Author: Esti

Dbizi-k Geltoki+ aurkeztu du: bizikleta elektrikoak aparkatzeko sistema berria

Helmugako geltoki jakin batzuk beteta daudenean erabili ahal izango da funtzionalitate berri hori.

Dbizik, Donostiako bizikleta sistema publikoak, Geltoki+ abian jarriko du. Dbizi sistemaren funtzionalitate berri bat da, eta bere helburua da herritarrei kalitatezko zerbitzua eta beraien beharretara egokitutakoa ematen jarraitzea. Funtzionalitatea apirilaren 2tik aurrera egongo da erabilgarri.

Hala, Dbizik aparkaleku gehiago eskainiko ditu bere 11 geltoki periferikoenetan, giltzarrapo adimenduneko sistema baten bidez. Giltzarrapo adimendunen sistema hori geltokiak beteta daudenean erabili ahal izango da.

Gaur goizean aurkeztu da sistema, eta, bertan, Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak hau nabarmendu du: “Dbizi sistema gaur egun herritarrek asko baloratzen eta erabiltzen duten zerbitzua da, eta, beraz, Geltoki+ funtzionalitatea ezarri nahi izan dugu, erabiltzaileen harrera on horri erantzuteko”. Horrez gain, hau ere esan du: “Etengabe ari gara lanean hobekuntzak bilatzen, bizikleta hiritik ibiltzeko lehentasunezko garraio gisa erabiltzea bultzatzen jarraitzeko”.

Geltoki+

Bizikleta elektrikoen atzeko gurpilean giltzarrapo adimendun bat jartzea izango da, berez, Dbiziren funtzionalitate berri hau ahalbidetuko duen sistema (bizikleta mekanikoetan ez da eskuragarri egongo). Izan ere, sistema horri esker, bizikletak aparkatzeko berariaz definitutako lekuetan aparkatu ahal izango da. Leku berezi horiek Dbiziko geltoki jakin batzuen inguruan kokatuta egongo dira, eta Dbiziko geltoki horietako aparkaleku guztiak beteta daudenean baino ezingo dira erabili.

Geltoki horiek Geltoki+ izenez ezagutzen dira, eta hiriaren erdigunetik urrunen dauden eta/edo hiriaren goialdeetan dauden auzoetako batzuetan egongo dira, auzo horietan Dbiziko geltokien arteko distantzia handiagoa baita. Horrela, beste aukera bat eskaintzen zaie helmugako geltokia beteta aurkitu eta hurbilen duten beste geltokia urrun samar geratzen zaienei.

Geltoki horietan arkua duten aparkalekuak jarriko dira bizikletetarako, eta aparkaleku horiek lokailu batzuk izango dituzte bizikletaren giltzarrapora lotzeko. Bizikleten aparkaleku horiek erraz identifikatu ahal izango dira, izan ere, kolore berdez margotuta daude, aparkaleku arruntetatik bereizteko.

Aparkatzeko prozesua

Bizikleta bat Geltoki+ batean aparkatzeko prozesua oso erraza eta intuitiboa da. Dbiziren appak Geltoki+ funtzioa aktibatuko du erabiltzailea Dbiziko geltoki horietako batera hurbiltzen denean, eta hura beteta dagoenean. Erabiltzailea Geltoki+ geltokira hurbildu beharko da, eta bizikletaren giltzarrapoa aparkalekuko arkuaren kableari lotu. Giltzarrapoa behar bezala itxita dagoenean, bidaia behar bezala amaitu dela jakinaraziko du aplikazioak.

Bizikleta Geltoki+ geltokietatik kanpo aparkatzen saiatuz gero (kalean, zerbitzu hori ez duten geltokietan), edo horietan aparkalekuak libre badaude, giltzarrapoa itxi egingo da, eta Dbiziren appak leku horretan aparkatzerik ez dagoela jakinaraziko du; beraz, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikleta desblokeatzeko eta baimenduta dagoen leku batean aparkatzeko. Erabiltzaileak jarraibideei jarraitzen ez badie, sistemak bizikleta blokeatuko du, baita erabiltzailearen kontua ere.

Erabiltzaileei laguntza handiagoa emateko, Dbizik bideo batzuk argitaratuko ditu bere web orrian (www.dbizi.eus), funtzionalitate berri hori azaltzeko.  Era berean, abonatu guztiek mezu elektroniko bat jasoko dute, sistema berriari buruzko informazio zehatzarekin.

 

 

 

 

 

 

 

 

Geltoki+ batean aparkatu ahal izateko bizikleta elektrikoek ezinbestez behar duten giltzarrapoa martxoan hasi da jartzen, eta jada 125 bizikletak dute instalatuta giltzarrapo hori. Aurreikusita dago ekainerako bizikleta elektriko guztiek aukera berri hori izango dutela.

Giltzarrapo adimendun berri horiek Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) Next GenerationEU funtsen bidez finantzatu dira.

Geltoki+ berrien kokalekuak

Geltoki+ berriak geltoki hauetan egongo dira, eta, geltokiaren arabera, giltzarrapoa duten 6-12 bizikleta elektriko aparkatzen utziko dute:

– Añorga+: 4 arku izango ditu, eta gehienez 8 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Buenavista+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Herrera+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Zubiaurre+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Nornahi+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Atarizar+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Munto+: 6 arku izango ditu, eta gehienez 12 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Andoain+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Tranbia+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Urbia+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Bartzelona hiribidea+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

 

 

Irakurri

Man Truck & Bus-en Turkiako, Alemaniako eta Espainiako ordezkaritzen bisita jaso du Dbus-ek

Dbusek MAN Truck & Busen Turkia, Alemania eta Espainiako ordezkaritzetako talde baten bisita jaso du. Autobus elektrikoen produktu eta garapeneko ingeniariek osatzen zuten taldea. Lan jardunaldi horiek Kotxetegietan egiten ari den elektrifikazio prozesuaren barruan egin dira.

Datozen 12 hilabeteak funtsezkoak dira autobus flota deskarbonizatzeko trantsizioan, denbora tarte horretan Dbusek aurreikusten baitu beste 43 autobus erabat elektriko gehiago jasotzea. Horrela, flotaren %33 autobus %100 elektrikoak izango dira 2025eko lehen hiruhilekoan. Autobus horien guztien erosketa MAN Truck & Bus Iberiari esleitu zaio, eta Next Generation funtsen bidez finantzatuko dira, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren (MITMA) dirulaguntzari esker.

Hori dela eta, Dbusen eta MAN Truck & Busen arteko topaketarako jardunaldi hauek antolatu dira, garatzen ari diren lanen berri emateko elkarri, eta Dbusen elektrifikaziorako egingo den eraldaketan inplikatutako alde guztien arteko sinergiak ezartzeko.

Jardunaldiak oso aberasgarriak izan dira, eta gai batzuetan sakontzeko aukera eman dute, esaterako, autobus elektrikoen garapenean, gure instalazioen kargako azpiegitura elektrikoetan, karga puntuen eta kudeaketa softwarearen arteko komunikazio protokoloetan; azken batean, Dbusi zerbitzuaren benetako egoeraren kontrola izatea eta arazoen konponbidean aurrea hartzea ahalbidetuko dioten soluzioetan sakondu ahal izan dute.

Bilera horietan, gainera, Dbusek bere segurtasun plan berria aurkeztu du. Plan horretan jasotzen dira elektrifikazioaren ondorioz aurre egin beharreko erronka berriak, besteak beste, suteen aurkako plana eta atoian eramateko probak.

Elektrifikazio lanak

 Joan den urtarrilaren 22an hasi ziren kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa berritzeko lanak. Obra honen helburua da linea elektriko baten trazadura egitea, Egiako banaketako azpiestazio transformatzailetik Kotxetegien ingurura, gutxi gorabehera 1,5 kilometroko trazadura, non sekzionamendu zentro bat egongo den, eta zentro horretatik, zuzeneko hornidura elektrikoaren banaketa hasiko da, transformazio zentroetatik igarota. Gaur egun, trazaduraren %35 eginda dago; beraz, obra gauzatzeko aurreikusitako epeak betetzen ari dira, maiatzaren amaierarako bukatzea espero baita.

Kotxetegien instalazioen barruan, berriz, aparkalekuko 119 plazetako hartunea egokitzen ari da, horri esker autobus elektriko berriak gehitu ahal izango dira-eta.

 

 

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna  da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarri du Donostiako autobusetan.

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Linfedemaren Nazioarteko Egunarekin

Asteazkenean, martxoak 6, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, asteazkenean, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

 

Irakurri

Dbus-ek hitzarmen sinatu du genero indarkeriaren biktima diren langileen enpresen arteko mugikortasuna errazteko

Dbusek, garraio publikoko 8 operadorerekin batera, lankidetza hitzarmen bat sinatu du gaur, ekimenari atxikitako 8 erakundeetakoren bateko kide izan eta genero indarkeriaren biktima diren langileen enpresen arteko mugikortasuna errazteko. Dbusez gain, hauek dira hitzarmen honekin bat egin duten enpresak: Ferrocarrils de la Generalitat de Catalunya (FGC), TUGSAL, Emtusa, Alsa, TRAM, Sagales eta Vectalia.

Hitzarmenaren helburua da genero indarkeriaren biktima diren langileei lan alternatiba bat eskaintzea, eta erasotzailearengandik urruntzen laguntzea, babes sozialeko beste neurri batzuk seguru eskuratzeko modua eskainiz. Horrela, enpresa sinatzaileren batek plantillan genero indarkeriaren biktimatzat jotzen den langile bat badu eta langile horren kasuari erantzun behar badio, hitzarmenaren babespean jartzen diren gainerako enpresekin harremanetan jarri ahal izango da, eta horietako batean lan egiteko lanpostuen proposamenak jaso ahal izango ditu.

Lan alternatiba bat eskaintzeko aukera, hitzarmen honetan jasotzen den bezala, genero indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoak baldintza horietan dauden emakume langileei dagokienez ematen dituen mandatuan eta babes berezian oinarritzen da. Lege Organikoak berariaz aurreikusten du genero indarkeriaren biktima den langileak mugikortasun geografikorako eskubidea duela, bai eta langabeziara jotzeko eskubidea ere, lan harremana deuseztatu beharrean ikusten badu bere burua. 2018an, Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialak dagoeneko akordio bat lortu zuen langile publikoen babesaren arloan, eta, hala, estatuko administrazioen arteko mugikortasuna eta neurri bereziak ezarri ziren.

Zortzi konpainiek agintzen dute langilearentzat proposatuko duten lanpostuaren ezaugarriak hark jatorrizko enpresan betetzen zuen lanpostuak zituenen ahalik eta antzekoenak izango direla, eta langilea lanpostu horretan benetan hartuko duela. Langileak lanpostua gordeta izango du jatorrizko enpresan.

 Berdintasunarekiko konpromisoa

Dbusek ahalegin guztiak egin ditu erakundearen barruan berdintasuna sustatzeko. Hala, 2010ean, I. Berdintasun Plana jarri zuen abian, eta urte horretan bertan, Emakumearen Euskal Erakundeak – Emakunde“Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzaile” gisa aitortu zuen. Gaur egun, Dbus III. Berdintasun Plana ezartzen ari da.

Era berean, 2018tik, Dbus BAI SAREAko kidea da, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean laguntzen duten erakundeek osatutako sareko kidea, alegia, lan eremuan berdintasuna bultzatzeko eta bermatzeko helburuarekin.

Gaur sinatutako hitzarmen honekin, Dbusek irmoago bultzatuko du erakundearen berdintasun politikaren egungo mailak hobetzen jarraitzera.

 

Irakurri

Dbusek bat egingo du Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin

Dbusek bat egingo du, otsailak 29, ospatzen den Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin. Horregatik, Donostiako hiriko autobus guztiek informazio kartel bat eramango dute, gaixotasun arraroak dituzten pertsonek egunero bizi dituzten errealitateak ahalik eta gehien zabaltzeko eta erakusteko, eta kontzientzia soziala areagotzeko egingo diren jarduerak bultzatzeko.

Irakurri

Dbizi-k beste hobari bat gehiago du familia ugarientzat

Dbizi bizikleta sistema publikoak herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko lanean jarraitzen du, eta, beraz, apirilaren 1etik aurrera familia ugariek beste hobari bat izango dute bizikleten erabileragatik, eta ez bakarrik abonamenduaren kontratazioan, orain arte bezala. Tarifa horri aplikatuko zaion deskontua %20koa izango da familia ugarien kategoria orokorrerako, eta %50ekoa berezirako.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “neurri honek hirian bizikleta publikoaren erabilera sustatzen jarraitu nahi du, baita karga ekonomiko gehien izan dezaketen familien artean ere, hala nola familia ugarien artean. Yarzak esan du, gainera, “zerbitzua gero eta sendoagoa dela, eta 2023an berriro hautsi dela abonatuen eta erabileren errekorra, urte horretan sistema handitu baita, bai geltoki kopuruari dagokionez, bai bizikleta kopuruari dagokionez”

Hain zuzen ere, 2023an, bidaien bilakaeran nabarmena izan da eskaerak asko hazi baitira aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Zehazki, 2023an 945.642 bidaia erregistratu dira, eta pasa den urtean, berriz, 787.963 izan ziren, hau da, %20 inguruko hazkundea erregistratu da. Igoera horrek esan nahi du 2023an 123.937 km ibili direla guztira, hau da, egunean 339 km batez beste. Aurreko urtean 96.010 km egin ziren, batez beste 263 km egunean.

 

 

 

 

 

 

 

2023an, Dbiziren historiako abonu gehien erregistratu dira, eta urrian 10.879 abonatu izan dira, hau da, 2022an erregistratutako daturik onena baino %30 gehiago, orduan 8.370 abonamendu erregistratu baitziren. 2023an, joera berdina izan da abonu motari dagokionez, eta urteko iraupena duen banakako abonu arrunta nagusitu da.

Hilabeteko iraupena duten noizbehinkako abonuek, banakakoek zein taldekoek, presentzia handiagoa izan dute uztailetik irailera bitartean.

Bizikleta elektrikoa eta 30 minututik beherako bidaiak nagusi

Kopuruek adierazten dutenez, jendeak oraindik ere argi eta garbi nahiago du bizikleta elektrikoa, 2023an erregistratutako bidaien %62,34 bizikleta elektrikoan egin dira-eta.

Urriaren 6an erregistratu zen bizikleten erabilerarik handiena, 5.232 bidaia egin baitziren. Orain arte, errekorra 2022ko irailaren 22an erregistratutako bidaia kopurua zen, orduan 3.667 joan-etorri erregistratu baitziren.

Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea Dbiziko bizikletetan egindako bidaia bakoitzaren batez besteko iraupena 12 minutu eta 10 segundokoa izan dela, hau da, oraindik ere 15 minutu baino gutxiagokoa da, aurreko urtekoaren oso antzekoa. Bidaien %97 izan dira 30 minutu baino gutxiagoko iraupenekoak.

Dbiziren erabiltzailearen profilari dagokionez, generoaren araberako banaketan azken urteetako datuak mantendu dira, hau da, %53 gizonak dira eta %46 emakumeak. Bestalde, erabiltzaileen batez besteko adina nabarmen jaitsi da azken urtean, 37 urtekoa baita, eta aurreko urtean 42 urtekoa izan zen.

Sistema zabaldu da 2023an

2023an, Dbizi zerbitzua nabarmen handitu da. Zehazki, beste 21 geltoki gehiago inauguratu dira, eta, esaterako, Altza, Bidebieta edo Añorga auzoetara iritsi da zerbitzua. Horrela, zerbitzua 47 geltoki izatetik 68 izatera igaro da, eta horrek esan nahi du %44 geltoki gehiago direla.

Horrez gain, beste 257 bizikleta elektriko gehiago sartu dira flotan, sistema handitu aurretik erabilgarri zeuden 120 bizikleta elektrikoen aldean.

Zerbitzu handitze horrekin, hiriko leku gehiagotara iristen da zerbitzuarekin eta bizikleta elektriko gehiago eskaintzen dira erabiltzaileen eskari handiari erantzuteko.

Tarifak eta deskontuak 2024an

Hiriaren goialdeetan dauden auzoetako bizilagunen artean bizikletaren erabilera sustatzeko, Dbizik %40ko deskontua eskainiko die aurrerantzean ere bidaia tarifetan bizikleta elektrikoa erabiltzen dutenei, baldin eta bidaiaren jatorriko edo helmugako geltokia Aiete, Egia, Altza, Bidebieta, Trintxerpe, Intxaurrondo, Martutene edo Añorga bezalako guneetan denean.

Bestalde, Dbizi handitzearen ondorioz, bizikleten eta geltokien mantentze lanen eta logistikaren kostua nabarmen handitu da azken hilabeteetan. Horregatik, eta inflazioren ondoriozko kostuak eta zerbitzua zabaltzeak ekarritako kostuak neurri batean arintzeko, pentsatu da 2022tik izoztuta zeuden tarifak eguneratzea apirilaren 1etik aurrera.

Hala ere, abonu arrunta edo noizbehinkakoa egun hori baino lehen kontratatuta duten erabiltzaileei, prezioak mantenduko zaizkie kontratatutako abonuaren mugaeguneratu arte.

Hurrengo taulan apirilaren 1etik aurrera aplikatuko diren tarifa berriak ikus daitezke:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Tarifa sistema berri hau modu mailakatuan ezarriko da, abonuak berritu ahala, eta sistema osoan %2ko igoera ekarriko du benetan 2024ko urtean.

Irakurri

Dbusek autobus bat eman dio Autobusaren Lagunen Gipuzkoako Elkarteari

Donostiako Tranbia Konpainiak autobus bat eman dio Autobusaren Lagunak Gipuzkoako Elkarteari (AGABUS). Autobusa zaharra da, 2004an flotatik erretiratutakoa eta kotxetegietan zegoena. 318 ibilgailua da, Mercedes Benz markako 0405 modelokoa. Autobus hori 18 urtez ibili da Donostiako kaleetan.

DTK-k 1987an, Konpainiaren lehen zerbitzuaren mendeurreneko urte berean, Mercedes Benz markako lehen autobus sorta bat jaso zuen, 33 autobuseko sorta bat, eta horietako bat da Mercedes Benz markako 0405 modeloko ibilgailu hori. Ordura arte, hirian ibili ziren autobusak Pegaso markakoak izan ziren.

Autobus horiek sartutakoan, zoru altuko autobusak deiturikoak, hau da, eskailera mailak zituzten autobusak ez ziren gehiago erabili. Ibilgailu horiek kendu ahala, %100 irisgarriak diren eta zoru baxua eta mugikortasun urriko pertsonak edo haurren kotxeak/aulkiak sartzeko arrapala duten autobusak sartzen joan ziren, kendutakoen ordez.

Gaur egun, Dbus bere flota eraldatzeko prozesu batean murgilduta dago, eta bere helburua da 2030erako flotako ibilgailu guztiak %100 elektrikoak eta zero emisiokoak izatea. Jarduera hori egin ahal izateko, beharrezkoa da kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa eraldatzea, eta obra horiek 2024an hasi dira. Obra horiek 318 autobusa aparkatuta egon den eremuari eragiten diote zuzenean, eta, hori dela-eta, konpainiak autobusa bere instalazioetatik erretiratu behar izan du.

Ibilgailu hori flotatik erretiratu zenetik, Agabus arduratu da ibilgailua mantentzeaz. Horregatik, eta kotxetegietan mantentzeko lekurik eta baliabiderik ez dagoenez, Dbusek autobus horren dohaintza eskaini dio Elkarteari, eta dohaintza hori gauzatzeko akordio bat sinatu da gaur. Era berean, Agabusek konpromisoa hartzen du DTKrekin elkarlanean aritzeko ekitaldi berezietan, hala nola urteurrenetan, erakusketetan, etab., konpainiarekin lotutako hainbat material historiko eskainiz, baita, Dbusek hala eskatzen badio, gertakari puntual horietarako 318 autobusa utziz ere.

Urteak dira DTKren eta Agabusen arteko harremanak hasi zirela. Agabus ibilgailu hori mantentzeaz arduratu da ibilgailua flotatik erretiratu zenetik, eta, mantentze lan horrez gain, konpainiaren 125. 130. eta 133. urteurrenak direla-eta egindako erakusketetan ere lagundu du Elkarteak. Ekitaldi horietarako, Elkarteko kide batzuek DTKrekin lotutako hainbat material utzi zuten.

Autobusaren Lagunen Gipuzkoako Elkartea 2007an sortu zen. DTK-ko langile talde batek  sortu zuen, konpainiak jada erabiltzen ez dituen ondasun materialak mantentzearekin eta kontserbatzearekin lotutako jarduerak proposatzeko eta enpresa zuzendaritzarekin batera jarduera horietan aritzeko. 17 urte geroago, harreman hori sendotu egin da bi aldeek sinatutako akordio honekin.

 

 

Irakurri

Desbideraketa Errondo pasealekuan obrak direla eta

Errondo pasealekuko obrak direla eta, urtarrilaren 31n, asteazkena, hasi eta obrak amaitu arte, gasolindegiaren eta Familia Santuaren kalearen arteko tartea zirkulaziorako itxi egingo da. Trafikoa tarte horretan bertan desbideratuko da, Jose Maria Salaberria kaletik, eta kale horretan zirkulazioaren noranzkoa aldatu egingo da. Beraz, 21-Mutualitateak-Anoeta lineak beste ibilbide bat egingo du leku horretan eta Jose María Salaberria kaletik ibiliko da, eskuinera biratzeko Familia Santuaren kalean eta berriz ere Errondo Pasealekuan sartzeko.

Era berean, 21 eta 46 lineen Errondo-Morlans geltokia metro batzuk aurrerago mugituko da, semaforoaren ondora.

Irakurri