Category : Jarduerak

Mugikortasuneko ikasketak egiten ari diren Plaiaundi Institutuko ikasleen bisita hartu du Dbusek

Irungo LHII Plaiaundi Lanbide Heziketako ikastetxean ematen den Errepide bidezko Garraioko Ibilgailuen Gidaritzako Erdi Mailako Teknikari ikasketak eta Garraio eta Logistikako Goi Mailako Gradua egiten ari diren ikasleen talde baten bisita hartu du Dbusek bere instalazioetan. Hogeita hamar bat ikaslek osatutako taldea hurbildu da Kotxetegietara, eta han instalazioak ezagutu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak xehetasunez egiaztatu ere bai.

Aldia-aldian, Dbusek udalerri bateko lurreko hiri garraioaren funtzionamenduan eta Dbus bezalako enpresa erreferente batean interesa duten profesional eta ikasle taldeen bisitak jasotzen ditu. Bisitak iraun duen denboran ikasleek Konpainiaren historia eta bilakaera ezagutu dute, baita enpresaren eguneroko funtzionamendua eta enpresako sailen antolaketa ere. Besteak beste, planifikazioko sistema adituak ikusi ahal izan dituzte. Horiei esker, eraginkortasunez kudeatu daitezke autobusak eta gidarien ordutegiak antolatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak. Horrela zerbitzua optimizatu egiten da, pertsona erabiltzaileei ordutegi zabalagoak eta maiztasun hobea eskainiz eta aldi berean flotako autobusak eta gidariei esleitutako ordutegi ezberdinak koordinatuz.

Era berean, Dbusek puntualtasunean eta abiadura komertzialean zifra altuak izatea eta Donostiako herritarrek Dbus asko erabiltzea ahalbidetzen duten beste sistema batzuk ezagutu dituzte, hala nola hiriko BRTa (Bus Rapid Transit), ticketing sistemak edo geralekuak sentsorizatzeko sistema. Halaber, flota baldintza onenetan egon dadin egunero autobusetan sor daitezkeen gorabehera guztiak konpontzeaz eta aldiro ibilgailuei mantentze lanak egiteaz arduratzen den zerbitzu teknikoaren lana ikusi ahal izan dute, eta Konpainia bete-betean sartuta dagoen eta flota deskarbonizatzea eta 0 emisioko flota bihurtzea ahalbidetuko duen elektrifikazio proiektu integrala ere bai.

 

Irakurri

Dbusek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin

Seigarren urtez, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko. Oraingo honetan, San José de la Montaña zentroarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta bertan bizi diren adineko 28 pertsonak aukera izan dute autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.

Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Askatasunaren Hiribidea eta Loiola kalea, Santa Katalina Zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina Zubia, besteak beste.

Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 69 eta 95 bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaideek zentroko arduradunekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko.

Aurreko urteetan jarduerak izan zuen arrakasta eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat.

Irakurri

“Dbus eta Gabonak”, 19. haurrentzako marrazki lehiaketaren sari banaketa

Hemeretzi urtez jarraian, Dbusek, FNAC-en parte-hartzearekin, “Dbus eta Gabonak” Haurrentzako Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Edizio honetako parte-hartzea paregabea izan da, 3 eta 12 urte arteko 1.216  haurren marrazkiak jaso baitira.

Gaur Donostiako Aquariumeko auditorioan sari banaketa burutu da.

A mailako irabazleak (8 urte bitarteko haurrak):

  • 1. Saria: Ainara Jesslyn Álvarez Gómez, 8 urtekoa, Amara Berri-Morlans. Lenovo Tab tableta, bere fundarekin + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera > Marrazkia ikusi
  • 2. Saria: Luka Agote González, 7 urtekoa, La Salle Ikastetxea. Fujifilm Mini 12 Green argazki kamera + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera > Marrazkia ikusi
  • 3. Saria: Markel Echeverria Ibargoyen, 7 urtekoa, Zuhaizti. Liburu sorta eta idazketako sorta + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera > Marrazkia ikusi

B mailako irabazleak (9 urtetik 12 urte bitarte): 

  • 1. Saria: Nikole Aramburu Sierra, 12 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Lenovo Tab tableta, bere fundarekin + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera > Marrazkia ikusi
  • 2. Saria: Maialen Echeverria Ibargoyen,  10 urtekoa, Zuhaizti. Fujifilm Mini 12 Green argazki kamera + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera > Marrazkia ikusi
  • 3º Saria: Irati Algans Sagües, 12 urtekoa, Axular Lizeoa. Liburu sorta eta idazketako sorta + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera > Marrazkia ikusi

19. marrazki lehiaketa honetako gainontzeko finalistek ere sariak jaso dituzte, parte hartu izana bermatzen duen diploma, Dbusen txartel-zorroa eta Konpainiako autobusetako baten maketa hain zuzen. Gainontzeko finalistak ondorengoak izan dira:

A maila:

B maila:

Marrazki finalistak DVBUSen agertuko dira urtarrilaren 6a arte.

Dbusetik haurrek marrazkiak egiterakoan jarritako ilusioa eta sormena eskertu nahi dugu, bai eta guraso eta eskolen parte-hartzea ere.

Marrazkien erakusketa

Donostia Kulturaren kolaborazioa dela eta, aurre-aukeratutako 200 marrazkiak ikusgai egongo dira abenduaren 23tik urtarrilaren 20ra arte, Aiete Kultur Etxean (Aiete pasealekua 63). Itxita: abenduak  25; urtarrilak 1 eta 6.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Boluntariotzaren Nazioarteko Egunarekin

Abenduaren 5a Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da. Boluntarioen lana ezagutarazteko eta kohesio soziala bultzatzeko Sareginez irabazi asmorik gabeko erakundeen sareak antolatutako jarduerekin bat egin nahi du Donostiako Udalak.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramaten dute egun osoan.

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du HIES-aren aurkako Borrokaren Munduko Egunarekin

Beste urte batez, Dbusek bat egiten du abenduaren 1ean ospatuko den HIESA-ren aurkako Borrokaren Munduko Egunarekin.

Horregatik, astelehenean Donostiako hiri autobus guztiek lazo gorri bat eramango dute, gaixotasun hau pairatzen dutenei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko.

 

Irakurri

Dbusek bi bilera egin ditu Helduen Hitza adinekoen elkarteko kideekin, haiei enpresaren funtzionamendua ezagutarazteko

Adinekoak dira Dbuseko autobus zerbitzua gehien erabiltzen duten kolektiboetako bat. Horregatik, Konpainiak, aldiro, adinekoen elkarteekin batera jarduerak egiten ditu, Donostiako garraio sistema ezagutarazteko, bai eta Dbusen zerbitzua modu seguru, eroso eta atseginean erabiltzeko aholkuak eta gomendioak emateko ere.

Zentzu horretan, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, Donostiako Helduen Hitza elkarteko bazkideekin egindako bi bileratan parte hartu du azaroan. Aieteko Topalekun eta Groseko Okendo Kultur Etxean izan dira bi bilera horiek. Elkarteak 55 urtetik gorako pertsonak biltzen ditu, eta etengabeko ikaskuntza ahalbidetuko dieten jarduerak antolatzen ditu haientzat. Oraingo honetan, 150 lagun baino gehiago joan dira bileretara, eta bertan Javier Vallejok Konpainiaren historia eta bilakaera azaldu die, bai eta enpresaren eguneroko funtzionamendua eta enpresako sailen antolaketa ere.

Bi saioetan, Helduen Hitza elkarteko bazkideek Konpainiaren historia eta bilakaera ezagutu dute, baita enpresaren eguneroko funtzionamendua eta enpresako sailen antolaketa ere. Besteak beste, planifikazioko sistema adituak ezagutu ahal izan dituzte, zeintzuei esker eraginkortasunez kudeatu daitezkeen autobusak eta gidarien ordutegiak antolatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak. Horrela zerbitzua optimizatu egiten da, pertsona erabiltzaileei ordutegi zabalagoak eta maiztasun hobea eskainiz eta aldi berean flotako autobusak eta gidariei esleitutako ordutegi ezberdinak koordinatuz.

Era berean, azken urteotan Dbusen ezarritako azken berrikuntza teknologikoak ezagutu dituzte, hala nola autobusen okupazioak kontrolatzeko sistema eta eskaria iragartzeko sistema. Era berean, ustiapenean laguntzeko SAE sistemaren eta Dbuseko ticketing sistemaren funtzionamendua ikusi ahal izan dute, batez ere QR kodeekin eta kontakturik gabeko banku txartelekin zein gailu mugikorrekin ordaintzeko sistema; geltokiak sentsorizatzeko sistema, geltokiko erabiltzaileen zenbaketaren kontrol ia zehatza egitea ahalbidetzen duena, eskaera aurreikustea ahalbidetuta; edo Konpainiako autobusetako bidaiarien jatorria-helmuga matrizea, big datan oinarrituta. Azkenik, Smart-Klima sistemarekiko interesa agertu dute. Autobusen klimatizazio sistema monitorizatzeko eta bere funtzionamendua hobetzeko balio du sistema horrek.

Irakurri

Garberara iritsi da Dbusen historiari buruzko erakusketa

Garberara iritsi da Dbusen historia eta Donostiako autobus garraio publikoaren bilakaera biltzen dituen erakusketa, eta gaur, azaroak 18, hasi eta hurrengo abenduaren 8ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa hau irailean egindako Mugikortasunaren Astearen harira sortu zen, eta Alderdi Ederren egon zen ikusgai. Orain, berriz, hiru astez bisitatu ahal izango da kokapen berri honetan.

Hainbat panelez osatuta egongo da erakusketa, non bisualki jasoko baita Konpainiak 1886an sortu zenetik izan duen bilakaera, bai eta konpainiaren flotak flota moderno eta jasangarri bihurtu arte izan duen eraldaketa ere. Errepaso historiko horretaz aparte, autobus elektriko berrien eta autobus horiek dituzten gailuen funtzionamenduaz, ibilgailu berritzaile horien fabrikazio prozesuaz eta bateria elektrikoen funtzionamenduaz eta ezaugarriez informazioa biltzen du, bai eta herritarrentzat dakartzaten abantaila eta onuren gainekoa ere.

Baina, erakusketa ikusteaz gain, Garberako bisitariek 1989ko Mercedes autobus batera igotzeko aukera izango dute. Autobus horrek 2004ra arte eman zuen zerbitzua Donostian. Ibilgailu hori Garberan ikusi ahal izango da, azaroaren 22an eta 29an, larunbatez, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, Agabus elkarteari esker. Agabus Autobus Lagunen Gipuzkoako Elkartea da, Dbusen barruan sortu zen, eta hiriko mugikortasunarekin lotutako ondarea kontserbatzeko lanean dihardu.

Horrela, Garberak eta Dbusek bat egiten dute erakusketa honekin, garraio publikoaren garrantzia ikusarazteko. “Garberara iristea gero eta errazagoa eta jasangarriagoa izatea nahi dugu, gure komunitatearekin dugun konpromiso handietako bat da-eta. Erakusketa honek, hain zuzen ere, gure hiriko mugikortasun jasangarriari balioa ematen dio, eta bultzatzen eta indartzen jarraitu behar dugu mugikortasun hori”, berretsi du Nuria Vegas Garberako gerenteak, gogorarazita espazio horrek garraio publikoa ez ezik, oinez, bizikletaz edo ibilgailu elektrikoetan iristea ere sustatzen duela, kargatzeko guneak eta aparkaleku egokituak eskainiz.

Dbusek, berriz, 23 autobus %100 elektriko ditu une honetan, eta datozen asteetan flotan 12 metroko 24 autobus berri gehitzea espero da. Horri esker, flotako autobusen %30 elektrikoak izango dira. Flotaren eraldaketa Bideberdearen parte da, hots, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, eraginkor eta isila bihurtzeko egindako apustua, 2030ean Dbuseko flota %100 jasangarria izan dadin.

Garberan egon ondoren, asmoa da erakusketa hau hiriko puntu gehiagotara iritsi ahal izatea eta Donostiako herritarrei Dbusen historiaren zati bat eta orainaren eta etorkizunaren zati bat ere hurbildu ahal izatea.

Irakurri

Dbusek bat egin du Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Egunarekin

Gaur, azaroak 17, astelehena, Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Eguna da. Sindrome hori hainbat sintoma eta osasun arazo dakartzan asaldura genetikoa da.

Dbusek bat egin nahi du ASME Erakundeak (Smit-Magenis Sindromearen Espainiako Elkartea) antolatutako jarduerekin, gaixotasuna gehiago ezagutzeko asmoz, eta babesa eskaini nahi die egunero gaixotasun horri aurre egiteko borrokatzen diren pertsona guztiei. Horregatik, gaur Donostiako hiri autobus guztiek kanpainarekin lotutako kartela eramaten dute.

Irakurri

Garraio publikoa turismoaren mugikortasun oinarri gisa hartuta hizpide izan duen mahai inguru batean parte hartu du Dbusek

Turismo eta Mugikortasunari buruzko 1. Jardunaldiak egin dira, Madrilen, eta bertan parte hartu du Dbusek. Jardunaldietan garraioko eta turismoko adituak elkartu dira, mugikortasunaz gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko, mugikortasun eraginkorrak turismo jasangarriagoa, konektatuagoa eta irisgarriagoa nola bultzatzen duen ikusteko. Jardunaldiak Movusek eta Espainiako Turismoaren Mahaiak antolatu dituzte.

Jardunaldian, Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari gerenteak mahai inguru batean parte hartu du, Madrilgo EMTko, Bartzelonako Garraio Metropolitanoetako eta Madrilgo Metroko ordezkariekin batera. Mahai inguru horretan, Igor Gonzalezek garraio publikorako sarbide unibertsalaren alde egin du, erabiltzaileen esperientzia positiboa izateko eta oztopoak desagerrarazteko, garraio publikoa erabiltzea errazagoa izan dadin, eta egoiliar eta bisitarientzako zerbitzua hobea.

Dbusek sistema bat baino gehiago ditu ordainketarako, eta, horri esker, Donostian autobusa erabiltzen dutenei aukera ugari eskaintzen zaie ordainketa egiteko: batetik, MUGI garraio txartelak, Donostiako herritarrentzat edo eskualde mugakideetan bizi direnentzat; bestetik, BAT eta BARIK txartelak, Arabako eta Bizkaiko txartelak, hurrenez hurren; eta, beste sistema berritzaileago batzuk ere, hala nola kontakturik gabeko banku txartelekin eta gailu mugikorrekin ordaintzeko aukera edo Dbuseko aplikazio ofizialaren bitartez erosten diren QR kodeekin ordaintzeko aukera, eskudiruarekin ordaintzeko aukeraz gain. Ordainketa egiteko dauden askotariko moduei esker, autobusera arinago sartu ahal izango da, eta abiadura komertzial handiagoa mantendu. Horrek, halaber, autobusa garraio lehiakor eta eraginkorra izatea egingo du, eta turismoaren eta herritarren elkarbizitzaren arteko oreka zaintzen lagunduko du.

Flotaren elektrifikazioa ere beste erakargarritasun handi bat da hirian zehar mugitzeko. Ibilgailu jasangarriak eta isilak izango dira, eta bidaia esperientzia atseginagoa eta hiria bizigarriagoa izatea egiten dute. Dbus elektrifikazio proiektu integralean murgilduta dago, zeinarekin flota deskarbonizatu ahal izango den, 0 emisioko flota bihurtuta. Proiektuaren barruan sartzen dira hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena, autobus elektriko berrien sarrera eta Dbuseko trafikoaren mantentze eta gestio arloen berrantolaketa, horrela, trantsizio eraginkorra eta jasangarria bermatzeko.

Zerbitzuaren ezaugarri horiei esker, garraio publikoa, mugitzeko bitarteko ez ezik, hiriaren balioen erakusgarri ere bada, balio hauen erakusgarri, alegia: jasangarritasuna, berrikuntza eta zerbitzu publikoa.

Irakurri

Dbusek bat egingo du Entzutearen Egunarekin

Larunbatean, azaroak 15, Entzutearen Eguna ospatuko da. Dbusek bat egin nahi du egun horretarako Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak antolatutako jarduerekin, eta horren bidez hari babesa erakutsi, bere errealitatea beste norbaitekin partekatu behar duenari entzunez egiten duen lanagatik.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri