Dbusek 17 linearen eraldaketa aurkeztu du Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuneko adituen aurrean
Dbusek 17-Gros-Amara-Miramon linea eraldatu eta zirkulazio azkarreko zerbitzu elektriko eta adimendun bihurtzeko proiektua (BEI proiektua) aurkeztu du UITPk (Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuna) Coimbran (Portugal) antolatu duen Batzordean, non gaitasun handiko sistema mota horiek garatzen ari diren munduko hainbat lekutako hiriak bildu diren.
Dbusek BRT sistema du 5-Benta Berri eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan eta une honetan 17-Gros-Amara-Miramon linean ezarriko den BEI (Bus Elektriko Adimenduna) etorkizuneko linean inplementatzea garatzen ari da. Sistemak hiru funtzio osagarri izango ditu: autobus artikulatu %100 elektrikoak erabiliko ditu, geralekuetako irisgarritasuna hobetuko da, eta autobusera ate batetik baino gehiagotik sartzeko aukera emango du.
Lan batzorde horretan, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, eta Eduardo Gonzalezek, Dbuseko zuzendari teknikoak, kalitate handiko autobus sistema honen (BRT) ezaugarriak aztertu dituzte garraio adituen aurrean, izan ere, autobus hauen funtsa da azkar eta eroso zirkulatzea, zirkulatzean lehentasuna ematen dioten errei berezien bidez, eta erabiltzaileei zerbitzu bikaina ematea. Sistemak ahalbidetzen du abiadura komertzial handia (16,60km/h) izatea eta Donostiako herritarren erabilera maila handia izatea. 2024an Dbusek bere historiako daturik onenak erregistratu ditu, zerbitzuetan 32.026.966 bidaia egin baititu, eta aurten seguruenik zifra horiek gaindituko dira, erabiltzaileen kopuruak berriro gora eginda.
Eduardo Gonzalezek batzordean azaldu duen bezala, geralekuetako irisgarritasuna hobetzeak espaloiaren eta autobusaren arteko distantzia murriztea ekarriko du, autobusera igotzea eta autobusetik jaistea erraztuta, eta arrapalen funtzionamenduko gorabeherak ere murriztuko ditu. Era berean, autobuseko ate batetik baino gehiagotik sartzeak eta irteteak autobusera sartzeko denborak hobetzea ahalbidetuko du, bidaia denbora murriztuta eta abiadura komertzial ona bermatuta. Javier Vallejok, berriz, autobusetan doazen bidaiarien kopurua eta baliozkotu diren bidaia txartelak kontrolatzeko ezarriko diren berrikuntza teknologikoak ere aurkeztu ditu.
Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.
Dbus-ek bat egiten du Retinaren Mundu Egunarekin
Irailaren 28an, igandean, Retinaren Mundu Eguna izango da. Dbusek bat egin nahi du Retina Gipuzkoa Begisare elkarteak ikusmen murriztua gehiago ezagutu dadin antolatutako jarduerekin, eta babesa erakutsi nahi die egunero-egunero egoera horren aurka borrokatzen dutenei.
Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.
DTK-k bere kudeaketa eredua aurkeztu du mugikortasun jasangarriari buruzko jardunaldi batean, “MoVer Ciudades” proiektuaren barruan
Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) bere kudeaketa eta efizientzia eredua eta Donostiako hiri garraioan ezarritako soluziorik berritzaileenak partekatu ditu gaur, Ekuadorko Hirietan Mugikortasun Berderako Proiektuaren (MoVer Ciudades) bisita teknikoan zehar, Donostian mugikortasun jasangarriari buruz antolatutako jardunaldian.
Ekuadorko tarteko hirietan emisio gutxiko hiri mugikortasun jasangarriaren inplementazioa indartu nahi duen proiektu bat da, ingurumena babesten eta herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Ekuador pertsona bakoitzeko berotegi efektuko gasen emisio gehien sortzen dituen herrialdeetako bat bihurtu da eskualdean, eta garraio sektorea da emisio horien %50 ingururen erantzulea.
MoVer Ciudades proiektua Global Gateway eta Europar Batasunak eta Alemaniako Lankidetza Ekonomiko eta Garapenerako Ministerio Federalak (BMZ) finantzatzen duten Europa Taldea: Itun Berde bat Ekuadorrentzat ekimenen parte da.
Jardunaldian, non mugikortasunean espezializatutako Ekuadorko zenbait teknikarik parte hartu baitute, DTK-ko zuzendari gerente Igor Gonzalezek Konpainiaren elementu bereizgarriak aurkeztu ditu, hau da, Konpainia sektoreko enpresa erreferente bihurtzen duten elementuak, eta, erabilera indize altua ez ezik, erabiltzaileen aldetik oso balorazioa ona edukitzea ahalbidetzen diotenak. Azken urteetan, antzinatasun handieneko garraio enpresa bat izatetik hiri mugikortasuna kudeatzen duen enpresa bihurtzera iritsi da, Dbusen bidez autobuseko garraio publikoko zerbitzua eta Dbizi bidez bizikleta publikoa alokatzeko sistema eskainita.
Ordezkaritzak enpresaren eguneroko funtzionamendua eta departamentuen antolamendua ezagutu ahal izan ditu. Besteak beste, planifikazioko sistema adituak ikusi ahal izan dituzte. Horiei esker, eraginkortasunez kudeatu daitezke autobusak zein gidarien ordutegiak antolatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak. Horrela, zerbitzua optimizatu egiten da, erabiltzaileei ordutegi zabalagoak eta maiztasun hobea eskainiz eta, aldi berean, flotako autobusak eta gidariei esleitutako ordutegi ezberdinak koordinatuz.
Aurkeztutako gaien artean, nabarmentzekoak dira tarifa sistema integrala eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren, erabiltzen diren MUGI, BAT eta BARIK garraio txartelen interoperabilitatea; izan ere, horri esker, Dbuseko ordainketa sistemak erosoak eta praktikoak dira erabiltzaileentzat. Horri lotuta, azken urteetan berrikuntza teknologiko ugari inplementatu dira, baliabideak optimizatzeko, benetako premietara egokitutako garraio sare bat diseinatzeko eta garraio publikora iristea errazteko, ordainketa sistemetan trabak ezabatuz. Dbusek munduko ticketing onena duen garraio publikoko operadorearen saria jaso du aurten, Londresen urtero banatzen diren Transport Ticketing Awards sarien banaketan.
Era berean, BRT sistema (Bus Rapid Transit) da aurkezpenean aztertutako beste puntu bat. Sistema hori linearik erabilienetako bitan dauka Dbusek (5 eta 28 lineak). Kalitate handiko autobus sistema bat da, zirkulazio azkar, eroso eta eraginkorrean oinarritua. Linea horiek, gainera, AENOR UNE-EN 13816 ziurtagiria daukate, zeinak lineen zerbitzuaren kalitatea aitortzen baitu. Zerbitzua beste inplementazio teknologikoekin indartu da, hala nola itsuendako audio sistemarekin edo zerbitzua denbora errealean geltokietan dagoen erabiltzaile kopurura egokitzen uzten duen sistemarekin.
Ildo horretan, garraio jasangarria bultzatzea da Dbusen lehentasunetako bat, elektromugikortasunean enpresa aitzindaria baita, 2014an Europan fabrikatutako lehen autobus %100 elektrikoa jarri zuena zerbitzuan. Gaur egun, Konpainia elektrifikazio proiektu integralean murgilduta dago, flotaren deskarbonizazioa ahalbidetzeko, 2030ean 0 emisioko flota izan dadin.
Proiektuaren barruan sartzen dira hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena, autobus elektriko berrien sarrera eta Dbuseko trafikoaren mantentze eta gestio arloen berrantolaketa, horrela, trantsizio eraginkorra eta jasangarria bermatzeko. Horrenbestez, Dbusen eta Udalaren apustua Bideberdea da, garraio publikoa zerbitzu garbi eta isil bihurtuko duena. Horrez gain, ordezkaritzak BEA (Bus Elektriko Adimenduna) proiektua ere ezagutu du, 17-Gros-Amara-Miramon linean ezarriko den gaitasun handiko sistema, zirkulazio azkarreko autobus %100 elektriko eta adimendunen bidez.
Halaber, aurkezpenean, Igor Gonzalezek Dbizi bizikleta publikoaren sistemaren funtzionamendua ere azaldu du. DTK arduratzen da sistema kudeatzeaz, Donostiako Udalak aginduta, sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta bizikletaren erabilera sustatzeko, garraio publikoko beste modu batzuen osagarri gisa. Dbizi sistema berritua 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta erreferentziazko sistema bihurtu da beste hiri batzuetarako. 2024an zerbitzuaren erabilera sendotu egin da, 1.294.358 bidaia egin baititu; aurreko urtean, berriz, 945.642 bidaia egin ziren.
Bukatzeko, Igor Gonzalezek enpresak gizartearen balioekin duen konpromisoa soziala azpimarratu du, zenbait elkarterekin dituen harremanetan eta kausa sozialen alde egindako lanean eratua. DTK-k garrantzi berezia ematen dio, halaber, leialtasuna eta sinesgarritasuna sortzeari, tokiko komunikabideekin eta herritarrekin harremana zuzena edukiz, eta enpatia sustatzeko eta gidariaren irudia indartzeko kanpainen bitartez.
Dbus Askapen Afektibo-sexualerako Nazioarteko Egunera batzen da
Dbus ekainaren 28an ospatzen den Askapen afektibo-sexualerako Nazioarteko Egunera batzen da.
Hori dela eta, bihar Donostiako autobus guztiek, kolore anitzaren bandera eramango dute modu honetan, izango diren ekitaldi guztiei gure babesa emanaz.

Dbusek Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egiten du
Bihar, ekaina 26, Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren berri ematen duen kartela jarriko du Donostiako autobusetan, Mikel Zabalza Herri Ekimenak sustatutako jardueretako bat gisa.

Dbus-ek bat egiten du Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Egunarekin
Gaur, ekainaren 23an, Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da.
Dravet Sindromea edo Haurtzaroko Epilepsia Miokloniko Zorrotza 4 eta 12 hilabeteko haurrengan agertzen da lehen aldiz, eta konbultsio kloniko edo toniko-kloniko orokor edo aldebakarrekin lotua dago. Orokorrean iraupen luzekoak dira konbultsioak, sukarrarekin edo gabe. Azken ikerketen arabera, gaixotasun honek 20.000 jaiotzetik 1i eragiten dio.
Dbusek bat egiten du Dravet Sindromea ezagutarazteko eta gaixotasun honen aurka lanean dihardutenei babesa emateko tokiko plataformak egiten dituen ekintzei. Horregatik, gaur Donostiako hiri autobus guztiek Dravet Sindromearen kartela eramango dute egun guztian zehar.

Dbus-ek bat egiten du Lipedemaren Munduako Egunarekin
Asteazkenean, ekainak 11, Lipedemaren Munduko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.
Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Dbusek bat egiten du Haurren Tratu Txarren aurkako Nazioarteko Egunarekin
Apirilaren 25ean Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta Dbusek adierazi nahi du egunarekin bat egiten duela, AVAIM elkarteak (Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartea) antolatu dituen jardueretan lagunduz.
Horregatik, bihar, ostirala, Donostiako hiri autobus guztiek egunaren kartela eramango dute, egoera hori bizi duten pertsonei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko.
Dbus-ek bat egiten du Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin
Dbusek bat egiten du apirilaren 8an ospatuko den Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin.
Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek ijitoen bandera eramango dute egun osoan zehar, Dbus herri horren aitorpena bultzatu eta ijitoen komunitatea errespetatuta beraiekin batera bizitzen lagunduko duten jardueren alde dagoela erakusteko.
Dbus eta ATUC elkartu egin dira emakumeen talentua erakartzeko eta emakumeek garraioaren sektorean presentzia handiagoa izatea bultzatzeko
Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta, hori dela eta, Dbusek komunikazio kanpaina bat abian jarri du garraio sektorean emakumeen talentua sustatzeko. ATUC Mugikortasun Jasangarria, Estatuko garraio publikoko operadore nagusiak biltzen dituen elkartea, Dbusekin elkartu da kanpaina horretarako. Hiriko eta metropoliko garraio publikoko 30 operadorek sustatutako kanpaina da, eta egun hauetan hiri askotan egongo da ikusgai.
Hiriko eta Metropoliko Garraio Publikoen Elkarteak (Atuc Mugikortasun Jasangarria) sustatutako eta koordinatutako kanpaina bateratu honekin, garraio sektorean emakumeak egoteak duen garrantzia ikusarazi nahi da, sektore horretan tradizionalki gizonezkoek presentzia handiagoa izan baitute, oraindik ere hala izanda, nahiz eta azken urteotan emakume kopuruak asko egin duen gora. Izan ere, azken bost urtean Dbusen emakume gidarien kopurua %32 igo da. Era berean, kanpainak emakumeen garapen profesionalerako gune erakargarri gisa aurkezten du bidaiarien garraioa.
“Mundua mugitu nahi dut. Garraio publikoak emakumeen talentu gehiago behar du” lelopean, emakumeen profesionaltasuna erakartzeaz gain, garraio publikora ikuspegi berdinzaleagoa eta inklusiboagoa ekarri nahi da, bertan emakumeak baitira bidaia gehien egiten duten kolektiboa; beraz, ezinbestekoa da garraio zerbitzuak antolatzeko eta planifikatzeko orduan genero ikuspegi hori txertatzea.
Dbusek eta ATUC Mugikortasun Jasangarria osatzen duten gainerako garraio operadoreek ezinbestekotzat jotzen dute mugikortasun berdinzaleagoa sustatzea, erakundeak berak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen duten erakunde bihurtzeko neurriak ezarriz hasita.
