidaia txartel berria eskuratu ahal izango dute, Dbuseko app ofizialaren bitartez, zeina iOS eta Androiderako eskuragarri dagoen. Bidai txartel horrekin, Dbuseko sare osoan nahi beste bidaia egin ahal izango dituzte, bidaia txartela erosi eta hurrengo 30 minutuz, 24 orduz edo 48 orduz.

Autobus %100 elektrikoa

Illunbetik hiri erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloko autobusa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.

Igarako aparkalekua

Illunbeko aparkalekuaz eta bere anezka zerbitzuaz gain, Igarako gainazaleko aparkalekua (Bernardo Estornes Lasa kalea) prestatzen ari da Udala, Park and Ride edo disuasio aparkaleku gisa.

Aparkaleku horrek 220 plaza izango ditu, doakoa izango da eta konexio garrantzitsuak ditu Dbuseko linea erregular hauekin:

  • 05, 25, 24, 27, 33, 35, 40, 43, 45 eta B1

Aparkalekurako sarbidea librea eta doakoa da, baina gehienez 24 orduz aparkatu ahal izango da bertan, txandakatzea errazteko.

Dbus-ek 17 garraio operadore elkartu ditu Donostian

Maiatzaren 23an eta 24an, ATUC Hiri eta Metropoliko Garraio Publikoen elkartearen Teknologia Berrien, Marketinaren eta Kalitatearen Batzordea hartu du Dbusek. 17 hiritako garraio operadorek hartu dute parte jardunaldietan, tartean Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Malaga, Kanaria Handi, Palma edo Tenerifeko hirietakoek, eta garraio publikoarekin lotura duten enpresa teknologiko batzuk ere egon dira bertan.

Lehen bileran, eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek egindako ongietorriko ekitaldiaren ondoren, Konpainiako zuzendari tekniko Eduardo Gonzalezek une honetan Konpainia buru-belarri gauzatzen ari den eta flota deskarbonizatu eta %100 0 emisioko flota bihurtzea ahalbidetuko duen elektrifikazio proiektua aurkeztu du. Parte hartzaileek, halaber, ibilgailu elektrikoak kargatzeko prozesuak optimizatzeko proiektua ezagutu ahal izan dute.

Batzordean, sektorean gaur-gaurkoak diren gaiak ere aztertu dira. Era berean, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, demo bat egin du azken urteetan ezarritako berrikuntza teknologikoekin. Geltokien eta autobusen okupazioa denbora errealean neurtzeko sistemak nabarmendu daitezke, eskaerari aurrea hartzea eta, behar izanez gero, une jakinetan lineak zerbitzu bereziekin indartzea ahalbidetzen baitute. Sistema horiei esker, zerbitzu arina eta kalitatekoa eskaini ahal zaie erabiltzaileei, eta aurrerapen handia izan da Dbusen barruan, erabiltzaileen joan-etorrien fluxuetara egokitutako zerbitzuak eskaintzeko orduan.

Lehen bilera horretan, halaber, gai hauek aurkeztu dira:

  • EMV ordainketa sistemetan egindako hobekuntzak
  • QR garraio titulu berriak, Dbusen 24 orduz edo 48 orduz mugarik gabe bidaiatzea ahalbidetzen dutenak.
  • Markesina adimendun berriak, Navilens sistema dutenak, zeinari esker Ikusmen desgaitasuna duten pertsonek Donostiako autobus geltokiak modu autonomoan kokatu ditzaketen.
  • Smart Clima Sistema
  • Smart Ramp Sistema
  • Mugi birtual 2.0 proiektua

Bigarren egunean, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak parte hartu du, eta hiriak dituen erronkak azaldu dizkie bertaratuei. Olatz Yarzaren hitzetan, “Funtsezkoa izango da garraio publikoari bultzada ematea, mugikortasun aktiboa lehenestearen aldeko apustua egiteko. Hiria oinezkoek gozatzeko izatea nahi badugu, ezinbestekoa da garraio publikoa indartzen jarraitzea. Donostiak izango duen trenbide linea berria eta autobus sarearen hobekuntza funtsezko ardatzak izango dira egiten ari garen eraldaketa honetan. Gainera, Emisio Gutxiko Eremua, gainera, osagarri ezin hobea izango da, horrekin hiriko airearen kalitatea hobetzea lortuko baitugu”.

Saio horretan, parte hartzaileek eskaripeko Taxibusa ezagutu ahal izan dute. Dbus aitzindaria izan da horrelako zerbitzu bat ezartzen, eta zerbitzuak urrun eta dentsitate txikiko auzoetako bizilagunei ahalbidetzen die zerbitzu guztiak dituzten guneetara hurbiltzea.

Jardunaldiak amaitzeko, sektoreak dituen behar eta erronkei buruz hitz egin eta eztabaidatu dute garraio operadoreek.

 

 

Irakurri

Dbus-ek Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen Departamentuko ordezkaritza baten bisita hartu du

Dbusek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiko ordezkaritza baten bisita hartu du bere instalazioetan, zuzendari nagusi Jon Gurrutxaga eta zerbitzuburu Angel Martin buru zituela.

Hasieran, Igor Gonzalezek (Dbuseko zuzendari gerentea) eta Eduardo Gonzalezek (zuzendari teknikoa) Konpainia buru-belarri gauzatzen ari den elektrifikazio proiektua aurkeztu zuten, proiektuak flota deskarbonizatu eta 0 emisioko flota bihurtzea ahalbidetuko die-eta. Era berean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko prozesuak optimizatzeko proiektua ezagutu ahal izan dute.

Ordezkaritzak ezagutu ahal izan du, halaber, Kotxetegietako azpiegitura osoa berritzeko urtarrilean hasi ziren lanen aurrerapena, berritze horri esker etorkizunean izango duten flota %100 elektrikoa hornitu ahal izango dute-eta. Era berean, aurreikusita dago 2025eko lehen hiruhilekoan 12 metroko autobus flota osoa ekologikoa izatea (hibridoa edo erabat elektrikoa) eta autobusen %33 %100 elektrikoak izatea.

Ondoren, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari albokoak, azken urteotan Dbusen ezarritako azken berrikuntza teknologikoak aurkeztu ditu, hala nola autobusen okupazioak kontrolatzeko sistema, eskaria iragartzeko sistema eta gidatzen laguntzeko Ekobus sistema. Ekobus sistema modu efizientean gidatzen laguntzen duen sistema bat da, eta anti-bunching sistema bat (autobusez bat ez egiteko sistema), gidariari modu ekonomikoan eta ekologikoan gidatzen laguntzen diona, erregai fosilen kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murrizten baititu. Sistemak gidatzearen hainbat alderdi monitorizatzen ditu, eta gehiegi kontsumitzen ari denean gidariari jakinarazten dio pantaila txiki baten bitartez.

Ordezkaritza interesa agertu du Donostiako hiriko BRTaren (Bus Rapid Transit) funtzionamenduaz. Funtsean, garraiorako bide esklusiboak eta erreserbatutako plataformak dituen sistema bat da, konexio eraginkorra eskaintzen duena, bai eta erabiltzaileari denbora errealean informazioa emateko sistema bikaina eta zerbitzuan modu optimizatuan planifikatzeko aukera ere. Gaur egun, Dbusek bere bi lineatan du BRT sistema, 5-Benta Berri eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan, hain zuzen ere. Garraio kolektiborako sistema berritzailea eta adimenduna da, eta Dbuseko autobus sareko gainekoekin erabat integratuta dago.

Sistema horiekin batera, ordezkaritzak geltokiak sentsorizatzeko sistema ere ezagutu du. Sistema horrek geltokian dauden erabiltzaileen kontrola egiten uzten du, erabiltzaileen ia kopuru zehatza zenbatzen uzten baitu, eskaera aurreikustea ahalbidetuta. Ildo horretan, big data erabiliz Konpainiaren autobusetan bidaiatzen dutenen jatorria-helmuga matrizea eraiki dezakeen tresna berritzaile bat ere badu. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileen bidaia ohiturak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.

 

Irakurri

Eguneraketa – Aldaketak 21-Mutualitateak-Anoeta, 43-Anoeta-Igara eta B4-Amara-Martutene lineetan, Anoeta – Aita donostiaren inguruko obrak direla-eta

Anoeta-Aita Donostia plazaren inguruan egiten ari diren obren beste fase bat dela eta, apirilaren 30ean hasi eta obrak amaitu arte, 21-Mutualitateak-Anoeta, 43-Anoeta-Igara eta B4-Amara-Martutene lineen ibilbidea aldatu egingo da.

21-Mutualitateak-Anoeta

Mutualitateak geltokian ibilbide bukaerako geldialdia egin ondoren, autobusak eskuinera jiratuko du Errondo pasealekutik, Colladorantz, eta Pio XII.era iritiko da. Gero, Antso Jakitunean ohiko ibilbideari egiteari ekingo dio.

Errondo Anoetako geltokia, Madril hiribidea 19koa eta Madril hiribidea 5ekoa kendu egingo dira.

43-Anoeta-Igara

Anoeta alderantz: Morlanseko biribilgunera iristean, Colladotik zirkulatuko du, bertan geldialdia eginda, eta Madril hiribidetik, Madril hiribideko 10ean eta Madril hiribideko 28an (ibilbide bukaerako geltokia) geldialdiak eginda.

Errondo Anoetako geltokia eta Madril hiribidea 3koa kendu egingo dira, eta horietan gelditu beharrean Madril hiribidea 10ean eta 28an geldituko dira.

Igara alderantz: Madril hiribidea 28tik Errondo pasealekura joango da, eta han geldialdiak egingo ditu Errondo-Salaberrian eta Errondo-Barkaiztegin. Morlanseko biribilgunean, Izostegitik gora egingo du, eta ohiko ibilbideari ekingo dio berriro.

Pio XII.eko geltokia kenduko da, eta Errondo-Salaberria eta Errondo-Barkaiztegi geltokiak gehituko zaizkio ibilbideari.

B4-Amara-Martutene

Erdigune alderantz: Isabel II.etik zuzenean eskuinera biratuko du eta Madrid etorbideko 5ean egingo du geldialdia.

Madrid hiribideko 19ko geltokia kendu egingo da.

Irakurri

Taxibus zerbitzu berria Atotxaerrekara eta Itsasargiaren Pasealekura

Gaur, 2024ko apirilaren 26an DTKren Administrazio Kontseiluak Atotxaerrekako eta Itsasargiaren pasealekuko bizilagunentzat eskaripeko Taxibus zerbitzu berri bat aztertu du. Horrela, Dbus-ek bere zerbitzuak zabaldu egiten ditu eta Itsasargiaren pasealekura iristeko aukera izango du, orain arte eskuragarri zeuden ibilgailuekin sartzeko zailtasunak zirela eta, ezin baitzuen zerbitzu hori eman, nahiz eta bizilagunek asko eskatzen zuten zerbitzua izan.

Linea berriak egunero funtzionatuko du, baita jaiegunetan ere, eta 60 minutuko maiztasuna izango du. Hori horrela, zerbitzu konbinatua bat bezala lan egingo du, bi auzoak Antiguorekin eta Dbus-eko autobus-sarearekin konektatuz.

Atotxaerrekako auzoa ere Añorga Txiki eta Añorgarekin lotuko da. Era berean, autobusa ordaintzeko Mugi txartela erabiltzen duten erabiltzaileek doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbus-en linea guztietan. Mugi txartelik ez duten bidaiariek Dbus-en sarean onartutako gainerako tituluekin ordaindu ahal izango dute bidaia: noizbehinkako txartela, BAT, BARIK eta QR edo EMV titulu digitalak. Bestalde, eskaripeko zerbitzua izango denez, erabiltzaieek gutxienez 30 minutuko aurrerapenarekin egin beharko dute eskaera, webgune bidez edo telefonoz.

Atotxaerrekaren eta Itsasargiaren pasealekuaren arteko zerbitzu konbinatu berri honek, bi auzoak Antiguorekin eta Dbuseko gainerako autobus sarearekin lotuko ditu, eta urtean 30.000 erabiltzaile izatea espero da.

Eskaripeko zerbitzu berria Atotxaerrekara

Taxibuseko linea berriak egungo 47-Atotxaerreka zerbitzua ordezkatuko du, eta Antiguo auzoarekiko eta Añorgarekiko lotura hobetzea ahalbideko du. Hori dela eta, bizilagunen eskariei erantzutez, linearen ibilbidea egokitu egingo da, eta orain arte izan den ibilbide zirkularra izan beharrean, bi norabidekoa izango da. Horrela, lotura zuzena izango da Atotxaerreka eta Antiguo artean, baita Atotxaerreka eta Añorgaren artean ere. Hori lortzeko, lau geltoki berri gehituko dira Atotxaerrekan Añorgarako noranzkoan. Gainera, Atotxaerreka-Añorga ibilbidean Añorga Txikin geldialdia egingo du, erabiltzaileek auzorako sarbide zuzena izateko, bertan baitaude zerbitzu nagusiak, hala nola, dendak, ikastola, bankuak, etab.

47-Atotxaerreka linearen datuak

47-Atotxaerreka linea, 2023ko uztailean jarri zen martxan, linea pilotu bat bezala, auzora bitzitzera etortzen ziren bizilagun berrien eskaerari erantzuna emateko, eta auzoan garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen benetako eskaera baloratzeko. Zerbitzu horri esker, Atotxaerreka auzo berria Antiguo auzoarekin eta Dbusen autobus-sare osoarekin lotzen zen, doako transbordoen bidez. Irailean Arzakenea ingururaino zabaldu zen ibilbidea, eta Atotxaerreka Añorga Txiki eta Añorga auzoekin ere lotu zen.

9 hilabeteko funtzionamenduaren ondoren, linea honen erabilera Dbusen gainerako mikrobusen lineena baino askoz txikiagoa izan da. Horrela, 47-Atotxaerreka linearen batez besteko erabilera lanegunetan 110 erabiltzekoa izan da egunean; Dbus-en beste linea batez bestekoa, aldiz, 420 bidaiarikoa izan da eguneko, beraz, horrek esan nahi du 47 linearen erabilera mikrobusean ematen diren zerbitzuena baino lau aldiz txikiagoa dela. Era bereab, nabarmentzekoa da %25eko  zerbitzua erabiltzailerik gabe egiten dela.

Datu horiekin, beharrezkotzat jo da Atotxaerrekaren jatorri-helmuga zerbitzua birformulatzea, herritarrengan ahalik eta inpaktu txikiena sortzen saiatuz. Premisa horiei jarraituz, Taxibus zerbitzu berriak maiztasun berarekin mantentzea ahalbidetzen du, eta, gainera, bizilagunen eskaerei erantzunez, ibilbidea hobetzea lortu da, auzoa Antiguorekin, Añorga Txikirekin eta Añorgarekin zuzenago lotuz.

 

Irakurri

Dbus-ek bat egin du “Que el verde y la flor inunden la ciudad” ekimenarekin

Apirilaren 19tik 21era egingo den Donostia Loratzen 24 Jardunaldien barruko ekimenetako bat da

Datorren igandean, apirilaren 21ean, Dbusek bat egingo du Donostia Loratzen 24 jardunaldien baitan Cristina Enea Fundazioan egingo den “Que el verde y la flor inunde la ciudad” izeneko ekimenarekin. Funtsean, proiektu hau da hiriko espazio enblematikoak lore-landare elementuekin apaintzea.

Testuinguru horretan, gaur, Askatasuna 31ko markesina lore elementuekin apainduta egongo da egun osoan, horrela herritarrei lore artea eta paisajismoa hurbiltzeko. Meriflauers Donostia Loratzen 24 jardunaldien antolatzailearen hitzetan, “asmoa da hiriko naturarekin harremanak izateko modu berri bat aurkeztea, lorea gure eguneroko bizitzan sartzea”. Markesina Donostiako Paname Lore Estudioak dekoratuko du.

Markesinaz gain, La Perlako plaza (Irungo Nialfloral Art), Tabakalerako eskailerak (Irungo Julia Tellechea) eta Nautikoa (Astigarragako Idoia Lizeaga) ere apaindu dituzte.

Donostia Loratzen 24 apirilaren 19, 20 eta 21ean egingo da, Cristina Enea Fundazioan, eta lorearen profesionalak elkartu egingo dira, tailer eta hitzaldien bidez ikasteko, entzuteko, eztabaidatzeko eta kezkak partekatzeko. Jardunaldiak Meriflauersek antolatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzarekin.

 

 

Irakurri

Dbus-ek BEI autobus linea berriaren aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketa lizitatu du

Dbusek kotxetegietako kanpoko aparkalekuaren elektrifikazio azpiegitura eraikitzeko proiektuaren idazketa kontratatzeko lizitazio plegua argitaratu du, etorkizuneko BEI linearen (Bus Elektriko Adimenduna) elektromugikortasun beharrak asetzeko. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 99.900 eurokoa da (BEZik gabe), eta proiektua idazteko eta entregatzeko epea, osatzen duten dokumentu guztiekin, 2 hilabetekoa izango da.

17 Gros-Amara-Ospitaleak linea zerbitzu %100 elektriko bihurtzeko, kotxetegietako aparkaleku berria, 2021ean inauguratua, beharrezko azpiegitura elektrikoz hornitu behar da, linearako aurreikusita dauden 9 ibilgailuak kargatzeko aukera emango duten karga estazioak izateko.

Horretarako, DTK-k Dbuseko kanpo aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketaren kontratazioa lizitatu du, etorkizunean BEI lineari zerbitzua emateko.

Proiektuaren idazketak instalazio elektriko osoa (hartunea, tentsio ertaina eta behe tentsioa), datuen sarearen azpiegitura, beharrezko egitura metalikoa, baterien karga eta suteen aurkako babesaren instalazioa jaso beharko ditu. Proiektuaren barruan sartuko dira, halaber, memoria prestatzea, planoak, eraikuntza xehetasunen kalkuluen azterketak, neurketak, kontratuaren aurrekontua bermatzeko prezio unitarioak, eta, oro har, obrak egiteko beharrezkoa den edozein dokumentazio.

BEI sistema 17 linea osoan

Linea guztiak aztertu ondoren, 17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI-Bus Elektriko Adimenduna Sistema ezartzeko, linea estrategikoa baita; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoa Anoetako geralekutik pasatzeari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.

BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiri jasangarriago bat, kerik gabeko eta kutsadura maila baxuko hiri bat egiten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileak bidaia esperientzia oso ona izaten. Azpimarratzekoa da, adibidez, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko direla, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko funtzionalitate batzuk autobusean sartu gabe egin ahal izango direlako, semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako, etab.

Autobusen barrualdea ere gidariengan zein erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko da, diseinu abangoardista eta erosoagoa izango dute-eta. Nabarmenduko dira zoruak, zura itxura izango dutenak, eta argiztapen puntu berriak, esaterako.

Aurreikusita dago, halaber, BEI autobusen markesinek diseinu berritzailea izatea eta funtzionalitate berriak eskaintzea, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak diren geltokiek ere totema izango dute, baita pantaila digitala ere.

Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira.

Era berean, BEI linea berria abian jarrita, urtean 239.528 litro gasolio kontsumitzea eta 645 Tn CO2 gutxiago isuritzea aurreikusten da.

Erakundeen arteko hitzarmena

 2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten hirian autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak, EAEko 2021-2027 EGEF Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du, eta Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35, hau da, 9 milioi euro.

Irakurri