Larunbat honetan hasiko da Illunbeko aparkalekua eta hiri Erdigunea lotzeko anezka zerbitzua
Larunbatean, uztailak 11, hasiko da zerbitzua ematen Illunbeko doako aparkalekua eta hiri erdigunea lotuko dituen anezka autobusa, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, sustatuta.
Anezka zerbitzuak Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako hiri erdigunearen arteko joan-etorriak errazten ditu, garraio publikoa sustatzeko eta hiriko trafikoa murrizteko helburuarekin. Azken urteetan, zerbitzua urteko bi garaitan eskaini da, Gabonetan eta udan.
Anezka zerbitzua 30 minutuan behin izango da, egunero, uztailaren 11tik, larunbata, abuztuaren 31ra, astelehena, eta, orain bezala, bi geltoki izango ditu:
- Illunbeko geltokia: irteerak 11:00etatik 22:30era, 30 minutuan behin.
- Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:40ra, 30 minutuan behin.
Tarifak eta ordaintzeko aukerak
Hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira:
MUGI, BAT edo BARIK garraio txartelak, kontakturik gabeko banku txartelak eta lotutako gailu digitalak, QR txartelak eta noizbehinkako bidaia txartela.
Bidaia garraio txartelarekin ordaintzen dutenek auzo guztietara doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbuseko sarean. Era berean, garraio txartelik ez duten bisitariek QR kodea duen bidaia txartel berria eskuratu ahal izango dute, Dbuseko app ofizialaren bitartez, zeina iOS eta Androiderako eskuragarri dagoen. Bidai txartel horrekin, Dbuseko sare osoan nahi beste bidaia egin ahal izango dituzte, bidaia txartela erosi eta hurrengo 30 minutuz, 24 orduz edo 48 orduz.
Autobus %100 elektrikoa
Illunbetik hiri Erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloko autobusa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.
Igarako aparkalekua
Illunbeko aparkalekuaz eta bere anezka zerbitzuaz gain, Igarako gainazaleko aparkalekua (Bernardo Estornes Lasa kalea) prestatu du Udalak Park and Ride edo disuasio aparkaleku gisa. Aparkaleku horrek 220 plaza ditu, doakoa izango da eta konexio garrantzitsuak ditu Dbuseko linea erregular hauekin: 5, 25, 24, 27, 33, 35, 40, 43, 45 eta B1. Aparkalekurako sarbidea librea eta doakoa da, baina gehienez 24 orduz aparkatu ahal izango da bertan, txandakatzea errazteko.
Dbus, 140 urte zurekin
2026an 140 urte beteko dira Donostiako Tranbia Konpainia sortu zenetik, 140 urte donostiarren hainbat belaunaldik garraio kolektiboaren alde egiten eta enpresa hiriaren zati banaezin gisa hazten eta eboluzionatzen.
1886ko udan eratu zen DTK, Gipuzkoako enpresarik zaharrenetakoa eta gaur egun Dbus izen komertzialarekin oraindik ere martxan dagoena. Zerbitzua 1887an hasi zen, zaldiek tiratutako tranbiekin; ondoren, tranbiak eta trolebus elektrikoak martxan jarri ziren, eta, azkenean, 60ko hamarkadatik 70ekora bitartean horiek autobusekin ordeztu ziren. Hau da, DTKren flota eraldatuz joan da, hiriaren bilakaerarekin batera.
Gaur egun, Dbusek bere historiako eraldaketa handienetako bat bizi du, bere flota eta Kotxetegietako instalazioak elektrifikatzen ari baitira. Mugikortasun eredua aldatzeko apustua, ingurumenean duen inpaktua arintzeko eta ahalik eta gehien murrizteko, eta erabiltzaileen esperientzia are gehiago hobetzeko. Konpromiso soziala eta Donostiako herritar guztientzat etorkizun hobea nahi duen hiri proiektua ere bada, une honetan Dbus bidaien datu historikoak erregistratzen ari da-eta.
Horregatik, uda honetan eskerrak eman nahi dizkizugu zure bizitzaren parte egiteagatik. 140 urte elkarrekin bidaiatzen.
#Dbus140UrteZurekin
#Dbus140añosContigo
Ekainaren 23tik aurrera Dbusek zerbitzu gehiago emango ditu udan
Ekainaren 23an, asteartean, San Juan bezperan, Dbuseko udako zerbitzuak hasiko dira, eta abuztuaren 31ra arte, astelehena, eskainiko dira. Udan, halaber, Dbusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu denboraldiko ekitaldirik garrantzitsuenetarako.
Era berean, berriro jarriko da abian Illunbeko aparkalekuaren eta hiriko Erdialdearen arteko anezka zerbitzua.
- Gautxori zerbitzua, ekainaren 23an, San Juan bezperan
Ekainaren 23an, San Juan bezperan, Dbusek auzoetara dituen autobus zerbitzuen ordutegiak luzatuko ditu eta 1:00ak arte egongo dira gautxori zerbitzuak Boulevardetik. Hauek izango dira zerbitzuak:
> Informazioa ikusi (pdf)
- Dbus zerbitzu gehiago auzoetara
Ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte, hiriko gune gehienetan aparteko zerbitzuak egongo dira; izan ere, udan autobusek beranduago egingo dituzte azken irteerak, eta asteko egun guztietan zerbitzuak beranduago bukatu dira. Hauek dira zabaltzen diren ordutegiak:
> Informazio osoa ikusi (pdf)
- Gautxori zerbitzu gehiago ostiral, larunbat eta jai bezperetan
Ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte, asteburuko gautxori zerbitzuak goizaldeko 4:00etan amaituko dira, ostiral, larunbat eta jai bezpera guztietan. Boulevardetik irtengo dira.
> Informazio osoa ikusi (pdf)
- Igeldoko zerbitzua maizago ekainaren 23tik
Ekainaren 23tik (asteartea) abuztuaren 31ra (astelehena), 16-Igeldo linearen maiztasuna handiagoa izango da 10:05etik 21:05era bitartean, Boulevardetik 20 minutuan behin aterako baita (11:00etatik 22:00etara Kanpinetik). Era berean, 23:00etan eta 00:00etan ere irtengo da Boulevardetik.
Bestalde, garai berean ostiral, larunbat eta jai bezperetako gauetan Igeldok gaueko autobus zerbitzua izango du B7-Igeldo gautxori linearekin. Gautxoria 1:00etan, 2:00etan, 3:00etan eta 4:00etan aterako da Boulevardetik, eta Kontxa pasealekutik joango da zuzenean Igeldoraino eta Kanpineraino.
- Zerbitzu bereziak udako ekitaldietarako
Aparteko autobus zerbitzuak egingo dira hirian udan egin ohi diren ekitaldietarako (Jazz Jaialdia, Aste Nagusia, kontzertuak, etab.). Informazioa ekitaldi bakoitzean emango da bereziki.
- Maiztasun handiagoa 24 eta 27 lineetako autobusetan
Ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte, jaiegunetan 24-Altza-Gros-Antigua-Intxaurrondo eta 27-Altza-Intxaurrondo-Antigua-Gros lineetan autobusak 30 minutuko maiztasunez ibiliko dira, izan ere, hil horietan asteko egun guztietako ordutegiak bateratuko dira.
- Anezka zerbitzua Illunbeko aparkalekutik Erdialdera
Uztailaren 11tik aurrera, larunbata, abuztuaren 31ra arte, astelehena, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bitartez, autobus anezka zerbitzua jarriko dute berriro, Illunbeko aparkalekua eta hiriko Erdialdea lotzeko.
> Informazio osoa ikusi (pdf)
> Informazio osoa deskargatu (pdf)
Dbusen 41 linean aldaketak ekainaren 23tik aurrera
Ekainaren 23an, asteartean, Dbusek 41-Gros-Egia-Martutene linearen ibilbidea aldatuko du, linearen funtzionamendua hobetzeko. Linea horretako zerbitzuaren eskaera handitu izanak, Larrunmendin egiten ari diren obrekin batera, puntualtasunak eta abiadura komertzialak okerrera egitea ekarri du. Horregatik, linearen funtzionamendua arintzeko aukera emango duten doikuntzak egingo dira ibilbidean, bi noranzkoetan. Aldaketa horiek aldi baterako izango dira eta Martuteneko lanak amaitzean lehengo ibilbidea egitera bueltatuko da.
Loiolako Erriberetan (Gros alderantz):
- Bartzelona 35 eta Bartzelona 15 geralekuak lekualdatu egingo dira, eta horietan gelditu ordez Bartzelona 37 izeneko geraleku berrian geldituko da. Geraleku horietatik 35 metrora eta 250 metrora egongo da, hurrenez hurren, geraleku berria. Horrela, auzotik egingo duen ibilbidea laburragoa izango da.
Txomin Enean (Martutene alderantz):
- Txomin Eneako Anbulatorioa eta Felisa Martin Bravo geralekuak Renfe Loiolara lekualdatuko dira. Geraleku hori lekualdatutako geralekuetatik 130 metrora eta 400 metrora dago, hurrenez hurren. Horrela, zerbitzuak ez dira Txomin Enearen barrualdetik ibiliko.
Dbusek 466 tona CO2 isurtzea saihestu zuen 2025ean, autobus elektrikoei esker
Emisio horiek gure hirian 20.000 zuhaitz landatzearekin parekatu daitezke.
Dbusek zero emisioko garraio publiko baten alde egindako apustu argi eta irmoari esker, 2025ean gure hirian 466 tona CO2 isurtzea saihestu da. Flota apurka-apurka deskarbonitzatzeak eta horrela 2030ean flota %100 elektrikoa eta CO2 emisiorik gabekoa izatea lortzeak, hau da, Bideberdea proiektuak, airearen kalitatea nabarmen hobetzea eta kutsadura akustikoa murriztea dakar, Donostia espazio atseginagoa bihurtuta.
Gaur ospatuko den Ingurumenaren Egunarekin batera, Dbusek kanpaina bat abian jarri du, ibilgailu berri horiek gure hirirako jada ekartzen ari diren onuren berri emateko, jasangarriagoa den eta gutxiago kutsatzen duen garraio publiko bat izateak dakartzan abantailak argi eta zuzenean nabarmentzen dituen mezu batekin.
Bideberdearen bide berdeari jarraituz, kanpaina hiriko hainbat gunetatik igarotzen ari da, autobus flota izaten ari den eraldaketa jada nabaria den guneetatik, hain zuzen; izan ere, 2025ean flotak emisioak gutxitu zituen, eta emisio gutxitze hori 20.000 zuhaitz landatzearekin parekatu daiteke. Teknologia aurreratuagoa duen eta ingurumena errespetatzen duen flota bat lortze aldera egindako lan horren ondorioz, Dbusek 56 autobus %100 elektriko eta 55 autobus hibrido ditu zerbitzuan, Donostia elektromugikortasuneko erreferente gisa Europan duen posizioa indartuta eta emisio kutsagarririk gabeko hiri baten alde eginda.
Dbus, Global Mass Transit nazioarteko konferentziara gonbidatua, bere elektrifikazio eredua aurkezteko
Dbusek flota eta Kotxetegietako instalazioak elektrifikatzeko duen proiektua aurkeztu du Amsterdamen, Global Mass Transit erakundeak antolatutako “Clean Buses in Europe” nazioarteko konferentziaren 9. edizioan. Topaketa horretan Europako garraio publikoko operadore nagusietako batzuek parte hartu dute, hala nola EMT Madrid, Transport for London, Gobus, Translink edo Dublin Bus, zero emisioko garraio publikoko sistemetarako bidean aurrera egiten dituzten esperientziak eta estrategiak partekatzeko.
Dbusek nazioarteko foro horretan parte hartzeak agerian uzten du Konpainia garatzen ari den eraldaketa proiektuak lortutako aitortza, dimentsio askoz handiagoko operadoreen eztabaida tekniko eta estrategiko maila berean kokatu baita.
Jardunaldi horietan, Eduardo Gonzalezek, Dbuseko Zuzendari Teknikoak, flota deskarbonizatzeko prozesuaren berri eman du, zeina flota%100 emisiorik gabekoa izateko eraldaketa integralerako makroproiektu estrategiko gisa pentsatu baita. Makroproiektu hori elkarri lotutako jarduera ildo askotan egituratzen da, tartean direla hornidura elektrikoa handitzeko eta tentsio ertain eta baxuko azpiegiturak hedatzeko jarduerak, eta pantografo alderantzikatuaren bidez kargatzeko sistemak eta energiaren kudeaketa adimenduna (Smart Charging) ezartzeko, aparkatzeko lekuak egokitzeko eta autobus elektrikoak apurka-apurka sartzen joateko jarduerak ere bai.
Proiektuaren barruan, gainera, ibilgailuak eta azpiegiturak gainbegiratzeko eta monitorizatzeko sistema aurreratuen garapena sartzen da, bai eta ibilgailu elektrikoetarako suteetatik babesteko azpiegitura espezifiko berriak gauzatzea ere, hori baita Europako operadoreek elektrifikazio prozesuaren gaineko teknologiei eta arauei lotuta egun dituzten erronka nagusietako bat.
Flotaren eraldaketa Bideberdearen parte da, hots, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, eraginkor eta isila bihurtzeko eta 2030ean Dbuseko flota %100 jasangarria izan dadin egindako apustuaren parte. Teknologiaren aldetik aurreratuagoa eta ingurumena errespetatzen duen flota baterantz egindako lan horren ondorioz, gaur egun Dbusek 56 autobus %100 elektriko eta 55 autobus hibrido ditu zerbitzuan.
Nazioarteko jardunaldietan parte hartuz, Dbusek garraio operadoreekin, fabrikatzaileekin, ingeniaritzekin eta sektoreko profesionalekin ezagutzak eta esperientziak partekatu ditzake, azken joera teknologiko eta operatiboak bertatik bertara ezagutzeaz gain. Era berean, Donostiak elektromugikortasuneko erreferente gisa Europan duen posizioa indartzen du, 2014an Europako fabrikazioko autobus elektriko bat zerbitzuan jarri duen Europako lehen hiria baita, eta hiri garraio publikoaren deskarbonizazio osorako bidean irmo aurrera egiten ari baita.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Dbusek hiri biodibertsitateari buruzko kanpaina bat bultzatzen dute Donostiako markesinetan
Biarteko Mugi proiektuaren barruko ekimen bat da, eta zientzia eta artea uztartzen ditu hiriko natura herritarrengana hurbiltzeko.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Dbusek hiriko biodibertsitateari buruzko dibulgazio kanpaina bat jarri dute abian Donostiako autobusetako markesinetan. Hiriko hainbat tokitan jarriko diren 32 kartelen bidez, kanpaina honek hiriko ingurunean donostiarrekin batera bizi diren espezieak ezagutzeko eta hiria ikuspegi berri batetik begiratzeko gonbita egiten die herritarrei.
Kartel bakoitzak espezie baten ilustrazio zientifikoa aurkezten du. Intsektuen, hegaztien, anfibioen, landareen edo likenen ilustrazioak dira, besteak beste. Ilustrazioaren atzealdean, Donostiako toki zehatz bat agertuko da. Irudikatutako espeziea aurki daitekeen lekua izango da. Horrela, basa bizitza presente dagoen eguneroko eta ustekabeko lekuak erakusten dira.
Hala, kartel horiei begira hiritik dabiltzanek hormako sugandila ikusi ahal izango dute Urgullen, armiarma karramarroa Igeldon, mantangorria Aieteko Parkean edo hegoaldeko zuhaitz-igela, Dbusen logotipoa ere badena, Igarako putzu batean. Izan ere, espezie deigarrienak ez ezik, txikienak eta diskretuenak ere harrigarriak dira, espaloi, horma edo hiri lorategietan benetako fenomeno ekologikoen protagonista dira-eta.
Dbuseko mupietan aukeratutako espezie guztiak erraz ikusten dira, eta, beraz, ohikoak dira Donostian. Kanpaina ekainaren amaiera arte egongo da martxan, eta, gainera, Biarteko Mugi proiektuaren ibilbideen aurrerapen txiki bat da, ibilbide horiek laster egin ahal izango baitira hiritik. Ibilbide horiek, ikus-entzunezko pieza txikien bidez, Donostiako biodibertsitatea eta horri lotutako prozesu ekologikoak gerturatuko dizkigute.
Kartelen kokapena (mapan ikusi)
EGIA – ERRIBERAK – LOIOLA
- Polloeko hilerria – Horma-goroldioa
- Epaitegia / Mandasko Dukea – Erle-eulia
- Loiola / Lorategi hiria – Meatze-erlea
- Bartzelona Hiribidea 35 – Katamotz armiarma
ERDIALDEA – BOULEVARD – GIPUZKOA PLAZA
- Askatasunaren Hiribidea 34 – Inurri beltza
- Boulevard 17 – Dragoitxo arrunta
- Boulevard 7 – Liken horia
- Mirakruz Gaina II – Arrabio arrunta
- Okendo 10 – Horma-sugandila
GROS – ATEGORRIETA – INTXAURRONDO – ALTZA
- Ategorrieta 21 – Txilar kantauriarra
- Otxoki – Armiarma jauzkaria
- Jesuitak – Garaizka arrunta
- Pablo Sorozabal plaza /Zarategi – Amiral gorria
- Elosegi 21 / Ategorrieta – Zozo arrunta
ALTZA – BUENAVISTA
- Arri Berri – Aihen zuria
- Buenavista 12 – Kaskabeltz handia
AIETE – SEMINARIOA – MIRAMON
- Mikeletegi pasealekua (Poliklinikaren atzean) – Afrikar gorria
- Oriamendi pasealekua 20 – Arkanbelea
- La Cumbre – Mantangorria
- Mendigain 1 / Zorroaga – Hurritza
- Seminarioa – Liztor buztingilea
ANTIGUO – FUNIKULARRA – IGELDO – ZUATZU
- Tolosa Hiribidea / Antonio Gaztañeta – Krustazeo likena
- Miramar Jauregia – Liztor lorea
- Zubimusu – Murruntza
- Kristobal Balenziaga 42 II / Igeldo – Armiarma karramarroa
- Tolosa Hiribidea / Irakasle Eskola – Sorbeltz arrunta
- Zuatzu – Laharra
IGARA – PORTUETXE
- Portuetxe – Hegoaldeko zuhaitz-igela
AMARA ALDEA – ZORROAGA – OSPITALEAK
- Begiristain Doktorearen pasealekua 94 – Zimitz marraduna
- Pio XII.a – Txikori belarra
- Madril Hiribidea 3 – Etxe-txolarrea
- Antso Jakituna 12 – Belatz-eulia
Aldaketak Dbusen 16 eta 28 lineetan maiatzaren 1etik aurrera, ostirala
Maiatzaren 1ean, ostiralean, aurreikusita dago Dbusek 16-Igeldo eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan aldaketak martxan jarriko dituela, bi lineetan puntualtasuna hobetzeko eta ordutegiak hobeto betetzeko. Hauek dira egingo diren aldaketak.
16-IGELDO:
- Irailaren 1etik ekainaren 22ra: linearen maiztasuna 30 minutukoa izango da (maiatzaren 1ean hasiko da). Hori dela eta, Igeldoko eta Boulevardeko irteera orduak aldatuko dira, eta honela geratuko dira:
-
- Irteerak Boulevardetik: xx:00h eta xx:30h
- Irteerak Igeldotik:
– 9:30ak arte: xx:00h eta xx:30h (aldaketarik gabe).
– 9:30etik 21:30era: xx:15h eta xx:45h.
– 21:30etik aurrera: xx:00h eta xx:30h (aldaketarik gabe).
- Ekainaren 23tik abuztuaren 31ra: 20 minutuko maiztasuna.
Ordutegi eta maiztasunen aldaketak ez du eraginik geralekuen definizioan, ezta ibilbidean ere, aldaketarik gabe mantenduko dira-eta. Horrela, lineari fidagarritasuna eman nahi zaio urte osoan, herritarrei zerbitzu puntuala eta kalitate handiagokoa eskainiz.
- 28-AMARA-OSPITALEAK:
Zehazki, astegunetan Boulevardeko irteera ordu batzuk aldatuko dira 7:10etik 8:55era bitartean (7:20tik 9:19ra bitartean Miramonetik), maiztasuna 7 minutukoa izango baita. Larunbatetan, 11:05etik 21:12ra bitartean Boulevardeko irteera orduak aldatuko dira (11:31tik 21:02ra bitartean Miramonetik), maiztasuna 7-8 minutukoa izango baita. Igande eta jaiegunetan ordutegiak lehen irteeretan eguneratuko dira, eta 11:05etik 20:07ra bitartean Boulevardeko (11:20tik 20:30era bitartean Ospitaleetatik), tarte horretan maiztasuna 8-9 minutukoa izango baita.
Dbusek bat egiten du Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunarekin
Apirilaren 25ean Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta Dbusek adierazi nahi du egunarekin bat egiten duela, AVAIM elkarteak (Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartea) antolatu dituen jardueretan lagunduz.
Horregatik, bihar, larunbata, Donostiako hiri autobus guztiek egunaren kartela eramango dute, egoera hori bizi duten pertsonei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko.
Garbera II geraleku berria 31 linearako
Astelehenetik aurrera, apirilak 27, Dbuseko 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lineak geraleku berria izango du Garberan, Garbera II izenekoa. Eraikinaren alboan egongo da, lurpeko aparkalekura sartzeko arrapalaren ondoren (ikusi irudia). Altzarantz doanean zein Loiola-Amarantz doanean geratuko da geraleku horretan. Era berean, Garbera IIk Garbera geralekua ordezkatuko du linea horretarako.
Bestalde, 22:35ean merkataritza gunetik irteten den 33-Larratxo-Intxaurrondo-Berio-Igara linearen zerbitzu bereziak (Garbera-Boulevard) geraleku bietan egingo du geldialdia: lehenengo, Garberan, eta gero Garbera IIn.
