Author: Esti

Bukatu dira Vectiaren autobus hibrido-elektrikoaren lehen probak Dbus-en

Datozen egunetan aurreikusita dago CAF taldeko Vectia enpresak fabrikatutako autobus hibrido-elektrikoa probatzeko Dbusen egiten ari den proiektu pilotua bukatzea. Ibilgailua irailaz geroztik egon da martxan Dbuseko linea hauetan: 9-Egia-Intxaurrondo, 13-Altza eta 14-Bidebieta,  Altza, Bidebieta, Gros, Egia eta Intxaurrondo auzoetan zerbitzua ematen. Proba pilotua oso positiboa izan da eta orain bai Dbus bai Vectia elkarrekin ari dira beste proiektu batean, Donostian elektromugikortasuna bultzatzeko.

 

 

Probatutako ibilgailua 12 metroko Veris.12 Partial Electric autobus modeloa da, eta modu hibridoan zein modu elektrikoan aritu izan da lanean, hiriaren ekialdeko lineetan, kanpoko kargarik egin beharrik gabe. Soluzio teknologiko malgua da eta du azpiegiturarik behar ez linean ez Kotxetegietan, eta igorpen kutsatzaileak eta akustikoak murrizten uzten du.

Zehazki, proiektu pilotuaren hilabete hauetan, autobusak 28.400 km ibili ditu eta kalkulatzen da bere funtzionamenduari esker CO2ren10,5 tona gutxiago igorri dela eta funtzionamendu %100 elektrikoa eduki duen zatietan, hau da, Erdialdean, Grosen, Altzan (Harria parkea-Lauaizeta) eta Bidebietan batere kutsatzailerik igorri ez dela.

Irakurri

Dbus-ek memoria aurkeztu du eta 2018aren balantzea egin du

Dbusek 2018ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta Erantzukizun Sozial Korporatiboari buruzko Memoria aurkeztu du Administrazio Kontseiluan. Memoria jada eskuragarri dago webgunean.

Dbusek urtean zehar bai enpresaren barruan bai kanpoan egin dituen ekintzen laburpen zabala da dokumentua.  Memoriak alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hartzen ditu bere baitan, eta, besteak beste, eskainitako zerbitzuarekin lotura duten alderdiak, egindako jarduketak, autobusen flotari buruzko datuak eta Dbus partaide izan deneko proiektuak zein 2018an egin dituen ezarpen teknologikoak zehazten ditu. Era berean, bere orrialdeetan bidai kopuruak eta garraio titulu desberdinen erabilera, emaitza ekonomikoak eta Konpainiak jaso dituen errekonozimenduak aztertzen dira.

Horrez gain, memoriak bereziki azpimarratu ditu kudeaketa etikoa eta garapen iraunkorra, eta Dbusek alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoekin zein bere langileekin hartutako konpromisoaren isla garbia da; kudeaketan eta zerbitzuaren kalitatean bikaintasuna lortze aldera enpresak egindako apustuaren baitan sartzen dira horiek.

 

1)Autobus erabileraren hazkunde historikoa

2018an, 29.168.773 izan dira Dbusen zerbitzuetan autobusez egindako bidaiak, eta aurreko urtean, berriz, 28.402.059 bidaia erregistratu ziren. Horrek esan nahi du bidai kopuruak igoera handia eduki duela, urtean 766.714 bidaia gehiago egin baitira. 2000tik egon den igoerarik handiena izan da, eta orain arteko bigarren bidaia kopururik handiena, 2012an  29.216.698 bidaia erregistratu ziren eta.

Uztailaren hasierara arte Astiñeneko zubia itxita egon den arren eta horren ondorioz denbora tarte horretan autobusek 34.000 bidaia gutxiago egin badute ere, 766.503 bidaia gehiago egon dira azkenean, 24-27-41 lineek egin behar izan dituzten ibilbide alternatiboei esker.

Horrenbestez, datu horiekin, Dbusek bateratu aurretik garraio publikoaren erabileran zuen maila eskuratu du berriro, jakinda 2011n izan zuela erabilera mailarik  handiena 2004tik etengabe igotzen aritu ondoren.

Autobus erabileraren batez bestekoa igo egin da bai lanegunetan (eguneko 91.638 bidaia, pasa den urtean eguneko 90.255 bidaia izan zirelarik) bai larunbatetan (eguneko 69.589 bidaia, pasa den urtean eguneko 65.829 bidaia izan zirelarik), bai jaiegunetan (eguneko 43.170 bidaia, pasa den urtean eguneko 41.435 bidaia izan zirelarik).

Honako hilabete hauetan erabili da gehien autobusa: abuztua izan da autobusa gehien erabili den hila, 2.599.594 bidaiarekin (Donostian Dbuseko autobusen inoizko erabilera kopururik handiena), eta horren atzetik uztaila 2.526.588 bidaiarekin, urria 2.498.588 bidaiarekin eta iraila 2.490.072 bidaiarekin.

Urte osoan, bai neguko hiletan bai udakoetan, autobusa oro har gehiago erabili izan da eta, zalantzarik gabe, eman den zerbitzu onak eduki du eragina horretan, nagusiki puntualtasunaren aldetik izandako indize altuengatik eta zerbitzuaren abiadura komertzial handiarengatik; izan ere, horregatik da garraio publikoa hiritik mugitzeko modurik eraginkorrena donostiarrentzat.

Gautxori zerbitzuek ere hazkundea izan dute euren erabileran, 210.348 bidaiarekin, iaz baino 20.625 bidaia gehiago (%11ko erabilera hazkundea).

Dbusek eta beste operadore batzuk autobusez edo trenez egindako hiri bidaiak kontuan hartuta, 2018an ia 33 milioi bidaia egin dira Donostian Garraio Publikoan. Testuinguru horretan Dbus da donostiarren erreferentziazko garraio baliabidea. Donostiako biztanle bakoitzak batez beste 178 bidaia egin ditu urtean, eta zifra hori Europan dagoen handienetako bat da, bai eta Espainian biztanle kopuru antzekoa duten gainontzeko hirietakoa baino askoz handiagoa ere.

Izan ere, Dbuseko zerbitzuetan 2018an izan den %2,72ko hazkundea beste hiri batzuetan hiri garraioan izan duten hazkundearen batez bestekoaren oso gainetik dago, horietan %1,5ekoa izan baita, Estatistika Institutu Nazionalak bidaiarien garraioari buruz egindako urteko txostenak jasotzen duen bezala.

 

2) Pasa den urtean abian jarritako neurriak eta jarduerak:

  • Flotan beste 4 autobus hibrido, 18 metroko hiru autobus artikulatu eta Euro 6 teknologiadun mikrobus berri bat gehitu ziren, eta horiekin une honetan 132 ibilgailu dira flotan, autobusen batez besteko adina 7,8 urtekoa izanik.
  • Era berean, 2018an 12 metroko 14 autobus hibrido gehiago erosi dira. Horiek MAN etxearen Lion’s City NL HIBRIDO modeloko autobusak dira (A37), Dbusek bere flotan sartu duen autobus hibridoaren azken modelokoak, alegia.
  • 46-Morlans mikrobus linea berria jarri du martxan Dbusek. Linea berriak Morlans aldean emango du zerbitzua, alde hori hiriko Erdigunearekin lotuta, 30 minutuan behin. Zerbitzu berriak alde horretan hobekuntza garrantzitsua dakarkio garraio publikoaren zerbitzuari.

 

  • Elekromugikortasunari bultzada ematea. Horretarako, lankidetza hitzarmena sinatu da Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, 28-Amara-Ospitaleak linearen elektrifikazioan aurrera egiteko asmoaz.
  • Bi proiektu piloto jarri dira abian, bata 18 metroko %100 elektrikoa den autobus artikulatua, Irizarren ie tram modelokoa, ibilbidean aukerako karga duena, probatzeko, eta, bestetik, Vectia CAF Taldeko enpresaren 12 metroko autobus hibrido-elektriko bat probatzeko.
  • Kutxabankekin kontratua sinatzea, EMV kontaktu gabeko banku txartelarekin ordaintzeko sistema inplementatzeko Dbuseko flota osoan. Neurri hori E-MOBASK proiektu europarraren barruan sartuta dago eta hurrengo hilabetetan osatuko da.
  • EKObus gidatze sistema eraginkorraren Sistema hori egun 32 autobusetan dago instalatua eta esleipenarekin aurki Dbuseko autobus guztietan instalatuko da. Sistema hori aitzindaria da munduan, kontsumoak murriztea ahabidetzen duelako eta zerbitzuek bat ez egitea saihesten duelako.
  • Dbuseko bi autobus dieseletan eraginkortasun energetikoa hobetzeko sistema, Start-Stop sistema, inplementatzea. Sistema horri esker, autobusa gelditzen denean, esaterako autobus geltokietan, semaforoetan edo auto pilaketetan, motorra ere gelditzen da, erregai kontsumoa murrizteko, kutsatzaile gutxiago igortzeko eta zarata gutxiago ateratzeko, eta horrela autobusek autobus hibridoen antzera funtzionatzen dute.
  • Eskaripeko geldialdien zerbitzua B8 Mirakontxa-Benta Berri-Seminaioa Dbusen gaueko linean, emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako jaistea eskatzeko aukerarekin, ibilbideko geldialdi ofizialen arteko gune jakinetan. Era berean, sistema beste autobus linea batzuetara zabaltzea aztertu da.
  • Autobusetan seinaletika hobetzea, errazagoa eta ulergarriagoa izan dadin. Autobusetan eskaintzen den irudi bidezko informazioa hobetzea da asmoa, autobus barruan zein kanpoan dauden guneen erabilerari buruzko informazio argiagoa eta osotuagoa emanda. Erabiltzaileek egindako ekarpenak izan dira hobekuntza horren abiapuntua.
  • “Laguntzaileak” kanpaina autobusa belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitzarako espazio gisa sustatzeko. Horretan Easo Politeknikoan Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta izeneko prestakuntza zikloa egiten ari diren 40 ikaslek hartu zuten parte, Dbusen bidaiatzen duten adineko pertsonei lagundu eta aholkuak emateko asmoarekin, adinekoen kolektibo horrek geltokietako informazioa ulertzeko edo autobusean bidaiatzeko zailtasunak eduki baititzake.

  • “Zurekin edonora” kanpaina, Mugikortasun Iraunkorraren Aste Europarraren barruan “Laguntzaileak” kanpainari jarraipena emateko. Kanpaina horrekin egin ziren ekintzek autobusean doazen gainerako pertsonekiko erabilera onaren mezua eman nahi zen.
  • “Donostiako natur ingurua ezagutu” kanpaina, Cristina Enea Fundazioarekin elkar lanean, Habitataren Munduko Eguna zela eta, Donostiako fauna eta flora autoktonoa ezagutzera emateko, horretarako hiriko autobusen markesinak erabili zirelarik.
  • “Bidai txartela zure asegurua da” kanpaina Dbuseko autobusak erabiltzen dituzten pertsonak ohartarazteko garrantzitsua dela beti bidai txartela ordaintzea eta, txartel pertsonalizatuarekin ordainduz gero, nork bere txartelarekin ordaindu behar duela.
  • Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Departamentuarekin lankidetza, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala hedatzeko, onartu zirela 70 urte bete direla eta. Uztailean eta abuztuan Dbuseko 30 autobus Deklarazioaren artikuluekin “jantzi” ziren, diseinuko profesionalek egindako interpretazio artistikoekin ilustratuta.
  • Sormenari buruzko lehiaketa “c de c 2018” urteko kongresuaren barruan, Club de Creativos erakundeak antolatzen duena, autobusa publizitaterako euskarri gisa erabiltzea sustatzeko eta sektoreko ikasle eta profesionalen artean sormena bultzatzeko.
  • Argibusa ekimena, Gabonak eta Donostiako dekorazioa Matia Fundazioaren Lamourous Zentroan bizi diren adineko pertsonengana hurbiltzeko Dbuseko autobus batetik. Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da, hiria lagunkoiagoa izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin.
  • Komunikazio edo gizartearen partaidetzarako jarduera batzuk, esaterako udan gaueko garraio publikoa bultzatzeko kanpaina, Gabonetako ”Dbus eta Gabonak” izeneko haurren marrazki lehiaketa edo elkarte eta kolektibo batzuekin egindako elkarlana.
  • Gidatze ekonomiko, seguru eta ekologikoari buruz eta giza harremanei buruz langileei eman zaizkien ikastaroak, bereziki azpimarratuta dibertsitate funtzionala duten pertsonekiko harremanei buruzko ikastaroa.
  • BAI SAREAn parte hartzea. Sare hori emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean laguntzen duten erakundeek osatzen dute, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta, eta bere helburua da lan eremuan berdintasuna bultzatzea eta bermatzea.

3) Gehien erabili diren lineak eta ordaintzeko modua 

Pasa den urtean zerbitzuko 6.883.038,607 kilometro eta 472.616 ordu eskaini ziren, eta batez beste horien %97,57tan zerbitzua puntuala izan zen.

Hauek izan ziren gehien erabili ziren lineak:

–  28-Amara-Ospitaleak: 4.141.657 bidaia

– 13-Altza: 3.659.161 bidaia

– 5-Benta-Berri: 3.098.813 bidaia

Ordaintzeko moduari dagokionez, azpimarratzekoa da bidaiarien %91,241ek deskontuak eduki zituztela egindako bidaia bakoitzeko, dela MUGI txartelekin, dela BAT eta BARIK txartelekin. Gainerako bidai txartelak eskudiruz edo kontakturik gabeko EMV banku txartelekin ordaindu dira. Azpimarratzekoa da iaz BAT eta BARIK txartelen erabilera bikoiztu egin zela aurreko urtearekiko. 2018an BAT eta BARIK txartelekin ordaindutako 84.613 bidaia zenbatu dira; aurreko urtean, berriz, horrela ordaindutako 43.899 bidaia zenbatu ziren.

Era berean, Dbuseko hainbat lineatan jarraitu egin da EMV banku txartelekin ordaintzeko proiektu pilotoarekin. Urtean zehar Visa, Mastercard edo American Express txartelekin ordaintzea finkatzen joan da eta azkenean %8 izan da EMV banku txartelekin ordaindutako bidai kopurua.

Horretaz aparte, 2018an Donostiako Udalaren ekarpena 0,54 zentimokoa izan da bidaiako; Donostia hiriaren ezaugarri antzekoak dituzten gainerako hirietan garraio kolektiboek eskuratzen dutena baino nabarmen txikiagoa da zifra hori, hiri horietan udalek garraio kolektiboei egiten dieten ekarpena 0,91 €-koa baita batez beste:

4) Aenor ziurtagiria eta pertsona erabiltzaileen balorazio positiboa 

5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak Lineek AENORen kalitate ziurtagiria eskuratu dute berriro, Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da. Gaur egun, arauak ezartzen dituen konpromisoak egiaztagiria duten lineetan ez ezik autobus flota osoan eta Konpainiaren eguneroko jardunean ere ezartzen dira. Dbusek eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatean eta Dbuseko erabiltzaileek egiten duten balorazio onean ikusten da filosofia hori.

5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak lineen gainean egin den azken inkestan, erabiltzaileek 8,12 puntuazioa eman dute batez beste. Horrek baieztatzen du hiru linea horietako erabiltzaileak oso pozik daudela zerbitzuarekin.  Inkestan zerbitzuarekin lotutako 24 alderdi baloratu dira gehienez. Honako hauek izan dira ondoen baloratutako alderdiak:

– Ordaintzeko sistemen erosotasuna (8,90).

– Zerbitzu ordutegiak, maiztasunak, ibilbideak (8,75)

– Eskainitako zerbitzua betetzea (8,70)

– Lineaz aldatzeko aukera (8,68)

– Autobusak eta beraien fidagarritasuna (8,55)

Dbusen bezeroei eskaintzen zaien arreta hobetzeko politika da garrantzia gehien duten alderdietako bat. Komunikatzeko kanalik garrantzitsuena Erabiltzaileari Arreta Egiteko zerbitzua da. Zerbitzu horretan, telefonoz edo e-mailez, era pertsonalizatuan egiten zaie arreta jasotako kontsulta, iradokizun eta kexa guztiei. 2018an, ondokoa izan da banaketa:

Idatzizko erreklamazioak gutxitu egin dira nabarmen azken urteetan:

 

5) Ingurumenarekin ikuspuntutik iraunkorra den flota bat 

2018an zehar, Dbusek urrats berriak eman ditu bere flota ingurumena gehien errespetatzen duten autobusekin berritzeko, horretarako lau autobus hibrido, 18 metroko hiru autobus artikulatu eta Euro 6 mikrobus berria erosi dituelarik. 12 metroko beste 14 autobus hibrido berri ere erosi dira eta bi proiektu piloto jarri dira martxan, bata 18 metroko %100 elektrikoa den autobusa probatzeko eta, bestea, 12 metroko autobus hibrido-elektrikoa probatzeko.

Era berean, elektrifikazioaren inguruan Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza hitzarmenak erakusten du konpromisoa dagoela ingurumenarekin iraunkorra izango den garraioa sustatzeko.

Horren haritik, 2018ko bukaeran flotak 12 metroko 3 autobus %100 elektriko eta 24 autobus hibrido ditu, eta horiei esker Euskadin dagon autobus flotarik iraunkorrena da, bai eta gutxien kutsatzen duenetako bat ere Estatu mailan, izan ere, 12 metroko autobusen %30 elektriko-hibridoak dira. 2019ko hasieran 14 autobus hibrido berri eskuratu dira eta, gaur egun, %45ekoa da 12 metroko autobus elektriko-hibridoen kopurua.

Grafiko honetan nabarmen ikusten da flotaren bilakaera:

 

Ildo honetan, kontsumoa murrizteak kilometroko CO2ren igorpenak gehiago murriztea ere ahalbidetu du azken urte hauetan. Murrizketa horrek gorakada handia eduki du 2015az geroztik, grafiko honetan adierazten den moduan:

Era berean, pasa den urtean Dbusek proiektu europar batzuetan parte hartzen jarraitu zuen. Esaterako, REPLICATE, EBSF-2 edo Manbus proiektuetan parte hartu zuen. Horrez gain, E-MOBASK mugaz gaindiko proiektuari hasiera eman zio eta, egun, partzuergoko liderra da. Proiektu horiekin helburua da autobus garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta garraio horren efizientzia eta erakargarritasuna areagotzea, ibilgailu iraunkorragoak, kontsumoak eta kutsatzaileen igorpenak murrizten dituzten sistemak eta ticketing modu berriak ezarriz eta erabiltzaileentzako informazioa hobetuz.

Proiektu horien harira, Dbusek EFTren visita jaso zuen. Erakunde hori Garraioko Langileen Federazio Europarra da eta interesa du EBSF 2 proiektuan aztertutako gidatze laguntza sistemak ezagutzeko.

Ildo horretan, Dbus ahalegin handia egiten ari da hiria gero eta hobea eta gero eta bizigarriagoa, gizatiarragoa eta iraunkorragoa izan dadin. Hiriaren erronka estrategiko horretan,  funtsezko zutabea dira autobusa erabiltzen duten pertsona guztiak.

Memoria ikusi (pdf)

Irakurri

Dbus-ek aztarna ekologikoari buruzko mahai inguru batean parte hartu du, Eskolako Agenda 21aren barruan

Gaur, Dbusek aztarna ekologiko eta ingurumenaren gaineko mahai inguru batean parte hartu du, Donostiako Udalaren Osoko Bilkurako Aretoan, Cristina Enea Fundazioak antolatuta. Jarduera Eskolako Agenda 21 ekimenaren barrukoetako bat da, izan ere, ikasturte honetan egungo bizimoduak ingurunean dituen ondorioen azterketan zentratuta egongo baita ekimena.

Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten Donostiako hainbat ikastetxetako 16 eta 18 urte bitarteko ikasleek hartu dute parte mahai inguruan. Programaren helburua da ikasleak garapen iraunkorrarekin zerikusia duten hainbat gaitara hurbiltzea hezkuntza komunitatea udalaren bizitzan parte hartzera bultzatzeko. Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari Gerentearen ondoan, mahai inguruan egon dira, baita ere, IHOBEko ordezkariak (Eusko Jaurlaritzako erakunde publikoa, lurraldeko ingurumen politikaz arduratzen dena) eta Cristina Enea Fundazioaren Iraunkortasunaren Behatokikoak.

Igor Gonzalezek garraio publikoaren erabilerak dauzkan abantaila batzuk aurkeztu ditu; abantaila horiek duela gutxi jaso dira hainbat azterlanetan, eta lau puntu nagusitan laburbildu daitezke:

1) Denboraren optimizazioa: garraio publikoan bidaiatzeak fidagarritasun maila handia ematen du ordutegien betetzeari, erreserbatutako bideei edo aparakalekua bilatzen denbora ez galtzeko premiari dagokienez.

2) Alderdi ekonomikoa: autobusa erabiltzea garraio pribatua erabiltzea baino merkeago ateratzen da eta hileko aurrezpena 200 euro baino gehiagoa izan daiteke.

3) Osasuna eta ingurumena: garraio publikoak igortzen dituen berotegi efektuko gasak garraio pribatuak igortzen dituenak baino 3,5 aldiz gutxiago dira, beraz, arnasten dugun airea garbiago mantentze da eta horrek onurak ekartzen dizkio osasunari. Era berean, garraio publikoak hain sedentarioak ez diren ohiturekin lotura dauka.

4) Leku publikoaren aprobetxamendu handiagoa: garraio publikoarekin ibilgailu pribatuarekin baino pertsona gehiago garraiatu daitezke, beraz, garraio publikoa erabiltzeak hirian  pertsonentzako leku gehiago egotea ahalbidetzen du.

Era berean, Dbuseko zuzendari gerenteak Dbusek datozen urteetarako edukiko duen ingurumeneko estrategia aurkeztu du, bai eta Konpainiaren flotaren bilakaera ere, flotarik iraunkorrenetako eta ingurumenarekin errespetutsuenetako bat baita. Izan ere, espero da 2020rako Dbusen flotaren erdia teknologia elektriko-hibridokoa izatea.

Irakurri

Dbusen tarifa sistema apirilaren 1etik aurrera

Aurreikusita dago datorren astelehenetik aurrera, apirilak 1, Dbusen tarifa berriak indarrean sartzea. Tarifa berriak Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintaritzaren Batzar Orokorrean onartu dira eta garraio txartelekin (Mugi, Lurraldebus, Bat eta Barik) ordaintzen dutenei aplikatuko zaizkie.

Noizbehinkako bidai txartelari eta gaueko bidai txartelari dagokienez, tarifek berdin jarraituko dute Donostiako Udalak aldatu bitartean. Aurrerago jakinaraziko da tarifa bi horien indarrean sartzea.

Hori horrela, beraz, hau da astelehenetik aurrera, apirilak 1, indarrean egongo den Dbusen tarifa sistema berria:

Eskudirutan 2019ko prezioa
Noizbehinkako txartela 1,75 €
Gaueko txartela 2,10 €
MUGI txartela
Hil bereko 1-20 bidaiak 0,95 €
Hil bereko 21-50 bidaiak 0,77 €
Hil bereko 51. bidaiatik aurrera 0,18 €
Hil bereko 51. bidaiatik aurrera GAZTE TXARTELEAN 0 €
MUGI txartel anonimoa 1,22 €
BAT eta BARIK txartelak 0,95 €
Irakurri

Apirilaren 1etik aurrera 26, 35 eta 45 lineetako hobekuntzak ezarriko ditu Dbus-ek

Apirilaren 1etik aurrera, astelehena, Dbusek 26-Amara-Martutene, 35-Arriola-Antiguo-Aiete-Ospitaleak eta 45-Estaciones Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete lineen zerbitzua hobetuko du, erabiltzaileen premietara egokitzeko.

1) 26-Amara-Martutene linea: lanegunetan, maiztasuna 12 minutukoa izango da egungo 15 minutukoa izan beharrean. Hona hemen maiztasun berriak:

– Lanegunak: 12 minutuan behin.

– Larunbatak:  15 minutuan behin.

– Igandeak: 20 minutuan behin.

> Kontsultatu hemen linearen ordutegi berriak

> Era berean, 26 lineako 27 Poligonoa-Martutene ibilbidean zenbait ordutegi aldaketa egingo dira. Kontsultatu hemen ordutegi berriak.  

Linearen maiztasuna hobetuta erantzun ahal izango zaie, baita ere, lineak egun duen eskari gero eta handiagoari eta Txomin Eneako urbanizazioari lotuta eta alde horretako populazioak izango duen gorakadari lotuta aurreikusten den eskariari.

2) 35-Arriola-Antiguo-Aiete-Ospitaleak linea: lanegunetako maiztasuna aldatuko da; maiztasun berria 30 minutukoa izango da, eta maiztasun aldaketaz gain lineak ibilbide berria egingo du, Errotaburu eta Lorea Aieterekin, Miramonekin eta Ospitaleekin lotzeko.

Lanegunetan, beraz, lineak hainbat ibilbide edukiko ditu, eta bakoitza 30 minutuan behin emango da. Ospitaleetatik Irakasle Eskolara arteko ibilbidea komuna izango da beti; beraz, Antiguo-Aiete-Ospitaleak konexioak 30 minutuko maiztasuna edukiko du.

Irteerak Arriolatik: egungo ibilbidea egingo du, hemendik: Arriola, Unibertsitateak, Ondarreta, Pio Baroja, Aiete, Miramon eta Ospitaleak. Irteerak 60 minutuan behin izango dira, xx:30ean.

Irteerak Errotaburutik: Irteerak Tolosa 138tik, 60 minutuan behin, xx:00etan, eta honako geldialdiak egingo ditu: Unibertsitatea, Tolosa 112, Tolosa 138, Amerika plaza, Tolosa 111, Unibertsitatea II, Irakasle Eskola-Tolosa 14. Hortik aurrera ohiko ibilbidea egingo du Ospitaleetaraino.

Era berean, ibilbide horren barruan, 2 orduan behin Matia Zentrotik aterako dira: 10:00 – 12:00 – 14:00 – 16:00 – 18:00 – 20:00, eta kasu honetan ere aurreko geldialdi guztiak egingo dira (horietatik minutu batzuk lehenago igaroko dira).

Bestalde, irteerak Ospitaleetatik Arriola alderantz xx:05ean izango dira, eta Tolosa 138 alderantz, berriz, xx:35ean. Era berean, irteerak Ospitaleetatik Matia Zentro alderantz ondorengoak izango dira: 9:35 – 11:35 – 13:35 – 15:35 – 17:35 – 19:35.

 

3) 45-Estaciones Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete linea: ibilbidea aldatuko da Aietetik, Andoain kalean eta Pagolan zerbitzua emateko, 19-Aiete-Bera Bera lineak egiten duen moduan. Horrela, Pagola Antiguorekin lotuta egongo da eta Erdialdearekin eta tren eta autobus geltokiekin ere bai. Egungo ordutegiak mantenduko dira, baina Aieteko burualdeko geltoki berria Aiete 93an egongo da, eta ez Etxadin, hori kendu egingo da eta.

Irteerak Renfe-Bus Geltokietatik: xx:25 ean eta xx:55ean Egungo ibilbidea Bera Beraraino eta hortik aurrera Andoain 17an, Pagolan, Oriamendin eta Aiete 93an egingo ditu geldialdiak.

Irteerak Aiete 93tik: xx:25ean eta xx:55 ean, hortik Bera Bera 133rantz joango da, ohiko geldialdiak eginda.

 

Eskaripeko geldialdien sistema Gautxori linea guztietara zabalduko du Dbus-ek

Apirilaren 5etik aurrera, emakumeek eta 18 urtetik beherakoek Dbuseko gautxori linea guztietan eskatu ahal izango dute eskaripeko geldialdien sistema. Sistema B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa linean inplementatu zen joan zen ekainean, eta hilabete hauetan funtzionamenduan egon ondoren gaueko linea guztietara zabalduko da funtzionamendu berdinarekin.

Jarraian, linea bakoitzean sistema erabilgarri egongo den zatiak jaso dira eta, ondoren, zerbitzuaren baldintzak laburbildu dira.

> Informazio osoa ikusi (pdf)

> Informazio eskuorria deskargatu (pdf)

Dbus-ek kudeatuko du Dbizi Donostiako alokairuko bizikleta publikoen sistema

Mugikortasun iraunkorraren kudeaketa eraginkorra eta garraio publikoaren garapen handiagoa lortzeko xedez, Donostiako Udalak Donostiako alokairuko bizikleta publikoen sistema kudeatzeko enkargua egingo dio Dbusi. Horren harira, gero eta gehiago dira bizikleta publikoaren sistemak hiri garraio gisa hartzen dituzten hiriak eta, hori dela eta, garraio publikoko enpresa operadoreak hasi dira sistemok kudeatzen. Martxoaren 12an Dbuseko Administrazio Kontseilua egingo da eta bertan sistemaren ezaugarriak zehaztuko dira.

Dbizi alokairuko bizikleta publikoaren sistema 2008aren amaieran jarri zen abian. Hasiera batean esperientzia piloto gisa sortu zen, alokatzeko bost estaziorekin eta ehun bizikleta mekanikorekin. Arrakasta izan zuenez, ondoren Donostiako Udala sarea handitzen joan zen eta 2013an sistema berria jarri zen, bizikleta elektrikoekin, hirian dauden aldapak igo ahal izateko eta urrutien dauden auzoetara iritsi ahal izateko.

Urrats berri bat sistemaren hobekuntzan

Urte hauetan esperientzia hartu ondoren, Udalak sistema hobetu nahi du eta bizikletaren erabilpena sustatu nahi du, hirian dauden garraio publikoko beste era batzuen osagarri gisa. Horretarako, enkargua egin dio Dbusi lizitatu beharko den sistema berri bat abian jarri dezan. Sistema berria esleitu ondoren, hurrengo 4-7 hilabeteetan sistema funtzionatzen hasi beharko da, eta denbora tarte horretan egungo bizikleta publikoko zerbitzua ere martxan egongo da, hau da, ez da zerbitzua etengo. 

Kudeaketa sistema berriarekin, Dbizi Dbusen eskaintzaren barruan sartuko da eta alokairuko bizikleta publikoen zerbitzuak Dbusen zerbitzuen katalogoan sartuko dira. Sistemak ordutegi zabalagoa izango du, 6:00etatik 00:00etara, eta bizikleta mekanikoak ere edukiko ditu. Horrela, eskaintza biderkatu egingo da eta sistema malguagoa eta osoagoa izango da, eta kalitatea handiagokoa. Horrela, bada, sistema mistoa izango da, bizikleta elektrikoak eta mekanikoak eskainiko baititu.

Sistema berria progresiboki jarriko da matxan

Sistema berriak bi mugarri garrantzitsu edukiko ditu:

Kontratuko lehen urtean, egungo zerbitzutik abiatuta, 120 bizikleta eta 16 estazio egongo dira (gaur egun, 115 bizikleta eta 16 estazio daude), eta zerbitzua zabalduko da. 267 bizikleta mekaniko gehituko zaizkio, dagozkien 32 estazioekin hiriko gune lauan, gune horretan jada badago-eta bidegorrien sarea. Sare mistoa honako kokaleku hauek osatuko dute: 9 estazio Erdialdean, 3 Antiguon, 6 Ibaetan, 6 Grosen, 9 Amaran, 5 Egian, 1 Loiolan, 1 Intxaurrondon, 3 Aieten eta 1 Ategorrieta-Ulian.

Kontratuko laugarren urtean, bizikleta publikoen sistema leku garaietan eta Erdialdetik urrun dauden auzoetara zabalduko da, bizikleta eta estazio elektriko gehiago jarriz, alde horietan bizikletetarako azpiegitura gauzatzen hasi ondoren. Aurreikusita dago 24 estazio gehiago instalatzea (22 elektriko eta 2 mekaniko), 137 bizikleta gehiagorekin (120 elektriko eta 17 mekaniko). Hauek dira aurreikusten diren kokalekuak: 4 estazio Altzan, 3 Erdialdean, 1 Antiguon, 1 Ibaetan, 2 Grosen, 1 Egian, 1 Amaran, 2 Martutenen, 3 Loiolan, 2 Intxaurrondon, 1 Bidebietan eta 1 Aieten. Horrez gain, beste 2 estazio gehiago jartzea aurreikusten da, baina ez da erabaki non.

Zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi da

Kudeaketa sistema berriarekin lortu nahi den helburu nagusietako bat da bandalismoa eta lapurretak murriztea. Horretarako, bizikletak ainguratzeko sistema hobetuko da eta indartu egingo da erabiltzaileak identifikatzeko sistema. Era horretan, kontrolatu nahi da non dagoen utzitako bizikleta bakoitza, bai eta mailegu bakoitzaren iraupena ere, bizikletak era arduratsuan erabil daitezen eta sistema bizikletak erabiltzeko egoera optimoenean egon dadin. Sistema berriarekin, halaber, espazio publikoa optimizatu nahi da eta mugitzen ez diren bizikletekin espazio publikoan bizikleten aparkalekuak betetzea saihestu, normalean bizikleta erabiltzen dutenentzat bizikletak aparkatzeko leku gehiago izatea ahaleginduz.

Kalitatea handiagoa izan nahi horretan, sistemak UNE 13816 egiaztagiria ere izango du, zerbitzu on bat bermatzeko. Dbusek egiaztagiri hori 5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak autobus lineetan du, kalitate estandar horiek linea guztietan aplikatzen baditu ere. Bizikleta sistemari araua aplikatuta zerbitzuaren kalitatearen jarraipen hobea egingo da eta era eraginkorragoan erantzungo zaie sistemaren eskakizunei.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarriko du Donostiako autobusetan.

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

 

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Linfedemaren Nazioarteko Egunarekin

Bihar, asteazkena, martxoak 6, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei  babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri