Category : Berriak

Lurraldebus txartela Dbusen ere txartel bakarra bihurtuko da

Gaur egun dauden Lurraldebus txartelak 2008an hasi ziren Donostiako autobusetan funtzionatzen, eta horrekin erabiltzaile askori erraztu egin zitzaien Gipuzkoako lurraldea-ren barruan bidaiatzeko modua.

Urte hauetan guztietan txartelei funtzionaltasun berriak gehitu zaizkie Dbuseko autobusetarako, garraio publikoak gehiago integratzen lagundu-ta.

Gaur egun Lurraldebus txartel guztiak, Haurrak txartela izan ezik, Dbusen erabil daitezke. Gainera, txartel horiek Dbuseko txartel arruntek dituzten funtzionaltasun berberak dituzte.

Datozen hiletan aurreikusita dago Gipuzkoan garraio tarifak bateratzea, eta orduan garraio txartel bakarra egongo da Gipuzkoa osoan, garraio sistema guztietan erabili ahal izango dena eta gaur egun indarrean dauden garraio tituluak ordezkatuko dituena.

Etorriko den tarifa bateratzea dela eta, gaur egun funtzionatzen duen Dbus txartela operatibo izateari utziko dio laster. Duela hilabete batzuetatik hona txartel batzuk jada ez dira gehiago egiten, aldaketa errazteko asmoarekin. Gaur egun 2000 lagun dira egunero Dbuseko autobusetan Lurraldebus txartela erabiltzen dutenak, eta azken datuen arabera 3.350.000 bidaia baino gehiago egin dira Dbuseko autobusetan Lurraldebus txartela erabilita.

Gaur egun Dbuseko txartela erabiltzen dutenak has daitezke jada Lurraldebus txartela erabiltzen; halere, Dbus txartelek operatiboak izaten jarraituko dute tarifak bateratzen direnera arte.

GAUR EGUNEKO DBUS TXARTELEK NOIZ ARTE IZANGO DUTEN BALIOA

1. Euskadiko Kutxak egindako argazki gabeko txartel guztiak, eta Kutxak 2007ra arte egindako argazki gabeko txartel guztiak.
o 2012ko urritik aurrera ezin izango dira kargatu.
o 2012ko abenduaren 1etik aurrera ezin izango dira Dbusen erabili.

2. Kutxak 2007ko urtarriletik aurrera egindako argazkirik ez duten txartel guztiak.
o 2012ko abenduaren 1etik aurrera ezin izango dira kargatu.
o Tarifak bateratzen diren egunera arte erabili ahal izango dira, eta hori, aurreikuspenen arabera, 2013an gertatuko da.

3. Argazkia duten Kutxaren txartelak (hileko bonuak eta familia ugarientzakoak)
o Tarifak bateratu baino hilabete lehenagora arte kargatu ahal izango dira.
o Tarifak bateratzen diren egunera arte erabili ahal izango dira.

4. Argazkia duten txartel sozialak, Kutxarenak zein Euskadiko Kutxarenak
o Tarifak bateratzen diren egunera arte kargatu ahal izango dira.
o Tarifak bateratu eta ondorengo 6 hilabetetan ere erabili ahal izango dira

Gainera, txartel guztien erabiltzaileek, txartel sozialen erabiltzaileek izan ezik, txartelak indargabetu eta gelditzen zaien saldoa berreskuratu ahal izango dute 2013ko martxoaren 1era arte, honako toki hauetan:
– Kutxa txartelak, Kutxako bulegoetan horretarako prestatutako kutxazainetan.
– Euskadiko Kutxaren txartelak, Euskadiko Kutxako bulegoetako leihatiletan.

Laburbilduta, argazkirik ez duten kontaktuko txartelek, Kutxakoek zein Euskadiko Kutxakoek, 2012ko abenduaren 1ean utziko diote operatiboak izateari, eta beste guztiak tarifak bateratzen diren egunera arte egongo dira funtzionamendua, hau da, 2013ko martxora arte, aurreikuspenen arabera. Salbuespen gisa, txartel sozialek tarifak egune-ratu eta hurrengo sei hilabetetan ere funtzionatuko dute

LURRALDEBUS TXARTELEN EZAUGARRIAK

1. Non eskuratu

Lurraldebus txartel guztiak dagokion ikurrarekin identifikatutako prentsa saltzeko establezimenduen sarean ateratzen dira (baimendutako kiosko, liburu denda eta estankoak). Txartela ateratzeko hurbilen duzun lekua aurkitzeko, Lurraldebusen web orrian kontsulta dezakezu (www.lurraldebus.com)

2. Baldintzak

Lurraldebus txartela eskuratzeko, eskatzaile guztiek honako dokumentu hauek entregatu beharko dituzte dagokion ikurrarekin identifikatutako dauden establezimenduetan:

– Eskabide orria beteta eta eskatzailearen izenpearekin.
– NAN edo pasaportearen fotokopia
– Argazkia, karnet neurrikoa

Gainera, hobaria duten txartelen kasuan, txartel mota zein den kontuan hartuta, aurrekoez aparte honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dira:

– Txartel hobaridun guztietarako (familia ugarien txarteletarako izan ezik), beharrezkoa da Gipuzkoan erroldatuta gaudela egiaztatzen duen agiri orijinala ere aurkeztea. Egiaztagiria gehienez ere duela 3 hilabete ateratakoa izango da.
– Gazteentzako txartelerako, beharrezkoa izango da Familia Liburuaren kopia eta tutorearen NANaren edo pasaportearen kopia eranstea, 18 urtetik beherakoentzat.
– Txartel Sozialetarako edo Ezinduentzako Txarteletarako beharrezkoa da Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak luzatutako egiaztagiria eranstea.
– Familia ugarientzako txartelerako, beharrezkoa izango da Familia Ugariaren Titulu edo txartelaren fotokopia konpultsatua eranstea.
Txartel guztiek 5 € balio dute, Sozialek izan ezik. Lurraldebusek “sozialtzat” jotzen dituen txartel guztiei txartelaren kostua eta dagokion hobaria itzuliko zaizkie lehenengo kargan.

3. Txartelak kargatzeko lekuak

Lurraldebus txartelak Posta bulegoetan, baimendutako kioskoetan eta horretarako egokituta dauden Kutxabankeko kutxazainetan kargatu ahal izango dira. Gainera, Askatasunaren Hiribidearen 20an kargatzeko beste puntu bat ezarri da. Puntu hori eguneko 24 orduetan zabalik egongo da, eta, beraz, eguneko edozein ordutan kargatu ahal izango da txartela puntu horretan.


4. Lurraldebus txartelaren erabilera Dbusen

Dbuseko autobusetan erabil daitezkeen Lurraldebus txartel guztiek autobus aldaketak egiteko aukera ematen dute. Bateratutako tarifak (bidaia txartel bakarra) ezarri ondoren, tarifak hilero egiten diren bidaia kopuruen arabera ezarriko dira eta operadore desberdinen arteko garraio aldaketak egin ahal izango dira.

Dbuseko autobusetan bakarrik sartzerakoan baliozkotzen da txartela. Lurraldebus txartelak hiriarteko autobusetan erabiltzen direnean, orduan bai, sarreran eta irteeran baliozkotu behar dira.

5. Dbusen onartzen den Lurraldebus txartel mota.

– Lurraldebuseko txartel arrunta (Bidaia txartel bakarra)
– Lurraldebuseko txartel hobaridunak
o Lurraldebus Gazteak gazteentzako txartela (5-24 urte)
o Lurraldebus Soziala txartel soziala (GFAk ematen duen Oinarrizko Errenta eskuratzen dutenak)
o Lurraldebus Adinekoak Adinekoentzako txartela (65 urtetik gorakoak)
o Lurraldebus Ezinduak Minusbaliatuentzako txartela (minusbaliotasun gradua %65ekoa edo handiagoa dutenak)
Lurraldebus txartel guztiak pertsonalak eta eskualdaezinak dira. Halere, Lurraldebus txartel arruntekin bai ordaindu daiteke beste erabiltzaile batzuen bidaia txartela Dbusen erabiltzen denean.

6. Bidaiaren prezioa txartel bakarrarekin

Lurraldebus txartel guztiek bonobuserako ezarritako prezioa (edo gauekoa, kasuan kasu) deskontatzen dute Dbuseko autobusetan, Dbusen gaur egun erabiltzen direntxartel arruntek bezala. Beti prezio bera, gaur egun 0,77€-koa dena.

Kolektiboentzako txartel hobaridunetan, hobariak birkarga egiterakoan aplikatuko dira. Txartelaren titularrak kargatzen duen diruari birkargari dagokion hobariaren portzentajea gehituko zaio.
Era berean, Lurraldebus txartel hobaridunen titularrak diren familia ugariko kideek hobariak metatuko dituzte.

 

LURRALDEBUSEKO TXARTELA

PREZIOA DBUS-EKO AUTOBUSEAN

HOBARIA BIRKARGATZERAKOAN

HOBARIAREKIN HAUXE DA DBUSEKO BIDAIA TXARTELAREN PREZIOA:

Arrunta

0,77€

Hobaririk gabe birkagatzerakoan

0,77€

Adinekoak
Ezinduak
Gazteak

0,77€

% 20ko hobaria

0,642 €

Soziala

0,77€

% 100eko hobaria

0,385 €

Familia Ugaria
FU % 20
FU % 50

0,77 €
0,77 €

% 25eko hobaria
% 100eko hobaria

0,616 €
0,385 €

Dbuseko autobusetan BEZ berria aplikatzen hasten denean, hau da, urritik aurrera, horrela aurreikusita dago-eta, erreferentziazko prezioa 0,78€ izango da, eta ondoren hobariaren portzentajea aplikatuko zaio dagozkion kasuetan.

Gaueko bidaietan erreferentziazko prezioa 2€-koa da.

Irakurri

Donostiak Vitoria-Gasteizen egingo den Civitas kongresuan aktiboki parte hartuko du

Irailaren 24tik 26ra bitartean CIVITAS Forum 2012 urteko bilera egingo da Vitoria-Gasteizen, 2012ko Europako Hiriburu Berdean.

Mugikortasun eta Garraio Iraunkorrari buruzko Kongresu bat da, Europan ingurumena errespetatzen duen Garraioarekin gehien konprometituta dauden hiriak elkartzen dituena eta gaur egun eremu horretan urtero dagoen hitzordurik garrantzitsuena dena. 2002an abian jarri zenetik gaur arte, proiektuan sartuta dauden hiri europar guztietan egin dira kongresuak. Aurten Vitoria-Gasteizen egingo da, Arabako “Green Capital” ren baitan.

CIVITAS hirien sarean 200 hiri baino gehiago daude sartuta, Europako 32 herrialde ordezkatuz, eta beren hiriak Hiri Garraio garbi eta iraunkorraren alde konprometituta daude.

Hitzordua hirietako esperientziak trukatzeko eta hirien arteko komunikaziorako leku garrantzitsua da, eta bertan Europako politikariek eta bertakoek parte hartuko dute, bai eta hiriko mugikortasunaren hainbat alorretan aditu diren pertsonek ere.

Donostia hirien sare horretan parte hartzen ari da CIVITAS-Archimedes Proiektuaren bitartez, eta Donostiako Udaleko eta Dbuseko teknikariek oso eginkizun garrantzitsua izango dute Gasteizen egingo den Kongresuan.

Gure hiriak Programaren barruan honako egun eta orduetan parte hartuko duela aurreikusita dago:

– Asteartean, irailak 25, 10:00etatik 11:00etara, Donostiak “Bizitzeko egokiago den hiri baterantz” izeneko gaiarekin egingo den osoko bilkuran parte hartuko du. Bilkura horretan Europako hainbat hirik CIVITAS Plus Proiektuen azken 4 urteetan izan dituzten esperientziak kontatuko dituzte.
Asteartean, irailak 25, 14:30etik 16:00etara, Dbusek Garraio Publikoaren erabilera sustatzeko neurriei buruzko 4. Bilera Teknikoan parte hartuko du.
Asteazkenean, irailak 26, 10:00etaik 11:30era, Donostiak “zer egin hiriak oinezko eta txirrindularientzat seguruago izan daitezen” izeneko 9. Bilera Teknikoan moderatzaile lanak egingo ditu.
Asteazkenean, irailak 26, 8:45etik 9:45era, Donostiak hiriko mugikortasun iraunkorraren gainean dauden ikuspegi eta proposamenekin egingo den Pecha Kuchan parte hartuko du.

Asteazkenean, irailak 26, 10:00etatik 11:30era, Donostiak bizikletaren erabileraren sustapenari buruzko 10. Bilera Teknikoan parte hartuko du.

Bestalde, irailaren 24an, astelehenean, inaugurazioaren eta osoko bilkuraren ondoren, CIVITAS Sarien banaketarako Ekitaldia egingo da 20:00etan, 2012ko CIVITAS hiria saria barne delarik. Donostiak, Europako beste zenbait hirirekin batera, sarietakoren bat eskuratzeko aukera dauka.

Jardunaldietan zehar, halaber, bisita teknikoak egingo dira eta PAC CIVITASen aholkularitza kontseilu politikoak bilerak egingo ditu, non gure hiria partaide baita.

Programa osoa www.civitas-initiative.org web orrian dago eskuragai, eta web orri horretan ere kongresurako izena eman ahal izango da.

Dudarik gabe, oso aukera bikaina da Europan garraio iraunkorraren eremuan liderrak diren hirietako esperientziak ezagutzeko.

Irakurri

300 inguru haurrek bisitatu dute Dbus uda honetan Kutxako Donostia Ezagutu 2012 programaren baitan

Bigarren urtez jarraian, Kutxak urtero antolatzen duen “Donostia ezagutu” programara batu da Dbus.

Programa honi esker, uztaila eta abuztua artean 300 inguru haurrek bisitatu dituzte Dbuseko kotxerak, instalazioak bertatik ezagutuz.

Bisitak ikuspuntu didaktikoarekin planteatu dira eta Donostiako enpresa garrantzitsuenetakoa den Dbusen funtzionamendua azaltzen da. Bisita hauen helburuetako bat haurrak garraio publikoa gehiago ezagutzea da, honen erabilerara areagotzeko asmoz.

Bisitan zehar enpresaren antolakuntza eta gidari, ikuskatzaile eta mekanikarien lana azaltzen dira. Era berean, tailerren funtzionamendua, garbiketa, mantenua eta horniketa ere azaltzen dira. Haurrei autobusen kontrol zentroa erakusten zaie, eta baita lineak, ibilbideak, ordutegiak, informazio panelak eta autobusetan ordaintzeko erak ere.

Udan egin den ekintza honek 125.urteurrena dela eta Dbus egiten ari dena osatzera dator. Programaren barruan, Donostiako ikastetxeetako ikasleen bisitak jaso dira, bai eta hiriko auzoetako bizilagunenak ere. Bertaratu diren guztiek Konpainiaren eta bere langileen egunerokoa berta-bertatik ezagutzeko aukera izan dute.

Irakurri

2012ko gogobetetzeari buruzko inkestan Dbus-ek balorazio ona jasu du bere erabiltzaileen aldetik

Bere Kalitate Planaren baitan DBUSek merkatu ikerketa bat egin du 2012ko lehen seihilekoan DBUSeko linea guztietako erabiltzaileen gogobetetze maila neurtzeko helburuarekin.

Horretarako, inkesta bat egin du autobusetan bertan, zerbitzurako esanguratsuak diren alderdiez galdetuta eta alderdi horiei 1etik 10erako puntuazioa emateko eskatuta.

Oro har, erabiltzaileek oso ondo baloratu dituzte aztertutako alderdi guztiak. Batez beste 7,42ko puntuazioa eman diete. Baloratutako alderdi guztiak ontzat eman dituzte; oso nota altua eman diete, 5,88tik gorakoa alegia.

Lortutako nota, berriro ere, aurreko urteetan egindako inkestetan lortutakoak baino handiagoa izan da, notarik altuena 2008an lortutakoa izanik, orduan batez beste 7,30eko nota lortu zen eta.

Linea aldaketak, puntualtasuna, irisgarritasuna, segurtasuna eta gaueko zerbitzuak dira erabiltzaileek hoberen baloratu dituzten alderdiak. Horiek denek 7,90 baino puntuazio handiagoa lortu dute. Honakoak dira banan-banan erabiltzaileek hoberen baloratu dituzten alderdiak:
– Lineaz aldatzeko aukera (8,88)
– Mugikortasun urria duten pertsonen irisgarritasuna (8,36).
– Gaueko zerbitzua asteburuan zehar – GAUTXORIAK (8,11)
– Puntualtasuna. Eskainitako zerbitzua betetzea (7,92)
– Seguru sentitzea bideo-zaintzako sistemarekin (7,90)

Hoberen baloratutako lineak hauexek izan dira:
– 21. Linea-Mutualitateak-Anoeta (7,73)
– 28. Linea-Amara-Ospitaleak (7,69)
– 13. Linea-Altza (7,65)
– 14. Linea-Bidebieta (7,63)
– 9. Linea-Egia-Intxaurrondo (7,52)
– 5. Linea-Benta Berri (7,50)

2012an erabiltzaileen gogobetetzea hobetu egin da oro har linea guztietan.
• 2008an 26 lineak ematen zuten zerbitzua eta denek 7 puntu baino gehiagoko balorazioa dute.
• 2012an 26 lineak ematen dute zerbitzua eta denek 7,20 puntu baino gehiagoko balorazioa dute.

Azken inkestan baloratutako alderdiak eta alderdi bakoitzean lortutako nota ikusteko, deskargatu ondorengo dokumentua.

> Deskargatu galdetegia (pdf)

Irakurri

Berkeleyko Unibertsitateko garraio alorreko adituak Dbus-en bisitan

Pasa den abuztuaren 14an Dbusek Kaliforniako (AEB) Berkeleyko Unibertsitateko Ingeniaritza Zibileko Sailetik bisitan etorritako ordezkariak hartu zituen Donostian dituen instalazioetan.

Bisita Berkeleyko Unibertsitateko Garraio Ikasketetarako Institutuak Dbuseko kudeaketa sistema ezagutzeko zuen interesak bultzatuta izan da, eta batez ere Dbusi bidaiarien garraio sare bat eraginkortasunez kudeatzea eta, horregatik, erreferentziazko enpresa bat izatea ahalbidetu dioten garapen teknologikoak ezagutzeko.

Bisitan zehar, Berkeleyko Unibertsitateko ordezkariek Kotxetegietako instalazioak ikusi ahal izan zituzten, eta zehatz-mehatz egiaztatu zituzten Dbuseko autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak bai eta autobusen erabilera, efizientzia eta segurtasuna hobetzeko kontrol eta kudeaketa sistemak ere.

Dbusetik oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriarteko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren erakundeekin harremanetan egotea, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen duelako eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ematen digulako, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.

Berkeleyko Unibertsitatetik bikain baloratu dute Dbusek egiten duen lana, eta bisitan zehar aukerak ireki ziren etorkizunean Berkeleyko Unibertsitateko Garraio Ikasketetarako Institutuak eta Dbusek elkarrekin Donostiako garraio publikoko zerbitzuan hobekuntzak ekarri ahal izango dituzten proiektu komunak garatzeko.

Irakurri

Bidaiatu Dbus-en Lurraldebus txartelarekin

Lurraldebuseko txartelak Dbusen lehendik zenituen abantaila guztiak eskaintzen dizkizu, azkarragoa eta errazagoa da birkargatzeko, eta gainera Gipuzkoa guztian zehar ordainketa modu berarekin bidaiatzeko aukera ematen dizu.

Txartel eskaera, birkargatzea eta erabilera

Lurraldebuseko txartelak baimendutako kioskoen sarean birkargatu daitezke, bai eta horretarako prestatuta dauden Kutxabankeko kutxazainetan ere. Gainera, orain Askatasunaren Hiribideko 20.ean eguneko 24 orduetan irekita dagoen makina duzu, edozein garaitan eta erraztasun guztiz zure txartela birkarga dezazun.

Aurki ezazu gertuen duzun Lurraldebusen birkargatze gunea:
> Joan bilatzailera

Lurraldebuseko txartela DBUSeko autobusetan erabiltzean, txartelaren saldotik bonobus arruntaren tarifari dagokion zenbatekoa kenduko zaio. Aurretik aipaturiko guneetan txartelak birkargatzeko orduan, dagozkion hobariak aplikatuko zaizkio.

Ez galdu aukera hau zure bidaiatzeko modua errazteko. Gozatu Dbus-en bidaiatuz, Lurraldebusen abantaila guztiekin. Orain, inoiz baino errazago.

Txartelei buruzko informazio guztia, www.dbus.eus web orrian dago eskuragarri.

Irakurri

Savannah hiri Estatubatuarreko bisita Dbus-en

Pasa den uztailaren 24an Dbusek Georgiako Savannah hiri estatubatuarreko ordezkaritza bat izan zuen bisitan.

Bisitara hiri horretako garraio konpainiaren arduradunak etorri ziren, bai eta garraio publikoan aditua diren aholkulari estatubatuarrak ere. Taldeak CAT garraio konpainiaren Zuzendari Exekutiboa izan zuen buru.

Savanna Georgia estatuko hiri garrantzitsuenetarikoa da, bere erakargarritasun turistikoagatik ezaguna, urtero milioi batetik gora bisitari jasotzen baititu. Chatham Area Transit (CAT) enpresak 271.000 biztanle dituen zonalde batean dihardu, 19 autobus linearekin auzo periferikoak gune historikoarekin lotuz, egunero-egunero dabiltzan 69 autobusaren bitartez. CAT enpresak 3,3 milioi bidaiari inguru ditu urtero, enpresak eskaintzen dizkien hiri autobus zerbitzuei eta mugikortasun murriztua duten pertsonei eskaintzen dien atez ateko zerbitzuari esker.

Dbus-eko arduradunek eskainitako bisita honetan, ordezkaritza harrituta gelditu zen Dbusek duen bidaiari kopuru handiarengatik, autobusen efizientziagatik eta zerbitzuen errentagarritasunagatik. Bisitan zehar kudeaketa hobea garatzen laguntzen duten teknologia berrien aplikazioa, bidaiarienganako komunikazioa eta segurtasuna zuzenean ezagutu ahal izan zuten. Dbus-ek erabiltzen dituen autobusetan bereziki azpimarratuak izan ziren euren irisgarritasuna, bioerregaien erabilera eta azken belaunaldiko autobus hibridoa.

Dbusetik ezinbestekotzat jotzen dugu nazioarteko garraio enpresekin harreman zuzena izatea; izan ere, beste enpresa batzuekiko interakzioak hiriko autobus zerbitzua hobetzen laguntzen du, esperientzietatik ikasita eta ideia eta ekimen berriak sortuaz.

Irakurri

Dbusen autobusen irisgarritasunak kalifikaziorik hoberena jaso du Espainia mailako txosten batean

Eroski Consumer aldizkariko teknikariek azterlan bat egin dute Espainiako 18 hiriburutan gurpildun aulkian mugitzen den erabiltzaile baten laguntzarekin eta Dbusen autobus eta markesinen egokitasuna goraipatu dute.

Dbusen zerbitzua lider da irisgarritasuna hobetzeko teknologiaren aplikazioan, eta erabiltzaileek beraiek ere lorpen hori aitortu diote. Eroski Consumer aldizkariak egindako azterlanean, Dbusek notarik altuena jaso du hiri garraioaren irisgarritasunean. Hoberen baloratu diren atalak izan dira espazioa eta geltokietako irisgarritasuna, autobusaren arrapalaren funtzionamendua eta inklinazioa edo kantzelatzeko makinetara iristeko erraztasuna.

Era berean, Donostiako hiriaren irisgarritasunak ere notarik altuena jaso zuen Valladolid eta Iruñearekin batera. Erabiltzaile ezinduek hiria zeharkatu zuten ondokoak baloratuz: espaloietako ertzen altuera, zoruaren egonkortasuna edo mugikortasuna eragotzi dezaketen gainerako arkitektura mugak. Emaitzek diote Donostia modu ezin hobean egokitu dela gurpildun aulkian mugitzen diren biztanleen beharretara.

Irakurri

125 urte Donostiarren zerbitzura

1886an Donostiak 26.000 biztanle baino zertxobait gehiago zituen eta hedatze prozesuan sartuta zegoen. 22 lehenago harresiak eraitsi zituzten eta urte bete beranduago Gran Casino inauguratuko zen.

Hiritar batzuen ekimenez, abuztuaren 28an Donostiako Tranbia Konpainia jaio zen, eta 11 hilabete beranduago, 1887ko uztailaren 18an, zerbitzua ematen hasi zen zaldiek tiratutako tranbiekin; handik gutxira tranbia horiek kendu eta tranbia elektrikoak jarri zituzten haien ordez.

Garraiobide kolektibo hau hirian sortzea Erabilera publikoko obratzat jo zuten jada 1886an, eta horrek behartu zuen Konpainia azpiegitura garrantzitsuak egitera, esaterako Kontxa eta Ondarreta lotzen dituen tunela, gaur egun hirirako funtsezkoa dena.

1948an trolebusak ezartzen hasi ziren tranbia zaharrak ordezkatzeko, eta, garai batean, gainera, bi solairuko trolebus enblematikoak ere ekarri ziren Londresetik. Azkenean trolebus guztiak autobusekin ordezkatu ziren, malgutasun eta erosotasun handiagoa eta hiriko leku garaienetara iristeko aukera ematen zutelako.

Lineei dagokienez, bilakaera handia izan dute, hiriak berak izandakoarekin batera. Lehen linea, 1887an inauguratu zena, Kontxa, Boulevarra eta Ategorrietako kotxetegiak lotzen zituen. Ondoren eta bereziki autobusak ezarri zirenetik aurrera, zerbitzuak hiriko zonalde gehienetara zabaldu ziren, eta, orain, sartu diren azken mikrobusekin esan daiteke zerbitzua donostiarren %99ri heltzen zaiela.

Bere historian zehar Konpainiak arazo ekonomiko handiak izan zituen, eta horiek beti Udalak urtero egiten zizkion diru ekarpenekin gainditu ahal izan ditu. Konpainiaren egoera ekonomikoa kaskartu egin zen eta horrek egoera larritzea ekarri zuen, baina zerbitzua donostiarrentzat garrantzitsua zenez, 1981eko irailaren 30ean, hau da, duela 30 urte baino gehiago, Donostiako Udalak enpresaren kapital sozial gehiena erosi zuen. Enpresa udalaren eskura igarotzearekin posible izan da linea berriak sortzea betidanik zerbitzurik izan ez duten auzo eta zonaldeetarako, kasu askotan ekonomikoki errentagarriak izan ez diren lineak, hain zuzen ere. Udalaren eskura igarotzeak, halaber, donostiarren kolektibo askorentzat tarifa murriztuak aplikatzea ahalbidetu du, esaterako errenta txikiko pertsonentzat, langabetuentzat edo erretiratuentzat edo autobusen ohiko erabiltzaileentzat, besterik ez. Zerbitzuaren hasierako prezioa 10 zentimo izan zen bidaia bakoitzeko, gaur egungo tarifen aldean askoz handiagoa dena.

Gaur egun DTK oso eredu ezaguna da garraio publikoko enpresen artean; izan ere, Konpainiak gaur egun jasotzen duen diru ekarpena txikiena da, gure inguruko hirietako garraio zerbitzuekin alderatuta, eta, gainera, erabiltzaile asko ditu. Hasierako helburua urtean 500.000 bidaiari izatera heltzea bazen, gaur egun 29 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu urtean, zifra errekorra autobusu erabilerari dagokionez, Donostiaren tamainaren antzekoa duen edozein hiri europarretan erabilera txikiagoa baita.

Hori dena ezinezkoa litzateke guztion ahaleginik gabe, bai sortzaile eta hasierako akziodunena, bai urte hauetan guztietan zehar DTKtik pasatu diren langile guztien edo hirian izan diren alkate eta udal korporazio guztiena, autobusaren erabilera bultzatu eta konpainiaren hobekuntzen alde egin dutelako, eta batez ere Donostian autobusa modu masiboan erabili duten eta erabiltzen ari diren hiritar guztiei esker.

Gaur egun, 125 urte igaro eta gero, Gipuzkoako enpresa zaharrenetako bat izaten jarraitzen du, bai eta Europan garraio publiko zerbitzuak eskaintzen denbora gehien daramana ere, eta, horretaz aparte, Konpainia inoiz baino inplikatuagoa dago Hiriaren mugikortasunaren hobekuntzan. Hori dela eta, zorionak 125 urte hauengatik, batez ere donostiar guztiei, autobusa modu masiboan erabiltzen dutelako eta, horrekin, Donostia hiria bizgarriago, garbiago, onuragarriago eta gizatiarrago egiten laguntzen dutelako, inolako zalantzarik gabe.

Gerardo Lertxundi
Zuzendari Gerentea

Irakurri

Donostiako Tranbia Konpainiaren 125. urteurrenaren balantzea

Aste honetan bete dira 125 urte Donostiako Tranbia Konpainiak bere lehen zerbitzua eskeini zuenetik. Honekin batera 125.urteurren honetan ospatutako ekitaldi eta ospakizunei amaiera eman zaie.

Azken hamabi hilabetetan hiritar guztien parte-hartze irekia izan den hogei ekitaldi baina gehiago ospatu dira, urteurren garrantzitsu hau ospatu asmoz. Horien artean kultur ekintzak, argazki, kontakizun eta bideo lehiaketak, herri festak Alderdi Ederren, 125.urteurreneko liburuaren argitalpena, haur eta helduentzat emanaldiak, ate irekiak kotxeretan, DTK eta Donostiaren iragana eta egungo historiaren inguruko hitzaldiak, eta Dbus-eko langile eta familientzat Udaletxean harrera eta beste hainbat ekitaldi antolatu dira. Hortaz gain mugikortasun sostengarrian aditua den Peñalosa jaunaren eskutik hitzaldi irekia ere ospatu zen, bai eta DTK-ren historiako autobusen erakusketa ere Alderdi Ederren.

Dbus-etik ekitaldi guzti hauek hiritarrak gogoan edukita antolatu nahi izan ditugu, Donostiako hiritarrekin eta hiritarrentzat, beraiek baitira 125 urte hauen protagonistak. Horregatik, ekintza ezberdinetak parte hartu duten milaka hiritarrei gure esker ona adierazi nahi diegu, 125.urteurren hau gure hiriko gertaera nagusienetakoan bilakatu baitute.

Urteurren honetan hainbat erakunde izan ditugu laguntzaile, Donostiako Udalarekin hasita, eta Kutxako Gizarte Laguntza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarraituz, beraiek izan baitira laguntzaile nagusiak. Babesleen artean Burillo Karrozeriak, Man Industria Ibilgailuak eta Fnac azpimarratu nahi genituzke, hainbat ekintzetan laguntzeagatik. Kolaboratzaileen artean Gipuzkoako Argazkigintza Elkartea, Burdinbidearen Euskal Museoa, Autobusaren Lagunen Elkartea eta Juanjo Olaizola, José Manuel Etxaniz eta Javier María Sada bezalako pertsonaia nabarmenak azpimarratu nahi ditugu.

Dbus-eko langileetaz ez genuke ahaztu nahi, euren laguntza eta parte-hartzea ezinbestekoak izan baitira 125.urteurren honetan, euren eguneroko lanarekin 125 urteko historia ahalbidetuz.

125.urteurren honetan Dbusek ahalegin berezia egin du egungo komunikazio kanaletan egoteko, besteak beste gure www.dbus.es webgunean, autobusetako DvBus informazio kanalean, gure YouTube kanalean edo Dbus-ek presentzia duen Facebook eta Twitter bezalako sare sozialetan.

Esker onekin jarraituz, Dbus-etik komunikabideen laguntza nabarmendu nahi dugu, euren lanik gabe hiritar guztiengana iristea askozaz zailagoa izango litzateke eta.

125.urteurreneko azken ekintza moduan, gaur utzailak 19, Dbus-en webgunean “Donostiako Tranbia Konpainia (1887-2012): Gipuzkoako hiriburuan garraio publikoa 125 urtez” doktoretza tesia argitaratuko da, Juanjo Olaizolak idatzia eta UNED-ek Cum Laude-z nabarmendua.

Donostiarrekiko eskerrik onena adieraziz amaitu nahi dugu 125.urteurren hau, donostiarrak eredu baitira euren eguneroko garraiorako autobusaren erabilera masiboan, euren konfiantzarekin Donostia bere tamainako hirien artean garraio publikoa gehien erabiltzeagatik eredu baita.

Irakurri