Category : Jarduerak

20. “Dbus eta Gabonak” haurrentzako marrazki lehiaketa

Aurten “Dbus eta Gabonak”, Gabonetako haur marrazkien lehiaketak 20 urte beteko ditu. Urteurren hori dela eta, Dbusek ospakizunerako edizio bat prestatu du, sari bereziekin, Donostiako familiekin batera hiriko garraio publikoari lotutako marrazkiak, sormena eta Gabonetako espiritua bultzatzen igarotako bi hamarkadak ospatzeko. Edizio hau, gainera, Donostiako Tranbia Konpainia sortu zenetik 140 urte bete diren unean egingo da.

Aurreko edizioetan bezala, lehiaketa 13 urtetik beherako haurrei zuzenduta dago, eta Gabonekin eta Dbuseko autobusekin lotutako marrazki bat eginez parte hartu ahal izango dute. Neska-mutikoen sormena sustatzeaz gain, lehiaketaren asmoa da Donostian garraio publikoa erabiltzeak duen garrantziaz ohartaraztea, Donostiako hiri guneen jasangarritasuna eta donostiarren bizi kalitatea bermatzeko balio baitu. Gabonetan, zehazki, garraio publikoaren erabilera funtsezkoa da mugikortasuna efizientea izatea bermatzeko.

 

Lehiaketaren oinarriak

12 urtera arteko haurrek har dezakete parte, baita 12 urtekoek ere, eta nahi duten marrazkia egin ahal izango dute, baina beharrezkoa izango da, soil-soilik, Gabonen inguruko ideiaren bat sartzea eta autobusarekin lotzea.

Marrazkiak Fnac-eko informaziorako mostradorean entregatuko dira (San Martin merkataritza gunea), lehiaketa antolatzen laguntzen duen erakundea baita, edo Dbuseko bulegoetan (Fernando Sasiain, 7), eta marrazkien atzealdean parte hartzailearen datuak jarriko dira:

    • Izena eta abizenak
    • Adina
    • Jaiotze data
    • Helbidea
    • Telefonoa eta harremanetarako posta elektronikoa
    • Ikastetxea
    • Baimendutako tutorearen izenpea

Ezinbestekoa da datu pertsonal guztiak adieraztea. Bestela, marrazkia lehiaketatik baztertuta geratuko da. Derrigorrezkoa izango da, halaber, formularioa betetzea tutoreen baimenarekin. Formularioa gure webgunean dago eskuragarri (www.dbus.eus).

Bi kategoria egongo dira:

  • A Kategoria: 8 urte artekoa, hau da, 2018an edo geroago jaiotako haurrentzat.
  • B Kategoria: 9 eta 12 urte artekoa; hau da, 2014an, 2015ean, 2016an edo 2017an jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute.

Marrazkiak jasotzeko azken eguna 2026ko azaroaren 12a, osteguna, izango da.

 

Sariak

Epaimahaia Dbusek izendatutakoa izango da, eta kategoria bakoitzeko marrazki irabazleak hautatuko ditu.

  • Lehen saria: bizikleta bat + Zumaiako Flyscha ezagutzeko tailerra eta itsasontziz irteera.
  • Bigarren saria: Fujifilm Mini 12 argazki kamera + Ekainberrira (Zestoa) bisita esklusiboa 8 partaideko talde batentzat gehienez.
  • Hirugarren saria: Liburu sorta bat eta artistaren kita + Eureka! Zientzia Museorako 4 sarrera eta Animalia sailera bisita gidatua.
  • Gainerako finalistek (4. postutik 10.era) Diploma bana jasoko dute.

 

Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 10ean izango da, ostegunean, 18:00etan, Donostiako Aquariumeko auditoriumean. Edukiera mugatua denez, parte hartzaile finalistak eta haien familiak bakarrik joango dira ekitaldira. Aldez aurretik telefonoz harremanetan jarriko dira haiekin.

Dbusek marrazkiak jendaurrean zabaltzeko eta ezagutarazteko eta erreproduzitzeko eskubidea dauka, baina marrazkien egileek, beren lanen jabeak direla aitortzen zaien arren, ez dute ezer eskuratzeko eskubiderik izango. Dbusen marketin kanpainetarako erabili ahal izango dira marrazkiak.

Lehiaketarako izena ematean parte hartzaileek ematen dituzten datuak Dbusek tratatuko ditu, lehiaketan parte hartzea kudeatzeko. Dbusen Pribatutasun Politikari buruz edota interesdunak honi lotuta dituen eskubideen erabileraz gehiago jakiteko, begiratu www.dbus.eus web orrian.

Finalera heltzen diren marrazkiak DVbusen erakutsiko dira abenduan, eta Dbusen webgunean argitaratuko dira. Marrazkiak, halaber, erakusketa egiteko prestatutako leku publikoetan jarri ahal izango dira ikusgai. Erakusketa amaitu ondoren, marrazkiak gorde egingo dira zaintzapean, hilabete bateko epean.

> Oinarriak deskargatu (pdf)

> Baimen formularioa deskargatu (pdf)

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Ikusmenaren Munduko Egunarekin

Urriaren 8an, ostegunean, Ikusmenaren Munduko Eguna ospatuko da. Begisarek  (Erretinosi Pigmentarioak Jotakoen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du egun horretarako, eta Dbusek bat egin nahi dut jarduera horiekin.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Elektrifikazio prozesua ezagutzeko asmoz, Iruñeko Mankomunitateko ordezkaritza bat izan da bisitan Dbusen

Dbusek Iruñeko Mankomunitateko Garraio Departamentuko eta Iruñeko Moventis TCCko ordezkariek osatutako Nafarroako ordezkaritza baten bisita jaso du gaur. Moventis TCC, hain zuzen, eskualdean hiri garraioa kudeatzen duen enpresa da, hots, “villavesas” izenarekin ezagutzen diren autobusak kudeatzen dituena. Kotxetegietara egindako bisitan, Donostiako autobus flotan ezarritako azken berrikuntza teknologikoak eta Konpainia parte hartzen ari den elektrifikazio proiektu integrala ezagutzeko aukera izan dute.

Jardunaldi honetan parte hartu dute Igor Gonzalezek, Javier Vallejok eta Eduardo Gonzalezek –Zuzendari Gerenteak, Plangintza eta Zerbitzuetako Zuzendariak eta Dbuseko Zuzendari Teknikoak, hurrenez hurren–. Bertan, flota deskarbonizatzeko prozesua aurkeztu da, Bideberdea izenekoa, 0 emisioko flota baterantz eraldaketa integrala egiteko makroproiektu estrategiko gisa pentsatua. Makroproiektu hori elkarri lotutako jarduera ildo ugaritan dago egituratuta, eta erronka teknologikoak eta operatiboak jorratzen ditu; besteak beste: hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena, autobus elektrikoak pixkanaka txertatzea, kudeaketa sistema aurreratuen ezarpena, ibilgailu eta azpiegituren birkarga eta zaintza optimizatzea, eta mantentze eta ustiapen arloen berrantolaketa.

Era berean, nabarmendu da ibilgailu elektrikoen bateriei lotutako arriskuari egokitutako suteen aurkako babeserako azpiegitura espezifiko berriak garatzen ari direla, Kotxetegietako segurtasun estrategia globalaren barruan. Hori guztia instalazioen berritze prozesu integral baten barruan dago txertatuta. Horri esker, %100 elektrikoa izango den etorkizuneko flotaren funtzionamendua eraginkorra, segurua eta jasangarria izango dela bermatuko da.

Bestalde, azken urteotan Dbusen ezarritako azken berrikuntza teknologikoak ezagutu ahal izan ditu ordezkaritzak, hala nola autobusen okupazioak kontrolatzeko sistema eta eskaria iragartzeko sistema. Era berean, ustiapenean laguntzeko SAE sistemaren eta Dbuseko ticketing sistemaren funtzionamendua ikusi ahal izan dute, batez ere QR kodeekin eta kontakturik gabeko banku txartelekin zein gailu mugikorrekin ordaintzeko sistema; geltokiak sentsorizatzeko sistema, geltokiko erabiltzaileen zenbaketaren kontrol ia zehatza egitea ahalbidetzen duena, eskaera aurreikustea ahalbidetuta; edo Konpainiako autobusetako bidaiarien jatorria-helmuga matrizea, big datan oinarrituta. Azkenik, Smart-Klima sistemarekiko interesa agertu dute. Autobusen klimatizazio sistema monitorizatzeko eta bere funtzionamendua hobetzeko balio du sistema horrek.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta, baina ikuspegi globalarekin; izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzeko aukera ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Retinaren Mundu Egunarekin

Irailaren 27an, igandean, Retinaren Mundu Eguna izango da. Dbusek bat egin nahi du Retina Gipuzkoa Begisare elkarteak ikusmen murriztua gehiago ezagutu dadin antolatutako jarduerekin, eta babesa erakutsi nahi die egunero-egunero egoera horren aurka borrokatzen dutenei.

Horregatik, igandean Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Ezagutu Dbus Mugikortasunaren Astearen esparruan

Irailaren 16tik 22ra Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea ospatuko da eta, oraingoan, Dbusek bi bisita gidatu antolatuko ditu Kotxetegietara, herritarrek enpresan egiten den lana bertatik bertara ezagutu ahal dezaten. Bisita horiek, gainera, DTK (Donostiako Tranbia Konpainia) sortu zenetik 140 urte bete diren unean egingo dira.

Doako bisita gidatuak adin guztietako jendearentzat izango dira, eta larunbatean, hilak 19, (gaztelaniaz) eta igandean, hilak 20, (euskaraz) egingo dira, 11:00etan. Izena emateko epea jada zabalik dago, eta Dbuseko telefonora deituz (900 840 146 / 943 000 200) eta posta elektronikora idatziz (info@dbus.eus) eman ahal izango da izena. Plazak mugatuak dira, eta izena eman den hurrenkeran esleituko dira. Izena emateko orduan, bisitara etorriko den pertsona kopurua eta haien adina adierazi beharko dira.

Bisitetan Dbuseko lan arloak ezagutu ahal izango dira, baita azken urteetan enpresan inplementatutako azken berrikuntza teknologikoak ere. Dbusek 2025eko “Transport Ticketing Awards” sarietan munduko ticketing onena duen garraio publikoko operadorearen saria jasotzea ahalbidetu duten sistemak eta berrikuntzak.

 

Dbusen historiari buruzko erakusketa

Dbusen historiari buruz iaz Alderdi Ederren garai honetan bisitatu ahal izan zen erakusketaren arrakastaren ondoren, aurten beste erakusketa bat prestatu da, da, datozen asteetan hiriko

hainbat auzotatik ibiliko dena. Erakusketa ibiltari hau Larratxon hasiko da, eta irailaren 16tik 22ra Larratxo pasealeku 26ra hurbiltzen diren herritarrek 1886an sortu zenetik gaur egunera arte Dbusek izan duen bilakaera ezagutzeko aukera izango dute.

Ondoren, erakusketa Antiguon eta Amaran jarriko da. Erakusketarekin batera, Agabusekin (Autobus Lagunen Gipuzkoako Elkartea) lankidetzan, 11:00etatik 18:00etara 318 autobusa bisitatu ahal izango da. 80ko hamarkadako Mercedes modeloko autobus horrek azken 40 urteetan garraio publikoan gertatu den eraldaketa handia erakusten du.

 

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Egunarekin

Bihar, ekainaren 23an, Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Dravet Sindromea edo Haurtzaroko Epilepsia Miokloniko Zorrotza 4 eta 12 hilabeteko haurrengan agertzen da lehen aldiz, eta konbultsio kloniko edo toniko-kloniko orokor edo aldebakarrekin lotua dago. Orokorrean iraupen luzekoak dira konbultsioak, sukarrarekin edo gabe. Azken ikerketen arabera, gaixotasun honek 20.000 jaiotzetik 1i eragiten dio.

Dbusek bat egiten du Dravet Sindromea ezagutarazteko eta gaixotasun honen aurka lanean dihardutenei babesa emateko tokiko plataformak egiten dituen ekintzei. Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek Dravet Sindromearen kartela eramango dute egun guztian zehar.

Irakurri