Dbus eta ATUC elkartu egin dira emakumeen talentua erakartzeko eta emakumeek garraioaren sektorean presentzia handiagoa izatea bultzatzeko
Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta, hori dela eta, Dbusek komunikazio kanpaina bat abian jarri du garraio sektorean emakumeen talentua sustatzeko. ATUC Mugikortasun Jasangarria, Estatuko garraio publikoko operadore nagusiak biltzen dituen elkartea, Dbusekin elkartu da kanpaina horretarako. Hiriko eta metropoliko garraio publikoko 30 operadorek sustatutako kanpaina da, eta egun hauetan hiri askotan egongo da ikusgai.
Hiriko eta Metropoliko Garraio Publikoen Elkarteak (Atuc Mugikortasun Jasangarria) sustatutako eta koordinatutako kanpaina bateratu honekin, garraio sektorean emakumeak egoteak duen garrantzia ikusarazi nahi da, sektore horretan tradizionalki gizonezkoek presentzia handiagoa izan baitute, oraindik ere hala izanda, nahiz eta azken urteotan emakume kopuruak asko egin duen gora. Izan ere, azken bost urtean Dbusen emakume gidarien kopurua %32 igo da. Era berean, kanpainak emakumeen garapen profesionalerako gune erakargarri gisa aurkezten du bidaiarien garraioa.
“Mundua mugitu nahi dut. Garraio publikoak emakumeen talentu gehiago behar du” lelopean, emakumeen profesionaltasuna erakartzeaz gain, garraio publikora ikuspegi berdinzaleagoa eta inklusiboagoa ekarri nahi da, bertan emakumeak baitira bidaia gehien egiten duten kolektiboa; beraz, ezinbestekoa da garraio zerbitzuak antolatzeko eta planifikatzeko orduan genero ikuspegi hori txertatzea.
Dbusek eta ATUC Mugikortasun Jasangarria osatzen duten gainerako garraio operadoreek ezinbestekotzat jotzen dute mugikortasun berdinzaleagoa sustatzea, erakundeak berak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen duten erakunde bihurtzeko neurriak ezarriz hasita.