Dbusek kanpaina bat abiarazi du emakumeak gidarien deialdi berrira aurkeztera animatzeko
Gidarien lan poltsa berri bat sortzeko deialdi berri bat abian jarri dela-eta, Dbusek informazio kanpaina bat sortu du Donostian autobus gidari izan nahi duten emakumeei zuzenduta. 
“Inork ez zaitzala frenatu”, “Emakumea zara? Primeran” eta “Zurekin abiatu nahi dugu” leloak erabiliz, Dbusek emakumeak animatu nahi ditu prozesu horretara aurkeztera. Konpainiako emakume gidariak izango dira kanpainaren protagonistak, eta kanpaina Donostiako markesinetan zein autobus batzuen errotulazioan, Dbusen webgunean eta bere sare sozialetan ikusi ahal izango da.
Bere gidarien plantillan 55 emakumeak dira, hau da, gidarien %11 emakumeak dira. Kanpaina horrekin asmoa da sektore maskulinizatu honetan gidari lana gehienbat gizonezkoen lanbidea deneko ideia haustea. Izena emateko epea martxoaren 2ra arte egongo da irekita, eta deialdi honen informazioa otsailaren 16an jarriko da eskuragai Langileen Hautaketa atalean.
2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Era berean, BAI SAREAn parte hartzen du, Konpainiaren langileen garapena bultzatzen duten jardunbide egokiak sustatzeko.
Dbus, Realarekin bat eginda
Ostegun honetan, C.D. Mirandeseren aurka Anoetan jokatuko den Errege Kopako partidaren finalerdia dela-eta, Dbusek Realari babesa erakutsi nahi dio, Anoetara futbol zerbitzua egiten duten autobusetan talde donostiarraren bandera eramanda. Horrela, hiriari kolorea eman ez ezik, herritarrak animatu nahi dira Anoetara autobusean joan daitezen. 
1993an Anoetako estadioa inauguratu zen eta, harrez geroztik, partida dagoen egun guztietan Dbusek autobus zerbitzua eskaintzen du Reale Arenara joateko, auzoetatik estadiora partidaren aurretik, eta bueltarako ere, partida amaitu eta gero. Era berean, Dbus eta Reala elkarlanean aritu dira hainbat jardueratan, hala nola Donostian garraio publikoaren erabilera sustatzeko egin zen “Nik ere Dbus” kanpainan.
Hobekuntzak Dbus-eko B3, B6 eta B10 gautxori lineetan
Otsailaren 14tik aurrera, ostirala, Dbusek hobekuntzak egingo ditu B3-Egia-Intxaurrondo, B6-Altza eta B10-Zubiarre-Bidebieta-Buenavista lineetan, bai eta 9-Egia-Intxaurrondo eta 14-Bidebieta lineen gautxorien aurreko zerbitzuetan ere, gaueko zerbitzuak hiriko alde gehiagotan emateko asmoarekin.
B3-EGIA-INTXAURRONDO
Gaueko linea honek Erdialdea, Egia, Intxaurrondo eta Gros elkartzen ditu, eta ibilbide luzeago egingo du
Intxaurrondon, Zarategi aldean eta Pilarreko aldapan zerbitzua emateko. Linearen geldialdiak, berriz, 8-Gros Intxaurrondo eguneko lineak egiten dituenak izango dira.
Horrela, Erdialderantz bueltatzen denean, Intxaurrondo Hegoaldean eta Zubiaurre aldean zerbitzua eman ondoren eta Zubiarre 39an gelditu ondoren, lineak beste ibilbide bat egingo du Pilarreko aldapatik igotzeko eta Mons pasealekutik jaisteko Egiarantz. Gehituko dira, beraz, Zarategi 8, Gaztelu, Lafont eta Mons 77ko geltokiak, eta Renfe-Ategorrietakoa, berriz, kendu egingo da. Alde berri horretan emakumeek eta 18 urtetik beherakoek eskaripeko geldialdiak eskatu ahal izango dituzte.
Era berean, ostiraletan, jai bezperetan eta larunbatetan, gautxorien zerbitzuak hasi aurretik, 9-Egia-Intxaurrondo lineak ematen dituen zerbitzuek geldialdi horiek egingo dituzte Zubiaurretik doazenean.
B6-ALTZA eta B10-ZUBIARRE-BIDEBIETA-BUENAVISTA
Duela aste batzuk aldatu zen 14-Bidebieta linearen ibilbidea Gomistegiko erabiltzaileei zerbitzua emateko. Erabiltzaile horiek gaueko zerbitzuak eduki ahal ditzaten, Dbusek B6 eta B10 lineen ibilbideak aldatuko ditu, Pasai San Pedro 25ean geldialdia egiteko.

B6-Altza linea, Erdialderantz doala, Gaiztarron geldialdia egin ondoren Pasai San Pedro 25ean geldituko da, gero Juan XXIII kaleko 1erantz jarraitzeko. B10-Zubiarre-Bidebieta-Buenavista lineak ere Pasai San Pedro 25ean egingo du geldialdia, Elosegi 102ko eta Juan XXIII kaleko geltokien artean.
Bukatzeko, ostiraletan, jai bezperetan eta larunbatetan, gautxorien zerbitzuak hasi aurretik, 14-Bidebieta lineak ematen dituen zerbitzuek geldialdi hori egiten dute Zubiaurretik doazenean (Bidebieta alderantz).
Laster informazio panel elektroniko bat instalatuko da Pasai San Pedro 25eko geltokian, autobusak geltokira zer ordutan iritsiko diren adierazteko eta erabiltzaileentzako interesgarriak diren beste ohar batzuk emateko.
Dbus-ek gero eta bidaia gehiago dauka eta 2019an errekor absolutua erregistratu du Donostian
2019an Dbusek 29.583.538 bidaia erregistratu ditu, eta aurreko urtean, berriz, 29.168.773 erregistratu zituen. Horrek esan nahi du asko handitu dela urteko bidai kopurua (414.765 bidaia gehiago), Konpainiak bere 133 urteko historian eduki duen bidaien errekor absolutua hautsita.
Hau da garraio publikoaren erabileraren rankinga Donostian:
Era berean, nabarmena da lanegunetako erabileraren batez bestekoan hautsi den errekorra. Izan ere, 93.171 bidaia erregistratu dira eguneko eta 2018an, berriz, 91.638 bidaia erregistratu ziren eguneko. Hori da, hain zuzen, grafiko honetan ikusten dena:
Horrez gain, 2019an errekor batzuk hautsi dira Donostiako garraio publikoaren erabilerari dagokionez:
- Erabilerarik handieneko larunbata Konpainiaren historian: San Tomas eguna, 698 bidaia kontabilizatuta.
- Erabilerarik handieneko hilabetea Konpainiaren historian: urria, 641.816 bidaia kontabilizatuta.
- Laneguneko batez besteko erabilera Konpainian: azaroko lanegunak, batez beste 97.740 bidaia kontabilizatuta egunero.
- Erabilerarik handieneko Ama Birjinaren Egunaren bezpera Konpainiaren historian: abuztuaren 14a, 966 bidaia kontabilizatuta.
Hazkundearen zati handi bat 2019an eskaintza hobetu duten zerbitzuetan erregistratu da eta nagusiki 26-Amara-Martutene eta 35-Antiguo -Aiete-Ospitaleak lineetan, horietan autobus bat gehiago sartu baita lanegunetako zerbitzuaren maiztasuna hobetzeko.
Azpimarratzekoa da, halaber, 17-Gros-Amara-Miramon lineak laugarren urtez erabileran eduki duen etengabeko igoera, 2015eko erabilerarekiko %57,41eko igoera metatuarekin. Laster, Dbusek linea hori erabat elektrifikatuko du, BEI-Bus Elektriko Adimenduneko sistema bat ezarriz. Sistema horretan 18 metroko autobus elektriko artikulatuak sartuko dira zerbitzua emateko, autobusen edukiera hobetzeko eta erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzeko.
Datorren udan bost gautxori linea berri jarriko ditu zerbitzuan Dbusek
Dbusen Administrazio Kontseiluak gaur, otsailak 6, egindako bileran bost gautxori linea berriren sorrera aurkeztu du, oraindik gaueko linearik ez duten hiriko guneei zerbitzua emateko. Linea berriak udan jarriko dira martxan.
Gaur egun Dbusek bederatzi Gautxori linea ditu eta horiek ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan ematen dute zerbitzua urte osoan zehar. Salbuespena da B7-Igeldo linea, udan (ekainaren 23tik abuztuaren 31ra) ematen baitu zerbitzua. 
Zerbitzu hauen erabilera hazten ari da 2015etik, orduan 182.525 bidaia egin baitziren eta 2019an, berriz, 215.210. Gaur egun badira hirian hainbat gune eguneko lineak bai, baina Gautxori linearik ez dutenak: Oriamendi, Miramon, Ospitaleak, Zorroaga-Mendigain, Rodil, San Roke edo Aldakonea, esaterako.
Orain dela gutxi emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako eskaripeko geldialdien sistema hedatu zen Dbuseko gautxori linea guztietan eta orain, berriz, gaueko zerbitzua emango da egun ez duten guneetan. Hasteko, zerbitzua udan emango da, ekainaren 23a eta abuztuaren 31 bitartean, hilabete horietan erabiltzen baitira gehien gaueko zerbitzuok. Geroago, linea bakoitzaren erabilera mailaren arabera, aztertu egingo da gaueko zerbitzua urte osoan jartzeko aukera.
Gautxori linea berriek ostiraletan, larunbatetan eta udako jaiegun bezperetan emango dute zerbitzua, eta baita zerbitzuak gehitzen diren ekitaldietan ere, Jazzaldian edo Aste Nagusian, esaterako. Irteerak Boulevardetik egingo dira, 0:15 eta 4:00ak bitartean.
B5-Aiete-Oriamendi-Miramon linea:
- Irteerak Boulevard 15etik (ostiraletan eta jai bezperetan): 0:30 – 1:30 – 2:30 -3:30
- Irteerak Boulevard 15etik (larunbatetan): 0:15 – 0:45 – 1:15 – 1:45 – 2:15 – 2:45 – 3:15 – 3:45
B11-San Roke linea
- Irteerak Boulevard 19tik: 1:00 – 2:00 – 3:00 – 4:00
B12-Aldakonea linea:
- Irteerak Boulevard 19tik: 0:30 – 1:30 – 2:30 -3:30
B13-Rodil linea:
- Irteerak Boulevard 19tik: 0:45 – 1:45 – 2:45 -3:45
B14-Mendigain-Zorroaga-Ospitaleak linea:
- Irteerak Boulevard 19tik: 0:15 – 1:15 – 2:15 -3:15
B7-Igeldo linea:
Linea honek egun udan ematen du zerbitzua, ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan, 2:00ak arte, eta bere eskaintza gehituko du 4:00ak arte, eta aldatu egingo du Boulevardeko hasierako geltokia.
- Irteerak Boulevard 13tik: 1:05 – 2:05 – 3:05 – 4:05
Era horretan, eguneko lineak dituzten hiriko gune guztiek Gautxori zerbitzuak ere izango dituzte gauean.
Era berean, linea berri horietan ere emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako eskaripeko geldialdi sistema jarriko da, ibilbideko zenbait tokitan.
Dbus-ek bat egiten du Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin
Dbusek bat egiten du otsailaren 4an ospatuko den Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute,
gaixotasun hau pairatzen dutenei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko.
Dbus-eko autobusen erabilera handia San Sebastian egunean, 124.000 bidaiarekin
Urtarrilaren 19an eta 20an, San Sebastian eguna dela eta, erabiltzaile asko erregistratu dira Dbuseko autobusetan. Urtarrilaren 19tik urtarrilaren 20ra bitartean, hau da, igandetik astelehenera bitartean, 124.355 bidaia zenbatu dira guztira (behin-behineko datua). 2014. urtearekin alderatuta, orduan ere urtarrilaren 19a eta 20a igandea eta astelehena izan baitziren, 13.967 bidaia gehiago erregistratu dira, hau da, %12 bidaia gehiago.
Era berean, 50.000 bidaia baino gehiagoko igoera erregistratu da neguko jaiegunekin alderatuta, iazkoen antzeko kopuruak, orduan ere ohiko egunetan baino 50.000 bidaia inguru gehiago erregistratu baitziren. Gautxori zerbitzuei dagokienez, aurten 13.069 bidaia zenbatu dira gau bien artean, 2014an baino %20 gehiago, alegia.
San Sebastian jaiari begira, hilaren 19ko arratsaldean Dbusek auzo guztietako lineak indartu zituen Bandera Igoeraren aurretik, gau osoan zehar Igoeraren ondoren eta hilaren 20ko zerbitzua hasi arte, hilaren 20an goizean Haur Danborrada dela-eta eta arratsalde-gauean ere, 2:00ak arte, azken autobus zerbitzuak itxi arte, Bandera Jaitsieraren ondoren.
Autobusaren erabilera oso handia izan da hiriko linea guztietan, eta hauek izan dira egun horietan gehien erabili diren lineak:
- 13-ALTZA: 18.025 bidaia
- 28-AMARA-OSPITALEAK: 15.385 bidaia
- 5-BENTA BERRI: 12.923 bidaia
- 26-AMARA-MARTUTENE: 8.295 bidaia
- 14-BIDEBIETA: 5.908
- 17-GROS-AMARA-MIRAMON: 5.488
- 29-HEGO INTXAURRONDO SUR: 4.872 bidaia
- 9-EGIA-INTXAURRONDO: 4.779 bidaia
- 33-ALTZA-INTX.-ANTIGUA-BERIO: 4.376 bidaia
- 25-BENTA BERRI-AÑORGA: 4.311 bidaia
Datu horiekin, Dbusek jarraitzen du izaten egun horietan donostiarrek hirian mugitzeko aukeratzen duten garraiobidea, egun horietan danborradak kaleetatik ibiltzen baitira eta zirkulazioa zaildu egiten baita. Dbusek eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei izandako pazientziagatik, eta lanean jarraituko du zerbitzua egunez egun hobetzeko
Dbuseko autobusen erabilera handia San Tomas egunean
Pasa den abenduaren 21ean, larunbatean, 2019ko San Tomas eguna ospatu zen, eta egun horretan Dbuseko autobusen erabilera handia erregistratu da. 112.648 bidaia zenbatu dira, kopuruak behin-behinekoak badira ere.
Emaitza horiek kontuan izanda, bidaiarik gehien eduki duen larunbata da Dbusen historian, hiri zerbitzuak Donostian soilik ematen dituenetik. Kopuru horiek 2013an erregistratutakoak gainditzen dituzte; orduan ere San Tomas eguna larunbata izan zen eta 104.604 bidaia zenbatu ziren. Neguko ohiko larunbat batean baino 51.000 bidaia gehiago dira, halaber.
Lineaz linea begiratuta, hauexek izan ziren erabilienak:
- 13-ALTZA: 16.124 bidaia
- 5-BENTA BERRI: 14.668 bidaia
- 28-AMARA-OSPITALEAK: 13.143 bidaia
- 26-AMARA-MARTUTENE: 9.021 bidaia
Autobusen erabilera arrakastatsu hori lortzeko, DBUSek lineak indartzeko dispositibo berezia jarri zuen abian egun osoan zehar, 29 gidari eta autobus gehiagorekin.
Era berean, Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtzionatu ahal izateko.
Dbusek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin
Bigarren urtez jarraian, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko. Oraingo honetan, Zorroaga Fundazioarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta zentro horretan bizi diren adineko 24 pertsonak aukera izan dute gaur, abenduak 19, autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.
Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.
Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 75 eta 90 urte bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.
Pasa den urtean Matia Fundazioaren Lamourous Zentroan bizi zirenen artean jarduerak eduki zuen arrakastaren eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat eta haien ingurukoentzat. Jarduerak garai hauetako ohiko hitzordu bihurtzeko asmoa dauka, hiriko hainbat egoitzarentzat.
Dbus, “Mugikortasuna genero ikuspegitik” izeneko jardunaldiko partaide
Gaur, “Mugikortasuna genero ikuspegitik” izeneko jardunaldia egin da Bilbon, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzako Zuzendaritzak antolatuta, eta Dbusek bertan parte hartu du. 
Jardunaldian, garraioaren sektoreko emakumeen ikuspegi profesionaletik zein emakumeen mugikortasunaren beraren ikuspegitik landu da gaia, kontu hauei helduta: emakume gidarien presentzia garraio publikoan; sektoreko berdintasun politikak; autobus lineetako eskaripeko geldialdiak edo puntu beltzen hobekuntzak; eta genero ikuspegia garraio azpiegituretan. Mahai inguru bat ere antolatu da, eta bertan Konpainiako gidaria den Nerea Bravok hartu du parte.
2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Sare horretako partaide izanik, Dbusek urrats bat gehiago ematen du berdintasunaren eta Konpainiako langileen garapenean laguntzen duten praktika onen alde hartutako konpromisoan.



