Category : Berriak home

Mikrobus zerbitzua Pasealeku Berria eta Urgull mendira ekainean

Ekainaren 1etik aurrera, larunbata, Dbusek mikrobus zerbitzua emango du Urgull Mendian, 39-URGULL linearekin. Ekainaren 22ra arte, zerbitzuak larunbatetan eta igandeetan emango dira, baina ekainaren 23an zerbitzuak egunero ematen hasiko dira.

Zerbitzuak 30 minuturo izango dira goizeko 11:00etatik 13:30era, eta arratsaldeko 17:00etatik eta 20:00etara.

-Urgull alderantz irteerak SALAMANCA PASEALEKUTIK izango dira, ondorengo orduetan:

11:00 – 11:30 – 12:00 – 12:30 – 13:00 – 13:30

17:00 -17:30 – 18:00 – 18:30 – 19:00 – 19:30 – 20:00

 

-Urgulletik irteerak SANTIAGOKO BATERIATIK izango dira ondorengo orduetan:

11:15 – 11:45 – 12:15 – 12:45 -13:15 -13:45

17:15 – 17:45 – 18:15 – 18:45 – 19:15 – 19:45 – 20:15

 

Urgullerako zerbitzuaz gain, mikrobus honek Bretxa eta Pasealeku Berriko aparkalekuen arteko garraio publikoko konexioa dakar.

Uztailean eta abuztuan ere egunero emango da zerbitzu hau, Aste Nagusian eta aurreko eta ondorengo egunetan izan ezik, Pasealeku Berriko barraken instalazioa dela eta. Irailean zerbitzua asteburuetan izango da berriz ere, Estropadetan izan ezik.

Irakurri

Ekainaren 1etik aurrera zerbitzu gehiago Igeldoko linean

Ekainaren 1etik aurrera, Dbusen 16-Igeldo linearen zerbitzuak maiztasun handiagoz emango dira, ohiko erabiltzaileen eta turista eta bisitarien garraioa errazteko.

Iaz egin zen bezala, 16-Igeldo linea ekainaren 1ean, larunbata, hasiko da zerbitzu gehiago ematen eta irailaren 30ean, astelehena, bukatuko, egun bi horiek barruan sartuta. 

10:05etik 21:05era handituko da zerbitzuaren maiztasuna, denbora tarte horretan 20 minutukoa izango baita.

 

Udako ordutegiak ekainaren 23tik aurrera

Ekainaren 23tik aurrera, igandea, eta abuztuaren 31ra arte, larunbata, 16 lineak zerbitzu gehiago emango ditu Gipuzkoako plazatik, 23:00etan eta 0:00etan beste bi irteera gehiagorekin.

Era berean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte Igeldo auzoak autobus zerbitzua izango du gauean, ostiral, larunbat eta jai bezperatan, B7-IGELDO GAUTXORIArekin. Gautxoria 1:00etan eta 2:00etan aterako da Bulebarretik, eta Kontxa pasealekutik joango da zuzenean Igeldoraino eta Kanpineraino

Modu berean, ohiko denez, Igeldoko jaietan Dbusek zerbitzua indartuko du, irteera gehiagorekin.

Irakurri

Dbusek sistema bat probatuko du geltokietako zerbitzua erabiltzaileen eskariaren arabera egokitzeko

Autobus geltokietan zain dagoen pertsona kopurua abiapuntu hartuta zerbitzua erabiltzaileen benetako eskaerara egokitzea ahalbidetuko dion sistema berritzaile bat inplementatu du Dbusek. Sistemak aukera ematen du denbora errealean kalkulatzeko zenbat pertsona dauden autobusaren zain geltokian, datu horrekin jakiteko noiz indartu behar den zerbitzua autobus gehiagorekin, eta, horretarako, ikusmen artifizialeko sentsoreak erabiltzen ditu.

ATUCek (Hiri Garraio Kolektiboen Enpresa Kudeatzaileen Elkartea) Teknologia Berriak, Marketina eta Kalitatea Batzordea egin du berriki Madrilen, eta Batzorde horren barruan aurkeztu du Dbusek sistema hori. Harrera oso ona eduki du sistemak, eta, bertan ikusi denez, Europako erreferente gisa zerbitzuaren eta teknologiaren abangoardian egoten jarraituko du.

Hasteko, bost panel elektronikotan instalatu dira sentsore horiek, eta prozesadore batek, sentsoreetatik jasotako datuak monitorizatu ondoren, balio bat kalkulatu eta kontrol zentrora datu bat bidaltzen du 60 segundoan behin geltoki bakoitzetik. Horrela, une bakoitzean geltokietan dagoen eskariaren arabera indartu daiteke zerbitzua.

Hauek dira sistema hori duten panel elektrikoak:

– Askatasunaren hiribideko 21ekoa (13-37 lineak).

– Askatasunaren hiribideko 15ekoa (9-29-42 lineak).

– Pinares-Mirakruz 16 (13-27-37 lineak)

– Urbieta 6 (19-23-26-31-32-36-46 lineak)

– Urbieta 58 (21-28 lineak)

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere finantzatzen du jarduketa hau, Lehiakortasuna Indartzeko duen programaren barruan. Era berean, emaitzak positiboak baldin badira, sistema panel elektronikoa duten Dbuseko gainerako geltokietan instalatzeko aukera aztertuko da. Hitz batean, kontua izango da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Irakurri

Eguzki energiaz elikatzen diren bi informazio panel berri instalatu ditu Dbusek

Eguzki energiaz elikatzen diren bi informazio panel berri instalatu ditu Dbusek autobus geltokietan. Donostian teknologia honekin funtzionatzen duten lehen bi panel elektronikoak dira. Panel horiek autobusen geltokietako iritsiera orduak ematen dituzte, bai eta erabiltzaileentzat interesgarriak diren beste abisu batzuk ere. Hirian instalatuta dauden gainerako panelen aldean, panel berriek elikatze sistema alternatibo eta berriztagarria erabiltzen dute, markesinen goiko aldean jarritako eguzki plaken bitartez elikatzen baitira.

Panelak E-MOBASK proiektu europarraren barruan instalatu dira, proiektuaren helburua Euskal Eurohirian garraio publiko erakargarriagoa, errazagoa eta iraunkorragoa bultzatzea da-eta. Zehazki, eguzki panel berri horiek Ategorrieta 65eko geltokian (14 eta 33 lineak) eta Mikeletegi 12koan (17, 28, 31 eta 35 lineak). Energia berriztagarriz elikatzen dira eta sare elektrikotik energia gutxiago kontsumitzea ahalbidetuko dute.

 

Led panelen kontsumoa 62 watt-ekoa da. Eguzki panelek energia jaso, eta bateria batean pilatuko dute, egunean panelek lanean egon beharko duten 18 orduetan energia hornitu ahal izateko. Bateria dimentsionatuta dago energia biltegiratuta edukitzeko eta egun bat baino gehiago jarraian zerua grisa eta lainotuta egonda ere panelak funtzionamenduan egon ahal izateko moduan. Esperientzia honen bitartez, panelen funtzionamendua monitorizatuko da aztertzeko ea beste geltoki batzuetan instalatu daitezkeen. Momentuz, probako lehen asteetako emaitzak onak izaten ari dira.

Dbusek Gipuzkoako beste bi enpresarekin batera garatu ditu panel horiek, Gekoin Ingenieros eta Argisun enpresekin batera, zehazki. Beste hiri batzuetan instalatuta dauden eta eguzki energiaz elikatzen diren informazio panelak ez bezala, horien kontsumoa txikiagoa baita, Dbusek erabilitako soluzioan Donostian martxan dauden panel elektronikoetan oinarritu dira, eguzki plakak sartzeko.

Erabiltzaileen %82k eskura dituzte panel elektronikoak.

Dbusek 114 panel elektroniko dauzka geltokietan, 2005ean lehenengoak instalatu zirenetik. Panelak batez ere markesina duten geltokietan daude kokatuta. Izan ere, markesina duten geltokien heren batek baino gehiagok informazio panel bat daukate iritsiera denboren eta beste gorabehera batzuen berri emateko. Horrek esan nahi du Dbuseko erabiltzaileen %82k panel elektrikoren bat dutela geltokietan. Era berean, Dbusek unitate gehiago instalatzea espero du, erabiltzaileentzako informazio zerbitzua hobetzeko asmoarekin.

Gainera, Dbusek mugikorretarako doako aplikazio bat dauka iOSerako. Androiderako eta Windowserako, iritsiera orduak azkar eta erraz kontsultatu ahal izateko, edozein lekutatik eta edozein unetan. Web orrian ere kontsultatu daitezke iritsiera orduak.

E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugako eremuaren integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Irakurri

Egindako azken hobekuntzen ondoren, hazkunde handia erregistratu da Dbus-eko 35 linearen bidai kopuruan

Pasa den apirilaren 1ean Dbusek hainbat hobekuntza jarri zituen martxan autobus linea batzuetan. 35-Arriola-Antiguo-Aiete-Ospitaleak linea da horietako bat. Linearen maiztasuna bikoiztu egin da lanegunetan Antiguo-Aiete-Ospitaleak loturan, eta, gainera, beste ibilbide gehigarri bat dauka, Errotaburu eta Matia Zentroa Antiguorekin, Aieterekin, Miramonekin eta Ospitaleekin lotzeko. Lehen hilabete honetan, balorazioa oso positiboa izan da, lanegunetako erabiltzaile kopuruak gutxi gorabehera %31 egin baitu gora.

2018ko apirileko datuekin alderatuta, orduan 12.131 bidaia erregistratu baitziren, pasa den apirilean 14.175 bidaia kontabilizatu ziren linean. Hazkundea erregistratu da, pasa den urtean Aste Santua martxoan eta aurten apirilean izan bada ere. Beraz, 2019ko apirilean jaiegunak gehiago izan arren, bidaiak gehiago izan dira eta batez ere erregistratu dira Tolosako Hiribidean, Europa Plaza eta Errotaburu artean.

Era berean, asteko egunaren arabera egin diren bidaien batez bestekoa 664koa izan da lanegunetan (506 bidaia 2018an), 154koa larunbatetan (150, 2018an) eta 132koa igande eta jaiegunetan (121, 2018an). Hori horrela, beraz, asteko egun guztietan erregistratu da, hazkundea, baina bereziki lanegunetan, lerroan egindako hobekuntzekin batera.

Lanegunetan 35 linea 60 minutuko maiztasuna izatetik egungo 30 minutuko maiztasuna izatera igaro da, eta bi ibilbide ditu: alde batetik, Arriolatik, Antiguotik, Aietetik, Miramonetik eta Ospitaleetatik doan ibilbidea; eta, bestetik, ibilbide berria, Errotaburutik, Antiguotik, Aietetik, Miramonetik eta Ospitaleetatik doana, zeina Matia Zentrotik ere irteten baita. Horrela, Antiguo-Aiete-Ospitaleak loturak beti dauka 30 minutuko maiztasuna.

Apirilaren 1ean ere hobekuntzak egin ziren 26-Amara-Martutene linean eta 45-Estaciones Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete linean. 26 linean, lanegunetan maiztasuna 15 minutukoa izatetik 12 minutukoa izatera igaro da, eta 45 linean, berriz, ibilbidea luzatu da Aieten, Pagola eta Andoain aldeetan zerbitzua emateko, puntu hori Antiguarekin, Erdialdearekin eta tren eta autobus geltokiekin konektatuta.

Irakurri

Dbusek 12 metroko bederatzi autobus berri edukiko ditu bere flotan

Datozen egunetan, Dbusek 12 metroko bederatzi autobus erosteko lizitazio prozesuari ekingo dio. Autobusak 2019an erosiko dira, eta 2020an jarriko dira zerbitzuan. Espero da ibilgailuen erosketa honen esleipena datozen hilabeteetan egin ahal izatea, eta datozen lau urteetan ezaugarri horiek dituzten beste 30 autobus gehiago ere erosi ahal izatea.

Lizitatuko diren autobus berriek Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak beteko dituzte, hau da, plataforma baxuak eta arrapala elektrikoak edukiko dituzte mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, autobusa %100 irisgarri izan dadin. Lizitazioan bi lote bereiziko dira, autobusen teknologiaren arabera, izan ere, dieselak izan daitezke edo gutxienez DGTaren ECO etiketa edukiko duten autobusak, hala nola autobus hibridoak, hibrido-elektrikoak, gasezkoak, etab., etiketak dieselaren alternatiba den energia-iturria dutela adierazten baitu. Horrez gain, erregaiaren aurrezpena, igorpen kutsatzaileen eta kutsadura akustikoaren murrizketa eta funtzionaltasun batzuk edukitzea (start&stop eta start&go sistemak eta gidatze erosoa, besteak beste) baloratuko dira.

Azken urteetan, Dbus ahalegin handia egiten ari da bere flota apurka-apurka berritzeko. Autobus berri horiei Dbusek berriki zerbitzuan sartu dituen 12 metroko 14 autobus hibridoak gehitu behar zaizkie, MAN etxearen  Lion’s City NL HÍBRIDO (A37) modelokoak baitira. Dbusek bere flotako autobus zaharrenak ordezteko ibilgailu berriak jarri behar ditu zerbitzuan, eta premia horri erantzuten dio autobus hauen erosketak.

Gaur egun, Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta 38 autobus hibrido, eta horietatik 19 Solaris etxearenak dira eta 19 MAN etxearenak.  Ildo horretan, autobus berriak sartuta, aurreikusten da 2020an 12 metroko autobusen %50 gutxi gorabehera elektriko-hibridoak izango direla eta ingurumena gehien errespetatzen duten flotetako bat izango dela. Aurreikusten da, baita ere, urtean  1.000 tona CO2 gutxiago igorriko direla.

Irakurri

Hasi da eskaripeko geldialdien sistema Dbus-eko Gautxori linea guztietan

Ostiral honetatik aurrera, apirilak 5, Dbuseko gautxori linea guztietan eskatu ahal izango da eskaripeko geldialdien sistema. Sistemari esker, linea horien zati jakin batzuetan eskatu ahal izango da ibilbidearen geltoki ofizialen artean gelditzeko.  Bakarrik emakumeek eta 18 urte baino gutxiagoko pertsonek eskatu ahal izango dituzte zerbitzu horiek, eta bakarrik ostiraletan, larunbatetan, jai bezperetan eta ekitaldi jakin batzuetan.

Sistema hau abian jarrita, asmoa da Donostiako autobus zerbitzua hobetzea eta erabiltzaileen premietara egokitzea. Sistema B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa linean inplementatu zen joan zen ekainean, eta hilabete hauen ondoren gaueko linea guztietara zabalduko da funtzionamendu berdinarekin. B8 linearekin egin zen moduan, zerbitzu hau ezagutarazteko asmoarekin eskuorri bat argitaratu da, non sistemak linea guztietan dituen ezaugarri nagusiak eta gelditzeko eskatu ahal izango den guneak agertuko diren. Eskuorria jada eskuragarri dago autobusetan eta Dbusen web orrian (www.dbus.eus).

Eskaripeko geldialdi sistemaren ezaugarriak 

– Bakarrik emakumeek eta 18 urte baino gutxiagoko pertsonek eskatu ahal izango dute.

– Erabiltzaileak berak jaitsi nahi duen lekua baino geltoki bat aurretik eskatu beharko dio gidariari, zuzenean. Gelditzeko eskaera egin duen erabiltzaileak autobusaren aurreko aldera joan beharko da, bakarrik aurreko atetik jaitsi ahal izango baita.

– Funtsezko baldintza da gutxienez 1,5 metroko zabalera duen espaloia egotea eta arrisku egoerarik ez sortaraztea. Egoera batzuetan ez da jaisterik egongo. Hona hemen egoera horietako nagusiak:  

  • Ezin da izkina, bidegurutze nahiz bidebanatze batetik bost metrora baino gutxiagora gelditu.
  • Ezin da oztopatu ibilgailuak pasabide lizentzia dutela behar bezala seinaleztatzen duten eraikinetara pasatzea, ez pertsonek eraikin batera sartu nahiz ateratze ohiko lekuak erabiltzea ere.
  • Ezin da geldialdirik egin beste gidari batzuei seinaleak ikustea oztopatzen zaien lekuetan edo maniobrak egitera behartzen diren lekuetan.
  • Ezin da geldialdirik egin irlatxo, erdibitzaile, sestran dauden pasaguneetan, bizikletazaleen pasaguneetan, oinezkoen pasaguneetan eta espaloia janda dagoen lekuetan.
  • Ezin da geldialdirik egin gelditzea debekatuta dagoela seinaleztatuta dagoen nahiz arauek hala ezartzen duten tokietan.

Halere, zalantzazko egoeretan gidariaren irizpideak edukiko du lehentasuna.

– Arrapalatik autobusera igotzean, gurpildun aulkian doan bidaiariak (emakumeak edo 18 urtetik beherakoak) non jaitsi nahi duen jakinaraziko dio gidariari. Gidariak eskatu den lekuan arrapala jaisteko baldintza egokiak dauden jakinaraziko dio erabiltzaileari, eta baldintzak egokiak ez badira beste leku bat proposatuko dio jaisteko.

 

26-Amara-Martutene linea

Bihartik aurrera ere, apirilak 5, ostirala, 26-Amara-Martutene lineak Antso Jakituna 12an eta Madril Hiribidea 14an egingo ditu geldialdiak 22:30etik aurrera. Geldialdi horiek egunero egingo dira linea honetan, baina soilik 22:30etik aurrera. 

Apirilaren 1etik aurrera 26, 35 eta 45 lineetako hobekuntzak ezarriko ditu Dbus-ek

Apirilaren 1etik aurrera, astelehena, Dbusek 26-Amara-Martutene, 35-Arriola-Antiguo-Aiete-Ospitaleak eta 45-Estaciones Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete lineen zerbitzua hobetuko du, erabiltzaileen premietara egokitzeko.

1) 26-Amara-Martutene linea: lanegunetan, maiztasuna 12 minutukoa izango da egungo 15 minutukoa izan beharrean. Hona hemen maiztasun berriak:

– Lanegunak: 12 minutuan behin.

– Larunbatak:  15 minutuan behin.

– Igandeak: 20 minutuan behin.

> Kontsultatu hemen linearen ordutegi berriak

> Era berean, 26 lineako 27 Poligonoa-Martutene ibilbidean zenbait ordutegi aldaketa egingo dira. Kontsultatu hemen ordutegi berriak.  

Linearen maiztasuna hobetuta erantzun ahal izango zaie, baita ere, lineak egun duen eskari gero eta handiagoari eta Txomin Eneako urbanizazioari lotuta eta alde horretako populazioak izango duen gorakadari lotuta aurreikusten den eskariari.

2) 35-Arriola-Antiguo-Aiete-Ospitaleak linea: lanegunetako maiztasuna aldatuko da; maiztasun berria 30 minutukoa izango da, eta maiztasun aldaketaz gain lineak ibilbide berria egingo du, Errotaburu eta Lorea Aieterekin, Miramonekin eta Ospitaleekin lotzeko.

Lanegunetan, beraz, lineak hainbat ibilbide edukiko ditu, eta bakoitza 30 minutuan behin emango da. Ospitaleetatik Irakasle Eskolara arteko ibilbidea komuna izango da beti; beraz, Antiguo-Aiete-Ospitaleak konexioak 30 minutuko maiztasuna edukiko du.

Irteerak Arriolatik: egungo ibilbidea egingo du, hemendik: Arriola, Unibertsitateak, Ondarreta, Pio Baroja, Aiete, Miramon eta Ospitaleak. Irteerak 60 minutuan behin izango dira, xx:30ean.

Irteerak Errotaburutik: Irteerak Tolosa 138tik, 60 minutuan behin, xx:00etan, eta honako geldialdiak egingo ditu: Unibertsitatea, Tolosa 112, Tolosa 138, Amerika plaza, Tolosa 111, Unibertsitatea II, Irakasle Eskola-Tolosa 14. Hortik aurrera ohiko ibilbidea egingo du Ospitaleetaraino.

Era berean, ibilbide horren barruan, 2 orduan behin Matia Zentrotik aterako dira: 10:00 – 12:00 – 14:00 – 16:00 – 18:00 – 20:00, eta kasu honetan ere aurreko geldialdi guztiak egingo dira (horietatik minutu batzuk lehenago igaroko dira).

Bestalde, irteerak Ospitaleetatik Arriola alderantz xx:05ean izango dira, eta Tolosa 138 alderantz, berriz, xx:35ean. Era berean, irteerak Ospitaleetatik Matia Zentro alderantz ondorengoak izango dira: 9:35 – 11:35 – 13:35 – 15:35 – 17:35 – 19:35.

 

3) 45-Estaciones Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete linea: ibilbidea aldatuko da Aietetik, Andoain kalean eta Pagolan zerbitzua emateko, 19-Aiete-Bera Bera lineak egiten duen moduan. Horrela, Pagola Antiguorekin lotuta egongo da eta Erdialdearekin eta tren eta autobus geltokiekin ere bai. Egungo ordutegiak mantenduko dira, baina Aieteko burualdeko geltoki berria Aiete 93an egongo da, eta ez Etxadin, hori kendu egingo da eta.

Irteerak Renfe-Bus Geltokietatik: xx:25 ean eta xx:55ean Egungo ibilbidea Bera Beraraino eta hortik aurrera Andoain 17an, Pagolan, Oriamendin eta Aiete 93an egingo ditu geldialdiak.

Irteerak Aiete 93tik: xx:25ean eta xx:55 ean, hortik Bera Bera 133rantz joango da, ohiko geldialdiak eginda.

 

Eskaripeko geldialdien sistema Gautxori linea guztietara zabalduko du Dbus-ek

Apirilaren 5etik aurrera, emakumeek eta 18 urtetik beherakoek Dbuseko gautxori linea guztietan eskatu ahal izango dute eskaripeko geldialdien sistema. Sistema B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa linean inplementatu zen joan zen ekainean, eta hilabete hauetan funtzionamenduan egon ondoren gaueko linea guztietara zabalduko da funtzionamendu berdinarekin.

Jarraian, linea bakoitzean sistema erabilgarri egongo den zatiak jaso dira eta, ondoren, zerbitzuaren baldintzak laburbildu dira.

> Informazio osoa ikusi (pdf)

> Informazio eskuorria deskargatu (pdf)