Category : Berriak

Dbus-ek gero eta bidaia gehiago dauka eta 2019an errekor absolutua erregistratu du Donostian

2019an Dbusek 29.583.538 bidaia erregistratu ditu, eta aurreko urtean, berriz, 29.168.773 erregistratu zituen. Horrek esan nahi du asko handitu dela urteko bidai kopurua (414.765 bidaia gehiago), Konpainiak bere 133 urteko historian eduki duen bidaien errekor absolutua hautsita.

Hau da garraio publikoaren erabileraren rankinga Donostian:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Era berean, nabarmena da lanegunetako erabileraren batez bestekoan hautsi den errekorra. Izan ere, 93.171 bidaia erregistratu dira eguneko eta 2018an, berriz, 91.638 bidaia erregistratu ziren eguneko. Hori da, hain zuzen, grafiko honetan ikusten dena:

 

 

 

 

 

 

 

 

Horrez gain, 2019an errekor batzuk hautsi dira Donostiako garraio publikoaren erabilerari dagokionez:

  • Erabilerarik handieneko larunbata Konpainiaren historian: San Tomas eguna, 698 bidaia kontabilizatuta.
  • Erabilerarik handieneko hilabetea Konpainiaren historian: urria, 641.816 bidaia kontabilizatuta.
  • Laneguneko batez besteko erabilera Konpainian: azaroko lanegunak, batez beste 97.740 bidaia kontabilizatuta egunero.
  • Erabilerarik handieneko Ama Birjinaren Egunaren bezpera Konpainiaren historian: abuztuaren 14a, 966 bidaia kontabilizatuta.

Hazkundearen zati handi bat 2019an eskaintza hobetu duten zerbitzuetan erregistratu da eta nagusiki 26-Amara-Martutene eta 35-Antiguo  -Aiete-Ospitaleak lineetan, horietan autobus bat gehiago sartu baita lanegunetako zerbitzuaren maiztasuna hobetzeko.

Azpimarratzekoa da, halaber, 17-Gros-Amara-Miramon lineak laugarren urtez erabileran eduki duen etengabeko igoera, 2015eko erabilerarekiko %57,41eko igoera metatuarekin. Laster, Dbusek linea hori erabat elektrifikatuko du, BEI-Bus Elektriko Adimenduneko sistema bat ezarriz. Sistema horretan 18 metroko autobus elektriko artikulatuak sartuko dira zerbitzua emateko, autobusen edukiera hobetzeko eta erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzeko.

Irakurri

Datorren udan bost gautxori linea berri jarriko ditu zerbitzuan Dbusek

Dbusen Administrazio Kontseiluak gaur, otsailak 6, egindako bileran bost gautxori linea berriren sorrera aurkeztu du,  oraindik gaueko linearik ez duten hiriko guneei zerbitzua emateko. Linea berriak udan jarriko dira martxan.

 Gaur egun Dbusek bederatzi Gautxori linea ditu eta horiek ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan ematen dute zerbitzua urte osoan zehar. Salbuespena da B7-Igeldo linea, udan (ekainaren 23tik abuztuaren 31ra) ematen baitu zerbitzua. 

Zerbitzu hauen erabilera hazten ari da 2015etik, orduan 182.525 bidaia egin baitziren eta 2019an, berriz, 215.210.  Gaur egun badira hirian hainbat gune eguneko lineak bai, baina Gautxori linearik ez dutenak: Oriamendi, Miramon, Ospitaleak, Zorroaga-Mendigain, Rodil, San Roke edo Aldakonea, esaterako.

Orain dela gutxi emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako eskaripeko geldialdien sistema hedatu zen Dbuseko gautxori linea guztietan eta orain, berriz, gaueko zerbitzua emango da egun ez duten guneetan. Hasteko, zerbitzua udan emango da, ekainaren 23a eta abuztuaren 31 bitartean, hilabete horietan erabiltzen baitira gehien gaueko zerbitzuok. Geroago, linea bakoitzaren erabilera mailaren arabera, aztertu egingo da gaueko zerbitzua urte osoan jartzeko aukera.

 Gautxori linea berriek ostiraletan, larunbatetan eta udako jaiegun bezperetan emango dute zerbitzua, eta baita zerbitzuak gehitzen diren ekitaldietan ere, Jazzaldian edo Aste Nagusian, esaterako. Irteerak Boulevardetik egingo dira, 0:15 eta 4:00ak bitartean.

B5-Aiete-Oriamendi-Miramon linea:

  • Irteerak Boulevard 15etik (ostiraletan eta jai bezperetan): 0:30 – 1:30 – 2:30 -3:30
  • Irteerak Boulevard 15etik (larunbatetan): 0:15 – 0:45 – 1:15 – 1:45 – 2:15 – 2:45 – 3:15 – 3:45

B11-San Roke linea

  • Irteerak Boulevard 19tik: 1:00 – 2:00 – 3:00 – 4:00

B12-Aldakonea linea:

  • Irteerak Boulevard 19tik: 0:30 – 1:30 – 2:30 -3:30

 B13-Rodil linea:

  • Irteerak Boulevard 19tik: 0:45 – 1:45 – 2:45 -3:45

B14-Mendigain-Zorroaga-Ospitaleak linea:

  • Irteerak Boulevard 19tik: 0:15 – 1:15 – 2:15 -3:15

B7-Igeldo linea:

Linea honek egun udan ematen du zerbitzua, ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan, 2:00ak arte, eta bere eskaintza gehituko du 4:00ak arte, eta aldatu egingo du Boulevardeko hasierako geltokia.

  • Irteerak Boulevard 13tik: 1:05 – 2:05 – 3:05 – 4:05

Era horretan, eguneko lineak dituzten hiriko gune guztiek Gautxori zerbitzuak ere izango dituzte gauean.

Era berean, linea berri horietan ere emakumeentzako eta 18 urtetik beherakoentzako eskaripeko geldialdi sistema jarriko da, ibilbideko zenbait tokitan.

 

 

 

 

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

Dbusek bat egiten du otsailaren 4an ospatuko den Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute,  gaixotasun hau pairatzen dutenei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko. 

Irakurri

Dbus-eko autobusen erabilera handia San Sebastian egunean, 124.000 bidaiarekin

Urtarrilaren 19an eta 20an, San Sebastian eguna dela eta, erabiltzaile asko erregistratu dira Dbuseko autobusetan. Urtarrilaren 19tik urtarrilaren 20ra bitartean,  hau da, igandetik astelehenera bitartean, 124.355 bidaia zenbatu dira guztira (behin-behineko datua). 2014. urtearekin alderatuta, orduan ere urtarrilaren 19a eta 20a igandea eta astelehena izan baitziren, 13.967 bidaia gehiago erregistratu dira, hau da, %12 bidaia gehiago.

Era berean, 50.000 bidaia baino gehiagoko igoera erregistratu da neguko jaiegunekin alderatuta, iazkoen antzeko kopuruak, orduan ere ohiko egunetan baino 50.000 bidaia inguru gehiago erregistratu baitziren. Gautxori zerbitzuei dagokienez, aurten 13.069 bidaia zenbatu dira gau bien artean, 2014an baino %20 gehiago, alegia.

San Sebastian jaiari begira, hilaren 19ko arratsaldean Dbusek auzo guztietako lineak indartu zituen Bandera Igoeraren aurretik, gau osoan zehar Igoeraren ondoren eta hilaren 20ko zerbitzua hasi arte, hilaren 20an goizean Haur Danborrada dela-eta eta arratsalde-gauean ere, 2:00ak arte, azken autobus zerbitzuak itxi arte, Bandera Jaitsieraren ondoren.

Autobusaren erabilera oso handia izan da hiriko linea guztietan, eta hauek izan dira egun horietan gehien erabili diren lineak:

  • 13-ALTZA: 18.025 bidaia
  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 15.385 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 12.923 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE: 8.295 bidaia
  • 14-BIDEBIETA: 5.908
  • 17-GROS-AMARA-MIRAMON: 5.488
  • 29-HEGO INTXAURRONDO SUR: 4.872 bidaia
  • 9-EGIA-INTXAURRONDO: 4.779 bidaia
  • 33-ALTZA-INTX.-ANTIGUA-BERIO: 4.376 bidaia
  • 25-BENTA BERRI-AÑORGA: 4.311 bidaia

Datu horiekin, Dbusek jarraitzen du izaten egun horietan donostiarrek hirian mugitzeko aukeratzen duten garraiobidea, egun horietan danborradak kaleetatik ibiltzen baitira eta zirkulazioa zaildu egiten baita.  Dbusek eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei izandako pazientziagatik, eta lanean jarraituko du zerbitzua egunez egun hobetzeko

Irakurri

Dbuseko autobusen erabilera handia San Tomas egunean

Pasa den abenduaren 21ean, larunbatean, 2019ko San Tomas eguna ospatu zen, eta egun horretan Dbuseko autobusen erabilera handia erregistratu da. 112.648 bidaia zenbatu dira, kopuruak behin-behinekoak badira ere.  

Emaitza horiek kontuan izanda, bidaiarik gehien eduki duen larunbata da Dbusen historian, hiri zerbitzuak Donostian soilik ematen dituenetik. Kopuru horiek 2013an erregistratutakoak gainditzen dituzte; orduan ere San Tomas eguna larunbata izan zen eta 104.604 bidaia zenbatu ziren. Neguko ohiko larunbat batean baino 51.000 bidaia gehiago dira, halaber.

Lineaz linea begiratuta, hauexek izan ziren erabilienak:

  • 13-ALTZA: 16.124 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 14.668 bidaia
  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 13.143 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE:  9.021 bidaia

Autobusen erabilera arrakastatsu hori lortzeko, DBUSek lineak indartzeko dispositibo berezia jarri zuen abian egun osoan zehar, 29 gidari eta autobus gehiagorekin.

Era berean, Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtzionatu ahal izateko.

Irakurri

Dbusek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin

Bigarren urtez jarraian, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko.  Oraingo honetan, Zorroaga Fundazioarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta zentro horretan bizi diren adineko 24 pertsonak aukera izan dute gaur, abenduak 19, autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.

Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.

Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 75 eta 90 urte bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.

Pasa den urtean Matia Fundazioaren Lamourous Zentroan bizi zirenen artean jarduerak eduki zuen arrakastaren eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat eta haien ingurukoentzat. Jarduerak garai hauetako ohiko hitzordu bihurtzeko asmoa dauka, hiriko hainbat egoitzarentzat.

 

Irakurri

Dbus, “Mugikortasuna genero ikuspegitik” izeneko jardunaldiko partaide

Gaur, “Mugikortasuna genero ikuspegitik” izeneko jardunaldia egin da Bilbon, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzako Zuzendaritzak antolatuta, eta Dbusek bertan parte hartu du. 

Jardunaldian, garraioaren sektoreko emakumeen ikuspegi profesionaletik zein emakumeen mugikortasunaren beraren ikuspegitik landu da gaia, kontu hauei helduta: emakume gidarien presentzia garraio publikoan; sektoreko berdintasun politikak; autobus lineetako eskaripeko geldialdiak edo puntu beltzen hobekuntzak; eta genero ikuspegia garraio azpiegituretan. Mahai inguru bat ere antolatu da, eta bertan Konpainiako gidaria den Nerea Bravok hartu du parte.

2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Sare horretako partaide izanik, Dbusek urrats bat gehiago ematen du berdintasunaren eta Konpainiako langileen garapenean laguntzen duten praktika onen alde hartutako konpromisoan.

Irakurri

Dbusek autobus linea guztietara hedatu du banku txartelaz ordaintzeko aukera

Dbusek jada inplementatu du Donostiako autobus linea guztietan bidaiak banku txartelaz ordaintzeko aukera. Sistema 2017ko abuztuan jarri zen abian Dbusen 16-Igeldo eta 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete lineetan, proiektu pilotu gisa, eta orain, berriz, Konpainiaren linea guztietara hedatu da. Ekimen hori E-MOBASK europar proiektuaren baitakoa da eta Kutxabankekin batera gauzatu da, enpresa hori izan baitzen horrelako eragiketak burutzeko ordainketa pasabide bat kontratatzeko lizitatatutako lehiaketa publikoaren esleipenduna.  

Donostia da, Madril eta Londresekin batera, Europako lehen hirietako bat linea guztietan sistema berritzaile hori inplementatzen. Sistemak noizbehinkako bidai txartela eta gauekoa ordaintzea ahalbidetzen du kontakturik gabeko bankuetako kreditu eta zordunketa txartelak (EMV) eta mugikorretako zenbait aplikazio erabilita. Txartelak Visa, Mastercard eta American Express dira.

Bankuko txartel bakoitzak edo mugikorreko aplikazio bakoitzak erabiltzaileak nahi beste bidaia ordaintzen uzten du, noizbehinkako bidai txartelaren prezioan eta komisiorik gabe.  Oraingo honetan, eta proiektu pilotuan ez bezala, gidariaren postuaren ondoan dagoen tiket makinan egingo da ordainketa eta ez da beharrezkoa izango aparteko makinarik jartzea. 

Proiektuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Donostiako Alkate Eneko Goiak, Mugikortasuneko eta Garraioetako Zinegotzi Pilar Aranak, Dbuseko Zuzendari Gerente eta Zuzendari Laguntzaile Igor Gonzalezek eta Javier Vallejok, eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko Zuzendari Ainhoa Arruabarrenak. Denek nabarmendu dute horrelako proiektuek hiria Euskadiko eta Europako abangoardian kokatzen dutela, hiriko autobusetako ordainketa sistema aurreratuei dagokienez. Ildo horretan, Eneko Goiak sistemaren erosotasuna eta praktikotasuna azpimarratu ditu; izan ere, esan du “sistemari esker Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileak eta bisitariak askoz errazago mugitu ahal izango dira, erabiltzailearen esperientzia hobetuta, euskal banku erakunde baten eskutik. Donostia da sistema berritzaile hau ezarri duen lehen euskal hiriburua, eta berriro ere Dbus autobusen udal konpainia da, bere historia zabalean erakutsi duen moduan, zerbitzuaren kalitatea hobetzen duen sistema bat ezartzen lehena”.

Ainhoa Arruabarrenak, berriz, ziurtatu du “Kutxabanken parte hartzea dela Gipuzkoarekin dugun konpromisoaren beste erakusgarri bat. Gainera, digitalizazioa eta ordainketarako bide berriak lehentasunak dira, bezeroek gero eta gehiago eskatzen baitituzte horrelako zerbitzuak. Era berean, funtsezko beste alderdi bat ere badauka, garraio publikoaren erabilera erraztu nahi duelako eta iraunkorrago egin, eta Kutxabankek konpromiso argia dauka iraunkortasunarekin.” 

Sistemak abantaila ugari dauzka

Sistema berriak abantaila ugari dauzka: alde batetik, erabiltzaileei ordainketa errazten zaie, ez baitute garraio txartelik edo eskudirurik beharko bidaia ordaintzeko, eta, gainera, sistemak erabat seguruak dira, Kutxabankek kudeatuta. Tiketak erosteari buruzko informazioa ere erraztu egin da. Horrez gain, ordainketa arinago egiten da autobusean sartzean, geldialdi bakoitzaren iraupena murriztuta eta bidaietan denbora gutxiago egiteko aukera emanda. Horrela, garraio publikoaren erabilera bultzatzen da.

Egunero eskudirutan bilduko den dirua gutxiago izatea ere ekarriko du, likidazio lanak erraztuta. Gaur egun, Dbuseko autobusetan urtean egiten diren bidaien %8,70 ordaintzen dira eskudirutan. Gainera, beste herrialde batzuetatik datozen pertsonek ez daukate zertan legezko monetarik eduki, beren banku txartelekin ordaindu baitezakete bidaia, txartel horiek autobus barruan balioztatuta.

Sistema berria ezagutzera emateko, komunikazio kanpaina bat jarri da abian lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa): kartelak jarriko dira Dbuseko markesinetan eta bost autobus errotulatuko dira. Gainera, autobusera sartzeko atearen ondoan pegatina bat jarri da eta, horrela, erabiltzaileek sistema ezagutu dezakete autobusera sartzean. Barrualdean, berriz, kartelak jarri dira eta pantailetan informazioa emateko mezuak agertzen dira. Era berean, aurki hoteletan eta turismoko informazio bulegotan sistemari buruzko informazioa emateko orriak banatuko dira.

E-MOBASK proiektua

Neurria E-MOBASK proiektu europarraren baitakoa da, eta bere helburua da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko. Sistemaren bitartez lineen puntualtasuna ere hobetuko da eta ibilbideak egiteko denborak txikiagoak izango dira, kontsumoa murriztuz.Era berean, proiektuaren barruan aurreikusita dago bidai txartelaren ordainketa QR kode sistema baten bitartez egin ahal izatea. Erabiltzaileek Dbusen doako aplikazio mugikorraren bitartez erosi ahal izango dute ohiko tiketa (Dbusen App ofiziala). Aplikazioa iOS, Android eta

Windows Phonerako eskuratu ahal izango da, kasuan kasuko online dendetan. Tiketa erosi ondoren, mugikorrean QR kode bat sortuko da eta kode hori da balioaztu beharko dena. Balioztatzeko, berriz, mugikorraren pantailan dagoen QR kodea gidariaren postuaren ondoan dagoen makinara hurbilduko da. Kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzen uzten duen makina berbera izango da.

E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Irakurri

“Dbus eta Gabonak”, 13. haurrentzako marrazki lehiaketaren sari banaketa

Hamahirugarren urtez jarraian, Dbus eta San Martingo Azokak, FNAC-en parte-hartzearekin, “Dbus eta Gabonak” Haurrentzako Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Edizio honetako parte-hartzea paregabea izan da, 3 eta 12 urte arteko 1.407 haur baino gehiagoren marrazkiak jaso baitira.

Gaur, 2019ko abenduaren 14an, San Martin Merkatuko FNACen sari banaketa burutu da.

A mailako irabazleak (8 urte bitarteko haurrak) ondorengoak izan dira:

  • 1. Saria: Ane Alkain Navascués, 8 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 6 hilabetetan + LENOVO 10” Tableta (marrazkia ikusi).
  • 2. Saria: Amaia Salvador Azurza, 6 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + FUJIFILM MINI 9 bat-bateko kamera + papera (marrazkia ikusi).
  • 3. Saria: Nora Eguren Sánchez, 8 urtekoa, Amara Berri Ikastetxea. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + Liburu sorta eta idazketarako sorta (marrazkia ikusi).

B mailako irabazleak (9 urtetik 12 urte bitarte) ondorengoak izan dira:

  • 1º Saria: Izaro Ximenez Ledesma, 11 urtekoa, Amara Berri Ikastetxea.. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 6 hilabetetan + LENOVO 10” Tableta (marrazkia ikusi).
  • 2. Saria: Martin Arraztio Fernández,  10 urtekoa,  Axular Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + FUJIFILM MINI 9 bat-bateko kamera + papera (marrazkia ikusi).
  • 3º Saria: Markel Makuso Cañas, 11 urtekoa, Zurriola Ikastola. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + Liburu sorta eta idazketarako sorta (marrazkia ikusi).

13. marrazki lehiaketa honetako gainontzeko finalistek ere sariak jaso dituzte, parte hartu izana bermatzen duen diploma, Dbusen txartel-zorroa eta Konpainiako autobusetako baten maketa hain zuzen. Gainontzeko finalistak ondorengoak izan dira:

A Maila:

B Maila:

Marrazki finalistak abenduan zehar DVBUSen agertuko dira eta aldi berean DBUS eta San Martin Merkatuko web orrian argitaratuko dira. Dbusetik haurrek marrazkiak egiterakoan jarritako ilusioa eta sormena eskertu nahi dugu, bai eta guraso eta eskolen parte-hartzea ere.

MARRAZKIEN ERAKUSKETA

Donostia Kulturaren kolaborazioa dela eta, aurre-aukeratutako 200 marrazkiak ikusgai egongo dira abenduaren 18tik urtarrilaren 23ra arte, Aiete Kultur Etxean (Aiete pasealekua 63).

Lekua: AIETE KULTUR ETXEA

Datak: Abenduaren 18tik urtarrilaren 23ra arte (Itxita: abenduak 25 eta 31; urtarrilak 1 eta 6).

Irakurri

Dbusek enpresetako soldata arrakala aztertzeko estrategia aurkeztu du BAI SAREA-ren 3. batzarrean

BAI SAREA-k, lan eremuan berdintasuna bultzatzeko eta bermatzeko asmoz Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta eratu den Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Erakunde Laguntzaileen sareak, hirugarren batzarra egin du, eta Dbusek bertan parte hartu du. 

Jardunaldi honetan, Dbuseko Pertsonen eta Giza Baliabideen arduradun Nerea Diezek lan merkatuko ordainsari arrakalaren azterketarako BAI SAREAn sortutako lantaldeak egindako lana aurkeztu du. Lantaldeak bere baitan dauden enpresen egoera aztertu du, sarea eratzen duten erakunde guztiek beren enpresetan dagoen egoera aztertzeko eta ordainsari arrakala txikitzeko neurriak abian jartzeko erabili ahal izango dituzten tresnak ateratzeko.

BAI SAREA sarea

BAI SAREAren barruan dauden 63 erakundeek Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua dute, Emakumearen Euskal Erakundeak emanda. Sarearen helburua da erakundeek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lotutako esperientziak, tresnak eta metodologiak partekatu ahal izatea. 

2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Sare horretako partaide izanik, Dbusek urrats bat gehiago ematen du berdintasunaren eta Konpainiako langileen garapenean laguntzen duten praktika onen alde hartutako konpromisoan.

Irakurri