Author: Esti

«Liburu bat, bidaia bat», garraio publikoan irakurketa sustatzeko ekimena

Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Dbusek «Liburu bat, bidaia bat» ekimena abiarazi dute, autobusean irakurtzen doazen bidaiariei liburu bat eta doako autobus-bidaia batzuk oparitzeko. 

Ekintza ostiralean egingo da (maiatzaren 13an) hiriko autobus-linea batzuetan, eta Literaktum festibaleko programazio zabalaren parte da. 

02A_RGB

Ostiral honetan, maiatzaren 13an, goizean goizetik, Donostia 2016ko hamar boluntario baino gehiago hiriko hainbat autobus-lineatan ibiliko dira, irakurtzen ari diren herritarrak identifikatu eta haiei liburu bat eta autobusean doan bidaiatzeko txartel bat emateko. 

«Liburu bat, bidaia bat» da Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Dbusek batera abiarazi duten ekimenaren izena. Helburua garraio publikoetan irakurketa sustatzea da. Iaz Errumaniako Cluj-Napoca hirian egin zen antzeko ekimen batean inspiratutako ideia bat da. 

Aurreikusi da boluntarioek ehun bat liburu entregatzea. Binaka joango dira eta behar bezala identifikatuak egongo dira; liburuak, berriz, Hiriburutzaren hainbat proiekturekin lotutakoak izango dira. Gainera, liburu adina autobus-txartel banatuko dituzte boluntarioek, irakurle bakoitzarentzat bat, ostiralean eta larunbatean Dbuseko sare osoan doan bidaiatzeko.

Txartelek ez dute mugarik izango, eta Dbusen edozein lineatako edozein ibilbide egiteko erabili ahal izango dira. 

 

Literaktumekin bat egiten duen ekintza bat 

«Liburu bat, bidaia bat» Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Dbusek Literaktumen programari egiten dioten ekarpena da. Festibalak 40 gonbidatu ditu aurten; hogei bat jardueratan parte hartuko dute, literatura publiko guztietara zabaltzeko helburuarekin. 

Festibala maiatzaren 3an hasi zen eta, kultur etxeetan, liburutegietan, liburu-dendetan eta Donostiako beste espazio batzuetan hamaika egun eman eta gero, larunbatean amaituko da, maiatzaren 14an.

Irakurri

Dbus, “2016ko Urrezko Kriskitina” sarirako izendatuta, bere garraio irisgarriagatik

Dbus ONCEk antolatuta egiten den “Urrezko Kriskitina” sariaren 2016ko ediziorako izendatu dute, pertsona guztientzat irisgarriagoa den garraio publikoaren aldeko hartu duen konpromisoagatik. ONCEk ematen du saria. 2013az geroztik Dbuseko autobusek soinu bidezko informazio sistema bat dute, eta sistema horrekin itsuek eta ikusmen murriztua duten pertsonek autonomia eta segurtasun handiagoz bidaiatu dezakete.   

DSCN5523.JPG-comp

Sistemak autobus lineen eta autobusen iritsiera denboren gaineko  informazioa ematen ditu soinu bidez, hiru eratan: lehena, geltokietako informazio paneletan, autobusaren iritsieraren berri emanda; bigarrena, autobusaren kanpoaldean, linea zenbakia eta ibilgailua nora doan adierazita; eta hirugarrena, autobusaren barruan, hurrengo geltokia jakinarazita. Audio zerbitzua aginte baten bidez aktibatzen da, itsuek dutenaren antzekoa eta semaforoen soinua aktibatzeko erabiltzen den bera. Era berean, autobusen barruan, erabiltzaileek audio sistema martxan jartzeko eskatu ahal izango diete gidariei. Horrela, erabiltzaileek ibilgailuak egingo dituen geldialdien abisuak entzun ahal izango dituzte, euskaraz zein gazteleraz.   

Donostiako Garraio Erregelamendu berriak, halaber, Dbuseko autobusetan beste pertsona batekin batera bidaiatzeko aukera ematen die itsuei, seguru eta eroso bidaiatu dezaten,  laguntzaile moduan doan pertsonak dohainik bidaiatuta. Modu berean, araudiak ezartzen du txakur gidariekin eta laguntzako txakurrekin ere joan daitezkeela. 

Saria maiatzaren 14an emango da, larunbatean,  Kriskitinen XV. Lasterketa bukatu eta gero, Kontxa aldean. Gizalde eta Manos K ríen erakundeak ere izendatuta daude sarirako.  Saria erabiltzaileengandik puntu gehien jasotzen duen erakundeari emango zaio; hori dela eta, web orri bat ezarri da, erabiltzaileek bozkatu dezaten:

> Bozkatu hemen 

Irakurri

Hiriaren garraio publikoa modu didaktikoan ezagutzeko Gymkhana bat Olatu Talkan, Dbus-en antolatuta

Olatu Talka kultur jaialdiaren programaren barruan, Dbusek gymkhana bat antolatu du, hainbat probaren bitartez donostiarrei garraio publikoa modu dibertigarrian helarazteko. Fnacen eta La Perla Talaso Sporten laguntzarekin egingo da jarduera, maiatzaren 20an, ostirala, 18:00etan, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.   

DBUS OLATU TALKA

Jarduera Bulebarreko kioskoan hasiko da. Han, parte hartzaileek kit bat jasoko dute gymkhanaren 6 probak gainditzeko beharko duten materialarekin. Hiriaren mapa bat, Dbuseko pasaporte bat, doan bidaiatzeko txartel bat proben artean mugitzeko erabiltzeko, etab. 

Dbuseko eta Donostiaren historiari buruz emango zaizkien argibideei jarraituta, asmatu beharko dute nora joan beharko duten eta nola egin Dbuseko autobus lineak erabiliz.  Horretarako, hainbat aukeraren artean, Dbusen app-a eta web orria erabili ahal izango dituzte, bai eta markesinetan lineei buruz erabilgarri dagoen informazioa ere. 

Proba gainditzen den bakoitzean Dbuseko pasaportean zigilua jarriko zaie eta hurrengo probarako argibide bat emango zaie, eta horrela helmugara heldu arte. Gymkhana amaitu eta gero egiaztatuko da pasaporteak zigilu guztiak dituela eta proben arteko ibilbide guztiak doan bidaiatzeko probaren hasieran entregatutako Dbuseko txartelarekin egin direla. Proba guztiak gainditzen dituzten 3 lehen pertsonek irabaziko dute gymkhana, zeinak gutxi gorabehera 2 ordu iraungo baitu. 

 

Gymkhanan izena ematea

Gymkhanan gehienez ere 60 pertsonak parte hartu ahal izango dute. 12 urtetik beherakoek helduek (12 urtetik gorakoak) lagunduta joan beharko dute.  Pertsona heldu batek gehienez ere 12 urtetik beherako 2 adingabe lagundu ditzake. 

Izena aldez aurretik eman beharko da derrigor, eta 2016ko maiatzaren 4an hasiko da izena emateko epea, 11:00etan, eta 2016ko maiatzaren 17an bukatu, 00:00etan. Izen ematea [email protected] posta elektroniko bidez egingo da, informazio hau emanez: 

–       Izena ematen duen pertsonaren izena eta abizena

–       Posta elektronikoa

–       Harremanetarako telefonoa

–       12 urtetik beherakoa bada, berarekin batera joango den helduaren harremanetarako telefonoa.

–       Taldean parte hartuz gero, parte hartzaileen kopurua. Taldean, inskripzio bat baino ez da onartuko.

 

 Probarako plazak izena ematen duten pertsona guztien artean zozketatuko dira. 

Sariak: 

Helmugara heldu eta ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten lehen hiru pertsonek sari hauek izango dituzte: 

  • 1. Saria: 200€-ko txartel bat Fnacerako eta Fnaceko bazkide txartela doan.
  • 2. Saria: La Perla Talaso Sport zentrorako 10 saioko bono bat (bakarka edo taldeka erabiltzeko) eta Fnaceko bazkide txartela doan.
  • 3. Saria: Dreambox esperientzien sorpresa kutxa bat edo antzeko zerbait. 

Helmugara pertsona edo talde bat baino gehiago batera heltzen badira, igarkizun jokoa egingo da haien artean erabakitzeko nor den lehen irabazlea, bigarrena eta hirugarrena. 

> Gymkhanaren oinarriak ikusi (pdf)

Irakurri

Dbusek hurrengo geltokiaren berri emateko sistema berritu du beste linea batzuen iritsiera denborak gehituta

Autobus linea guztietan hurrengo geltokiaren berri emateko sistema hobetu du Dbusek. Sistema berriak beste linea batzuen iritsiera denborak ere ematen ditu, geltoki bakoitzean egin daitezkeen loturen gaineko informazio zehatzagoa eta zabalagoa edukitzeko. Horrenbestez, autobusez aldatu behar duten erabiltzaileek planifikatu ahal izango dute. Izan ere, autobusetako panelek bidaiariei jakinaraziko diete geltoki bakoitzean zein lotura egin ditzaketen eta zenbateko itxaron-epea izango duten. 20160429_081457

Hurrengo geltokiaren berri emateko sistemak autobusa non dagoen eta hurrengo geldialdiak non egingo dituen azaltzen die ibilgailuaren barruan doazen pertsonei,   modu errazean eta den-dena bi hizkuntzetan. Sistema 2015eko uztailean berritu zen, eta orain haratago doa, Dbuseko beste linea batzuekiko konexioa ez ezik zerbitzu horiek geltoki bakoitzera iristeko falta diren denborak ere adierazten ditu eta. 

Dbus egiten ari den berrikuntza teknologikoetako bat da sistemaren eguneraketa hau, berrikuntza horren asmoa baita teknologia berriak erabiltzea, zerbitzua hobetzeko eta erabiltzaileei informazio hobea emateko, eta ingurumena gehiago errespetatzen duen garraio publiko bat bultzatzea.

Irakurri

Uliako taxibus zerbitzu berria, eskaripekoa

2016ko apirilaren 18an Dbusek hobekuntza garrantzitsuak jarriko ditu abian Ulia aldean zerbitzua ematen duen TB6- Taxibus zerbitzuan. Orain arte zerbitzua Ulia 180raino heltzen zen, eta orain Uliako Aterpetxeraino luzatuko da ibilbidea, eta 60 minutuko maiztasunarekin ibiliko da, asteko egun guztietan, baita jaiegunetan ere. 

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin

Dbusek bat egiten du apirilaren 8an ospatuko den ijito herriaren nazioarteko egunarekin. 

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek ijitoen bandera eramango dute egun osoan zehar, Dbus herri horren aitorpena bultzatu eta ijitoen komunitatea errespetatuta beraiekin batera bizitzen lagunduko duten jardueren alde dagoela erakusteko.

Irakurri