“Dbus eta Gabonak” haurrentzako XIX. marrazki lehiaketa

“Dbus eta Gabonak” haurrentzako marrazki lehiaketaren beste edizio bat abiarazi du Dbusek, 13 urte baino gutxiago duten neska-mutilentzat.
Urteroko lehiaketa honen bitartez, 2025ean lehiaketaren 19. edizioa izango baita, neska-mutilen sormena sustatu nahi da eta Donostian garraio publikoa erabiltzeak duen garrantzia helarazi nahi zaie, Donostiako hiri guneen eta donostiarren bizi kalitatearen iraunkortasuna bermatzeko balio baitu. Gabonetan, zehazki, garraio publikoaren erabilera funtsezkoa da mugikortasuna efizientea izatea bermatzeko.
LEHIAKETAREN OINARRIAK
Parte hartzailea 13 urtetik beherako edozein haur izan daiteke eta gai libreko marrazki bat egin beharko du. Baldintza bakarra Gabonen inguruko ideia bat azaltzea izango da, autobusarekin erlazionatuta.
Marrazkiak Fnac-eko erakusmahaian entregatuko dira (San Martin Merkataritza Gunea), lehiaketaren antolaketako laguntzailea baita, edo Dbuseko bulegoetan (Fernando Sasiain, 7), eta marrazkien atzealdean parte hartzailearen datuak jarriko dira:
- Izen-abizenak
- Adina
- Jaiotze data
- Helbidea
- Telefonoa eta harremanetarako posta elektronikoa
- Ikastetxea
- Baimendutako tutorearen izenpea
Ezinbestekoa da datu pertsonal guztiak adieraztea. Bestela, marrazkia lehiaketatik baztertuta geratuko da. Derrigorrezkoa izango da, halaber, formularioa betetzea parte hartzailearen legezko tutoreen baimenarekin:
> Baimen orria deskargatu (pdf)
Bi kategoria egongo dira:
- A Kategoria: 8 urte artekoa, hau da, 2017an edo geroago jaiotako haurrentzat.
- B Kategoria: 9 eta 12 urte artekoa; hau da, 2013an, 2014an, 2015ean edo 2016an jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute.
Marrazkiak jasotzeko azken eguna 2025eko azaroaren 11 izango da.
SARIAK
Epaimahaiak, Dbusek izendatua, kategoria bakoitzeko marrazki irabazleak hautatuko ditu.
- Lehen saria: Lenovo Tab tableta, bere fundarekin + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera.
- Bigarren saria: Fujifilm Mini 12 Green argazki kamera + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera.
- Hirugarren saria: liburu sorta eta idazketako sorta + Donostiako Aquariuma bisitatzeko 4 sarrera.
- Gainerako finalistek (4. postutik 10.era) Diploma bana jasoko dute.
Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 11n izango da, ostegunean, 18:00etan, Aquariumeko Auditorium aretoan.
Dbusek marrazkiak hedatu, publikoki erakutsi eta erreproduzitzeko eskubidea bere gain hartzen du, marrazkien egileek, euren lanaren autoretza onartzen zaielarik, inolako eskubiderik sortzen ez dutelarik. Marrazkiak Dbusen marketin kanpainetan erabiliak izan daitezke.
Lehiaketarako izena ematean parte hartzaileek ematen dituzten datuak Dbusen jabegokoa den fitxategi batean sartuko dira beraien tratamendurako, eta lehiaketan parte hartzea kudeatzeko erabiliko dira. Dbusen Pribatutasun Politikari buruz edota interesdunak honi lotuta dituen eskubideen erabileraz gehiago jakiteko, begiratu www.dbus.eus web orrian.
Marrazki finalistak DVbusen erakutsiak izango dira abenduan zehar eta Dbusen webgunean azalduko dira. Halaber, marrazkiak horretarako egokitutako leku publikoetan erakutsi ahal izango dira. Erakusketa amaitu ondoren, marrazkiak gorde egingo dira zaintzapean, hilabete bateko epean.
Noizbehinkako bidaia txartelaren tarifa aldaketa Dbusen
Bihartik aurrera, urriak 11, Dbuseko noizbehinkako bidaia txartelaren tarifa aldatuko da, baita QR bidaia txartelena ere. Hauek izango dira tarifa berriak:
| Bidaia txartela | Prezioa 2025/10/11 baino lehen | Prezioa 2025/10/11tik aurrera |
| Eguneko noizbehinkako bidaia txartela eta eguneko 30 minutuko bidaia txartel digitala (QR edo banku txartela eta gailu mugikorrak) | 1,85 € | 1,95 € |
| Gaueko noizbehinkako txartela eta gaueko 30 minutuko txartel digitala (QR edo banku txartela eta gailu mugikorrak) | 2,50 € | 2,65 € |
| QR bidaia txartela, 24 ordukoa | 6 € | 6,40 € |
| QR bidaia txartela, 48 ordukoa | 10 € | 10,60 € |
Era berean, MUGI, LURRALDEBUS, BAT eta BARIK txartelei aplikatzen zaizkien tarifak ez dira aldatuko, apirilean eta uztailean eguneratu baitziren.
Izan zitekeen Donostia, Dbuseko markesinetan
Urriaren 7tik azaroaren 14ra “Gazteluak airean edo nola eraiki utopia gaur egun” lelopean egingo den Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Bienalaren bosgarren edizioaren esparruan, Dbuseko markesinek “Donostiako Ukroniak: Donostian egin ez ziren arkitektura eta hirigintza proiektuak” proiektua hartuko dute. Proiektua Santos Bregaña artista eta diseinatzailearena da, eta Open Mugak deialdi irekiaren bidez hautatu zen. Bienala/Mugak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatzen du.
10 postalen bidez, markesinetan ikusiko dugu iraganean proiektatu ziren eta gauzatu ez ziren eraikuntza eta hirigintza proiektuei esker izan zitekeen Donostiari buruzko ikuspegi bat, bi aldetatik. “Ideia horiek gauzatu izan balira, nolakoa izango zen Donostia?” galderaren inguruko hausnarketa bisuala. Pentsatutako baina gauzatu gabeko proiektu horiek hirigintza erabakien eta horiek hirian duten eraginaren inguruko hausnarketa kritikoa dakarte: Kontxako badia portu industrial bihurtzea, Santa Klara uhartean adinekoentzako egoitza bat sortzea, Urgullen hiri lorategi bat sortzea, etab.
Markesinen alde batetik aurkezpen bisual bat jasotzen da eta markesinaren beste aldetik errealitate paralelo horietatik datozen testu epistolarrak jasotzen dira, Harkaitz Cano idazleak, hirian irudikatutako tokietako biztanle bihurtuta, toki horietako bakoitzetik postalak bidaltzeko idatzitakoak.
Postal horiek hiri ingurunearen etorkizunari eta hiri baten nortasuna moldatzeko duen gaitasunari buruzko gogoeta eragiten dute, eta datozen asteetan ikusi ahal izango dira markesinetan.
Dbusek 17 linearen eraldaketa aurkeztu du Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuneko adituen aurrean
Dbusek 17-Gros-Amara-Miramon linea eraldatu eta zirkulazio azkarreko zerbitzu elektriko eta adimendun bihurtzeko proiektua (BEI proiektua) aurkeztu du UITPk (Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuna) Coimbran (Portugal) antolatu duen Batzordean, non gaitasun handiko sistema mota horiek garatzen ari diren munduko hainbat lekutako hiriak bildu diren.
Dbusek BRT sistema du 5-Benta Berri eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan eta une honetan 17-Gros-Amara-Miramon linean ezarriko den BEI (Bus Elektriko Adimenduna) etorkizuneko linean inplementatzea garatzen ari da. Sistemak hiru funtzio osagarri izango ditu: autobus artikulatu %100 elektrikoak erabiliko ditu, geralekuetako irisgarritasuna hobetuko da, eta autobusera ate batetik baino gehiagotik sartzeko aukera emango du.
Lan batzorde horretan, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, eta Eduardo Gonzalezek, Dbuseko zuzendari teknikoak, kalitate handiko autobus sistema honen (BRT) ezaugarriak aztertu dituzte garraio adituen aurrean, izan ere, autobus hauen funtsa da azkar eta eroso zirkulatzea, zirkulatzean lehentasuna ematen dioten errei berezien bidez, eta erabiltzaileei zerbitzu bikaina ematea. Sistemak ahalbidetzen du abiadura komertzial handia (16,60km/h) izatea eta Donostiako herritarren erabilera maila handia izatea. 2024an Dbusek bere historiako daturik onenak erregistratu ditu, zerbitzuetan 32.026.966 bidaia egin baititu, eta aurten seguruenik zifra horiek gaindituko dira, erabiltzaileen kopuruak berriro gora eginda.
Eduardo Gonzalezek batzordean azaldu duen bezala, geralekuetako irisgarritasuna hobetzeak espaloiaren eta autobusaren arteko distantzia murriztea ekarriko du, autobusera igotzea eta autobusetik jaistea erraztuta, eta arrapalen funtzionamenduko gorabeherak ere murriztuko ditu. Era berean, autobuseko ate batetik baino gehiagotik sartzeak eta irteteak autobusera sartzeko denborak hobetzea ahalbidetuko du, bidaia denbora murriztuta eta abiadura komertzial ona bermatuta. Javier Vallejok, berriz, autobusetan doazen bidaiarien kopurua eta baliozkotu diren bidaia txartelak kontrolatzeko ezarriko diren berrikuntza teknologikoak ere aurkeztu ditu.
Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.
DTK-k bere kudeaketa eredua aurkeztu du mugikortasun jasangarriari buruzko jardunaldi batean, “MoVer Ciudades” proiektuaren barruan
Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) bere kudeaketa eta efizientzia eredua eta Donostiako hiri garraioan ezarritako soluziorik berritzaileenak partekatu ditu gaur, Ekuadorko Hirietan Mugikortasun Berderako Proiektuaren (MoVer Ciudades) bisita teknikoan zehar, Donostian mugikortasun jasangarriari buruz antolatutako jardunaldian.
Ekuadorko tarteko hirietan emisio gutxiko hiri mugikortasun jasangarriaren inplementazioa indartu nahi duen proiektu bat da, ingurumena babesten eta herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Ekuador pertsona bakoitzeko berotegi efektuko gasen emisio gehien sortzen dituen herrialdeetako bat bihurtu da eskualdean, eta garraio sektorea da emisio horien %50 ingururen erantzulea.
MoVer Ciudades proiektua Global Gateway eta Europar Batasunak eta Alemaniako Lankidetza Ekonomiko eta Garapenerako Ministerio Federalak (BMZ) finantzatzen duten Europa Taldea: Itun Berde bat Ekuadorrentzat ekimenen parte da.
Jardunaldian, non mugikortasunean espezializatutako Ekuadorko zenbait teknikarik parte hartu baitute, DTK-ko zuzendari gerente Igor Gonzalezek Konpainiaren elementu bereizgarriak aurkeztu ditu, hau da, Konpainia sektoreko enpresa erreferente bihurtzen duten elementuak, eta, erabilera indize altua ez ezik, erabiltzaileen aldetik oso balorazioa ona edukitzea ahalbidetzen diotenak. Azken urteetan, antzinatasun handieneko garraio enpresa bat izatetik hiri mugikortasuna kudeatzen duen enpresa bihurtzera iritsi da, Dbusen bidez autobuseko garraio publikoko zerbitzua eta Dbizi bidez bizikleta publikoa alokatzeko sistema eskainita.
Ordezkaritzak enpresaren eguneroko funtzionamendua eta departamentuen antolamendua ezagutu ahal izan ditu. Besteak beste, planifikazioko sistema adituak ikusi ahal izan dituzte. Horiei esker, eraginkortasunez kudeatu daitezke autobusak zein gidarien ordutegiak antolatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak. Horrela, zerbitzua optimizatu egiten da, erabiltzaileei ordutegi zabalagoak eta maiztasun hobea eskainiz eta, aldi berean, flotako autobusak eta gidariei esleitutako ordutegi ezberdinak koordinatuz.
Aurkeztutako gaien artean, nabarmentzekoak dira tarifa sistema integrala eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren, erabiltzen diren MUGI, BAT eta BARIK garraio txartelen interoperabilitatea; izan ere, horri esker, Dbuseko ordainketa sistemak erosoak eta praktikoak dira erabiltzaileentzat. Horri lotuta, azken urteetan berrikuntza teknologiko ugari inplementatu dira, baliabideak optimizatzeko, benetako premietara egokitutako garraio sare bat diseinatzeko eta garraio publikora iristea errazteko, ordainketa sistemetan trabak ezabatuz. Dbusek munduko ticketing onena duen garraio publikoko operadorearen saria jaso du aurten, Londresen urtero banatzen diren Transport Ticketing Awards sarien banaketan.
Era berean, BRT sistema (Bus Rapid Transit) da aurkezpenean aztertutako beste puntu bat. Sistema hori linearik erabilienetako bitan dauka Dbusek (5 eta 28 lineak). Kalitate handiko autobus sistema bat da, zirkulazio azkar, eroso eta eraginkorrean oinarritua. Linea horiek, gainera, AENOR UNE-EN 13816 ziurtagiria daukate, zeinak lineen zerbitzuaren kalitatea aitortzen baitu. Zerbitzua beste inplementazio teknologikoekin indartu da, hala nola itsuendako audio sistemarekin edo zerbitzua denbora errealean geltokietan dagoen erabiltzaile kopurura egokitzen uzten duen sistemarekin.
Ildo horretan, garraio jasangarria bultzatzea da Dbusen lehentasunetako bat, elektromugikortasunean enpresa aitzindaria baita, 2014an Europan fabrikatutako lehen autobus %100 elektrikoa jarri zuena zerbitzuan. Gaur egun, Konpainia elektrifikazio proiektu integralean murgilduta dago, flotaren deskarbonizazioa ahalbidetzeko, 2030ean 0 emisioko flota izan dadin.
Proiektuaren barruan sartzen dira hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena, autobus elektriko berrien sarrera eta Dbuseko trafikoaren mantentze eta gestio arloen berrantolaketa, horrela, trantsizio eraginkorra eta jasangarria bermatzeko. Horrenbestez, Dbusen eta Udalaren apustua Bideberdea da, garraio publikoa zerbitzu garbi eta isil bihurtuko duena. Horrez gain, ordezkaritzak BEA (Bus Elektriko Adimenduna) proiektua ere ezagutu du, 17-Gros-Amara-Miramon linean ezarriko den gaitasun handiko sistema, zirkulazio azkarreko autobus %100 elektriko eta adimendunen bidez.
Halaber, aurkezpenean, Igor Gonzalezek Dbizi bizikleta publikoaren sistemaren funtzionamendua ere azaldu du. DTK arduratzen da sistema kudeatzeaz, Donostiako Udalak aginduta, sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta bizikletaren erabilera sustatzeko, garraio publikoko beste modu batzuen osagarri gisa. Dbizi sistema berritua 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta erreferentziazko sistema bihurtu da beste hiri batzuetarako. 2024an zerbitzuaren erabilera sendotu egin da, 1.294.358 bidaia egin baititu; aurreko urtean, berriz, 945.642 bidaia egin ziren.
Bukatzeko, Igor Gonzalezek enpresak gizartearen balioekin duen konpromisoa soziala azpimarratu du, zenbait elkarterekin dituen harremanetan eta kausa sozialen alde egindako lanean eratua. DTK-k garrantzi berezia ematen dio, halaber, leialtasuna eta sinesgarritasuna sortzeari, tokiko komunikabideekin eta herritarrekin harremana zuzena edukiz, eta enpatia sustatzeko eta gidariaren irudia indartzeko kanpainen bitartez.
Dbusek bere historiako daturik onenak erregistratu ditu urteko lehen seihilekoan
Donostiako Tranbia Konpainiak 17.041.235 bidaia erregistratu ditu urteko lehen seihilekoan, eta 2024an, denbora tarte berean, berriz, 16.093.375 bidaia zenbatu ziren. Horrek esan nahi du 2024an zenbatutakoak baino 947.860 bidaia gehiago izan direla eta urteko lehen seihileko batean orain arte erregistratu diren emaitzarik onenak dira. Bidaia horiek Dbuseko autobus zerbitzuan eta Dbizi bizikleta alokairu zerbitzuan erregistratutakoak biltzen dituzte.
| 2025eko lehen seihilekoa | 2024ko lehen seihilekoa | Aldaketa | |
| Dbizi | 706.476 | 757.694 | -51.218 |
| Dbus | 16.334.759 | 15.335.681 | +999.078 |
| GUZTIRA | 17.041.235 | 16.093.375 | +947.860 |
Dbuseko bidaiak lehen seihilekoan
2025eko ekainaren 30ean, urteko lehen seihilekoan 16.334.759 bidaia egin dira autobusean. Zifra horrek esan nahi du 2024ko denbora tarte berdinarekin alderatuta 999.078 bidaia gehiago izan direla; pandemia aurrean izan ziren zifra errekorrak baino 2 milioi bidaia gehiago direla.
Bestalde, azpimarratzekoa da Aste Nagusian autobusaren erabilerak %19,67ko igoera esanguratsua izan duela, 853.424 bidaiarekin, Aste Nagusi batean orain arte erregistratutako datu guztiak gaindituta.
Era berean, aurten Illunberako anezka zerbitzua jarri da eta zerbitzu horren erabilera %16,39 hazi da, 2024ko datuekin alderatuta, orduan zerbitzuak doakoa izateari utzi baitzion. Zehazki, 17.480 bidaia erregistratu ditu.
| 2025 | 2024 | Igoera (%) | |
| Uztaila | 6.409 | 4.902 | %30,74 |
| Abuztua | 11.071 | 10.116 | %9,44 |
| GUZTIRA | 17.480 | 15.018 | %16,39 |
Dbiziko bidaiak lehen seihilekoan
Urteko lehen seihilekoan, 574.707 bidaia erregistratu dira Dbiziko zerbitzuetan, eta 2024ko denbora tarte berdinean, berriz, erregistratutako bidaiak 627.154 izan ziren. Horrek esan nahi du erabilera %8,36 jaitsi dela. Murrizketa hori baliteke urteko lehen hilabeteetako eguraldi txarrarekin lotuta egotea, erabileran eragin negatiboa izan baitu. Era berean, Dbizi bizikleta elektrikoak berrikusteko kanpaina batean murgilduta egon da, eta horrek bizikleta horien erabilgarritasunean eragin du. Hala ere, nabarmendu behar da ekaina izan dela 2025ean orain arte bidaia gehien erregistratu dituen hilabetea -128.623 bidaia- berriro maximo historikora iritsita.
| 2024 | 2025 | |
| Urtarrila | 89.199 | 71.541 |
| Otsaila | 86.706 | 81.441 |
| Martxoa | 97.251 | 86.573 |
| Apirila | 112.344 | 91.221 |
| Maiatza | 120.996 | 115.308 |
| Ekaina | 120.658 | 128.623 |
| GUZTIRA | 627.154 | 574.707 |
Abonatuei dagokienez, 2025eko ekainaren 30ean, zerbitzuak 13.954 abonatu erregistratu ditu guztira, eta, horrela, Dbizik martxan jarri zenetik izan duen abonatu kopuru handiena lortu du. Joera positiboa konstante mantendu da urteko lehen seihileko osoan.
Bestalde, bizikleta elektrikoa erabiltzeko joera dago oraindik ere (%75), bizikleta mekanikoa erabiltzekoa baino joera handiagoa (%25). Dbiziko bizikletetan egindako bidaia gehienek 15 minutu baino gutxiagoko iraupena izan dute, eta horien atzetik 15-30 minutuko iraupena duten bidaiak daude. Datu horien arabera, bizikletak ahalik eta gehien txandakatzea lortzeko ezarritako helburua betetzen ari da.
Era berean, nabarmendu behar da uztailean eta abuztuan zerbitzuaren datuak iazkoen oso antzekoak direla, 255.216 erabilerekin (2024an 254.991 erabilera izan ziren).
| 2025 | 2024 | Aldaketa | |
| Uztaila | 131.769 | 130.540 | %0,94 |
| Abuztua | 123.447 | 124.451 | -%0,81 |
| GUZTIRA | 255.216 | 254.991 | %0,08 |
Udan ere handitzen jarraitu du abonatu aktiboen kopuruak: 15.192 izan dira eta 2024ko epe berean 13.508 erregistratu ziren. Hau da, %12,47ko hazkundea erregistratu da abonatuen kopuruan.
Dbusek Dbus Zero autobus elektriko berrien onurak eskainiko dizkie donostiarrei
Dbusek beste pauso bat eman du gaur, bere flota %100 jasangarria izan dadin. Alderdi Ederren egin du ekitaldia, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, helburutzat hartuta Dbus Zero autobus elektriko berrien onurak herritarrei hurbiltzea. Honako hauek izan dira ekitaldian: Eneko Goia, Hiriko alkatea; Olatz Yarza, Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzia; Igor Gonzalez, Dbuseko zuzendari gerentea; Tomas Merino, Man Truck & Bus Iberiako hiri ibilgailuen merkataritza arduraduna; eta Alvaro Sainz, Man Truck & Bus Iberiako autobusen elektromugikortasun arduraduna.
Eneko Goia alkateak nabarmendu du “Donostia mugikortasunaren bidez eraldatzen ari dela eta eraldaketa horren une erabakigarrian dagoela, non garraio publikoa baita prozesu horretan eraldatuko den lehen gauza. Herritarren bizi kalitatea hobetzeko Udalak bere zerbitzuak hobetzearen alde egin du, eta, apustu horri esker, 5 urtean autobus flota %100 elektrikoa izango dugu, hau da, ingurumen kutsadura eta kutsadura akustiko txikiagoak izango ditugu, eta efizientzia handiagoa”.
Halaber, Goiak azaldu du “Dbusek bide garrantzitsua egin duela azken hamarkadetan, gaur egun dena izateko: hirian hobekien baloratutako zerbitzuetako bat, nazioartean onartua eta erabilera zifra inbidiagarriak dituena. Garrantzitsua da honaino ekarri gaituen eta etorkizun garbiago eta jasangarriago batera eramango gaituen bide horri balioa ematea. Hori da erakusketa honen motibazio nagusia”.
Dbusek 23 autobus %100 elektriko ditu une honetan, eta datozen asteetan 12 metroko 24 autobus berri flotan sartzea espero da. Horri esker, flotako autobusen %30 elektrikoak izango dira. Flotaren eraldaketa Bideberdearen parte da, hots, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, eraginkor eta isila bihurtzeko egindako apustua, 2030ean Dbuseko flota %100 jasangarria izan dadin.
Gainera, Bideberdea oraindik harago doa. Ez da garraio proiektua bakarrik, konpromiso soziala ere bada, bai eta Donostiako herritar guztientzat etorkizun hobe batera begira dagoen hiri proiektua ere, noiz eta Dbus bidaien datu historikoak erregistratzen ari den une honetan, urte hasieratik hona ia 23,5 milioi bidaia erregistratu baititu, hau da, pasa den urtean baino 1.282.052 bidaia gehiago. Beraz, Dbusentzat eta hiriarentzat une garrantzitsua da, mugikortasun eredua aldatzeko apustua baita, bere ingurumen inpaktua arindu eta ahalik eta gehien murrizten duena, eta erabiltzaileen esperientzia are gehiago hobetzen duena.
Autobus erakusketa, Alderdi Ederren
Autobus horiek herritarrengana hurbiltzeko eta dauzkaten onurak ezagutarazteko asmoz, irailaren 16an, eta 17an, 10:00etatik 18:00etara, bi autobus egongo dira ikusgai Alderdi Ederren: horietako bat Lion´s City 12E full electric modeloa izango da, hots, flotara gehitutako azken modeloa. Funtzionaltasun berritzaileenak dituen autobus %100 elektriko bat da, Donostiako garraio publikoaren historian mugarria. Horrekin batera, 2004ra arte Konpainiaren parte izan zen ibilgailu historiko bat ikusi ahal izango da: 318 autobusa, 80ko hamarkadako Mercedes markako modelo bat. Bi autobus horiek Konpainiak azken 139 urteetan izan duen bilakaera islatzen dute.
Autobus horiekin batera, 1886an sortu zenetik Konpainiak izan duen bilakaerari buruzko informazioa eskuratuko dute donostiarrek, bai eta flotak flota moderno eta jasangarri bihurtu arte izan duen eraldaketari buruzko informazioa ere. Informazio historiko horretaz gain, autobus elektriko berrien eta dauzkaten gailuen funtzionamendua, ibilgailu berritzaile horien fabrikazio prozesua, bateria elektrikoek nola funtzionatzen duten eta baterien ezaugarriak eta herritarrentzat dituzten abantailak eta onurak ezagutu ahal izango dituzte.
Herritarrengana hurbiltzeko ahalegin horren erakusle dugu, halaber, Dbuseko markesinetan, webgunean eta sare sozialetan eskuragarri dagoen kanpaina osagarria, garraio %100 elektrikoak dauzkan onurei buruzko informazio pilulak biltzen baititu. Era berean, nola Boulevard 9 (21, 28, B4 eta B9 lineak), Boulevard 13 (26 eta B2 lineak), Boulevard 15 (9, 29, 31 eta B3 lineak) eta Boulevard 17 (5, 25, B1 eta B8 lineak) geralekuek, hala autobus elektrikoek, binilo batzuk izango dituzte aurrerantzean lurrean, egiten ari garen bide berdea sinbolizatzeko (Bideberdea). Bestalde, herritarren lankidetza eta laguntza eskatzen duen bide honen barruan, datozen egunetan ere lore basatien haziekin perching bat egingo da hiriko hainbat lineatan dabiltzan Dbuseko autobus elektrikoetan.
Kotxetegietako instalazioak egokitzea eta BEI linea berria
Konpainia elektrifikazio proiektu integral batean dago sartuta. Proiektu horri esker, flota deskarbonizatu ahal izango da, 0 emisioko flota bihurtzeko. Horrek guztiak kotxetegietako instalazioak egokitzea dakar: tartean, hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena eta Dbuseko trafikoa mantentzeko eta kudeatzeko eremuen berrantolaketa; era horretan, trantsizio eraginkor eta jasangarri bat bermatuko da.
Eraldaketa hau Udaleko Ingurumen Sailak egindako Klima 2050 Planaren barruan kokatzen da, Klima Aldaketak planteatzen dituen erronkei eta horrek herritarren bizi kalitatean izan dezakeen inpaktuari erantzuteko. Era berean, etorkizunari begira jarrita, Dbus lanean ari da, 17-Gros-Amara-Miramon linean BEI (Bus Elektriko Adimenduna) sistema ezartzeko. Horixe izango da zerbitzuaren lehen linea erabat elektrikoa, eta ibilgailuetan eta geralekuetan funtzionaltasun berriak izango ditu.
Autobus elektriko berrien eta horien kargagailuen erosketa Next Generation Funtsek finantzatu dute, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren (MITMA) bidez. Inbertsioa 12.636.000 eurokoa da, eta dirulaguntza 4.800.000 eurokoa.

Dbusen lineetako ibilbide eta geralekuen aldaketa, Easo kaleko obrak amaitu ondoren
Irailaren 1etik aurrera, astelehena, Easo kaleko obrak amaitu ondoren, 21 eta 28 lineek kale horretako jatorrizko ibilbidea berreskuratuko dute, eta, horrela, Ospitaleen eta Amara Berriren eremua Easo plazarekin eta Easo – San Martinekin lotuko dute.
- 21-AMARA-MUTUALITATEAK:
21 lineak, Boulevard alderantz, honako geldialdi hauek egingo ditu Mutualitateetako abiaburuko geralekutik: Mutualitateak, Errondo-Barkaiztegi, Collado, Antso Jakituna 35, Antso Jakituna 11, Easo plaza, Easo 19, Okendo 11 eta Boulevard 9. Easotik zirkulatzean, ez du geldialdirik egingo Gernikako Arbolan.
- 28-AMARA-OSPITALEAK:
28 lineak, Boulevarderako norabidean, Antso Jakituna 11tik aurrera Easo kaletik joango da, eta honako geldialdi hauek egingo ditu: Easo plaza, Easo 19, Okendo 11 eta Boulevard 9. Easotik doanean, ez du geldialdirik egingo Gernikako Arbolan.
- B4-AMARA-ERRIBERAK-MARTUTENE:
B4 lineak Easo 19an egingo du geldialdia.
- 19-AIETE-BERA BERA, 31-INTXAURRONDO-OSPITALEAK-ALTZA, 36-SAN ROKE-ALDAKONEA ETA B2-AIETE-BERA BERA:
Easo 27ko lanak amaitu arte 19, 31, 36 eta B2 lineek Easo 19n egingo dute geldialdia.
Dbusen erabileraren hazkunde ikusgarria Aste Nagusian, 853.424 bidaia erregistratu dira eta
Dbusenautobusen erabilera masiboa izan da 2025eko Aste Nagusian. Abuztuaren 9tik, larunbata, 16ra, larunbata, 853.424 bidaia egin dira Dbusen autobusetan. Hau da, 2024an erregistratutako 805.664 bidaiak baino %5,93 gehiago izan dira. Donostian garraio publikoaren erabileran lortutako kopuru errekorra izanda.
Hona hemen hirian autobusa gehien erabiltzen den Aste Nagusien rankinga:
- Aste Nagusia 2025: 853.424 bidaia.
- Aste Nagusia 2024: 805.580 bidaia.
- Aste Nagusia 2010: 800.945 bidaia.
- Aste Nagusia 2023: 769.121 bidaia.
- Aste Nagusia 2009: 766.558 bidaia.
- Aste Nagusia 2012: 765.505 bidaia.
Zifra horiek ikusita, oraindik behin-behinekoak diren arren, Dbuseko autobusak izan dira berriro ere Donostiako jaietan gehien erabili den garraiobide publikoa.
Aste Nagusiaren barruan, abuztuaren 14an, osteguna (2018ko Santo Tomas egunaren ondoren, 129.321 bidaiarekin, erabilera handiena izan duen eguna), abuztuaren 11n, astelehena, eta abuztuaren 13an, asteazkena, erabili da gehien autobusa; izan ere, 128.310 bidaia, 116.362 bidaia eta 116.275 bidaia erregistratu dira egun horietan, hurrenez hurren.
Hau da bidaien kopurua egunez egun:
- Abuztuak 9, larunbata: 103.808 bidaia
- Abuztuak 10, igandea: 80.744 bidaia
- Abuztuak 11, astelehena: 116.362 bidaia
- Abuztuak 12, asteartea: 114.161 bidaia
- Abuztuak 13, asteazkena: 116.275 bidaia
- Abuztuak 14, osteguna: 128.310 bidaia (Dbusen historian bigarren erabilera handiena izan duen eguna)
- Abuztuak 15, ostirala: 115.239 bidaia
- Abuztuak 16, larunbata: 102.872 bidaia
Aste Nagusian gehien erabili diren lineak Amarakoak izan dira (17, 21, 26 eta 28 lineak), 209.943 bidaiarekin, eta, ondoren, Antiguakoak (5, 25, 33, 40 eta 45 lineak), 177.615 bidaiarekin; Altza-Bidebietakoak (13-14 lineak), 145.268 bidaiarekin; Egia-Intxaurrondokoak (8, 9, 29 eta 42 lineak), 90.076 bidaiarekin; eta Aietekoak (18, 19, 23, 31, 32 eta 46 lineak), 89.443 bidaiarekin. Gainera, mikrobus lineetan 27.782 bidaia erregistratu dira.
Gautxorien lineen erabilera, berriz, %1,56 igo da aurreko urtearekin alderatuta, 38.868 bidaiarekin. Halaber, Illunbera joateko autobusen zerbitzuak %5,69 bidaiari igoera izan du 2024ko datuekin alderatuta, 4.273 bidaia zenbatu baitira.
Egun hauetan, Dbusek zerbitzu asko eskaini ditu, 23.400 zerbitzu baino gehiago izan baitira, eta zerbitzu horiek ematen 270 gidari aritu dira egunero, beste 45 pertsona gehiagoren laguntzarekin, batez ere ikuskatzaile eta tailerreko langileekin, autobus flota osoaren koordinazio eta funtzionamendurako beharrezkoak diraetaeta.
Larunbat honetan hasiko da Illunbeko aparkalekua eta hiri Erdigunea lotzeko anezka zerbitzua

Abisua: Abuztuaren 13an, 14ean, 15ean eta 16ean ez da anezka zerbitzurik izango zezenketak direla eta.
Larunbatean, uztailak 12, hasiko da zerbitzua ematen Illunbeko doako aparkalekua eta hiri erdigunea lotuko dituen anezka autobusa, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, sustatuta.
Anezka zerbitzuak Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako hiri erdigunearen arteko joan-etorriak errazten ditu, garraio publikoa sustatzeko eta hiriko trafikoa murrizteko helburuarekin. Azken urteetan, zerbitzua urteko bi garaitan eskaini da, Gabonetan eta udan.
Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, egunero, uztailaren 12tik, larunbata, abuztuaren 31ra, igandea, eta, orain bezala, bi geltoki izango ditu:
- Illunbeko geltokia: irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
- Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin.
Tarifak eta ordaintzeko aukerak
Iaz bezala, hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira:
MUGI, BAT edo BARIK garraio txartelak, kontakturik gabeko banku txartelak eta lotutako gailu digitalak, QR txartelak eta noizbehinkako bidaia txartela.
Bidaia garraio txartelarekin ordaintzen dutenek auzo guztietara doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbuseko sarean. Era berean, garraio txartelik ez duten bisitariek QR kodea duen bidaia txartel berria eskuratu ahal izango dute, Dbuseko app ofizialaren bitartez, zeina iOS eta Androiderako eskuragarri dagoen. Bidai txartel horrekin, Dbuseko sare osoan nahi beste bidaia egin ahal izango dituzte, bidaia txartela erosi eta hurrengo 30 minutuz, 24 orduz edo 48 orduz.
Autobus %100 elektrikoa
Illunbetik hiri Erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloko autobusa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.
Igarako aparkalekua
Illunbeko aparkalekuaz eta bere anezka zerbitzuaz gain, Igarako gainazaleko aparkalekua (Bernardo Estornes Lasa kalea) prestatu du Udalak Park and Ride edo disuasio aparkaleku gisa. Aparkaleku horrek 220 plaza ditu, doakoa izango da eta konexio garrantzitsuak ditu Dbuseko linea erregular hauekin: 5, 25, 24, 27, 33, 35, 40, 43, 45 eta B1. Aparkalekurako sarbidea librea eta doakoa da, baina gehienez 24 orduz aparkatu ahal izango da bertan, txandakatzea errazteko
