Category : Berriak

Dbus-ek mugikortasun elektrikoan duen esperientziaren berri eman du

Gaur mugikortasunari buruzko MOUVEMENTS jaialdia egin da Donibane Lohizunen,  Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasun Sindikatuak antolatuta, eta Dbusek elektromugikortasunari lotuta dituen esperientziak eta proiektuak jakinarazi ditu bertan. Mugikortasunari lotutako agente batzuk bildu eta haien artean esperientziak eta ezagutzak trukatzeko asmoarekin egindako foro bat da jaialdia.

Jardunaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, Dbusek elektromugikortasunarekin eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra den garraioarekin duen konpromisoa azaldu du, bai eta elektromugikortasunari lotuta Konpainian gaur egun lantzen ari diren proiektuak ere. Era berean, floten elektrifikazioari modu bideragarrian aurre egiteko operadoreek dituzten premiez eztabaidatu da, bai eta soluzio teknologiko honek konpainien egunerokoan erabiltzeko eta beste propultsio sistema batzuekin konbinatzeko dituzten abantailez eta desabantailez ere.

Dbus E-MOBASK proiektu europarrean parte hartzen ari da, Euskal Kosta-Aturriko Mugikortasun Sindikatuarekin (SMPBA) eta Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintzaritzarekin (GGLA) batera, Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta errazteko asmoarekin. Proiektuaren zati bat –%65–  Eskualde Garapenerako Europako Fondoarekin (FEDER) finantzatuko da,  Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Irakurri

Bukatu da Dbus-en lehen autobus %100 elektriko artikulatuaren proba pilotua

Azken 6 hilabeteetan Dbus bere lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzen aritu da. Irizar Taldeak fabrikatutako ie tram modeloan frogatu da lehen esperientzia pilotu hori. Ibilgailuak 28-Amara-Ospitaleak linean eman du zerbitzua, hau da, Dbuseko linearik erabilienean eta Euskadin urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen linean.

Proba pilotu berritzaileari esker, sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan da. Benetako baldintzetan eta bidaiariekin zein hutsik edo bidaiaririk gabe doala probatu da. Ibilbidean zehar kargatzeko Miramonen instalatu den azpiegitura elektrikoa frogatzeko probak ere egin dira. Autobusak bukatu ditu jada zerbitzuko probak, baina urtarrilaren 31ra arte funtzionamenduan jarraituko du azpiegituraren froga gehiago egiteko.

 

Ibilgailuaren ezaugarriak

Irizarren ie tram-a 18 metroko autobus bat da, ez du batere kutsatzailerik igortzen (0 igorpen) eta isila da. Horrez gain, diseinu berritzailea dauka eta estetika aerodinamiko erakargarria. Kotxetegietan gauez egiten zuen kargaz gain, proba pilotuan autobusak aukerako karga egiten zuen ibilbidean zehar, 28 lineak Miramonen duen linea buruko geltokian, hain zuzen. Izan ere, geltoki horretan instalatu zen karga horretarako beharrezkoa den azpiegitura elektrikoa. Azpiegitura bera ere Irizar Taldeak garatutakoa eta hornitutakoa zen. Kargarako, autobusak goiko aldean duen pantografoa zabaldu eta karga zutoinarekin konektatzen zen.

18 metroko autobus %100 elektriko artikulatu batekin egin den proba hau beste urrats bat da Donostiako autobus flota elektrifikatzeko prozesuan. Linea honetan, Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu eta beste proiektu pilotu batzuk lantzen ari da mugikortasun iraunkorragoa bultzatzen jarraitu ahal izateko.

Irakurri

Dbus-eko autobusen erabilera handia San Sebastian egunean, 157.025 bidaiarekin

Urtarrilaren 19an eta 20an, San Sebastian eguna zela eta, erabiltzaile asko erregistratu dira Dbuseko autobusetan. Guztira, urtarrilaren 19tik urtarrilaren 20ra bitartean,  hau da, larunbatetik igandera bitartean, 157.025 bidaia zenbatu dira (behin-behineko datua). 2013. urtearen aldean, orduan ere urtarrilaren 19a eta 20a larunbata eta igandea baitziren, 3.554 bidaia gehiago erregistratu dira.

Era berean, ohiko larunbat eta igande batean baino 51.000 bidaia gehiago erregistratu dira. Pasa den urteko datuei dagokienez, iaz jaia ostiralean eta larunbatean ospatu zen, eta ohiko ostiraletan eta larunbatetan baino 38.000 bidaia gehiago erregistratu ziren; beraz, aurtengo datuek erakusten dute ohiko bidaiekiko igoera bat egon dela, asteko egunaren arabera.

Era berean, gautxori zerbitzuetan 17.440 bidaia zenbatu dira gau bien artean. Berez, urtarrilaren 19ko gauean 12.400 bidaia erregistratu dira, eta hori gau bakar bateko errekor historikoa da gautxori zerbitzuetan.

San Sebastian jaiari begira, hilaren 19ko arratsaldean Dbusek auzo guztietako lineak indartu zituen banderaren Igoeraren aurretik, gau osoan zehar Igoeraren ondoren, hilaren 20ko zerbitzua hasi aurretik, hilaren 20ko goizean, Haur Danborrada dela eta, eta 20ko arratsalde-gauean, 4:00etara arte, azken autobus zerbitzuak itxi arte, banderaren Jaitsieraren ondoren.

Autobusaren erabilera oso handia izan da hiriko linea guztietan, eta hauek izan dira egun horietan gehien erabili direnak:

  • 13-ALTZA: 19.877 bidaia
  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 18.740 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 18.044 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE: 10.165 bidaia
  • 25-BENTA BERRI-AÑORGA: 6.831 bidaia

 

Datu horiekin, Dbusek jarraitzen du izaten egun horietan donostiarrek hirian mugitzeko gehien aukeratzen duten garraiobidea, izan ere, danborraren bideak zirkulazioa oztopatu ohi du. Dbusek eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei izandako pazientziagatik, eta lanean jarraituko du zerbitzua egunez egun hobetzeko.

Irakurri

Dbus-eko bidaien gorakada historikoa

2018an, 29.168.562 izan dira Dbusen zerbitzuetan autobusez egindako bidaiak (behin-behineko datua), eta aurreko urtean, berriz, 28.402.059 bidaia erregistratu ziren. Horrek esan nahi du bidai kopuruak igoera handia eduki duela, urtean 766.503 bidaia gehiago egin baitira. 2000tik egon den igoerarik handiena izan da, eta orain arteko bigarren bidai kopururik handiena, 2012an  29.216.698 bidaia erregistratu ziren eta.

Uztailaren hasierara arte Astiñeneko zubia itxita egon den arren eta horren ondorioz denbora tarte horretan autobusek 34.000 bidaia gutxiago egin badute ere, 766.503 bidaia gehiago egon dira azkenean, 24-27-41 lineek egin behar izan dituzten ibilbide alternatiboei esker.

Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea Dbusen zerbitzuen erabilerak lanegunetan, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan eta gautxori zerbitzuetan ere egin duela gora, 2013ko martxoan Gipuzkoan tarifa bateratuta abiarazi zenetik errekor historikoa lortuta.

Horrenbestez, datu horiekin, Dbusek tarifa bateratu aurretik garraio publikoaren erabileran zuen maila eskuratu du berriro, jakinda 2011n izan zuela erabilera mailarik  handiena 2004tik etengabe igotzen aritu ondoren.

Mugikortasuneko zinegotzi Pilar Aranak oso ondo baloratu du 2018an erregistratu den bidai gorakada, eta azpimarratu du “Dbuseko autobusen erabilera maila altuari esker hiria lehenengo lekuan dagoela garraio publikoaren erabilerari dagokionez. Nabarmendu du, halaber, erabiltzaileak oso pozik daudela Dbusek ematen duen zerbitzuarekin, zerbitzu eraginkorra eta gero eta iraunkorragoa baita, flotan sartu dituen autobusak modernoagoak eta garbiagoak direlako”.

 

2018a zenbakitan

2018an linearik erabiliena 28-AMARA-OSPITALEAK linea izan da, 4.141.657  bidaiarekin, eta ondoren 13-ALTZA linea 3.659.161 bidaiarekin eta 5-BENTABERRI linea 3.098.813 bidaiarekin.

Abuztua izan da autobusa gehien erabili den hilabetea, 2.599.594 bidaiarekin (Donostian Dbus autobusen hileko erabilerari dagokionez inoizko kopururik handiena), eta horren atzetik uztaila, 2.526.588 bidaiarekin, urria, 2.498.588 bidaiarekin, eta iraila, 2.490.072 bidaiarekin.

Igoera nahiko homogeneoki erregistratu da urte osoan zehar, izan ere, neguko hilabeteetan zein udakoetan erabili da gehienbat autobusa oro har. Zalantzarik gabe, eman den zerbitzu onak eragin du horretan, nagusiki puntualtasunaren aldetik izandako indize altuengatik eta zerbitzuan lortutako abiadura komertzial handiarengatik; izan ere, horregatik da garraio publikoa hirian mugitzeko modurik eraginkorrena donostiarrentzat.

Urteko egun hauetan erabili da gehien autobusa: abenduaren 21ean (San Tomas) 120.193 bidaiarekin (horixe da, hain zuzen, Donostian garraio publikoa erabili deneko zifra historikorik handiena); urtarrilaren 19an (San Sebastian bezpera), 115.837 bidaiarekin; abuztuaren 14an (Ama Birjinaren egunaren bezpera), 112.752 bidaiarekin; urriaren 31n (Halloween gaua), 106.386 bidaiarekin; azaroaren 23an (Black Friday), 102.019 bidaiarekin; abenduaren 5ean, 101.637 bidaiarekin; eta abenduaren 20an, 100.991 bidaiarekin.

Bide beretik, bada beste datu positibo bat: Gautxori zerbitzuaren erabilera nabarmen handitu da, 210.248 bidaia erregistratu baitira; alegia, aurreko urtean baino 20.625 bidaia gehiago (%11ko erabilera hazkundea).

Autobus erabileraren batez bestekoa igo egin da bai lanegunetan (eguneko 91.651 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 90.255 bidaia izan ziren) bai larunbatetan (eguneko 69.553 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 65.829 bidaia izan ziren), bai eta jaiegunetan ere (eguneko 43.167 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 41.435 bidaia izan ziren).

2019an ere, donostiarren konfiantza hobetzeko lanean jarraituko dugu Dbusen. Donostiako herritarrek garraio publikoaren alde egindako apustuari eta Dbus osatzen duten pertsonek egunetik egunera zerbitzua hobetzeko egindako lanari esker erreferentzia gara sektorean.

Irakurri

Dbus-ek erabiltzaileen profila aztertu du zerbitzua hobetzeko

Zerbitzua hobetu eta garapen estrategiak analizatzeko helburuarekin, Dbusek azterketa bat egin du Donostiako autobusak erabili ohi dituzten pertsonen profila ezagutzeko. Azterketan kontuan hartu dira 2017an Mugi txartel pertsonalizatuekin egindako bidaia guztiak, adin tarte batzuen, generoaren, bizilekuaren eta autobus lineen arabera bereizita.

Dbuseko autobusen erabiltzaileek oso profil zehatza dute: gehienbat emakumeak dira eta batez ere 49 eta 78 urte bitarteko adin tartekoak. Batez besteko adina 51,37 urtekoa da. Ildo horretan, oso adin tarte esanguratsua osatzen dute 60 urtetik gorako adineko pertsonek. Donostiako biztanleriaren bilakaerari begiratuta, gero eta zaharragoa baita, aurreikusten da Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileak gero eta nagusiagoak izango direla.

Hona hemen datu interesgarri batzuk:

 

  • Bidaiak generoaren arabera:

Gaur egun, aztertutako bidaien %70 emakumeek egindakoak dira eta gainerako %30a gizonek egindakoak, grafikoak adierazten digunez.

18 urtetik gora eta 79 urtera arte, 29 eta 38 urte bitartekoak dira autobusean bidaia gutxien egiten dutenak (%9,46). Era berean, genero arteko erabilera portzentajea are handiagoa da 49-58 urte bitarteko adin multzoan. Emakumeak %74,13 dira eta gizonak, berriz, %25,87.

49-58 urte bitartera emakumeek gero eta gehiago jotzen dute autobusa erabiltzera eta adin tarte horretatik aurrera, berriz, gero eta gutxiago.  Gizonen joera, ordea, beheranzkoa da adin tarte horretara bertara arte eta goranzkoa adin tarte horretatik aurrera.

 

  • Autobusaren erabilera txartel motaren arabera

Bidaia ordaintzeko erabiltzen den txartel motari dagokionez, bidaien %62 txartel arruntarekin egiten da. Txartel arruntaren ondoren, 65 urte baino gehiago pertsonentzako txartela, gazteentzako txartela eta txartel soziala dira, hurrenez hurren, gehien erabiltzen direnak. Gainerako txartelekin egiten diren bidaiak gutxiago dira.

Txartel guztiekin egiten diren bidaia guztietatik, ia modalitate guztietan emakumeek gizonek baino bidaia gehiago erregistratzen dute, %60 bidaia baino gehiago erregistratzen baitute. Halere, genero bien arteko aldea desberdina da txartel batetik bestera.

 

 

 

  • Eguneko lineen erabilera generoaren arabera 

28-Amara-Ospitaleak lineak (%14,29), 13-Altza lineak (%12,55) eta 5-Benta Berri lineak (%10,68) jarraitzen dute izaten bidaia kopuru gehien duten eguneko lineak. Horien atzetik, hauek dira bidaia kopuru gehien egiten dituztenak: 17-Gros-Amara-Miramon, 26-Amara-Martutene, 33-Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Berio, 14-Bidebieta eta 9-Egia-Intxaurrondo.

Generoari dagokionez, emakumeek egindako bidaiak guztirakoen %70 dira, eta gizonezkoek egindakoak, berriz, %30 gutxi gorabehera. Esanguratsua da 33 linean (Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Berio linea) emakumeek egindako bidaiak gainerako lineetan baino gehiago direla, bidaien %72,91 baitira. Aldi berean, TB6 Uliako Taxibusean kontrakoa gertatzen da. Gainerako lineetan gizonak linea horretako erabiltzaileen %31-33 badira, linea honetan, berriz, erabiltzaileen %42 dira.

Hurrengo grafikoan ikusi daiteke banaketa hori.

 

  • Eguneko lineen erabilera adinaren arabera

Erabiltzaileen batez besteko adinari dagokionez, gutxi gorabehera egindako bidaien erdia, %49, 49 eta 78 urte bitarteko pertsonek egindakoak dira, eta haien batez besteko adina 51,37 urtekoa da.

Hauek dira adinez erabiltzaile nagusienak dituzten lineak:  42-Aldapa-Egia, 37-Rodil-Zorroaga 36-San Roke-Aldakonea eta 39-Urgull. Osterantzean, hauek dira erabiltzaile gazteenak dituztenak. 43-Anoeta-Igara, TB6 Uliako Taxibusa, 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete eta 25-Benta Berri-Añorga.

Lineaz linea, hau da erabiltzaileen batez besteko adina:

 

  • Gautxori lineen erabilera generoaren arabera

Hauek dira bidaia gehien erregistratzen dituzten gautxori zerbitzuak: B4-Amara-Erriberak-Martutene, B6-Altza, B1-Benta Berri-Berio-Añorga eta B3-Egia-Intxaurrondo. Gautxori zerbitzuetan gizonen eta emakumeen bidaiak eguneko lineetan baino orekatuagoak dira. Emakumeen bidaiak %57,36 dira eta gizonezkoenak, berriz, %42,64, beheko grafikoan jasotzen den moduan.

  • Gautxori lineen erabilera adinaren arabera

Gautxori lineetako erabiltzaileak eguneko lineetakoak baino gazteagoak dira. Bidaia gehien erregistratzen duen adin tartea 19-38 urte bitartekoa da. Erabiltzaileen batez besteko adina 39,43 urtekoa da.

Ondoren jasotzen da gautxori lineetako erabiltzaileen batez besteko adina:

Azpimarratzekoa da B7-Igeldo linearen zerbitzuan 18 urte edo gutxiago duten pertsonek gainerako gautxori zerbitzuetan baino bidaia gehiago egiten dutela, grafikoak adierazten digunez. Era berean, B7-Igeldo linearen erabiltzaileak batez besteko adinik txikiena duten erabiltzaileak dira, batez beste 36,50 urte baitute. Osterantzean, batez besteko adinik handiena B9-Amara-Errondo-Puio linearen erabiltzaileena da, batez beste 41,98 urte baitituzte.

Azterketa orain egin da lehen aldiz baina, ikusita atera diren emaitzak interesgarriak izan direla, asmoa da aldian-aldian egitea Dbuseko autobusen erabiltzaileen profilak eta haien premiek denboran zehar daukaten bilakaera ezagutzeko.

Irakurri

[ITXITA] Lan eskaintza: Laneko arriskuen prebentzioko teknikaria

Laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeaz arduratuko da. Horretarako, arriskuak identifikatu eta ebaluatuko ditu eta honako eginkizun hauek izango ditu: prebentzio planen ezarpena; prestakuntza eta informazioa; planen eta haien emaitzen plangintza, jarraipena, kontrola eta hobekuntza; alorrean ziurtapena lortzeko prozeduren ezarpena eta barne auditoretzak; Laneko Segurtasun eta Osasun Komitean parte hartzea, kudeaketa integralarekin loturiko beste hainbat eginkizunez gainera.

Eskatzen den profil nagusia: Unibertsitate ikasketak Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan edo Ingeniaritzan, Goi Mailako teknikari titulua Laneko Arriskuen Prebentzioan (laneko segurtasuna, industria higienea eta ergonomia eta psikologia aplikatua espezialitateak), 3 urteko esperientzia antzeko eginkizunetan, bai eta kalitate arauak ezartzen, antolakuntzarako eta plangintzarako gaitasuna, ekimena, harremanetarako trebetasuna eta balioa ematea. Euskaraz jakitea baloratuko da.

Iragarkia ikusi (pdf)

Irakurri

Mugikortasun Klusterreko eta Garapenerako Banku Interamerikarreko ordezkariak Dbus-en izan dira

Gaur, Garapenerako Banku Interamerikarraren ordezkaritza bat, Euskadin barna bisita tekniko bat egiten ari dena, Dbuseko instalazioetan izan da, Mugikortasun eta Logistika Klusterreko kide batzuen laguntzarekin. Ordezkariek kotxetegietako instalazioak bisitatu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobusen flotan ezarritako punta-puntako aurrerapen teknologikoak zehaztasunez ezagutu dituzte.

Era berean, ordezkariei interesa piztu diete Dbusen ticketing sistemak eta eskudirutan ordaintzeko erabiltzen den sistemaren bilakaerak. Sistema hori, hain justu, urte hauetan guztietan ezarri diren tarifa politikei esker finkatu da, noizbehinkako bidaiariak zigortu baitituzte ohiko bidaiarien alde eginda, bai eta Lurraldebus-MUGI garraio txartel intermodalari eta Gipuzkoako Tarifa Bateratuari esker ere.

Bide beretik, Dbus autobus guztietan BAT (Araba) eta BARIK (Bizkaia) txartelek duten interoperabilitatearen berri jaso dute, eta baita EMV kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko proiektu pilotuaren berri ere, 16-Igeldo eta 45-Renfe-Bus geltokiak-Antigua-Aiete lineetan. Sistema berritzaile honek aukera ematen du eguneko noizbehinkako bidaia txartela kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin zein sakelakoetako aplikazio batzuekin ordaintzeko. Espero da udarako sistema flota osora zabaldu ahal izatea.

Era berean, Dbusek bere flotan dituen autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute ordezkariek bisitan. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta proiektu pilotu bat egiten ari da 28 autobus linean Irizar ie tram probatzeko. 18 metroko autobus %100 elektrikoa da ie trama, zero igorpenekoa, artikulatua eta ibili bitartean kargatzeko aukera duena. 9-Egia-Intxaurrondo, 13-Altza eta 14-Bidebieta lineetan egiten ari den proiektu pilotua ere ezagutu dute, non CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako autobus hibrido-elektrikoa probatzen ari diren.

Azkenik, flota osatzen duten autobus hibridoak ikusi dituzte. Dbusek, oraintxe bertan, 24 autobus hibrido ditu, eta espero da datozen asteetan, ezaugarri horiek dituzten 14 ibilgailu gehitzea. Era horretan, ingurumenari begira iraunkorrenetako bat izango den flota osatuko du.

Irakurri

Suitzako ordezkaritza bat Dbus-en bisitan, ibilgailu elektrikoez interesatuta

Suitzaren iparraldean, Alemaniarekin muga egiten duen Schaffhausen hiriaren ordezkaritza bat egon da duela gutxi Dbusen, bisitan. Suitzako ordezkaritza hiriko udalaren eta bere garraio publikoko operadorearen izenean etorritako pertsonek osatzen zuten, eta Dbusen autobus elektrikoen funtzionamendua ezagutzeko interesa zuten. Schaffhausen hiriak ibilgailu elektrikoez hornitu nahi ditu bere ibilgailu flota eta, horretarako, eremu horretan egiten ari diren esperientziarik zorrotzenak ezagutu nahi ditu, Dbusena esaterako, une honetan Dbusek teknologia desberdinetako ibilgailu garbiak ditu-eta.

Linea horretan, ordezkaritzako kideek Dbusek bere flotan dituen Irizarrek fabrikatutako autobus %100 elektrikoak eta zero igorpenekoak ezagutu ahal izan dituzte: 12 metroko 3 autobus elektrikoak, eta Irizar ie tram, hau da, 28 autobus linean egiten ari den eta abenduan amaitzea espero den proiektu pilotu aitzindariaren barruan probatzen ari den 18 metroko autobus %100 elektrikoa, zero igorpenekoa eta artikulatua.

Teknikariek, halaber, ibilgailu horien zaintzarako eta kargarako sistema ikusi ahal izan dute. 12 metroko 3 autobusek kargatzeko gune bat dute Kotxetegietan, gauean kargatzeko, eta 18 metroko autobus elektrikoak, berriz, Kotxetegietako karga gune horretaz aparte aukerako karga bat egiten du ibilbidean zehar, 28 autobus lineak Miramonen duen bukaerako geltokian. Sistema biak ere Irizar Taldeak garatutakoak eta hornitutakoak dira.

Ordezkaritzak, halaber, Dbusek flotan dituen autobus hibridoen funtzionamendua egiaztatu ahal izan du. Une honetan, Konpainiak 12 metroko 24 autobus hibrido dauzka. Ibilgailu horiekin zaratarik eta igorpen kutsatzailerik gabeko garraio publikoa eskaini daiteke.

Dbusek duen ibilgailu flota ingurumena gehien errespetatzen duenetakoa da, bai eta iraunkorrenetakoa ere, eta soluzio teknologiko desberdin eta berritzaileak dituzten ibilgailuek osatuta dago. Iraunkortasunaren eta esperientziari berritzaileenen aldeko apustu honi esker Dbus erreferentziako operadore bihurtu da sektorean, eta hori oso ondo baloratzen dute erabiltzaileek.

Irakurri

Dbusek Errege Magoei lagunduko die opariak banatzen

Dbuseko autobusek Ekialdeko Errege Magoei lagunduko diete aurten ere Gabonetako opariak banatzen Donostiako kaleetan zehar. Opariz betetako ibilgailu hibrido bat izango da Erregeekin urtarrilaren 5eko desfilean.

Horrela, Dbusek bat egiten du haurrek gehien espero duten jarduetariko batekin, autobusaren erabilera bultzatuz hirian garraiobide publiko gisa.

 

Irakurri