Category : Jarduerak

Dbus eta ATUC elkartu egin dira emakumeen talentua erakartzeko eta emakumeek garraioaren sektorean presentzia handiagoa izatea bultzatzeko

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta, hori dela eta, Dbusek komunikazio kanpaina bat abian jarri du garraio sektorean emakumeen talentua sustatzeko. ATUC Mugikortasun Jasangarria, Estatuko garraio publikoko operadore nagusiak biltzen dituen elkartea, Dbusekin elkartu da kanpaina horretarako. Hiriko eta metropoliko garraio publikoko 30 operadorek sustatutako kanpaina da, eta egun hauetan hiri askotan egongo da ikusgai.

Hiriko eta Metropoliko Garraio Publikoen Elkarteak (Atuc Mugikortasun Jasangarria) sustatutako eta koordinatutako kanpaina bateratu honekin, garraio sektorean emakumeak egoteak duen garrantzia ikusarazi nahi da, sektore horretan tradizionalki gizonezkoek presentzia handiagoa izan baitute, oraindik ere hala izanda, nahiz eta azken urteotan emakume kopuruak asko egin duen gora. Izan ere, azken bost urtean Dbusen emakume gidarien kopurua %32 igo da. Era berean, kanpainak emakumeen garapen profesionalerako gune erakargarri gisa aurkezten du bidaiarien garraioa.

“Mundua mugitu nahi dut. Garraio publikoak emakumeen talentu gehiago behar du” lelopean, emakumeen profesionaltasuna erakartzeaz gain, garraio publikora ikuspegi berdinzaleagoa eta inklusiboagoa ekarri nahi da, bertan emakumeak baitira bidaia gehien egiten duten kolektiboa; beraz, ezinbestekoa da garraio zerbitzuak antolatzeko eta planifikatzeko orduan genero ikuspegi hori txertatzea.

Dbusek eta ATUC Mugikortasun Jasangarria osatzen duten gainerako garraio operadoreek ezinbestekotzat jotzen dute mugikortasun berdinzaleagoa sustatzea, erakundeak berak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen duten erakunde bihurtzeko neurriak ezarriz hasita.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna  da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarri du Donostiako autobusetan.

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Linfedemaren Nazioarteko Egunarekin

Ostegunean, martxoak 6, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, ostegunean, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbusek bat egingo du Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin

Dbusek bat egingo du otsailaren 28an ospatzen den Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin. Horregatik, Donostiako hiriko autobus guztiek informazio kartel bat eramango dute bihar, gaixotasun arraroak dituzten pertsonek egunero bizi dituzten errealitateak ahalik eta gehien zabaltzeko eta erakusteko, eta kontzientzia soziala areagotzeko egingo diren jarduerak bultzatzeko.

Irakurri

Dbusek adineko pertsonekin informazio saioak antolatu ditu autobusean bidaiatzean segurtasuna hobetzeko

Azken hiru hilabeteetan Dbusek “14 Tip zure bidaia Top izan dadin” izeneko sentsibilizazio kanpaina egin du, Donostian autobusa erabiltzen dutenek seguruago eta erosoago bidaiatu dezaten. Denbora horretan, lan horretarako bereziki trebatutako bi pertsonak autobus lineetan ibili dira erabiltzaileei seguru bidaiatzeko jarraibideak eta gomendioak eskaintzeko.

Willis Towers Watson aseguru artekaritzarekin lankidetzan garatu da kanpaina, eta erabiltzaile guztientzat izan da. Halere, arreta berezia jarri da adineko pertsonengan, kolektiborik zaurgarriena delako eta gorabehera posibleen arrisku handiena dutelako. Horregatik, kanpaina horren bigarren fasean hitzaldi informatiboak eskaintzen ari dira hiriko erretirodunen zentroetan.

 

Adineko pertsonentzako hitzaldi informatiboak

Otsailaren 10era arte, prestakuntza jaso duten Dbuseko langileak hitzaldi informatiboak ematen ari dira erretirodunen bost zentrotan: Erdialde erdialdean, Nao etxea Altzan, Guardaplata Bidebietan, Uliatarra Ulia-Ategorrietan eta Toki Atsegina Antiguan. Guztira, aurreikusita dago adineko 200 pertsona inguruk parte hartu ahal izango dutela hitzaldi interaktibo horietan. Hitzaldi horietan, zalantzak eta kontsultak ere azaldu ahal izango dituzte.

Kalean egindako lanean bezala, hitzaldi horietan ere autobusetan gorabeherak saihesteko prebentzio neurriak lantzen ari dira, arreta besteak beste gai hauetan jarriz: autobuseko igoera eta jaitsiera, barren eta heldulekuen erabilera, aulki gurpildunekin eta beste elementu batzuekin sartzea (taka-takak, mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako eserlekuak, etab.)

Kanpaina honetako mezuak indartzeko, liburuxka bat argitaratu da, seguru eta eroso bidaiatzeko 14 aholku eta gomendiorekin. Gomendio horiek autobusean bidaiatzen denean egiten diren lau ekintza hauekin dute zerikusia: geltokian itxarotea, autobusera sartzea, bidaia bera eta autobusetik jaistea.

Mezu horiek guztiak markesinetan, autobusetako pantailetan, Dbusen webgunean eta bere sare sozialetan ere badaude.

Irakurri

Dbus-ek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin

Bosgarren urtez, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko.  Oraingo honetan, Txara 2 Laguntza eta gizarte baliabideen zentroarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta bertan bizi diren adineko 35 pertsonak aukera izan dute gaur, abenduak 17, autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.

Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.

Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 65 eta 98 bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.

Aurreko urteetan jarduerak izan zuen arrakasta eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat.

 

                  

 

 

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Egunarekin

Beste urte batez, Dbusek bat egiten du Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Eguna astelehenean, azaroaren 25ean, ospatuko da.  Keinu horrekin Dbusek emakumeak iraindu eta beraien izena zikintzen duen eraso eta portaera ororen aurka dagoela erakutsi nahi du, eta bere ekarpena egin nahi  du genero berdintasunaren aldeko borrokan.

Horregatik, astelehenean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean Dbuseko autobus guztiek puntu lila eramango dute biolentzia horren aurka gaudela adierazteko.

Irakurri