Category : Jarduerak

Dbus-ek bat egiten du Lipedemaren Munduko Egunarekin

Ostegunean, ekainak 11, Lipedemaren Munduko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus, Global Mass Transit nazioarteko konferentziara gonbidatua, bere elektrifikazio eredua aurkezteko

Dbusek flota eta Kotxetegietako instalazioak elektrifikatzeko duen proiektua aurkeztu du Amsterdamen, Global Mass Transit erakundeak antolatutako “Clean Buses in Europe” nazioarteko konferentziaren 9. edizioan. Topaketa horretan Europako garraio publikoko operadore nagusietako batzuek parte hartu dute, hala nola EMT Madrid, Transport for London, Gobus, Translink edo Dublin Bus, zero emisioko garraio publikoko sistemetarako bidean aurrera egiten dituzten esperientziak eta estrategiak partekatzeko.

Dbusek nazioarteko foro horretan parte hartzeak agerian uzten du Konpainia garatzen ari den eraldaketa proiektuak lortutako aitortza, dimentsio askoz handiagoko operadoreen eztabaida tekniko eta estrategiko maila berean kokatu baita.

Jardunaldi horietan, Eduardo Gonzalezek, Dbuseko Zuzendari Teknikoak, flota deskarbonizatzeko prozesuaren berri eman du, zeina flota%100 emisiorik gabekoa izateko eraldaketa integralerako makroproiektu estrategiko gisa pentsatu baita. Makroproiektu hori elkarri lotutako jarduera ildo askotan egituratzen da, tartean direla hornidura elektrikoa handitzeko eta tentsio ertain eta baxuko azpiegiturak hedatzeko jarduerak, eta pantografo alderantzikatuaren bidez kargatzeko sistemak eta energiaren kudeaketa adimenduna (Smart Charging) ezartzeko, aparkatzeko lekuak egokitzeko eta autobus elektrikoak apurka-apurka sartzen joateko jarduerak ere bai.

Proiektuaren barruan, gainera, ibilgailuak eta azpiegiturak gainbegiratzeko eta monitorizatzeko sistema aurreratuen garapena sartzen da, bai eta ibilgailu elektrikoetarako suteetatik babesteko azpiegitura espezifiko berriak gauzatzea ere, hori baita Europako operadoreek elektrifikazio prozesuaren gaineko teknologiei eta arauei lotuta egun dituzten erronka nagusietako bat.

Flotaren eraldaketa Bideberdearen parte da, hots, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, eraginkor eta isila bihurtzeko eta 2030ean Dbuseko flota %100 jasangarria izan dadin egindako apustuaren parte. Teknologiaren aldetik aurreratuagoa eta ingurumena errespetatzen duen flota baterantz egindako lan horren ondorioz, gaur egun Dbusek 56 autobus %100 elektriko eta 55 autobus hibrido ditu zerbitzuan.

Nazioarteko jardunaldietan parte hartuz, Dbusek garraio operadoreekin, fabrikatzaileekin, ingeniaritzekin eta sektoreko profesionalekin ezagutzak eta esperientziak partekatu ditzake, azken joera teknologiko eta operatiboak bertatik bertara ezagutzeaz gain. Era berean, Donostiak elektromugikortasuneko erreferente gisa Europan duen posizioa indartzen du, 2014an Europako fabrikazioko autobus elektriko bat zerbitzuan jarri duen Europako lehen hiria baita, eta hiri garraio publikoaren deskarbonizazio osorako bidean irmo aurrera egiten ari baita.

Irakurri

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Dbusek hiri biodibertsitateari buruzko kanpaina bat bultzatzen dute Donostiako markesinetan

Biarteko Mugi proiektuaren barruko ekimen bat da, eta zientzia eta artea uztartzen ditu hiriko natura herritarrengana hurbiltzeko.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Dbusek hiriko biodibertsitateari buruzko dibulgazio kanpaina bat jarri dute abian Donostiako autobusetako markesinetan. Hiriko hainbat tokitan jarriko diren 32 kartelen bidez, kanpaina honek hiriko ingurunean donostiarrekin batera bizi diren espezieak ezagutzeko eta hiria ikuspegi berri batetik begiratzeko gonbita egiten die herritarrei.

Kartel bakoitzak espezie baten ilustrazio zientifikoa aurkezten du. Intsektuen, hegaztien, anfibioen, landareen edo likenen ilustrazioak dira, besteak beste. Ilustrazioaren atzealdean, Donostiako toki zehatz bat agertuko da. Irudikatutako espeziea aurki daitekeen lekua izango da. Horrela, basa bizitza presente dagoen eguneroko eta ustekabeko lekuak erakusten dira.

Hala, kartel horiei begira hiritik dabiltzanek hormako sugandila ikusi ahal izango dute Urgullen, armiarma karramarroa Igeldon, mantangorria Aieteko Parkean edo hegoaldeko zuhaitz-igela, Dbusen logotipoa ere badena, Igarako putzu batean. Izan ere, espezie deigarrienak ez ezik, txikienak eta diskretuenak ere harrigarriak dira, espaloi, horma edo hiri lorategietan benetako fenomeno ekologikoen protagonista dira-eta.

Dbuseko mupietan aukeratutako espezie guztiak erraz ikusten dira, eta, beraz, ohikoak dira Donostian. Kanpaina ekainaren amaiera arte egongo da martxan, eta, gainera, Biarteko Mugi proiektuaren ibilbideen aurrerapen txiki bat da, ibilbide horiek laster egin ahal izango baitira hiritik. Ibilbide horiek, ikus-entzunezko pieza txikien bidez, Donostiako biodibertsitatea eta horri lotutako prozesu ekologikoak gerturatuko dizkigute.

 

Kartelen kokapena (mapan ikusi)

EGIA – ERRIBERAK – LOIOLA

  • Polloeko hilerria – Horma-goroldioa
  • Epaitegia / Mandasko Dukea – Erle-eulia
  • Loiola / Lorategi hiria – Meatze-erlea
  • Bartzelona Hiribidea 35 – Katamotz armiarma

 

ERDIALDEA – BOULEVARD – GIPUZKOA PLAZA 

  • Askatasunaren Hiribidea 34 – Inurri beltza
  • Boulevard 17 – Dragoitxo arrunta
  • Boulevard 7 – Liken horia
  • Mirakruz Gaina II – Arrabio arrunta
  • Okendo 10 – Horma-sugandila

 

GROS – ATEGORRIETA – INTXAURRONDO – ALTZA 

  • Ategorrieta 21 – Txilar kantauriarra
  • Otxoki – Armiarma jauzkaria
  • Jesuitak – Garaizka arrunta
  • Pablo Sorozabal plaza /Zarategi – Amiral gorria
  • Elosegi 21 / Ategorrieta – Zozo arrunta

 

ALTZA – BUENAVISTA 

  • Arri Berri – Aihen zuria
  • Buenavista 12 – Kaskabeltz handia

 

AIETE – SEMINARIOA – MIRAMON 

  • Mikeletegi pasealekua (Poliklinikaren atzean) – Afrikar gorria
  • Oriamendi pasealekua 20 – Arkanbelea
  • La Cumbre – Mantangorria
  • Mendigain 1 / Zorroaga – Hurritza
  • Seminarioa – Liztor buztingilea

 

ANTIGUO – FUNIKULARRA – IGELDO – ZUATZU 

  • Tolosa Hiribidea / Antonio Gaztañeta – Krustazeo likena
  • Miramar Jauregia – Liztor lorea
  • Zubimusu – Murruntza
  • Kristobal Balenziaga 42 II / Igeldo – Armiarma karramarroa
  • Tolosa Hiribidea / Irakasle Eskola – Sorbeltz arrunta
  • Zuatzu – Laharra

 

IGARA – PORTUETXE 

  • Portuetxe – Hegoaldeko zuhaitz-igela

 

AMARA ALDEA – ZORROAGA – OSPITALEAK 

  • Begiristain Doktorearen pasealekua 94 – Zimitz marraduna
  • Pio XII.a – Txikori belarra
  • Madril Hiribidea 3 – Etxe-txolarrea
  • Antso Jakituna 12 – Belatz-eulia

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

Apirilaren 25ean Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta Dbusek adierazi nahi du egunarekin bat egiten duela, AVAIM elkarteak (Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartea) antolatu dituen jardueretan lagunduz.

Horregatik, bihar, larunbata, Donostiako hiri autobus guztiek egunaren kartela eramango dute, egoera hori bizi duten pertsonei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin

Dbusek bat egiten du apirilaren 8an ospatuko den Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek ijitoen bandera eramango dute egun osoan zehar, Dbus herri horren aitorpena bultzatu eta ijitoen komunitatea errespetatuta beraiekin batera bizitzen lagunduko duten jardueren alde dagoela erakusteko.

Irakurri

Dbus-ek Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Egunarekin bat egiten du

Bihar, apirilaren 2an, Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna izango da eta Dbusek bat egiten du egunarekin. Horregatik, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsona guztiei eta haien senideei babesa erakusteko eta gizartean kontzientziazioa handitzeko Gautenak (Autismoaren Gipuzkoako Elkartea) antolatutako jardueretan laguntzeko.

Irakurri

Dbus-ek mugikortasun jasangarriko profesionalen bisita hartu du Mubil Mobility Expoaren esparruan

Egun hauetan MUBIL Mobility Expo mugikortasun jasangarriko industriaren azoka egiten ari da gure lurraldean, eta, azoka horren baitan, Dbusek sektoreko hainbat enpresa eta erakundetako profesionalez osatutako bi talderen bisita hartu du aste honetan.

MUBILek, Euskadiko Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko poloak eta azokaren sustatzaileak, antolatu ditu bisitak, Dbusekin elkarlanean, eta haiei esker 20 profesional inguru hurbildu dira Kotxetegietara, Donostiako autobus flotan ezarritako azken berrikuntza teknologikoak eta Konpainia murgilduta dagoen elektrifikazio proiektu integrala ezagutzeko.

Bisitetan, Javier Vallejo Dbuseko zuzendari ondokoak eta Eduardo Gonzalez zuzendari teknikoak azken urteetan Dbusen ezarri diren azken berrikuntza teknologikoak aurkeztu dituzte, hala nola autobusen okupazioak kontrolatzeko sistema eta eskaria iragartzeko sistema. Era berean, ustiapenean laguntzeko SAE sistemaren eta Dbuseko ticketing sistemaren funtzionamendua ikusi ahal izan zuten, batez ere QR kodeekin eta kontakturik gabeko banku txartelekin zein gailu mugikorrekin ordaintzeko sistema; geltokiak sentsorizatzeko sistema, geltokiko erabiltzaileen zenbaketaren kontrol ia zehatza egitea ahalbidetzen duena, eskaera aurreikustea ahalbidetuta; edo Konpainiako autobusetako bidaiarien jatorria-helmuga matrizea, big datan oinarrituta. Azkenik, Smart-Klima sistemarekiko interesa agertu dute. Autobusen klimatizazio sistema monitorizatzeko eta bere funtzionamendua hobetzeko balio du sistema horrek.

Bestalde, Dbuseko Zuzendaritzak flota deskarbonizatzeko prozesua ere aurkeztu du, zeina 0 emisioko flota baterantz eraldaketa integralerako makroproiektu estrategiko gisa pentsatu den. Makroproiektu hori elkarri lotutako jarduera ildo ugaritan egituratzen da. Erronka teknologikoak eta operatiboak lantzen dituzten jarduerak dira, tartean direla, besteak beste, hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena, autobus elektrikoen pixkanakako ezarpena, kudeaketa sistema aurreratuen ezarpena, ibilgailu eta azpiegituren birkarga eta zaintza optimizatzea eta mantentze eta ustiapen arloen berrantolaketa.

Era berean, ibilgailu elektrikoen bateriei lotutako arriskura egokitutako suteen aurkako babeserako azpiegitura espezifiko berrien garapena nabarmendu da, Kotxetegietako segurtasun estrategia globalaren barruan. Hori guztia instalazioak osorik berritzeko prozesu baten baitan sartzen da, etorkizuneko flota %100 elektrikoak eraginkortasunez, seguru eta era jasangarrian jardutea bermatu ahal izateko.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Igande honetan, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna  da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarri du Donostiako autobusetan.

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Linfedemaren Nazioarteko Egunarekin

Ostiralean, martxoak 6, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, ostiralean, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbusek bat egingo du Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin

Dbusek bat egingo du, otsailak 28, ospatzen den Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin. Horregatik, Donostiako hiriko autobus guztiek informazio kartel bat eramango dute bihar, gaixotasun arraroak dituzten pertsonek egunero bizi dituzten errealitateak ahalik eta gehien zabaltzeko eta erakusteko, eta kontzientzia soziala areagotzeko egingo diren jarduerak bultzatzeko.

 

Irakurri