Category : Berriak home

Dbus-ek gero eta bidaia gehiago dauka eta 2019an errekor absolutua erregistratu du Donostian

2019an Dbusek 29.583.538 bidaia erregistratu ditu, eta aurreko urtean, berriz, 29.168.773 erregistratu zituen. Horrek esan nahi du asko handitu dela urteko bidai kopurua (414.765 bidaia gehiago), Konpainiak bere 133 urteko historian eduki duen bidaien errekor absolutua hautsita.

Hau da garraio publikoaren erabileraren rankinga Donostian:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Era berean, nabarmena da lanegunetako erabileraren batez bestekoan hautsi den errekorra. Izan ere, 93.171 bidaia erregistratu dira eguneko eta 2018an, berriz, 91.638 bidaia erregistratu ziren eguneko. Hori da, hain zuzen, grafiko honetan ikusten dena:

 

 

 

 

 

 

 

 

Horrez gain, 2019an errekor batzuk hautsi dira Donostiako garraio publikoaren erabilerari dagokionez:

  • Erabilerarik handieneko larunbata Konpainiaren historian: San Tomas eguna, 698 bidaia kontabilizatuta.
  • Erabilerarik handieneko hilabetea Konpainiaren historian: urria, 641.816 bidaia kontabilizatuta.
  • Laneguneko batez besteko erabilera Konpainian: azaroko lanegunak, batez beste 97.740 bidaia kontabilizatuta egunero.
  • Erabilerarik handieneko Ama Birjinaren Egunaren bezpera Konpainiaren historian: abuztuaren 14a, 966 bidaia kontabilizatuta.

Hazkundearen zati handi bat 2019an eskaintza hobetu duten zerbitzuetan erregistratu da eta nagusiki 26-Amara-Martutene eta 35-Antiguo  -Aiete-Ospitaleak lineetan, horietan autobus bat gehiago sartu baita lanegunetako zerbitzuaren maiztasuna hobetzeko.

Azpimarratzekoa da, halaber, 17-Gros-Amara-Miramon lineak laugarren urtez erabileran eduki duen etengabeko igoera, 2015eko erabilerarekiko %57,41eko igoera metatuarekin. Laster, Dbusek linea hori erabat elektrifikatuko du, BEI-Bus Elektriko Adimenduneko sistema bat ezarriz. Sistema horretan 18 metroko autobus elektriko artikulatuak sartuko dira zerbitzua emateko, autobusen edukiera hobetzeko eta erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzeko.

Irakurri

Datorren udan bost gautxori linea berri jarriko ditu zerbitzuan Dbusek

Dbusen Administrazio Kontseiluak gaur, otsailak 6, egindako bileran bost gautxori linea berriren sorrera aurkeztu du,  oraindik gaueko linearik ez duten hiriko guneei zerbitzua emateko. Linea berriak udan jarriko dira martxan.

 Gaur egun Dbusek bederatzi Gautxori linea ditu eta horiek ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan ematen dute zerbitzua urte osoan zehar. Salbuespena da B7-Igeldo linea, udan (ekainaren 23tik abuztuaren 31ra) ematen baitu zerbitzua. 

Zerbitzu hauen erabilera hazten ari da 2015etik, orduan 182.525 bidaia egin baitziren eta 2019an, berriz, 215.210.  Gaur egun badira hirian hainbat gune eguneko lineak bai, baina Gautxori linearik ez dutenak: Oriamendi, Miramon, Ospitaleak, Zorroaga-Mendigain, Rodil, San Roke edo Aldakonea, esaterako.

Orain dela gutxi emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako eskaripeko geldialdien sistema hedatu zen Dbuseko gautxori linea guztietan eta orain, berriz, gaueko zerbitzua emango da egun ez duten guneetan. Hasteko, zerbitzua udan emango da, ekainaren 23a eta abuztuaren 31 bitartean, hilabete horietan erabiltzen baitira gehien gaueko zerbitzuok. Geroago, linea bakoitzaren erabilera mailaren arabera, aztertu egingo da gaueko zerbitzua urte osoan jartzeko aukera.

 Gautxori linea berriek ostiraletan, larunbatetan eta udako jaiegun bezperetan emango dute zerbitzua, eta baita zerbitzuak gehitzen diren ekitaldietan ere, Jazzaldian edo Aste Nagusian, esaterako. Irteerak Boulevardetik egingo dira, 0:15 eta 4:00ak bitartean.

B5-Aiete-Oriamendi-Miramon linea:

  • Irteerak Boulevard 15etik (ostiraletan eta jai bezperetan): 0:30 – 1:30 – 2:30 -3:30
  • Irteerak Boulevard 15etik (larunbatetan): 0:15 – 0:45 – 1:15 – 1:45 – 2:15 – 2:45 – 3:15 – 3:45

B11-San Roke linea

  • Irteerak Boulevard 19tik: 1:00 – 2:00 – 3:00 – 4:00

B12-Aldakonea linea:

  • Irteerak Boulevard 19tik: 0:30 – 1:30 – 2:30 -3:30

 B13-Rodil linea:

  • Irteerak Boulevard 19tik: 0:45 – 1:45 – 2:45 -3:45

B14-Mendigain-Zorroaga-Ospitaleak linea:

  • Irteerak Boulevard 19tik: 0:15 – 1:15 – 2:15 -3:15

B7-Igeldo linea:

Linea honek egun udan ematen du zerbitzua, ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan, 2:00ak arte, eta bere eskaintza gehituko du 4:00ak arte, eta aldatu egingo du Boulevardeko hasierako geltokia.

  • Irteerak Boulevard 13tik: 1:05 – 2:05 – 3:05 – 4:05

Era horretan, eguneko lineak dituzten hiriko gune guztiek Gautxori zerbitzuak ere izango dituzte gauean.

Era berean, linea berri horietan ere emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako eskaripeko geldialdi sistema jarriko da, ibilbideko zenbait tokitan.

 

 

 

 

Irakurri

Dbusek autobus linea guztietara hedatu du banku txartelaz ordaintzeko aukera

Dbusek jada inplementatu du Donostiako autobus linea guztietan bidaiak banku txartelaz ordaintzeko aukera. Sistema 2017ko abuztuan jarri zen abian Dbusen 16-Igeldo eta 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete lineetan, proiektu pilotu gisa, eta orain, berriz, Konpainiaren linea guztietara hedatu da. Ekimen hori E-MOBASK europar proiektuaren baitakoa da eta Kutxabankekin batera gauzatu da, enpresa hori izan baitzen horrelako eragiketak burutzeko ordainketa pasabide bat kontratatzeko lizitatatutako lehiaketa publikoaren esleipenduna.  

Donostia da, Madril eta Londresekin batera, Europako lehen hirietako bat linea guztietan sistema berritzaile hori inplementatzen. Sistemak noizbehinkako bidai txartela eta gauekoa ordaintzea ahalbidetzen du kontakturik gabeko bankuetako kreditu eta zordunketa txartelak (EMV) eta mugikorretako zenbait aplikazio erabilita. Txartelak Visa, Mastercard eta American Express dira.

Bankuko txartel bakoitzak edo mugikorreko aplikazio bakoitzak erabiltzaileak nahi beste bidaia ordaintzen uzten du, noizbehinkako bidai txartelaren prezioan eta komisiorik gabe.  Oraingo honetan, eta proiektu pilotuan ez bezala, gidariaren postuaren ondoan dagoen tiket makinan egingo da ordainketa eta ez da beharrezkoa izango aparteko makinarik jartzea. 

Proiektuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Donostiako Alkate Eneko Goiak, Mugikortasuneko eta Garraioetako Zinegotzi Pilar Aranak, Dbuseko Zuzendari Gerente eta Zuzendari Laguntzaile Igor Gonzalezek eta Javier Vallejok, eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko Zuzendari Ainhoa Arruabarrenak. Denek nabarmendu dute horrelako proiektuek hiria Euskadiko eta Europako abangoardian kokatzen dutela, hiriko autobusetako ordainketa sistema aurreratuei dagokienez. Ildo horretan, Eneko Goiak sistemaren erosotasuna eta praktikotasuna azpimarratu ditu; izan ere, esan du “sistemari esker Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileak eta bisitariak askoz errazago mugitu ahal izango dira, erabiltzailearen esperientzia hobetuta, euskal banku erakunde baten eskutik. Donostia da sistema berritzaile hau ezarri duen lehen euskal hiriburua, eta berriro ere Dbus autobusen udal konpainia da, bere historia zabalean erakutsi duen moduan, zerbitzuaren kalitatea hobetzen duen sistema bat ezartzen lehena”.

Ainhoa Arruabarrenak, berriz, ziurtatu du “Kutxabanken parte hartzea dela Gipuzkoarekin dugun konpromisoaren beste erakusgarri bat. Gainera, digitalizazioa eta ordainketarako bide berriak lehentasunak dira, bezeroek gero eta gehiago eskatzen baitituzte horrelako zerbitzuak. Era berean, funtsezko beste alderdi bat ere badauka, garraio publikoaren erabilera erraztu nahi duelako eta iraunkorrago egin, eta Kutxabankek konpromiso argia dauka iraunkortasunarekin.” 

Sistemak abantaila ugari dauzka

Sistema berriak abantaila ugari dauzka: alde batetik, erabiltzaileei ordainketa errazten zaie, ez baitute garraio txartelik edo eskudirurik beharko bidaia ordaintzeko, eta, gainera, sistemak erabat seguruak dira, Kutxabankek kudeatuta. Tiketak erosteari buruzko informazioa ere erraztu egin da. Horrez gain, ordainketa arinago egiten da autobusean sartzean, geldialdi bakoitzaren iraupena murriztuta eta bidaietan denbora gutxiago egiteko aukera emanda. Horrela, garraio publikoaren erabilera bultzatzen da.

Egunero eskudirutan bilduko den dirua gutxiago izatea ere ekarriko du, likidazio lanak erraztuta. Gaur egun, Dbuseko autobusetan urtean egiten diren bidaien %8,70 ordaintzen dira eskudirutan. Gainera, beste herrialde batzuetatik datozen pertsonek ez daukate zertan legezko monetarik eduki, beren banku txartelekin ordaindu baitezakete bidaia, txartel horiek autobus barruan balioztatuta.

Sistema berria ezagutzera emateko, komunikazio kanpaina bat jarri da abian lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa): kartelak jarriko dira Dbuseko markesinetan eta bost autobus errotulatuko dira. Gainera, autobusera sartzeko atearen ondoan pegatina bat jarri da eta, horrela, erabiltzaileek sistema ezagutu dezakete autobusera sartzean. Barrualdean, berriz, kartelak jarri dira eta pantailetan informazioa emateko mezuak agertzen dira. Era berean, aurki hoteletan eta turismoko informazio bulegotan sistemari buruzko informazioa emateko orriak banatuko dira.

E-MOBASK proiektua

Neurria E-MOBASK proiektu europarraren baitakoa da, eta bere helburua da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko. Sistemaren bitartez lineen puntualtasuna ere hobetuko da eta ibilbideak egiteko denborak txikiagoak izango dira, kontsumoa murriztuz.Era berean, proiektuaren barruan aurreikusita dago bidai txartelaren ordainketa QR kode sistema baten bitartez egin ahal izatea. Erabiltzaileek Dbusen doako aplikazio mugikorraren bitartez erosi ahal izango dute ohiko tiketa (Dbusen App ofiziala). Aplikazioa iOS, Android eta

Windows Phonerako eskuratu ahal izango da, kasuan kasuko online dendetan. Tiketa erosi ondoren, mugikorrean QR kode bat sortuko da eta kode hori da balioaztu beharko dena. Balioztatzeko, berriz, mugikorraren pantailan dagoen QR kodea gidariaren postuaren ondoan dagoen makinara hurbilduko da. Kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzen uzten duen makina berbera izango da.

E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Irakurri

Datozen lau urteetan Dbus-en 12 metroko autobusen %90 hibrido-elektrikoak izango dira

Dbusek MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAUri esleitu dio 12 metroko hamabi autobus hibridoren erosketa, datozen hiletan Donostiako autobus lineetan zerbitzuan jartzeko. Datozen lau urteetan ezaugarri horiek dituzten 39 autobus -gehienez ere- eskuratzeko aukera emango duen eta horrekin zerbitzuan hobekuntzak egitea ahalbidetuko duen kontratu baten barruan sartzen da erosketa hau.

MAN Lions City 12C Efficienthybrid autobusa da flota berritzeko aukeratu den modeloa. Autobus hibridoaren modelo berria da, indartsuagoa eta Dbuseko lineen ibilbide zorrotzetarako egokia den motorizazioarekin. Gaur egun Dbusek 38 autobus hibrido ditu, eta horietatik 19 MAN markakoak dira. Modelo berriak Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak betetzen ditu, hau da, plataforma baxuak eta arrapala elektrikoak ditu mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, autobusa %100 irisgarri izan dadin. Era berean, ibilgailua erabat egokitzen da Dbusen baldintza teknikoetara, hala nola, gidariaren lanpostuaren diseinura eta erabiltzaileentzako lekuaren banaketara, besteak beste. 

Ibilgailuaren nobedadeetako bat da erabiltzaileen eserlekuetan oinetarako leku gehiago dagoela; izan ere, eserlekuak alboko panelen bitartez lotzen dira lurrera, eta, horri esker, espazio gehiago egoteaz gain irisgarritasuna hobetzen da eta errazagoa da autobusa barrutik garbitzea. Start&Stop sistema ere badu, zeinarekin autobusaren motorra gelditu egiten baita ibilbideko semaforoetan edo geltokietan. Horrela, erregaia aurreztu eta kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murrizten dira.

Igorpenen murrizketari dagokionez, modelo berriak igorpenak %10 inguru murrizteko aukera ematen du antzeko ezaugarriak dituzten autobus dieselen aldean, eta agerian uzten du Dbusek ekologia eta jasangarritasunarekin hartuta duen konpromiso etengabea. Ildo horretan, hamabi autobus berriak sartuta aurreikusten da urtean 61,6 tona CO2 gutxiago igorriko dela.

Autobus bakoitzaren prezioa 287.000€-koa da, entrega epea zazpi hilabetekoa, eta bermea bost urtekoa.  Lehen aldiz, berme hori luzatu egin da, MAN ibilgailuetan aurretik zegoen 3 urteko bermetik gaur eguneko 5 urteko bermera. Hori hobekuntza handia da ibilgailuen mantentze lanetarako.

Dbusek bere flotako autobus zaharrenak ordezteko ibilgailu berriak jarri behar ditu zerbitzuan, eta premia horri erantzuten dio autobus hauen erosketak.  Azken urteetan, Dbus ahalegin handia egiten ari da bere flota apurka-apurka berritzeko.

Autobus berriak sartuta, aurreikusten da datozen lau urteetan Dbusen 12 metroko flotaren %90 elektriko-hibridoa izango dela, eta ingurumena gehien errespetatzen duen flotetako bat izango dela.  Era berean, urte hauetan berrituko diren autobusak Dbusen 12 metroko autobusen ia erdia izango dira; beraz, Dbusek flota berritzeko bere historian egin duen prozesurik garrantzitsuena da.

 

Irakurri

Dbus eta Deustoko ikasleak elkarlanean autobus barruko giza harremanak hobetzeko estrategiak lantzen

Dbus eta Deusto Business Schoolen Marketin Aurreratuko Unibertsitate Masterra (MUMA) egiten ari diren ikasleak elkarrekin aritu dira marketin erlazionaleko estrategiak lantzen, Donostiako autobus zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen esperientzia hobetu ahal izateko asmoz. Lana pasa den irailean hasi zen, Masterreko irakasle Alazne Mujika Alberdiren ekimenez, eta azken hilabete hauetan masterreko ikasleek egoeraren diagnostiko bat egin dute, eta egoera hobetzeko proposamen bat planteatu ere egin dute.  

Abiapuntuko premisa izanik Dbus “Pertsonak daramatzaten eta pertsonekin lan egiten duten pertsonek” osatuta dagoela, autobusean ezartzen diren giza harremanak izan dira aztertu beharreko puntuetako bat. Ikasleei planteatutako erronka, beraz, harremanak maila guztietan humanizatzea izan da, gidariaren eta erabiltzailearen arteko harremana bereziki azpimarratuta. Funtsezko alderdia da erabiltzaileen esperientzia hobetzeko, eta Dbusek urteak daramatza hori lantzen, bai gidariei prestakuntza berezia emanez, bai bidaiariei zuzendutako kanpainen bitartez.

Hilabete hauetan Dbuseko komunikazio plataforma guztietan dauden datuak eta informazioa aztertzen aritu ondoren, Deusto Business Schooleko ikasleek hainbat proposamen aurkeztu dituzte jardunaldi batean, non Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek eta Konpainiaren Marketin arloko arduradunek parte hartu baitute. Proposamenak egindako diagnostikoan oinarrituta daude, izan ere, diagnostikoan premia nagusiak identifikatu dituzte.

Horretarako, ikasleek Konpainiaren filosofia korporatiboaren balioak identifikatu dituzte, eta beraiek proposatutako ekintza guztiak balio horiekin bat datoz.

Testuinguru honetan eta egoeraren diagnostiko honetatik abiatuta, talde bakoitzak bere balio proposamena aurkeztu du, erabiltzaileen esperientzia hobetzera zuzendutako ekintza eta kanpaina batzuetan oinarrituta. Proposamenen barruan daude, esaterako, prestakuntza ekintzak, sentsibilizazio kanpainak eta pertsonalizazio ekintzak, harremanak hurbilagoak eta humanoagoak izatea lortzeko. Seguru gaude gogoeta horrek etorkizuneko estrategietarako balioko duela, ideia freskoz eta dibertigarriz beteta baitago.

Irakurri

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdetik etorritakoen bisita hartu du Dbus-ek bere instalazioetan

E-MOBASK mugaz gaindiko proiektu europarraren baitan, Dbuseko teknikariak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko teknikariak Kotxetegien instalazioetan elkartu dira mugikortasuneko esperientziak partekatzeko eta erronka komunak aztertzeko.

Bisita horretan, Dbusek azken 15 urteetan enpresak egin dituen aurrerapenen berri eman die. Besteak beste, zerbitzuan egindako hobekuntzak, ezarri diren teknologiak, lortu diren emaitzak eta jaso diren aitortzak jakinarazi dizkie, eta Donostian laster zabalduko diren proiektuen gainean ere hitz egin die. 

Mugaz gaindiko lurraldean mugikortasunaren alorrean dituzten erronkak ere aztertu dituzte erakunde bietako teknikariek, gai hori ere bada-eta Dbusek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin eta Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasun Sindikatuarekin batera garatzen ari den E-MOBASK Proiektuko aztergaia. Gaur egun lurraldeko helburuetako bat da garraio publikoaren erabilera bultzatzea ibilgailu pribatuaren erabileraren aurretik eta herritarrek mugikortasunari lotuta dituzten ohiturak aldatzea mugikortasun iraunkorrago baterantz.

Era berean, erakunde biek erakutsi dute elkarrekin aritzeko prest daudela mugikortasuneko hobekuntzak eta garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta errazteko asmoz etorkizunean egon daitezkeen proiektu europarretan.   

Irakurri

Haurrentzako XIII. marrazki lehiaketa “Dbus eta Gabonak”

Dbusek eta San Martin Azokak 2019ko “Dbus eta Gabonak” haurren marrazketa lehiaketa antolatu dute. Oraingoa hamahirugarren edizioa da eta aurreko urteetan arrakasta handia izan du 13 urtetik beherako haurren artean. 

Sormena bultzatzeaz gain, lehiaketarekin haurrei Donostian garraio publikoa erabiltzearen garrantzia transmititu nahi zaie, hiri-espazioen jasangarritasuna eta hiritarren bizi kalitatea bermatzeko. Izan ere, mugikortasuna hobetzeko garraio publikoaren erabilera ezinbestekoa izaten da Gabonetan.

LEHIAKETAREN OINARRIAK

Parte hartzailea 13 urtetik beherako edozein haur izan daiteke eta gai libreko marrazki bat egin beharko du. Baldintza bakarra Gabonen inguruko ideia bat azaltzea izango da, autobusarekin erlazionatuta

Marrazkiak FNACeko erakusmahaian utziko dira (San Martin Azoka) edo Dbusen (Fernando Sasiain 7 kalea), eta parte hartzailearen datuak idatzi beharko dira atzealdean: 

  • Izen-abizenak
  • Adina
  • Jaiotze data
  • Helbidea
  • Telefonoa eta harremanetarako posta elektronikoa
  • Ikastetxea
  • Baimendutako tutorearen izenpea

Ezinbestekoa da datu pertsonal guztiak adieraztea. Bestela, marrazkia lehiaketatik baztertuta geratuko da. Derrigorrezkoa izango da, halaber, formularioa betetzea parte hartzailearen legezko tutoreen baimenarekin. Formularioa hemen (pdf-a).

Bi kategoria egongo dira:  

  • A Kategoria: 8 urte artekoa, hau da, 2011n edo geroago jaiotako haurrentzat.
  • B Kategoria: 9 eta 12 urte artekoa; hau da, 2007an, 2008an, 2009an edo 2010ean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute.

Marrazkiak jasotzeko azken eguna 2019ko azaroaren 15a izango da.

SARIAK

Epaimahaiak, Dbusek izendatuko baita, kategoria bakoitzeko marrazki irabazleak hautatuko ditu. 

  • Lehen saria: Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 6 hilabetetan + LENOVO 10” Tableta.
  • Bigarren saria: Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + FUJIFILM MINI 9 bat-bateko kamera + papera.
  • Hirugarren saria: Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + Liburu sorta eta idazketarako sorta.
  • Gainerako finalistek (4. postutik 10.era) Diploma bana jasoko dute.

Sarien banaketa ekitaldia abenduaren 14an, larunbata, goizeko 12:00etan egingo da San Martin Azokan.

Dbusek marrazkiak hedatu, publikoki erakutsi eta erreproduzitzeko eskubidea bere gain hartzen du, marrazkien egileek, euren lanaren autoretza onartzen zaielarik, inolako eskubiderik sortzen ez dutelarik. Marrazkiak Dbusen marketin kanpainetan erabiliak izan daitezke.

Lehiaketarako izena ematean parte hartzaileek ematen dituzten datuak Dbusen jabegokoa den fitxategi batean sartuko dira beraien tratamendurako, eta lehiaketan parte hartzea kudeatzeko erabiliko dira. Dbusen Pribatutasun Politikari buruz edota interesdunak honi lotuta dituen eskubideen erabileraz gehiago jakiteko, begiratu hemen: https://labur.eus/pAWK7

Marrazki finalistak DVbusen erakutsiak izango dira abenduan zehar eta Dbus eta San Martin Azokaren webguneetan azalduko dira.https://labur.eus/pAWK7 Halaber, marrazkiak horretarako egokitutako leku publikoetan erakutsi ahal izango dira. Erakusketa amaitu ondoren, marrazkiak gorde egingo dira zaintzapean, hilabete bateko epean.

Legezko turoreen baimenaren formularioa hemen (pdf-a).

Dbusen Pribatutasun Politika hemen: https://labur.eus/pAWK7

Irakurri

Dbus, Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Jardunaldietan partaide

CAPBren mugaz gaindiko Lankidetza Estrategiaren lanketaren esparruan, pasa den ostiralean, irailak 20, Dbuseko zuzendariordeak, Javier Vallejok,  “Lurralde Irisgarritasunak eta Mugikortasunak” izeneko jardunaldietan parte hartu zuen, Baionan, eta bertan E-MOBASK proiektu europarra aurkeztu zuen. 

E-MOBASK proiektuak garraio publikoa hobetzea bilatzen du, mugaz gaindiko eremuan garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta bultzatzeko, garraioa errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa erabiltzera bultzatzeko, ibilgailu pribatuaren aurretik.

Ticketing sistemen interoperabilitatea eta integrazioa da EMOBASK proiektuaren neurri izarra. Sistemak Gipuzkoako eta Baionako herritarrei aukera ematen die beren ohiko garraio txartela erabiliz bidaiatzeko eta Dbuseko autobusetan bidaia EMV kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko. Hauek dira neurri hori babesten duten hainbat ekintza eta baliabide: GGLAren eta SMPBAren arteko azterlan bat eta akordio bat inteoperabilitatearen baldintzak bilduta (tarifak, baldintza teknologikoak, konfidentzialtasuna, etab.); ticketingaren interoperabilitateaz baliatzeko azalpen bideoak; eta banku txartelekin kontakturik gabeko ordaintzen uzten duten makinak.

E-MOBASKek, halaber, hiri garraioa kudeatzen duten mugaz gaindiko erakunde bien arteko lankidetza iraunkorra ezartzea ahalbidetzen du, beren ibilgailuen floten trantsizio energetikoari batera ekiteko eta mugaz gaindi beren inpaktua optimizatzeko. Proiektuaren funtsezko helburua lortzen laguntzen duen neurri garrantzitsua da.

E-MOBASKen funtsa den eta mugaz gaindi garraio publikoa erabiltzen laguntzen duen beste neurri bat da eremuko biztanleei eta bisitariei informazio eskuragarriagoa ematea tokiko eta mugaz gaindiko garraio publikoaren gainean. Hauek dira informazio sistema hobeak lortzeko planteatu diren ekintzetako batzuk: premien identifikazioa eta hobekuntza plana; mugaz gaindiko informazioaren proiektu pilotuak, bereziki turistentzat eta ekitaldi handietarako; geltokietako eta garraiobideen barruko informazio sistemen hobekuntza (ibilbideak, ordutegiak, gertakariak, ticketing, etab.) eta informazioa hiru hizkuntzatan ematea (gaztelania/euskara/frantsesa).

Dbusek, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) eta Syndicat des Mobilités Pays Basque-Adour erakundeak (SMPBA) eratutako partzuergoak bultzatzen du E-MOBASK proiektua. Proiektuaren jarduera guztietan beharrezkoak diren eskumen guztiak lurralde bietan edukitzeko diseinatu da partzuergoa. Hauek dira eskumen horiek: ticketinga, energi efizientzia eta bidaiarientzako informazioa.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatu du E-MOBASK proiektuaren %65, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). Proiektuak 3 urteko iraupena dauka, 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte eta ekintzak Donostia-Irun-Baiona korridorean egiten dira.

 

Irakurri

Ikastetxeetan sensibilizazio jarduerak Europako Mugikortasun Astearen barnean

Europako Mugikortasunaren Astea dela eta aurten antolatu diren jardueren barruan, Dbusek ikasleei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina bat antolatu du, garraio publikoak ibilgailu pribatuaren aldean dituen onurei buruzko ideiak transmititzeko. Ekimena Mahi-Mahi by Askora proiektuaren barnean garatu da, jangela garaian haurren esperientzian oinarritzen dena hain zuzen ere.

 

Jarduera irailaren  20an egin da Jesuitak ikastetxean, non lehen hezkuntzako seigarren mailako ikasleei tailerrak eman zaizkien. Tailer horietan, garraio publikoak dituen abantailak landu dira, bai eta iraunkortasunaren, osasunaren, gune publikoen eta diruaren aldetik dituen onurak ere, eta horretarako gogoeta egin dezaten eta erabakiak modu arduratsuan hartzen ikasi dezaten jarduerak planteatu zaizkie.

 

Irakurri