Author: Esti

Dbus, munduko ticketing sistemarik onena duten garraio publikoko zazpi operadoreen artean

Dbus “Transport Ticketing Award” sarirako izendatu dute “2025eko ticketing sistema adimendunik onenaren” kategorian (eguneko 200.000 bidaia baino gutxiagorako). Sariak ordainketa moduetan munduko garraio enpresa berritzaileenak aitortzen ditu. Nazioartean ospe handia duen aitortza da, eta garraioa jasangarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin berrikuntzak egitearen alde bikain ari diren garraio publikoko operadoreen lana azpimarratzen du. Dbusez gain, zazpi izendatuen artean Zipre, Filipinak, Australia, Britainia Handia, Gales eta Txekiar Errepublikako garraio enpresak daude.

Dbus sari hauetan aitortua izan da lehen ere, bai inplementatutako teknologikoengatik, bai bere ordainketa sistemengatik. 2023an, Dbus “Garraio Enpresa Berritzaileena”ren kategorian izan zen finalista. Oraingoan, erakunde antolatzaileak Londresen jakinaraziko du zein den zazpi finalistetako irabazlea datorren martxoaren 4an.

Ordainketa sistemetan hobekuntzak.

Ticketing sisteman ezarri dituen jarduketa ugariri esker aukeratu dute Dbus. Jarduketa horien artean nabarmentzen da autobuseko txartela QR kodearen bidez ordaintzeko aukera. Neurria 2023. urtearen amaieran jarri zen abian, eta Dbuseko aplikazioaren bidez eguneko eta gaueko bidaia bakarreko txartelak eta 24 eta 48 orduz balio duten txartelak erosteko aukera ematen du. Dbusek aukera ematen du,  halaber, txartela Mugi, Bat eta Barik garraio txartelekin, kontakturik gabeko banku txartelekin eta lotutako gailu digitalekin ordaintzeko.

Era berean, beste jarduketa azpimarragarri bat izan da ticketing datuetan oinarrituta erabiltzaileen jatorria-helmuga matrizea kalkulatzeko eta zerbitzua ematen ari den autobus bakoitzaren denbora errealeko okupazioa zenbatesteko ezarri den sistema. Baloratu da, halaber, sentsoreen bidez geltokietan autobusaren zain dauden erabiltzaileak zenbatu ahal izatea, datozen egunetarako eskaera iragarri ahal izateko, baliabideak optimizatzeko.

Ekintza horien inplementazioari esker, autobusetan txartela eskudiruz ordaintzen dutenak erdia baino gehiago murriztu dira, gaur egun %3 baitira, eta, horri esker, autobusek 16,6 km/h-ko abiadura komertziala dute, % 95,5eko puntualtasun indizea eta erabiltzaileen balorazio oso positiboa, eskainitako zerbitzuari buruzko 8,6ko notarekin.

Azpimarratzekoa da sariarekin aitortzen dela garraio publikoa asko erabiltzen dela (Donostia da autobusen erabilera indizerik handiena duen hiria; donostiar bakoitzak 200 bidaia inguru egiten ditu, Europako erabilera kopuru handienetako bat eta antzeko tamaina duten gainerako hirietako erabilera kopuruaren oso gainetik), autobus zerbitzua etengabe hobetzen dela (abiadura komertziala eta puntualtasuna handiak dira), zerbitzuetan maila teknologiko aurreratua duela, ticketing sistemaren hobekuntzak egin direla eta kutsatzen ez duten garraiobideen erabilera sustatzeko hainbat ekimen egin direla. Faktore horiek guztiak funtsezkoak izan dira epaimahaiaren balorazioan eta Transport Ticketing Awards sari ospetsuan finalista gisa aitortzean.

Irakurri

Otsailaren 5etik aurrera 12 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute Dbus-en

Otsailaren 5etik aurrera, prozesu teknologikoen inplementazioa bukatu eta gero, MUGI, BAT edo BARIK txartel pertsonalizatuak duten 12 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute Dbuseko linea guztietan. Horrela, sei urte gehiagokoa da adin tartea, orain arte 6 urtera artekoa baitzen. 12 urte bete ondoren txartela ordaindu beharko dute.

Doan bidaiatu ahal izateko, 12 urtetik beherako haurrek MUGI, BAT edo BARIK txartel pertsonalizatua izan beharko dute. Jada txartel pertsonalizatua dutenek ez dute doakotasuna aktibatzeko ezer egin beharko. Horretarako, balidatzeko makinen softwarea eguneratu da, txartelak irakurtzean 12 urtetik beherakoei inolako zenbatekorik ez kargatzeko. Neurri berri honek 6 eta 11 urte bitarteko adingabeei baino ez die eragiten, adin horietakoak barne (12 urtetik aurrera txartela ordaintzen dute). 0-5 urte bitarteko adingabeek doako txartela paperean jasotzen jarraituko dute aurreko atetik sartzean, izan ere, MUGI txartela 6 urtetik gorakoentzat egiten da eta, beraz, 0-5 urte bitarteko adingabeek ez dute garraio txartelik.

MUGI, BAT edo BARIK txartel pertsonalizatua ez duten 6-11 bitarteko haurrek ezingo dute doan bidaiatu. Txartela eskatzeko MUGIk, BATek eta BARIKek herritarren arretarako dituzten bulegoetara joan beharko dute.

 

Tarifak eguneratzea

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Batzar Nagusiak atzo, urtarrilak 27, eguneko zein gaueko noizbehinkako txartelen prezioak eguneratzea erabaki zuten. Garraio titulu bien prezioak 2020tik izoztuta egon dira, eta 10 eta 15 zentimo igoko dira, hurrenez hurren.

Aurreikusten da noizbehinkako eta gaueko txartelen eguneratzea eta erabiltzaile ez-errepikarientzako txartel digitalen eguneratzea apirilaren 7an, astelehenean, indarrean sartzea, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Batzar Nagusiak 2024ko abenduaren 26an MUGI garraio txartelerako onartutako eguneratzearekin batera. Era berean, MUGI, BAT edo BARIK txartelekin ordainketa egiten duten erabiltzaileei egiten zaizkien %50eko deskontuek indarrean jarraituko dute.

Beraz, hau da apirilaren 7tik aurrera indarrean egongo den Dbuseko tarifa sistema berria:

 

Bidaia txartela 2025/4/7a baino lehenago zegoen prezioa 2025/4/7tik aurrera egongo den prezioa
Eguneko noizbehinkako txartela 1,85 € 1,95 €
Gaueko noizbehinkako txartela 2,50 € 2,65 €
MUGI Txartela
1-20 bidaia 0,48 € 0,49 €
21-50 bidaia 0,39 € 0,40 €
51. bidaiatik aurrera 0,09 € 0,10 €
MUGI Txartel anonimoa 0,63 € 0,65 €
BAT eta BARIK Txartelak 0,48 € 0,49 €

 

Laster eguneko eta gaueko 30 minutuko txartel digitala ere eguneratzea aurreikusten da (QR edo banku txartela eta gailu mugikorrak), eta txartel horiei 1,95 euroko eta 2,65 euroko tarifak ezartzea, hurrenez hurren. Eta aurreikusten da, halaber, laster 24 orduko bonu digitala eta 48 orduko bonu digitala ere eguneratzea (QR edo banku txartela eta gailu mugikorrak), horiei 6,40 euroko eta 10,60 euroko kostua ezarrita, hurrenez hurren.

Irakurri

Aldaketak 8, 29 eta B3 lineetan, Zubiaurre pasealekuko obrak direla eta

Zubiaurre pasealekuan, Garro zubitik Zubiaurre 84ra (Villa Yeyette) bitarteko zatian egiten ari diren obrak direla-eta, urtarrilaren 27tik eta obrak amaitu arte, 8-Gros-Intxaurrondo, 29-Hego Intxaurrondo Sur eta B3-Egia-Intxaurrondo lineen ibilbideak aldatu egingo dira:

  • 8-Gros-Intxaurrondo eta B3-Egia-Intxaurrondo:

Basotxikiko geltokitik, Kiroldegiaren biribilguneraino jarraituko dute (geldialdia behin-behineko zutoinean). Han, noranzko aldaketa egingo dute, eta Mons pasealekutik bueltatuko dira, Ategorrietako geralekuraino, geldialdia Kotxetegiak-Mons geltokian eginda (33 linearen geltokia). Gero, eskuinera jiratuko dute Zubiaurreko geralekuaren biribilguneraino, eta hor noranzkoa aldatu dute berriro eta ohiko ibilbideak egiten jarraituko dute.

Julimaseneko geltokia, Garro zubikoa, Zubiaurre 117koa eta Zubiaurre 70ekoa kendu egingo dira, eta Mons kiroldegiaren parera (behin-behineko zutoina) eta 31 linearen ibilbide hasierako geltokira (Zubiaurre zubia) lekualdatuko dira. Geldialdia egingo dute Kotxetegiak-Mons geltokian (33 linearen geltokia).

  • 29-Hego Intxaurrondo Sur:

Basotxikiko geltokitik Kiroldegiaren biribilguneraino jarraituko du (geldialdia behin-behineko zutoinean). Han, noranzko aldaketa egingo du, eta Mons pasealekutik joango da Ategorrietako geralekuraino, geldialdia Kotxetegiak-Mons geltokian eginda (33 linearen geltokia). Gero, ezkerrera egingo du eta bere ohiko ibilbidea egingo du Erdialderantz.

Julimaseneko geltokia Mons Kiroldegiaren parera lekualdatuko da (behin-behineko zutoina). Garro zubiko geltokia, Zubiaurre 117koa, Zubiaurre 70ekoa, Zabaltokikoa, Zubiaurre 39koa eta Renfe Ategorrietakoa zerbitzurik gabe geratuko dira. Geldialdia egingo du Kotxetegiak-Mons geltokian (33 linearen geltokia).

Irakurri

Dbusek bidaia kopuru errekorra gainditu du 2024an

2024. urtea Dbusek bere historia osoan bidaien marka hautsi duen urtea izan da. Guztira 32.026.966 bidaia erregistratu dira, hau da, bidaiarien %8,20ko hazkundea 2023koaren aldean, orduan 29.599.122 bidaia erregistratu baitziren.

Behin-behineko zifra horien arabera, 2024. urtea lehen postuan dago urtebetean egindako bidaien rankingean, Konpainiak Donostiako udalerrian zerbitzuak eskaintzen dituenetik:

– 2024. Urtea: 32.026.966 bidaia
– 2023. urtea: 29.599.122 bidaia
– 2019. urtea: 29.583.538 bidaia
– 2011. urtea: 29.216.698 bidaia
– 2018. urtea: 29.168.773 bidaia

Lehenen aldiz Dbusen historian 30 milioiko zifra gainditu da, modu azpimarragarrian gainera, 32 milioi bidaia baino gehiago erregistratu dira eta. Erabilera-indize hau ikusgarria da kontuan izanda 190.000 biztanle inguru besterik ez dituela gure hiriak, Europa mailan diren erabilera-ratio handienetako bat lortuz.

Hurrengo grafikoan pandemiaz geroztik lortutako eskariaren berreskuratzeak izan duen bilakaera ikus daiteke:

Gainera, garrantzitsua da azpimarratzea Dbusen zerbitzuen erabilerak lanegunetan zein larunbat, igande eta jaiegunetan egin duela gora, baita Gautxori zerbitzuetan ere.

Beraz, datu horiekin, egiaztatzen da Dbusek berreskuratu egin duela Donostian pandemiaren aurretik zuen eta 2019an goia jo zuen garraio publikoaren erabilera maila, baita gainditu ere.

2024a zenbakitan
2024an, 13-ALTZA linea izan da erabiliena 4.011.171 bidaiarekin, 28-AMARA-OSPITALEAK-BOULEBAR linea bigarren geratu da, 3.975.135 bidaiarekin, eta hirugarren tokian 5-BENTABERRI linea 2.991.478 bidaia erregistratuta.

Hiri autobusak gehien erabili diren hilabeteak izan dira urria, Dbusen historian hilabete bakarrean egindako bidaien kopururik handiena izan baitu, 2.912.401 bidaiarekin, eta ondoren abuztua, 2.817.822 bidaiarekin, Konpainiaren historian bigarren postua lortuta historia osoko hilabete batean egindako bidaia kopuruaren rankingean; uztailan 2.776.959 bidaia erregistratu dira, hilabeterik onenen artean hirugarren postuan, irailean 2.765.872, Dbusek bidaia gehien egindako hilabeteen laugarren postuan eta azkenik, azaroan, 2.735.865 bidaia gehien egindako hilabeteen artean bostgarrena. Beraz, 5 hilabete horiek Donostiaren historian hiriko autobus zerbitzua gehien erabili den 5 hilabeteen artean daude.

Autobusa gehien erabili den urteko egunak hauek izan dira: urtarrilaren 19a (Donostia egunaren bezpera) 122.675 bidaiarekin, azaroaren 29a (Gabonetako argiak piztea) 122.391 bidaiarekin, abenduaren 21a (San Tomas, larunbatez) 117.183 bidaiarekin, eta abenduaren 20a (laneguna) 115.192 bidaiarekin.

Datu horiekin, Dbus herritarrek eta bisitariek gehien aukeratzen duten garraiobide gisa finkatzen da, hiri garraioaren sektorean erreferentziazko enpresa bihurtuta. Horretaz jabetuta, Dbusen 2025 osoan lanean jarraituko dugu donostiarren konfiantza hobetzeko.

Irakurri

12 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute Dbusen

Urtarrilaren amaieran/otsailaren hasieran, Mugi txartel pertsonalizatua duten 12 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute Dbuseko linea guztietan.

Horrela, sei urte gehiagokoa da adin tartea, orain arte 6 urtera artekoa baitzen. 12 urte bete ondoren txartela ordaindu beharko dute.

Mugi pertsonalizatua

Doan ibili ahal izateko, 12 urtetik beherako haurrek Mugi txartel pertsonalizatua izan beharko dute. Txartel pertsonalizatua dutenek ez dute doakotasuna aktibatzeko ezer egin beharko. Horretarako, balidatzeko makinen softwarea eguneratuko da, txartelak irakurtzean 12 urtetik beherakoei inolako zenbatekorik ez kargatzeko.

Horrez gain, Bat edo Barik txartel pertsonalizatuak dituzten 12 urtetik beherakoek ere doan bidaiatu ahal izango dute Dbusen.

Mugi, Bat edo Barik txartel pertsonalizatua ez duten 12 urtetik beherako haurrek ezingo dute doan bidaiatu. Txartela eskatzeko Mugi, Bat eta Barik herritarren arretarako bulegoetara joan beharko dute urtarrilaren 7tik aurrera.

Dbus tarifak 2025eko apiriletik aurrera 

Gipuzkoako Lurralde Garraioaren Agintaritzak (GGLA), gaur egindako bileran, datorren apiriletik aurrera garraio txartelen bidez (Mugi, Lurraldebus, Bat eta Barik) ordaintzekoaplikatuko diren tarifa berriak adostu ditu. Era berean, Mugi, Bat eta Barik garraio txartelekin ordainketa egiten duten erabiltzaileei %50eko deskontuei eusteko konpromisoa berretsi du GGLAk.

Apiriletik aurrera, Dbusen tarifa sistema hau izango da:

Bidaia txartela Prezioa 2025/04/01
Noizbehinkako bidaia txartela 1,85€
Gaueko bidaia txartela 2,50€
MUGI Txartela 
1-20 bidaia 0,49€
21-50 bidaia 0,40€
51. bidaiatik aurrera 0,10€
MUGI Txartel anonimoa 0,65€
BAT eta BARIK Txartelak 0.49€

 

 

 

Irakurri

Dbus-eko autobusen erabilera handia San Tomas egunean

Pasa den abenduaren 21ean, larunbatean, 2024ko San Tomas eguna ospatu zen, eta egun horretan Dbuseko autobusen erabilera handia erregistratu da. 117.183 bidaia zenbatu dira, kopuruak behin-behinekoak badira ere.

Emaitza horiek kontuan izanda, bidaiarik gehien eduki duen larunbata da Dbusen historian, hiri zerbitzuak Donostian soilik ematen dituenetik. Kopuru horiek 2019an erregistratutakoak gainditzen dituzte; orduan ere San Tomas eguna larunbata izan zen eta 109.859 bidaia zenbatu ziren. Neguko ohiko larunbat batean baino 46.000 bidaia gehiago dira, halaber.

Lineaz linea begiratuta, hauexek izan ziren erabilienak:

  • 13-ALTZA: 17.236 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 13.387 bidaia
  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 12.197 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE: 9.232 bidaia

Autobusen erabilera arrakastatsu hori lortzeko, DBUSek lineak indartzeko dispositibo berezia jarri zuen abian egun osoan zehar, 36 gidari eta autobus gehiagorekin.

Era berean, Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtzionatu ahal izateko.

Bidaien errekorra lanegunetan

Joan den abenduaren 20an ere, ostirala, Dbus-en lanegun bateko erabileraren errekor berria erregistratu zen. Zehazki, 115.119 bidaia zenbatu zituzten. Berriro ere datu historikoa da, Konpainiaren historian inoiz ez baita hainbeste bidaia erregistratu hirian ekitaldi berezirik ez dagoen egun batean

Dbusek Innobus-Tur proiektua amaitu du, irisgarritasunean eta bidaia esperientzian hobekuntza garrantzitsuekin

Dbusek arrakastaz amaitu du Innobus-Tur proiektua, zeinarekin hiriko garraio publikoaren sistema modernizatu ahal izan den, erabiltzaileen esperientzia hobetzeko, irisgarritasuna handitzeko eta autobusaren erabilera sustatzeko, egoiliarrentzat zein bisitarientzat alternatiba jasangarri eta erakargarri gisa.

4,1 milioi euroko inbertsioarekin eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren bidez Next Generation EU funtsetatik eskuratutako 3,68 milioi euroko finantzazioarekin, Innobus-Tur garraio publikoa digitalizatzeko proiektua da, eta, Dbusez gain, Kanaria Handiko Las Palmaseko (Guaguas Municipales), Malagako (EMTSAM) eta Palmako (EMT PALMA) hiri autobusen udal enpresek ere parte hartu dute, udalerrien elkarte baten bitartez.

Era berean, Innobus-Tur urrats erabakigarria izan da Donostiako garraio publikoa modernizatzeko. Hobekuntza nabarmenetako batzuk dira markesinen berritzea, ordainketa bideen digitalizazioa eta autobusetako makina balidatzaileen modernizazioa.

Markesina adimendunak Navilens sistemarekin 

Dbusek markesinak berritu ditu, diseinu funtzional eta irisgarria emanez. Elementu bereizgarri gisa, markesina berriek Navilens sistema dute. Sistema horren teknologiak koloretako QR kodeak erabiltzen ditu, zeinak distantzia handira irakur daitezkeen eta ikusmen desgaitasuna duten pertsonei Donostiako autobus geltokiak modu autonomoan kokatzea ahalbidetzen dieten. Lokuzioen bidez, seinaleztapen sistema horrek orientatzea ahalbidetzen du, testuinguruan jarritako informazio eskuragarria lortzeko aukera emanez, hala nola geralekuaren izena, bai eta autobusen iritsiera ordua denbora errealean eta autobusen helmuga ere.

Irismen handiko markagailu bisual horiek, halaber, baliagarriak dira beste dibertsitate funtzional sentsorial edo kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.

 

Ordainketaren digitalizazioa: QR txartelak 

24 eta 48 orduko QR txartelak sartzea da Innobus-Turren berrikuntza handietako bat. Dbuseko linea guztietan erabil daiteke soluzio hori, eta txartela eskudirutan ordaintzearen ordezko beste alternatiba bat eskaintzen du, Donostian autobusez bidaiatzea errazagoa eta erosoagoa izan dadin.

Hauek dira garraio titulu berriak:

  • 30 minutuko QR txartela, egunekoa: eguneko nahi beste zerbitzutan erabil daiteke, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Transbordoak egiten uzten du.
  • 30 minutuko QR txartela, gauekoa: aurreko kasuan bezala, garraio titulu hau erosleak nahi beste gaueko zerbitzutan erabil dezake, erosi eta hurrengo 30 minutuetan.
  • 24 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 24 orduz, eguneko zein gaueko zerbitzuetan.
  • 48 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 48 orduz, eguneko zein gaueko zerbitzuetan.

 

Makina balidatzaile berriak: ordaintzeko aukera gehiago 

Dbusek makina balioztatzaile zaharrak kendu ditu eta haien ordez modelo aurreratuagoko makinak jarri ditu, erabiltzaileei ordaintzeko malgutasun handiagoa eskaintzeko, makina horiek era guztietako sistemekin ordaintzea ahalbidetzen baitute: MUGI txartelak, BAT eta BARIK txartelak, San Sebastian Card eta Basque Card turista txartelak, EMV kontakturik gabeko banku txartelak eta QR kodea duten txartel berriak. Horrela, autobuseko makina guztiek funtzionaltasun berak eskaintzen dituzte, eta ordaintzeko modu gehiago eskaintzen dituzte; beraz, erabiltzaileen bidaia esperientzia hobetzen dute.

 

Innobus-Tur proiektuaren beste inplementazio batzuk 

Ekimen horiez gain, proiektuak beste aurrerapen esanguratsu batzuk ere inplementatu ditu, hala nola hauek:

  • Autobusak elkartu ez daitezen eta modu efizientean gidatzeko sistema.
  • Edukierak kontrolatzeko sistema eta jatorria-helmuga matrizeak estimazio algoritmo bidez kalkulatzekoa.
  • Autobusak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak (arrapala adimendunak, bidaiarien zenbaketa, pneumatikoen presioa, aire girotua).
  • Autobus erreiak eta geltokiak bidegabeki okupatuta dauden detektatzeko eta kontrolatzeko sistema garatzea eta ezartzea, mugikortasuna eraginkorragoa eta ordenatuagoa izan dadin.
  • Eskaripeko iragarpen sistemak eta geltokiak sentsorizatzeko sistemak, denbora errealeko informazioarekin.
  • Planifikazio sistema espezializatuak, giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko.
  • Lan harremanen digitalizazioa.
  • Komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea.
  • Tailerreko jarduerak eta jarduera osagarriak digitalizatzea, flota jasangarria izan dadin.

Ekintza horiekin, are sendoagoa da Dbusek iraunkorragoa eta irisgarria den eta erabiltzailearengan zentratuta dagoen mugikortasun eredu batekin duen konpromisoa.

Irakurri

Dbus-ek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin

Bosgarren urtez, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko.  Oraingo honetan, Txara 2 Laguntza eta gizarte baliabideen zentroarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta bertan bizi diren adineko 35 pertsonak aukera izan dute gaur, abenduak 17, autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.

Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.

Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 65 eta 98 bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.

Aurreko urteetan jarduerak izan zuen arrakasta eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat.

 

                  

 

 

 

Irakurri