14 autobus hibrido gehiago Dbus-en flotan
Dbusek badauka jada 12 metroko 14 autobus hibrido gehiago. MAN etxearen Lion’s City NL HIBRIDO modeloko autobusak dira (A37), Dbusek bere flotan sartu duen autobus hibridoaren azken modelokoak, alegia. Gaur aurkeztu dira ibilgailuak, Donostiako Udaletxean egindako ekitaldi batean, Udaleko alkate Eneko Goia, Mugikortasun eta Garraioen zinegotzi Pilar Arana, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalez eta MAN Truck & Bus Iberia enpresaren Hiri Ibilgailuen arduradun komertzial Tomas Merino bertan zeudela.
Aurkeztutako ibilgailuak zerbitzuan sartu dira progresiboki, Konpainaren diesel autobus zaharrenen ordez, flota berritzeko planarekin jarraituta.
Autobus hibridoen ezaugarriak
2018ko otsailaz geroztik Dbusek modelo horretako lau autobusak ditu. MAN etxearen Lion’s City NL Hibrido modeloak igorpenak %25 inguru murrizteko aukera ematen du antzeko ezaugarriak dituzten autobusen aldean, eta agerian uzten du Dbusek ekologia eta jasangarritasunarekin duen konpromiso etengabea. Ildo honetan, aurreikusten da urtean 350 tona CO2 gutxiago igorriko dela.
Ibilgailu horiek bezala, autobus hibrido berriek hobekuntza batzuk dituzte:
– “Serie”-ko konfigurazioa, abiadura kaxarik gabea, gidatzea oso eroso egiten duena.
– Frenatzearen energia berriro erabilgarri egiten dute, suabeago frenatuz, freno elementu mekanikoen kontserbazio handiagoa daukate eta energia gordetzeko sistemari etekin handiagoa ateratze diete.
– Arrive & Go funtzio berritzailea dute, zeinarekin ibilgailua geltoki batera hurbiltzen denean eta ibilgailua abiarazten denean edo abiarazten ari den bitartean modu elektrikoan baino ez duen funtzionatzen, gasik igorrik gabe eta ingurunean kutsadura akustikorik eragin gabe.
– Eskatutako geltokiaren kartela dute atzeko aldean erabiltzaileen erosotasunerako.
– USB kargagailu bi dituzte, bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko.
– Ateetan kamerak ere badituzte harrapatuta geratzea eragozteko, baita atzera martxa egiterakoan talkak eragozteko ere.
– Ateen aldeetan led argiak, horiek zabaltzean eta ixtean pizten direnak.
– Ibilgailuen argi guztiak, baita kanpoko kartelena ere, led argiak dira, aurrezpen energetiko handiago ahalbidetzeko eta hobeto ikusteko.
Ibilgailu berri hauek gehitzeak 4.632.600 euroko inbertsioa eskatu du, eta inbertsio hori bankuko mailegu baten bitartez finantzatzen ari da. Dbusek azken hamarkadetan egin duen autobus erosketarik garrantzitsuenetako bat da.
Era berean, 14 autobus hibrido berri horiek sartuta, Dbusek bere flotan dituen 12 metroko autobusen ia %45 elektriko-hibridoa da jada, eta ingurumenarekin errespetutsuak diren flotetako bat.
Dbusek autobus maketa berri bat kaleratu du ibilgailu modelo berri honetan oinarrituta, hau da, MAN etxearen Lion’s City NL Hibrido autobus modeloan oinarrituta.
Maketak autobus modeloa zehaztasunez irudikatzen du, eta datozen egunetan Dbusen webgunearen bitartez eskuragarri egongo da. Webgunearen atal berean, MAN etxearen LION’S CITY modeloko autobusaren maketa ere eskuratu daiteke oraindik ere.
KaTy robota Dbus-eko autobus batean joan da Donostia Ospitalera haurrei bisita egitera
Gaur, otsailak 15, Haurren Minbiziaren Nazioarteko Eguna da eta, hori dela-eta, Dbuseko autobus elektriko batek gaur arratsaldean Donostia Ospitalera eraman du KaTy robota, Star Warseko beste pertsonaia batzuekin batera, ospitaleko Pediatria Unitatean gaixorik dauden haurrak bisitatzeko.
Gaurkoarekin Dbusek bigarren aldiz parte hartu du ekitaldi horretan. Ekitaldia Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak antolatu du Osakidetzarekin eta ASPANOGIrekin elkar lanean (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea). KaTy edo R2-KT Star Wars filmetako R2-D2 robotaren arrosa koloreko bertsioa da eta ThePinkForce komunitate donostiarrak sortutakoa da. Talde hori George Lucasen sagaren jarraitzailea da eta R2 eraikitzaileen klubeko kide. Gainera, munduan R2-KTren hiru erreplika bakarrik daude baimenduta eta KaTy da horietako bat. Ekitaldia “#ThePinkForce” haurren minbiziaren aurkako borrokaren aldeko kanpainarekin dago lotuta.
R2-KT robota eta haurren minbiziaren aurkako borrokarekin duen lotura
Ekitaldi horren jatorrian Albin Johnson dago, 501 Legioaren sortzaileetako bat. Legio hori nazioarteko elkarte bat da, kalitate zinematografikoko Star Warseko jantzien inguruan sortutakoa eta ekitaldi solidarioak laguntzen dituena. 2004an minbizia diagnostikatu zioten bere alaba Katieri eta Albin Johnsonek, elkarteko beste kide batzuekin batera, R2-KT robota sortu zuen bere alabari laguntzeko.
Une horretan, robota minbizia zuten haurren ikur bihurtu zen eta ordutik 501 Legioak eta R2-KT robotak, Star Wars komunitatearekin batera, gaixotasun horren aurkako borrokan laguntzen dute, mundu mailan haurren minbiziaren aurkako borrokan ikur bihurtuta.
Dbus-ek bere 500. autobusa gehitu du bere flotan
Dbus autobus hibrido berriak gehitzen ari da bere flotan, eta datozen egunetan aurkeztuko dira autobus horiek. 14 ibilgailu berri etorriko dira eta horien artean egongo da flotako 500. autobusa, kontuan izanda Konpainiaren zati izan diren autobusak eta trolebusak. MAN etxearen Lion’s City NL HIBRIDO autobusa da (A37), eta 804 zenbakia ezarri zaio Dbusen flota osoaren barruan. 500. autobusa ibilgailu hibrido bat da, eta igorpenak %25 inguru murriztea ahalbidetzen du, antzeko ezaugarriak dituzten autobus dieselen aldean.
Flotaren bilakaera
Dbus 1886an eratu zen, Donostiako Tranbia Konpainia izenarekin, eta historiako 133 urte hauetan hainbat teknologiatako ibilgailuekin funtzionatu du. Odol trakzioa zuten edo animaliek tiratutako tranbiekin hasi zen eta ondoren tranbia elektrikoak sartu zituen, eta gerra zibilaren aurretik lehen autobusa sartu zuen bere flotan. Autobus horiek urte gutxitan egon ziren zerbitzuan, eta 1944an tranbia elektrikoak baino ez zeuden flotan.
1948an, lehen trolebusak sartu ziren (trakzio elektrikoko autobusak) eta autobus batzuk erosi ziren hiriak zeuzkan elektrifikatu gabeko lineetarako. 1973az geroztik flotan autobusak baino ez dira egon. 2011n Dbusek lehen autobus hibridoa sartu zuen bere flotan eta 2014an lehen autobus %º100 elektrikoa.
Ondoren datozen 5 ibilgailuak Konpainiak bere autobus eta trolebusen flotan sartu zituen 1., 100., 200., 300. eta 400. Ibilgailuak dira
Data: 1934a gutxi gorabehera.
Modeloa: Berliet
Matrikula: SS-8792
Flota barruan zuen zenbakia: 1
Autobus diesela, Tolosan Hijos de Ildefonso Eizagirre sozietateak jarritako karrozeriarekin.
(Argazkia: Trenaren Euskal Museoa)
Data: 1961a gutxi gorabehera.
Modeloa: BUT Q1 (British United Traction)
Matrikula: Matrikularik gabe
Flota barruan zuen zenbakia: 91
Bi solairuko trolebusa, London Transport Executiveri erosia.
(Argazkia: Jean-Henri Manara)
Data: 1982
Modeloa: Pegaso 6038
Matrikula: SS-6680-P
Flota barruan zuen zenbakia: 206
Autobus diesela, Burillo jarritako karrozeriarekin. Hiru atedun lehen autobusa flotan.
(Argazkia: Jokin Larrañaga)
Data: 1997
Modeloa: Mercedes O405N2
Matrikula: SS-0464-AZ
Flota barruan zuen zenbakia: 523
Autobus diesela, Burillo jarritako karrozeriarekin. Mugikortasun urria duten pertsonentzat solairu baxua eta arrapala zituen lehen modeloa izan zen.
(Argazkia: Jokin Larrañaga)
Data: 2008
Modeloa: MAN Lion´s City
Matrikula: 5384 GDN
Flota barruan zuen zenbakia: 709
Autobus diesela, MANek jarritako karrozeriarekin eta egungo irudi korporatiboarekin.
(Argazkia: Sergio Ibañez)
Dbus-ek mugikortasun elektrikoan duen esperientziaren berri eman du
Gaur mugikortasunari buruzko MOUVEMENTS jaialdia egin da Donibane Lohizunen, Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasun Sindikatuak antolatuta, eta Dbusek elektromugikortasunari lotuta dituen esperientziak eta proiektuak jakinarazi ditu bertan. Mugikortasunari lotutako agente batzuk bildu eta haien artean esperientziak eta ezagutzak trukatzeko asmoarekin egindako foro bat da jaialdia.
Jardunaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, Dbusek elektromugikortasunarekin eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra den garraioarekin duen konpromisoa azaldu du, bai eta elektromugikortasunari lotuta Konpainian gaur egun lantzen ari diren proiektuak ere. Era berean, floten elektrifikazioari modu bideragarrian aurre egiteko operadoreek dituzten premiez eztabaidatu da, bai eta soluzio teknologiko honek konpainien egunerokoan erabiltzeko eta beste propultsio sistema batzuekin konbinatzeko dituzten abantailez eta desabantailez ere.
Dbus E-MOBASK proiektu europarrean parte hartzen ari da, Euskal Kosta-Aturriko Mugikortasun Sindikatuarekin (SMPBA) eta Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintzaritzarekin (GGLA) batera, Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta errazteko asmoarekin. Proiektuaren zati bat –%65– Eskualde Garapenerako Europako Fondoarekin (FEDER) finantzatuko da, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.
Dbus-ek bat egiten du Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin
Dbusek bat egiten du otsailaren 4an ospatuko den Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Horregatik, astelehenean, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute, gaixotasun hau pairatzen dutenei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko.
Bukatu da Dbus-en lehen autobus %100 elektriko artikulatuaren proba pilotua
Azken 6 hilabeteetan Dbus bere lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzen aritu da. Irizar Taldeak fabrikatutako ie tram modeloan frogatu da lehen esperientzia pilotu hori. Ibilgailuak 28-Amara-Ospitaleak linean eman du zerbitzua, hau da, Dbuseko linearik erabilienean eta Euskadin urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen linean.
Proba pilotu berritzaileari esker, sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan da. Benetako baldintzetan eta bidaiariekin zein hutsik edo bidaiaririk gabe doala probatu da. Ibilbidean zehar kargatzeko Miramonen instalatu den azpiegitura elektrikoa frogatzeko probak ere egin dira. Autobusak bukatu ditu jada zerbitzuko probak, baina urtarrilaren 31ra arte funtzionamenduan jarraituko du azpiegituraren froga gehiago egiteko.
Irizarren ie tram-a 18 metroko autobus bat da, ez du batere kutsatzailerik igortzen (0 igorpen) eta isila da. Horrez gain, diseinu berritzailea dauka eta estetika aerodinamiko erakargarria. Kotxetegietan gauez egiten zuen kargaz gain, proba pilotuan autobusak aukerako karga egiten zuen ibilbidean zehar, 28 lineak Miramonen duen linea buruko geltokian, hain zuzen. Izan ere, geltoki horretan instalatu zen karga horretarako beharrezkoa den azpiegitura elektrikoa. Azpiegitura bera ere Irizar Taldeak garatutakoa eta hornitutakoa zen. Kargarako, autobusak goiko aldean duen pantografoa zabaldu eta karga zutoinarekin konektatzen zen.
18 metroko autobus %100 elektriko artikulatu batekin egin den proba hau beste urrats bat da Donostiako autobus flota elektrifikatzeko prozesuan. Linea honetan, Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu eta beste proiektu pilotu batzuk lantzen ari da mugikortasun iraunkorragoa bultzatzen jarraitu ahal izateko.
Dbus-eko autobusen erabilera handia San Sebastian egunean, 157.025 bidaiarekin
Urtarrilaren 19an eta 20an, San Sebastian eguna zela eta, erabiltzaile asko erregistratu dira Dbuseko autobusetan. Guztira, urtarrilaren 19tik urtarrilaren 20ra bitartean, hau da, larunbatetik igandera bitartean, 157.025 bidaia zenbatu dira (behin-behineko datua). 2013. urtearen aldean, orduan ere urtarrilaren 19a eta 20a larunbata eta igandea baitziren, 3.554 bidaia gehiago erregistratu dira.
Era berean, ohiko larunbat eta igande batean baino 51.000 bidaia gehiago erregistratu dira. Pasa den urteko datuei dagokienez, iaz jaia ostiralean eta larunbatean ospatu zen, eta ohiko ostiraletan eta larunbatetan baino 38.000 bidaia gehiago erregistratu ziren; beraz, aurtengo datuek erakusten dute ohiko bidaiekiko igoera bat egon dela, asteko egunaren arabera.
Era berean, gautxori zerbitzuetan 17.440 bidaia zenbatu dira gau bien artean. Berez, urtarrilaren 19ko gauean 12.400 bidaia erregistratu dira, eta hori gau bakar bateko errekor historikoa da gautxori zerbitzuetan.
San Sebastian jaiari begira, hilaren 19ko arratsaldean Dbusek auzo guztietako lineak indartu zituen banderaren Igoeraren aurretik, gau osoan zehar Igoeraren ondoren, hilaren 20ko zerbitzua hasi aurretik, hilaren 20ko goizean, Haur Danborrada dela eta, eta 20ko arratsalde-gauean, 4:00etara arte, azken autobus zerbitzuak itxi arte, banderaren Jaitsieraren ondoren.
Autobusaren erabilera oso handia izan da hiriko linea guztietan, eta hauek izan dira egun horietan gehien erabili direnak:
- 13-ALTZA: 19.877 bidaia
- 28-AMARA-OSPITALEAK: 18.740 bidaia
- 5-BENTA BERRI: 18.044 bidaia
- 26-AMARA-MARTUTENE: 10.165 bidaia
- 25-BENTA BERRI-AÑORGA: 6.831 bidaia
Datu horiekin, Dbusek jarraitzen du izaten egun horietan donostiarrek hirian mugitzeko gehien aukeratzen duten garraiobidea, izan ere, danborraren bideak zirkulazioa oztopatu ohi du. Dbusek eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei izandako pazientziagatik, eta lanean jarraituko du zerbitzua egunez egun hobetzeko.
Dbus-eko bidaien gorakada historikoa
2018an, 29.168.562 izan dira Dbusen zerbitzuetan autobusez egindako bidaiak (behin-behineko datua), eta aurreko urtean, berriz, 28.402.059 bidaia erregistratu ziren. Horrek esan nahi du bidai kopuruak igoera handia eduki duela, urtean 766.503 bidaia gehiago egin baitira. 2000tik egon den igoerarik handiena izan da, eta orain arteko bigarren bidai kopururik handiena, 2012an 29.216.698 bidaia erregistratu ziren eta.
Uztailaren hasierara arte Astiñeneko zubia itxita egon den arren eta horren ondorioz denbora tarte horretan autobusek 34.000 bidaia gutxiago egin badute ere, 766.503 bidaia gehiago egon dira azkenean, 24-27-41 lineek egin behar izan dituzten ibilbide alternatiboei esker.
Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea Dbusen zerbitzuen erabilerak lanegunetan, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan eta gautxori zerbitzuetan ere egin duela gora, 2013ko martxoan Gipuzkoan tarifa bateratuta abiarazi zenetik errekor historikoa lortuta.
Horrenbestez, datu horiekin, Dbusek tarifa bateratu aurretik garraio publikoaren erabileran zuen maila eskuratu du berriro, jakinda 2011n izan zuela erabilera mailarik handiena 2004tik etengabe igotzen aritu ondoren.
Mugikortasuneko zinegotzi Pilar Aranak oso ondo baloratu du 2018an erregistratu den bidai gorakada, eta azpimarratu du “Dbuseko autobusen erabilera maila altuari esker hiria lehenengo lekuan dagoela garraio publikoaren erabilerari dagokionez. Nabarmendu du, halaber, erabiltzaileak oso pozik daudela Dbusek ematen duen zerbitzuarekin, zerbitzu eraginkorra eta gero eta iraunkorragoa baita, flotan sartu dituen autobusak modernoagoak eta garbiagoak direlako”.
2018a zenbakitan
2018an linearik erabiliena 28-AMARA-OSPITALEAK linea izan da, 4.141.657 bidaiarekin, eta ondoren 13-ALTZA linea 3.659.161 bidaiarekin eta 5-BENTABERRI linea 3.098.813 bidaiarekin.
Abuztua izan da autobusa gehien erabili den hilabetea, 2.599.594 bidaiarekin (Donostian Dbus autobusen hileko erabilerari dagokionez inoizko kopururik handiena), eta horren atzetik uztaila, 2.526.588 bidaiarekin, urria, 2.498.588 bidaiarekin, eta iraila, 2.490.072 bidaiarekin.
Igoera nahiko homogeneoki erregistratu da urte osoan zehar, izan ere, neguko hilabeteetan zein udakoetan erabili da gehienbat autobusa oro har. Zalantzarik gabe, eman den zerbitzu onak eragin du horretan, nagusiki puntualtasunaren aldetik izandako indize altuengatik eta zerbitzuan lortutako abiadura komertzial handiarengatik; izan ere, horregatik da garraio publikoa hirian mugitzeko modurik eraginkorrena donostiarrentzat.
Urteko egun hauetan erabili da gehien autobusa: abenduaren 21ean (San Tomas) 120.193 bidaiarekin (horixe da, hain zuzen, Donostian garraio publikoa erabili deneko zifra historikorik handiena); urtarrilaren 19an (San Sebastian bezpera), 115.837 bidaiarekin; abuztuaren 14an (Ama Birjinaren egunaren bezpera), 112.752 bidaiarekin; urriaren 31n (Halloween gaua), 106.386 bidaiarekin; azaroaren 23an (Black Friday), 102.019 bidaiarekin; abenduaren 5ean, 101.637 bidaiarekin; eta abenduaren 20an, 100.991 bidaiarekin.
Bide beretik, bada beste datu positibo bat: Gautxori zerbitzuaren erabilera nabarmen handitu da, 210.248 bidaia erregistratu baitira; alegia, aurreko urtean baino 20.625 bidaia gehiago (%11ko erabilera hazkundea).
Autobus erabileraren batez bestekoa igo egin da bai lanegunetan (eguneko 91.651 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 90.255 bidaia izan ziren) bai larunbatetan (eguneko 69.553 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 65.829 bidaia izan ziren), bai eta jaiegunetan ere (eguneko 43.167 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 41.435 bidaia izan ziren).
2019an ere, donostiarren konfiantza hobetzeko lanean jarraituko dugu Dbusen. Donostiako herritarrek garraio publikoaren alde egindako apustuari eta Dbus osatzen duten pertsonek egunetik egunera zerbitzua hobetzeko egindako lanari esker erreferentzia gara sektorean.
Dbus-ek erabiltzaileen profila aztertu du zerbitzua hobetzeko
Zerbitzua hobetu eta garapen estrategiak analizatzeko helburuarekin, Dbusek azterketa bat egin du Donostiako autobusak erabili ohi dituzten pertsonen profila ezagutzeko. Azterketan kontuan hartu dira 2017an Mugi txartel pertsonalizatuekin egindako bidaia guztiak, adin tarte batzuen, generoaren, bizilekuaren eta autobus lineen arabera bereizita.
Dbuseko autobusen erabiltzaileek oso profil zehatza dute: gehienbat emakumeak dira eta batez ere 49 eta 78 urte bitarteko adin tartekoak. Batez besteko adina 51,37 urtekoa da. Ildo horretan, oso adin tarte esanguratsua osatzen dute 60 urtetik gorako adineko pertsonek. Donostiako biztanleriaren bilakaerari begiratuta, gero eta zaharragoa baita, aurreikusten da Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileak gero eta nagusiagoak izango direla.
Hona hemen datu interesgarri batzuk:
- Bidaiak generoaren arabera:
Gaur egun, aztertutako bidaien %70 emakumeek egindakoak dira eta gainerako %30a gizonek egindakoak, grafikoak adierazten digunez.
18 urtetik gora eta 79 urtera arte, 29 eta 38 urte bitartekoak dira autobusean bidaia gutxien egiten dutenak (%9,46). Era berean, genero arteko erabilera portzentajea are handiagoa da 49-58 urte bitarteko adin multzoan. Emakumeak %74,13 dira eta gizonak, berriz, %25,87.
49-58 urte bitartera emakumeek gero eta gehiago jotzen dute autobusa erabiltzera eta adin tarte horretatik aurrera, berriz, gero eta gutxiago. Gizonen joera, ordea, beheranzkoa da adin tarte horretara bertara arte eta goranzkoa adin tarte horretatik aurrera.
Bidaia ordaintzeko erabiltzen den txartel motari dagokionez, bidaien %62 txartel arruntarekin egiten da. Txartel arruntaren ondoren, 65 urte baino gehiago pertsonentzako txartela, gazteentzako txartela eta txartel soziala dira, hurrenez hurren, gehien erabiltzen direnak. Gainerako txartelekin egiten diren bidaiak gutxiago dira.
Txartel guztiekin egiten diren bidaia guztietatik, ia modalitate guztietan emakumeek gizonek baino bidaia gehiago erregistratzen dute, %60 bidaia baino gehiago erregistratzen baitute. Halere, genero bien arteko aldea desberdina da txartel batetik bestera.
- Eguneko lineen erabilera generoaren arabera
28-Amara-Ospitaleak lineak (%14,29), 13-Altza lineak (%12,55) eta 5-Benta Berri lineak (%10,68) jarraitzen dute izaten bidaia kopuru gehien duten eguneko lineak. Horien atzetik, hauek dira bidaia kopuru gehien egiten dituztenak: 17-Gros-Amara-Miramon, 26-Amara-Martutene, 33-Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Berio, 14-Bidebieta eta 9-Egia-Intxaurrondo.
Generoari dagokionez, emakumeek egindako bidaiak guztirakoen %70 dira, eta gizonezkoek egindakoak, berriz, %30 gutxi gorabehera. Esanguratsua da 33 linean (Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Berio linea) emakumeek egindako bidaiak gainerako lineetan baino gehiago direla, bidaien %72,91 baitira. Aldi berean, TB6 Uliako Taxibusean kontrakoa gertatzen da. Gainerako lineetan gizonak linea horretako erabiltzaileen %31-33 badira, linea honetan, berriz, erabiltzaileen %42 dira.
Hurrengo grafikoan ikusi daiteke banaketa hori.
- Eguneko lineen erabilera adinaren arabera
Erabiltzaileen batez besteko adinari dagokionez, gutxi gorabehera egindako bidaien erdia, %49, 49 eta 78 urte bitarteko pertsonek egindakoak dira, eta haien batez besteko adina 51,37 urtekoa da.
Hauek dira adinez erabiltzaile nagusienak dituzten lineak: 42-Aldapa-Egia, 37-Rodil-Zorroaga 36-San Roke-Aldakonea eta 39-Urgull. Osterantzean, hauek dira erabiltzaile gazteenak dituztenak. 43-Anoeta-Igara, TB6 Uliako Taxibusa, 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete eta 25-Benta Berri-Añorga.
Lineaz linea, hau da erabiltzaileen batez besteko adina:
- Gautxori lineen erabilera generoaren arabera
Hauek dira bidaia gehien erregistratzen dituzten gautxori zerbitzuak: B4-Amara-Erriberak-Martutene, B6-Altza, B1-Benta Berri-Berio-Añorga eta B3-Egia-Intxaurrondo. Gautxori zerbitzuetan gizonen eta emakumeen bidaiak eguneko lineetan baino orekatuagoak dira. Emakumeen bidaiak %57,36 dira eta gizonezkoenak, berriz, %42,64, beheko grafikoan jasotzen den moduan.
- Gautxori lineen erabilera adinaren arabera
Gautxori lineetako erabiltzaileak eguneko lineetakoak baino gazteagoak dira. Bidaia gehien erregistratzen duen adin tartea 19-38 urte bitartekoa da. Erabiltzaileen batez besteko adina 39,43 urtekoa da.
Ondoren jasotzen da gautxori lineetako erabiltzaileen batez besteko adina:
Azpimarratzekoa da B7-Igeldo linearen zerbitzuan 18 urte edo gutxiago duten pertsonek gainerako gautxori zerbitzuetan baino bidaia gehiago egiten dutela, grafikoak adierazten digunez. Era berean, B7-Igeldo linearen erabiltzaileak batez besteko adinik txikiena duten erabiltzaileak dira, batez beste 36,50 urte baitute. Osterantzean, batez besteko adinik handiena B9-Amara-Errondo-Puio linearen erabiltzaileena da, batez beste 41,98 urte baitituzte.
Azterketa orain egin da lehen aldiz baina, ikusita atera diren emaitzak interesgarriak izan direla, asmoa da aldian-aldian egitea Dbuseko autobusen erabiltzaileen profilak eta haien premiek denboran zehar daukaten bilakaera ezagutzeko.
[ITXITA] Lan eskaintza: Laneko arriskuen prebentzioko teknikaria
Laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeaz arduratuko da. Horretarako, arriskuak identifikatu eta ebaluatuko ditu eta honako eginkizun hauek izango ditu: prebentzio planen ezarpena; prestakuntza eta informazioa; planen eta haien emaitzen plangintza, jarraipena, kontrola eta hobekuntza; alorrean ziurtapena lortzeko prozeduren ezarpena eta barne auditoretzak; Laneko Segurtasun eta Osasun Komitean parte hartzea, kudeaketa integralarekin loturiko beste hainbat eginkizunez gainera.
Eskatzen den profil nagusia: Unibertsitate ikasketak Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan edo Ingeniaritzan, Goi Mailako teknikari titulua Laneko Arriskuen Prebentzioan (laneko segurtasuna, industria higienea eta ergonomia eta psikologia aplikatua espezialitateak), 3 urteko esperientzia antzeko eginkizunetan, bai eta kalitate arauak ezartzen, antolakuntzarako eta plangintzarako gaitasuna, ekimena, harremanetarako trebetasuna eta balioa ematea. Euskaraz jakitea baloratuko da.
Iragarkia ikusi (pdf)

















