Dbus-ek bere esperientzia partekatu du lan jardunaldi batean, Buckinghamshiren
CIVITAS CAPITAL proiektu europarraren baitan, Dbusek lan jardunaldi batean parte hartu du Ingalaterrako Buckinghamshire konderrian, High Wycomben zehazki. Proiektuaren helburua da Europako hiriek praktika onak trukatzea, garraio publikoa hobetzeko.
Lankidetza hau Ingalaterrako hiriaren eskariz sortu zen; izan ere, Buckinghamshire konderriak Donostiaren antzeko ezaugarriak ditu, eta Donostian garraio publikoan arrakastaz funtzionatzen ari diren hainbat neurri ezarri nahi dituzte bertan, beraien garraio publikoaren efizientzia, kalitatea eta abiadura komertziala hobetu eta kutsadura eta kontsumoa murrizteko asmoarekin.
Lan jardunaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendariondokoak, Dbusen arrakasta kasua azaldu zuen Buckinghamshireko teknikarien aurrean. Aurretik, 2016ko maiatzean, High Wycombeko ordezkariak Donostian egon ziren bisitan, hirian ezarritako konponbideak bertatik bertara ezagutzeko.
Bai maiatzean Donostiara egindako bisitan, bai High Wycombeko lan jardunaldian, teknikari ingelesek Dbusen jardueraren hiru alderdi balioetsi dituzte bereziki, Erresuma Baturako eta Irlandarako CIVINET aldizkarian jasotzen denez.
– Sistema berritzaileen ezarpena.
– Erabaki operazionalen eta tokiko politiken arteko harreman estua.
– Emaitzen monitorizazioaren eta adierazleak ateratzearen garrantzia, zerbitzuaren funtzionamendua baloratzeko eta kalitatearen hobekuntza bultzatzeko neurri gisa.
Teknikari ingelesek Dbusen alderdi batzuk nabarmendu dituzte. Esaterako, eskaripeko taxibus zerbitzua, flotaren abiadura komertziala, antibunching-erako sistema, BRT sistema edo autobus erreien eta semaforo bidezko lehentasunen sistemaren inplementazioak.
Dbusetik oso positiboki baloratzen da esperientzien eta ikuspuntu teknikoen trukaketa, zerbitzua aztertzen eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen laguntzen baitu.
Dbuseko autobusen erabilera masiboa Aste Nagusian, 771.633 bidaia egin dira
2016ko Aste Nagusian autobusaren erabilera masiboa izan da hirian. Momentuz astea guztian zehar, abuztuaren 13tik, larunbata, abuztuaren 20ra, larunbata, 771.633 bidaiari izan ditu Dbus-ek. Horrek esan nahi du 2015ean erregistratutako 746.397 bidaiarekin alderatuta %3,27ko igoera gertatu dela.
Zifra hauekin, oraindik probisionalak, Dbus-eko autobusak berriro ere garraiobide publiko erabilienak izan dira Donostiako jaietan.
2016ko Aste Nagusian erabilera gehieneko egunak hauek izan dira: abuztuaren 19a, ostirala, 102.339 bidaiarirekin; abuztuaren 16a, asteartea, 101.856 bidaiarirekin; eta abuztuaren 17a, asteazkena, 101.635 bidaiarirekin.
Bidaiarien eguneroko banaketa ondorengoa da:
– Abuztuak 13, larunbata: 100.045 bidaiari
– Abuztuak 14, igandea: 93.831 bidaiari
– Abuztuak 15, astelehena: 82.954 bidaiari
– Abuztuak 16, asteartea: 101.856 bidaiari
– Abuztuak 17, asteazkena: 101.635 bidaiari
– Abuztuak 18, osteguna: 101.576 bidaiari
– Abuztuak 19, ostirala: 102.339 bidaiari
– Abuztuak 20, larunbata: 87.397 bidaiari
Gaueko zerbitzuen erabilera nabarmentzekoa da, su artifizialen ondorengo luzapen zerbitzuetan 110.000 erabiltzaile baino gehiago erregistratu baitira. Beste aldetik, Gautxori zerbitzuetan, gaueko 1etik aurrera, 40.372 bidaia egon dira.
Aste Nagusian zehar gehien erabili diren lineak berriz honakoak izan dira: Amara (21, 26 eta 28 lineak) 176.594 bidaiarekin, Benta Berri eta Añorga (5, 25 eta 40 lineak) 126.413 bidaiarekin, Altza (13 linea) 95.300 bidaiarekin, Egia-Intxaurrondo (8, 9, 29 eta 42) 84.171 bidaiarekin, Aiete (18, 19, 23 eta 32) 4245.760 bidaiarekin, eta Bidebieta (14 linea) 31.431 bidaiarekin. Gainera, mikrobus lineatan 24.480 bidaiak egin dira.
Zifra hauek Dbus-en zerbitzuen indartzeari esker lortu dira, izan ere 22.500 zerbitzu baino gehiago eskaini baitira egun hauetarako. Zerbitzu hauek 265 gidariren eskutik eman dira, beste 40 pertsonaren laguntzarekin, batez ere inspektore, tailerretako langile, eta koordinazio lanetan eta autobus flotaren funtzionamendua zaindu duten ezinbesteko beste hainbat langileri esker.
Dbus-en 130. urteurrena ONCEren kupoian
Dbusen 130. urteurrena dela eta, datorren abuztuaren 28an, igandean, Dbus ONCEren kupoiaren protagonista izango da. Hain zuzen ere, 1886ko abuztuaren 28an eratu zen Konpainia, eta handik hilabete batzuetara zerbitzua ematen hasi zen, 1887ko uztailean, zehazki.
Kupoi oroigarri hau argitaratuta, ONCEk eskerrona erakusten dio Dbusi garraio publikoan erreferente den enpresa gisa egiten duen lanagatik, Donostian kalitateko zerbitzu ematen baitu, eta garraio publikoko oztopoak ezabatzeko eta garraio publikoa erabiltzaile guztiengana hurbiltzeko dauden sistema teknologiko berrienak ezartzen lehena delako.
Kupoiaren irudia Hiri Berdea-Ciudad Verde kanpainari eskainiko zaio, 130. urteurrena ospatzeko antolatu diren jardueretako delako eta Dbusen izaera iraunkorra azpimarratzen duelako. Guztira 5,5 milioi kupoitan agertuko da irudia, eta kupoia abuztuaren 20an, larunbatean, jarriko da salgai Estatu mailan. Kupoi bakoitzak 2€ balioko du eta ONCEko saltzaileen bitartez edo ONCEren web orrian erosi ahal izango da.
Urteak dira Dbus eta ONCE elkarlanean ari direla Donostiako hiritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzen eta irisgarriago egiten. Flotako ibilgailu guztiak egokituta daude mugikortasun urria duten pertsonentzat, eta audioa duen informazio sistema bat du itsuentzat, bai autobusetan bai geltokietan.
Era berean, pasa den apirilean, Donostiako garraioaren erregelamendu berria indarrean sartu zenean, itsuen eta gurpildun aulkietan doazenen segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko, haiekin batera beste pertsona batek bidaiatu dezake doan.
Mexikoko profesionalak bisitan Dbuseko instalazioetan
Dbusek Mexikoko Senda taldeko ordezkaritza bat hartu du bere instalazioetan. Monterrey hirian dihardu Senda taldeak. Mexikoko ordezkaritzako kideek Kotxetegien instalazioak ezagutzeko aukera izan dute, eta Donostiako autobusetan instalatutako azken aurrerapen teknologikoen xehetasunak egiaztatu ere egiaztatu dituzte.
Ordezkaritzak Dbusen inplementatutako planifikazio sistema adituak ezagutu ditu. Sistema horiei esker eraginkortasunez kudeatu daitezke autobusak eta gidarien ordutegiak antolatzeko giza baliabideak eta baliabide teknikoak. 
Sendako ordezkaritzak Dbusen martxan jarri diren beste sistema batzuk ere egiaztatu ditu, esate baterako antibunching-erako (autobusek bat ez egiteko sistema) eta gidatze eraginkorrerako sistemak, edo Ustiapenean Laguntzeko Sistema (SAE). Sistema horrek teknologia berriak erabiltzea ahalbidetzen du erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko, eta Kotxetegien eta gidarien arteko barne komunikaziorako bide bat sortzen du. Dbuseko ticketing sistemaz ere interesatu dira.
Gainera, Mexikoko ordezkaritzak Dbuseko autobus elektrikoak eta autobus hibridoak ezagutu ditu. Ingurumena gehiago errespetatzen duen teknologia daukate, Dbusek ekologiarekin eta iraunkortasunarekin duen konpromiso etengabearen erakusle.
Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.
Dbus-ek bere 130. urteurrena ospatuko du
2016ko uztailetik 2017ko uztailera bitartean Dbusek bere 130. urteurrena ospatuko du jarduera ugariekin. 130 urte horietan Konpainiak bilakaera etengabea izan du bai eskainitako zerbitzuei dagokienez, bai zerbitzuen kalitateari dagokionez.
Donostian zerbitzua ematen hasi zenetik 130. urte bete dituela ospatuta, Dbusek azpimarratu nahi du hiriari egiten dion ekarpena, garraio hurbila, irisgarria eta ekologikoa den heinean, bere emaitza onengatik eta iraunkortasunarekin duen konpromisoagatik nazioartean aitortu zaionez.
130. urteurren honen programaren asmoa da egunetik egunera Dbuseko autobusak gero eta pertsona gehiagorengana hurbiltzea. 3 bloke tematiko izango ditu: 130 urteko historia, Ezagutu Dbus eta Dbus Hiri Berdea.
Programan era guztietako jarduerak agertzen dira: Dbusen izandako bizipenen gaineko kontakizunen lehiaketa bat eta Kotxetegietara egindako bisitak; haurrek material birziklatuekin autobusen maketak egiteko tailerrak; sarreren zozketak; “perching” ekintzak haziekin autobusetan; Konpainiaren egunerokoen narrazioa edo konpainiako langileentzako eta beraien senideentzako jarduerak, garraio publikoa sustatzeko iragarkiez eta kanpainez gain.
Ekintza horietako bat da #NikEreDbus kanpaina. Donostiako jende ezaguna da kanpainaren protagonista, esaterako, La Oreja de Van Gogh taldeko kideak, bere “El 28” abestiarekin 28-Amara-Ospitaleak linea ospetsu egin zutenak. Dbuseko ohiko erabiltzaileek ere parte hartzen dute kanpainan, gure autobusetan izan dituzten bizipen guztiak gogora ekarriz.
> Bideoa ikusi (YouTube)
Jarduerak etengabe egingo dira, Konpainiak sortu zenetik 130 urte betetzen dituenean hasita, eta datorren urteko uztailaren 18an bukatuko dira, egun horretan Konpainiaren lehen linea abian jarri zenetik 130 urte beteko baitira. Konpainia 1886ko abuztuaren 28an sortu zen, baina Konpainiak bere historiako lehen ibilbidea hurrengo urteko uztailaren 18an egin zuen. Kontxatik, Plaza Zaharretik eta Ategorrietatik egin zuen ibilbide hura, zaldiz tiratutako tranbia batekin.
Uztailaren 19tik aurrera, asteartea, egitarauaren laburpen bat banatuko da autobusetan, eta markesinetan eta autobusen errotuluetan ere jardueren berri emango da, bai eta ikastetxe, kultur zentro, udal bulego eta elkarteetan ere. Gainera, antolatzen diren ekintzen gaineko informazio guztia Dbusen web orrian egongo da eskuragarri eta atal berezi bat sortuko da ospakizunerako. Bertan egitarau osoa nahiz sortzen diren materialak eta bideoak jarriko dira.
Jarduera horien antolaketarekin bat egin nahi izan dute Donostiako erakunde batzuek eta hiritarrek. Hemendik gure esker ona erakutsi nahi diegu urteurren honetan laguntzeagatik eta jarduerak egiten laguntzeagatik.
> Programa osoa deskargatu (pdf)
> Poltsikoko programa deskargatu (pdf)
EGITARAUA
1. 130 urteko historia
Jardueren lehen blokeak Konpainiaren 130 urteko historia du ardatz, izan ere, urte horietan guztietan milioika pertsonak bidaiatu dute Dbuseko autobusetan. Milaka oroitzapen, pasadizo eta istorio, donostiarrek eta inguruko bizilagunek gogoan dituztenak.
- Konpainiaren 130 urteak oroitzeko bideoa, Dbuseko erabiltzaile donostiarren lekukotasunekin (Bideoa ikusi – YouTube)
- “Dbuseko oroitzapenak” izeneko kontakizunen lehiaketa, idatzizko kontakizunen edo argazki deskribapenen lehiaketa bat, erabiltzaileek autobusean izan dituzten pasadizoak edo istorioak ezagutzera eman ditzaten. Lehiaketa helduentzat zein haurrentzat izango da, eta haurrek ikastetxeen bitartez parte hartuko dute..
- Dbusi buruz argitalpen historikoak sare sozialetan.
2. Ezagutu Dbus
Jardueren bigarren blokeak Dbusek urte hauetan izan duen bilakaerari erreparatzen dio, bereziki azken hamarkadakoari.
- Dbusen eta hiriaren historiari buruzko gymkhana, Olatu Talka kultur jaialdiaren programazioaren barruan. Pasa den maiatzaren 20an izan zen ekitaldia.
- Kronika Instagramen Dbuseko egunerokoaren gainean.
- Dbuseko langileei egindako elkarrizketak, Konpainia osatzen duten departamentu guztien funtzionamendua erakusteko eta hiritarrek Konpainiako eguneroko lana hurbiletik ezagutzeko. Bideo horiek Dbusen Youtube kanalean egongo dira ikusgai eta Konpainiaren sare sozialen bitartez zabalduko dira.
- Bisita antolatuak Kotxetegietara adin guztietako pertsonekin, ikastetxeetako neska-mutikoek gaur egun egiten dituzten bisitez gain. 11:00etan egingo dira, eta beharrezkoa izango da gutxienez 7 eguneko aurrerapenez izena ematea (info@www.dbus.eus / 943 000 200). Egunak:
– Irailak 24
– Urriak 22
– Azaroak 19
– Abenduak 17
– 2017an bisita gehiago egingo dira, eta horiek aurrerago iragarriko dira.
3. Dbus Hiri Berdea
130. urteurreneko jarduera gehienen ardatz nagusia da Dbus Hiri Berdea, non Konpainiaren izaera iraunkorra azpimarratzen den.
- Dbus Hiri Berdea kanpaina, Dbuseko autobusek hiria garbiago egon dadin egiten dutenaren gainean. Kanpaina honetan hainbat ekintza egingo dira, eta ekintza horiek bultzatzeko hainbat euskarri erabiliko dira, esaterako markesinak, autobusetako errotuluak edo sare sozialak.
– Iragarkia, Dbusen izaera jasangarriari eta irisgarriari buruz. Bideoa jada ikusgai dago Dbusen Youtube kanalean (Bideoa ikusi – YouTube)
– Cristina Enea Fundazioarekin elkarlana, Dbuseko erabiltzaileak ingurumenaren begirune eta zaintzarekiko sentsibilizatzera bideratutako dinamizazio ekintzak antolatzeko. Jarduerak ingurumenarekiko jarrera arduratsuak eta jasangarriak bultzatzera bideratuko dira, informazioaren bidez eta naturarekiko elkarreraginaren bidez. Besteak beste, hazien “Perching”-erako ekintzak jarriko dira abian autobus elektrikoetan eta hibridoetan. Gainera, Dbusek Kristina Enea Fundazioko udako jardueren agenda babestu du.
- ONCEko asteburuko kupoiaren edizio berezia (2016ko abuztuaren 28an), Dbusen 130. urteurrenari dedikatua. Abuztuaren 20etik aurrera salmentan jarriko da.
- Autobus Berdea izeneko Haurrentzako Tailerra: sorkuntza tailer bat egingo da Aiete Kultur Etxean Donostia Kulturarekin elkarlanean, eta bertan 12 urtera bitarteko neska-mutikoek parte hartu ahal izango dute. Materialak birziklatuz autobus maketak sortuko dituzte. Tailerraren ondoren maketarik nabarmenenak aukeratuko dira, eta kultur etxean jarriko dira ikusgai. Tailerrak urriaren 22an eta 29an eta azaroaren 19an eta 26an egingo dira. Beharrezkoa da aurretik izena ematea: haurtxoko_aiete@donostia.eus / 943 000 200.
- #NikEreDbus Kanpaina, garraio publikoa batetik bestera ibiltzeko modu iraunkor gisa erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko. Iragarki formatuko bideoak izango dira. Donostiako pertsona ezagunek parte hartuko dute, esaterako La Oreja de Van Gogh taldeko kideek, bai eta Dbus erabili ohi dituzten profil askotako pertsonek ere.
- Bi astean behin Instagrameko lehiaketa, #NireDbusHiria, non erabiltzaileek Dbuseko zerbitzuek hiriaz gozatzeko ematen dituzten aukerak partekatu ahal izango dituzten. Beren argazkia argitaratu beharko dute Instagramen #NireDbusHiria etiketa erabiliz, eta Dbuseko Instagram profilean, eta berrargitaratu egingo dira Dbuseko Instagram profilean. Lehiaketan hainbat kolaboratzaileren partaidetzarekin egin da, eta horietako bat Fnac da.
- Donostia Kulturarekin elkarlana, kulturaren bitartez mugikortasun iraunkorra bultzatzeko, hirian antolatutako kultur ekitaldietara joateko autobusa erabiltzera bultzatuko baitira erabiltzaileak. Ekintza horrek lagundu egingo die erabiltzaileei hiriko kultur guneekin lotuta dauden lineak hobeto ezagutzen (kultur zentroak, antzokiak, kontzertu aretoak, etab.).
Halere, Hiri Berdea ekintzak 130. urteurreneko ospakizunek baino ibilbide luzeagoa izango du, denboran iraungo duten komunikazio lerroetako bat izango baita, hainbat erakunderekin elkarlanean arituta (Cristina Enea Fundazioa, Aranzadi Elkartea, Donostia Kultura, etab.).
Era berean, 130. Urteurrenaren baitan jai bat antolatuko da Kotxetegietan Dbuseko langileentzat eta beraien senideentzat. Jai horretan tailerrak eta jolasak egingo dira txikienentzat, eta Konpainiako zati diren pertsona guztiek mugarri garrantzitsu hori elkarrekin partekatzeko aukera izango dute.
[ITXITA] Lan medikuntzako mediku espezialista
Osasuna zaintzeko prebentzio kudeaketaz arduratuko da eta osasun arreta emateko azterketak eta prestazioak eskainiko dizkie langileei laneko medikuntza testuinguruan. Era berean, Laneko Osasun Batzordean parte hartuko du, besteak beste.
Eskatutako ezaugarri nagusiak: Medikuntzan lizentziatua, Laneko medikuntza espezialitatean, esperientzia egiaztua enpresako medikuntzan, komunikatzeko eta pertsonen arteko harremanerako trebetasuna, eta baita taldean lan egiteko ere, eta balioa eskaintzeko gaitasuna. Laneko Arriskuen Prebentzioko prestakuntza (goi-mailako teknikari maila) baloratuko da.
Iragarkia ikusi (pdf)
[ITXITA] Kontabilitate burua
Sozietateren kontabilitate kudeaketaz arduratuko da finantza, analitika eta aurrekontu alderdietan, arloko administrazio taldearen lana gainbegiratuz. Era berean, arlo desberdinetarako txostenak egingo ditu, erabakien hartzea errazteko, besteak beste.
Eskatutako ezaugarri nagusiak: Unibertsitate mailako prestakuntza arlo ekonomikoan, gutxienez 3 urteko esperientzia azken 5 urteetan antzeko erantzukizuna duten egitekoetan, pertsonekin harremanak izateko eta taldean lan egiteko gaitasun handia, ekimena eta balioa eskaintzeko gaitasuna.
Eskabideak aurkezteko epea: 2016ko uztailaren 18tik abuztuaren 1era arte.
Iragarkia ikusi (pdf)
Udan hirira sartzeko bideak eta mugikortasuna hobetzeko plana
Hirira sartzeko bideak hobetzeko, trafikoa arintzeko eta garraio publikoaren funtzionamendua eta haren erabilera errazteko, hiriko eta inguruetako aparkalekuak eguneratu eta identifikatzeko lana egin du Donostiako Udalak, aparkaleku denak plano berri batean bilduz.
Planoak aparkaleku aukera guztiak jasotzen ditu, era ikonografiko eta xehatuan: lurpeko aparkaleku ordainduak, TAO eremuak eta disuasio aparkalekuak edo doakoak, hiriko erdialdearekin lotuta daudenak garraio publikoaren bidez.
Informazio xehea ematen da: aparkalekuen erabilera egutegia, Dbuseko konexio lineak, ordutegiak eta maiztasunak, garraio txartelak (San Sebastian Card, BasqueCard eta Mugi anonimoa, etab.). 10.000 aleko lehen inprimaketa egingo da, uztailetik aurrera paperezko formatuan banatzeko, bai hiriko turismo bulegoetan, bai Gipuzkoa eta Iparraldeko turismo bulego eta ostatuetan.
Disuasio aparkalekuak
Hiriak behin behineko doako 7 aparkaleku ditu, Dbus sarearekin konektatuta, hirira sartzeko trafiko emaria txikitzeko. Aparkaleku hauek identifikatzeko eta horietara errazago iristeko seinalizazio berria ezarriko da hiriko hainbat lekuetan.
Disuasio aparkalekuak/doakoak, leku kopurua eta Dbus konexioak:
– Miramon pasealekua, 1.372 leku. Dbus konexioa: 28 (6’) eta 17 (10’)
– Illunbe pasealekua, 340 leku. Dbus konexioa: 28 (6’) eta 17 (10’)
– Illunbe pasealekua 2 / Poliklinikako errepide zaharra, 800 leku. Lotura zerbitzuarekiko konexioa (10’); Dbus konexioa: 28 (6’) eta 17 (10’)
– Igara pasealekua, 730 leku. Dbus konexioa: 33 (20’) eta 40 (30’)
– Zuatzu pasealekua, 990 leku. Dbus konexioa: 5 (20’)
– Unibertsitateak, 800 leku (uztailaren 15etik abuztuaren 31ra). Dbus konexioa: 5 (6’), 25 (20’), 33 (20’), 40 (30’) eta 45 (30’)
– Garbera, 1.000 leku gutxi gorabehera (igandeak eta jaiegunak). Dbus konexioa: 33 (30’)
Doako bus lotura zerbitzua proba modura, Poliklinikatik Illunbera.
Era berean, uztailaren 16tik abuztuaren 21era, Dbusek doako lotura zerbitzu bat eskainiko du proba modura, garraio publikoa bultzatze aldera. Poliklinikako Errepide Zaharreko (Illunbe 2) aparkalekuari emango dio zerbitzua egunero, aparkalekuko erabiltzaileak Dbuseko autobus sarera hurbiltzeko. Lotura zerbitzuaren ordutegia 13:20tik 21:00etara izango da, lIlunbetik abiatuta, eta 10 minutuko maiztasuna izango du.
Horrela, Poliklinikako Errepide Zaharreko aparkalekuan ibilgailua uzten duten pertsonak joan ahal izango dira bai Poliklinikara, Dbuseko 28. eta 17. lineak hartzeko, bai Illunbera, non, metro batzuk oinez eginda, Begiristaineko geltokira iritsiko diren, hiriaren Erdialdera doazen 28. eta 17. lineak hartzeko.
Lotura zerbitzuak geltoki hauek izango ditu:
– Illunbetik Poliklinikara: Illunbe, G1, G2, G3, G4 eta Poliklinika.
– Illunbetik Poliklinikara: Poliklinika, G5, G6, G7, G8 eta Illunbe.
Dbus-eko 26-Amara-Martutene lineak %65 kutsatzaile gutxiago igorriko du urtean
Uztailaren 5etik aurrera bi autobus %100 elektriko eta bi autobus hibrido arituko dira Dbuseko 26-Amara-Martutene linean. Horrela, Urumearen ibai ertzean (Erriberak, Loiola, Txomin eta Martutene) batere zaratarik egin eta kutsatzailerik igortzen ez duen garraio publikoko zerbitzua ibiliko da, zeina ingurumenarekin errespetutsuagoa izango den eta hiritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duen. 
Bi autobus %100 elektriko berriek 12 metroko luzera dute eta energiaren erabilera optimizatzeko helburuarekin diseinatu dira, Dbusek dituen hiriko autobusen prestazioei eutsita eta hobetuta. Ibilgailu horiek isilak dira eta ez dute kutsatzailerik igortzen eguratsera, eta 200 kilometro baino gehiagoko autonomia lortzea espero da beraiekin. Sodio Nikeleko kimika duten bateria moduluek, Ultracap-ekin konbinatuta, motor elektrikoari energia ematen diote, 3.100 NM-ko trakzio parea eta 230 kW–ko potentzia lortuta. Ibilgailuak frenatzean sortzen den energia berreskuratu eta energia elektriko bihurtzen du, baterien autonomia handituta.
Era berean, “Dbus Hiri Berdea” kanpainaren linean, zeinak iraunkortasunaren eta ingurumena errespetatzen duen garraio publikoarekiko konpromisoaren alde egiten baitu, ibilgailuaren barruko diseinuan elementu berdeak ditu, esaterako barrak. Errotulazio berezia ere diseinatu da mezu hori bera helarazteko asmoarekin.
Horrez gain, autobus hibrido berriak Ion-Litio bateriez hornituta daude eta Start-Stop sistema dute; beraz, geldialdietan modu elektrikoan baino ez dute funtzionatzen, eta ez dute gasik igortzen eguratsera, ez eta ingurunean kutsadura akustikorik sortu ere. Horrek dakar, batetik, %25-30 erregai gutxiago kontsumitzea eta urtean gutxi gorabehera 22 tona CO2 gutxiago igortzea eguratsera ibilgailuko.
Horrela, gaur egun 26 lineak, zeinak zerbitzua diesel teknologiako 4 autobusarekin ematen baitu, 445 tona CO2 igortzen ditu urtean. Ibilgailu berriak sartuta, aurreikusten da kutsatzaileen igorpena %65 murriztea (290 tona), hirian aire garbiagoa eta osasuntsuago arnastea bermatuta eta zaratarik gabeko zerbitzua emanda.
REPLICATE proiektu europarraren barruko neurri bat da. Dbus proiektu horretan ari da, Donostiako Udalarekin eta beste 34 bazkiderekin batera, hiri adimentsuaren eredua garatzeko. Proiektua 2016ko otsailean hasi zen eta 5 urteko iraupena izango du. Proiektuak Europar Batasunaren H2020 ikerketa eta berrikuntza programaren fondoak jaso ditu, 691735 zenbakiko kontratuaren barruan.
Igorpenak gutxitu eta merkatuko igorpen maila txikienetara jaistea ahalbidetzen duen teknologia daukaten autobusak erosi dituen lehen hiri garraioko enpresa da Dbus. Donostia da flotarik ekologikoena eta gutxien kutsatzen duena duen hiria Euskal Herrian eta ibilgailu elektriko eta hibrido gehien dituen hirietako bat Estatuan.
26-Amara-Martutene linean ibiliko diren 2 autobus hibridoez gain, uztailaren 5etik aurrera ere Dbusek beste 4 autobus hibrido gehiago jarriko ditu martxan Donostiako autobus lineetan. Aurreikusita dago urtea amaitu baino lehen ezaugarri horiek berak dituzten beste 4 ibilgailu hibrido sartzea, beraz, Dbusek mota horretako 20 ibilgailu izango ditu. Horrela, gainera, 12 metroko autobusen %25 elektriko-hibridoa izango dira.
Ibilgailu berri horiek guztiek Dbuseko flotan sartuz joan diren modelo horretako ibilgailuen ezaugarri berberak dituzte. Dbuseko autobusek eduki ohi dituzten erosotasuneko eta segurtasuneko elementu guztiak dituzte eta %100 irisgarri dira. Berritasun moduan, ibilgailu elektriko eta hibrido berriek USB kargagailuak dituzte, bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko. Ibilgailu bakoitzak bi USB kargagailu izango ditu:
bat, ibilgailuaren erdiko aldean eta, bestea, atzeko aldean. Kargagailu bakoitzak bi USB ataka ditu, hainbat gailu batera kargatu ahal izateko. 
Era berean, azken hilabeteetan Dbuseko gidariek prestakuntza jaso dute ibilgailu berri horien gainean, eta Kotxetegietako instalazioak egokitu dira ibilgailu horiek funtzionamenduan hasteko. Horretarako, autobus horietarako bereziki garatu diren bi karga gune instalatu dira Dbusen, bai eta karga adimentsurako zentral bat ere, zeinak karga prozesua modu optimoan eta automatikoan kudeatzen duen. Zentral honek bi karga gune berriak eta beste autobus elektrikoaren karga gunea ere kontrolatuko ditu. Bi ibilgailu elektriko berriak gauez kargatuko dira, goizean klimatizazio baldintza ezin hobetan lanean hasteko eta energia kontsumoa minimizatzeko. Era berean, girotze sistemarekin energiari etekin handiago atera ahal zaio. Irteera orduaren arabera, sistema automatikoki piztuko da, nahiko aurrerapenez, programatutako tenperaturara iristeko, eta horrela, ibilgailua deskonektatu eta zerbitzua ematen hasi eta gero, girogailuaren kontsumoa murriztu egingo da.
Bi ibilgailu elektriko berriak IRIZAR-i2e modelokoak dira eta Irizar Kooperatiba Elkarteari erosi zaizkio; 2 autobus hibridoak, berriz, SOLARIS URBINO 12 Hybrid modelokoak dira eta SOLARIS Bus & Coach enpresari erosi zaizkio. Erosketa horiek 1.637.642,16€-ko inbertsioa eskatu dute. Inplementazioaren ondoren, ibilgailuen funtzionamendua monitorizatu egingo da, emaitzak egiaztatzeko.
Ibilgailu hauek gehituta, Dbusek erakusten du elektromugikortasunarekin eta teknologia aurreratuenekin duen konpromisoa, eta donostiarrei zerbitzua emateko duen flota are garbiagoa eta efizienteagoa izatea nahi duela.
Dbus, LGTBQ kolektiboaren askapen afektibo-sexualaren nazioarteko egunera batzen da
Dbus ekainaren 28an ospatzen den Transexualen, bisexualen, lesbianen, gayen eta queeren askapen afektibo-sexualaren aldeko Nazioarteko Egunera batzen da.
Hori dela eta, asteartean, ekainaren 28an, Donostiako autobus guztiek, kolore anitzaren bandera eramango dute modu honetan, izango diren ekitaldi guztiei gure babesa emanaz.

