Azken urteetako etenaldiaren ondoren, Dbusek “Argibusa” jarduera egingo du berriro aurten, adineko pertsonei konpainiaren autobus batetik Donostiako Gabon giroa eta apaingarriak hurbiletik ikusteko aukera emateko. Oraingoan, Villa Sacramentorekin eta Matia Fundazioarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta zentro horietan bizi diren adineko 40 lagun baino gehiagok aukera izango dute gaur eta bihar autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen Gabon giroa ikusteko.
Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adinekoen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Gaur Villa Sacramentoko adinekoen txanda izan da, eta arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egiten duten ibilbidean hirian funtsezkoak hainbat lekutatik igaroko dira, hala nola Alderdi Ederretik, Zurriolatik, Askatasunaren hiribidetik, Loiola kaletik, Santa Katalina zubitik, Frantzia pasealekuaren inguruetatik eta Maria Cristina zubitik.
Gabon garai hauetan hirira hurbildu eta kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 75 eta 90 urte bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera honetan parte hartzen dutenek senideak eta zentroko langileak izango dituzte ondoan, esperientzia haiekin partekatu ahal izateko. Aurten, gainera, Donostiako Musika Eskolako ahots taldeak girotuko du irteera, ibilbidean zehar gabon kantak abestuko dute-eta.
Aurreko urteetan jarduerak izan zuen arrakasta eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat eta haien ingurukoentzat. Jarduerak garai hauetako ohiko hitzordu bihurtzeko asmoa dauka, hirian dauden adinekoen egoitzentzat.