Category : Berriak

Donostiak badu jada seriean fabrikatutako “LION’S CITY HYBRID” lehen autobus hibridoa

Hibrido_webDbusek badu jada MAN fabrikatik atera den serieko lehen autobus hibridoa. Europan, eta Donostian ere, zirkulatu duten unitate guztiak azken bertsio optimizatu honen prototipoak izan dira orain arte. Autobusa CIVITAS Archimedes proiektuaren diru laguntzarekin erosi da.

Azken prototipoa gure kaleetatik ibili da ekainetik hona %100ean funtzionatuta Dbuseko linea batzuetan. Eta bere emaitza positiboak honako gauzetan lortu ditu:
– Fidagarritasuna eta operatibitatea
– Erabiltzailearen erosotasuna
– Erraz gidatzekoa
– Kontsumoak

Hauek dira hil hauetan zehar zirkulatu duten lineak: 13 (Alza), 17 (Gros – Amara), 21(Mutualitateak) eta 26 (Martutene).
Linea horiek sistema hibridoari etekin handiena ateratzeko baldintzarik egokienak zituztelako aukeratu ziren. Autobusarekin lan egin den lehen hilabete hauetan ere Dbuseko gidariak prestatu dira linea horietan ibilgailua gidatzen ikas dezaten.

Prototipoarekin egon diren kontsumoko emaitzak itxaropentsuak dira, %20tik gorako aurrezpena lortu baita batez beste. Emaitza ona da kontuan hartzen bada behin betiko modeloak zifra hori handituko duten hobekuntzak izango dituela.

Denbora horretan zehar MAN etxeari prototipoak Dbuseko lineetan izan duen funtzionamenduari buruzko emaitzen berri eman zaio, eta emaitza horiek behin betiko modeloa hobetzeko balio izan dute.

Bestalde, behin betiko modeloa guztiz pertsonalizatuta dago Dbuseko eskakizunetara egokituta. Horretarako, Poznako (Polonia) lantegitik atera eta Logroñoko Burillo Karrozeriak lantegira eraman zuten Dbuseko eskakizunetara egokitzeko: Lion’s City erakargarrien diseinu linearekin jarraitu da, bai kanpoko diseinuari dagokionez bai barruko zatiketari eta gidatzeko postuari dagokionez.
Gainontzeko ibilgailuak bezala, autobus hau %100ean irisgarria da, besteak beste zoru baxu integrala, gurpil aulkiak sartzeko arrapala elektriko teleskopikoa, eta airea girotzeko gailua ditu eta.
Aurreko Lion’s City autobusek zituzten ezaugarri batzuk dituen arren, autobus hibridoaren ezaugarri nagusiak honakoak dira:
– Serieko sistema hibridoa soilik elektrikoa den trakzioarekin, 75 kW-ko motor elektriko biren bitartez.
– Energia metatzeko sistema sabaian jarritako •”ultracap”ekin.
– Abiadura kaxarik ez; horri esker suabe eta era progresiboan azeleratzen du, eta ez “kolpeka”.
– Frenatze energia berriro erabilgarri bihurtzea “ultracap”ak kargatzen dituzten motor elektrikoen bitartez; horrekin nabarmena da freno pastilla eta diskoetan aurrezten dena.
– Zarata nabarmen gutxiago, neurri txikiagoko Diesel motorra erabiltzen duelako.
– Sabaiaren diseinu aerodinamikoa ibilgailuan integratuta, sistema hibridoaren osagai nagusiak haizatzeko.

Duela hiru urtetik hona Dbus igorpenei dagokienez EEV maila duten autobus ekologikoak erosten ari da, Europatik etorriko diren eskakizunei aurreratuta. Autobus hibrido honek ere igorpenen oso maila txikia dauka eta, gainera, kontsumoaren %30eko murriztea espero da berarekin. Horrek esan nahi du urtean eguratsera 27 tona inguru CO2 igortzea saihesten dela.
Kontsumo murrizketez gain, DBUSek beste abantaila bat dauka, askoz ixilagoa delako; izan ere, askotan, bereziki geltokietan eta semaforoetan, motor elektrikoarekin funtzionatzen du eta horri esker ez du zaratarik egiten.

DBUSek uste du hiriak eszenatoki aparta direla serieko motor hibridoetarako. Hiriko autobusak abiadura txikian doaz eta geldialdi ugari egiten dituzte. Autobus batek denboraren %25etik %49era bitartean geltokietan eta semaforoetan geldi ematen du.
MAN etxeko autobus hibrido honek, seriean muntatutako motor hibrido bati esker, %30 erregai gutxiago kontsumitzen du, eta, horrekin, CO2-ren igorpenak ere murrizten ditu. Gainera, gelditzen eta abian jartzeko sistema automatikoari esker erregaiaren kontsumoa eta CO2 igorpenak txikiagoak dira.
Ohiko ibilgailu batek frenatzean sortzen den energia guztia galtzen du, baina MAN etxeko Lion,s City modeloaren serieko motor hibridoak energia hori berreskuratu eta trakzio energia bihurtzen du.

MAN etxeko Lion’s City Hybrid autobusak sari bat baino gehiago eskuratu du esaterako hauek: “Urteko autobusa Espainian” “Viajeros” aldizkariak emana.

Era berean ÖkoGlobe 201 saria jaso du. Sari horrekin, “Garraio publikoko ibilgailuen berrikuntzak” izeneko kategorian autobus hoberena dela aitortu diote MAN etxeko hiri autobus hibridoari. Epaimahaia automobilgintzako industriako eta garraio eta ingurumen politiken ordezkariek osatuta zegoen

Bestalde, autobus hibrido hau etorkizunera bideratutako ibilgailutzat jo dezakegu lehenengo unetik, eta, horretarako, kanpotik duen diseinuari begiratu besterik ez daukagu, bereziki sabaian duen kupulari, zeinaren azpian energia metatzeko gailu bat duen. Aurten sari bat eskuratu du bere diseinuarengatik, red dot award saria hain zuzen ere.

Irakurri

Kotxerasen rotulazio berria

Cocheras_carte_125DBUS-en Kotxeras-eko eraikinan DTK-ko 125. urteurrena ospatzen duen logoarekin rotulatu da.

Konpainiaren 125 urte ospatzen dela eta, jardunaldi-egutegiarekin batera, rotulazioa berria 2012ko uztailara arte egondo da, 1887an konpainiak egindako lehen zerbitzuaren urteurrenera arte, hain zuzen ere. 125. urteurrena bukatu ondoren berriro, DBUS-eko irudi originala jarriko da.

Irudia ikusi

Irakurri

Donostiako Tranbia Konpainiaren Administrazio Kontseilu berriaren izendapena

Donostiako Alkate jauna, Juan Karlos Izagirre izendatu zuten Konpainiako lehendakari gisa uztailaren 27an burutu zen Donostiako Tranbia Konpainiaren azken Administrazio Kontseiluan.

Era berean, Gizarte ongizate, Kooperazio eta Mugikortasun arloetako kontseilari delegatua den Ion Albizu izango da lehendakariorde berria.

Saio honetan Donostiako udalean presentzia duten alderdi politiko guztietako kontseilari
ordezkariak ere izendatu ziren.

Gainera, Administrazio Kontseiluko bileran 2011ko lehenengo seihilekoaren datuak aurkeztu ziren, bidaiari kopuruaren marka historiko berria ezarri dutenak, 29.297.180 bidaiarirekin.

Azkenik, Donostiako tranbia Konpainiaren 125. urteurrena dela eta datozen hilabeteetan ospatuko diren ekintzak aurkeztu ziren.

Irakurri

DBUS, ADEGIREKIN elkarlanean ari da, lana eta familia arteko uztarketari buruzko gida bat egiteko

DBUS, Erantzukizun Sozial Korporatiboko politikak modu egokian garatzeko egiten ari den apustu sendoaren barruan, ADEGI Gipuzkoako patronalarekin elkarlanean ari da enpresetan lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzen laguntzeko ezarri daitezkeen neurri batzuei buruzko aholkuen gida bat argitaratzeko.

Kontziliazio gida hau DBUSek pertsona, langile eta gizarteaz oro har duen etengabeko arduraren erakusgarria da, bai eta enpresa barruko berdintasunaz eta etikaz duenarena ere.

DBUSez gain, gida hau egiten gogoz jardun dute Gipuzkoako enpresa ehuneko hainbat enpresa garrantzitsuk (CAF, Irizar, Orona, Matia Fundazioa, Deloitte Aholkularitza, etab.) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza eta Ezagutzaren Gizartea Departamentuaren laguntza izan dute lan horretan.

Gida horrekin lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriei buruzko aholku orokorrak eman eta enpresetan neurri horiek ezartzen lagundu nahi da, kontuan izanda enpresan malgutasuna eta segurtasuna, eta, beraz, lehiakortasuna ere ahalbideko dituen aldaketa prozesu baten zatia direlako.

Lana eta familia uztartzeak dakartzan onurak ugari dira:

– Malgutasuna ahalbidetzen du
– Pertsonen motibazioa, inplikazioa eta enpresa proiektuan duten parte hartzea handitzen ditu.
– Langileen errendimendua eta garapen profesionala zein pertsonala hobetzen ditu.
– Erakundeetako aniztasuna gestionatzen laguntzen du, bai eta errealitate ekonomiko-sozialera hurbiltzen eta aldaketetara egokitzen ere.
– Erakundeko giro soziala eta lanekoa hobetzen ditu.
– Estres eta arrisku psikosozialaren mailak murrizten ditu.
– Absentismo maila orokorra murrizten du, presentzia fisikoari zein buruko kontzentrazioari dagokienez.
– Talde lana bultzatzen du eta, beraz, sormena eta berrikuntza ere bai.
– Pertsonak lanarekin gusturago egotea eta enpresan denbora gehiago irautea eragiten du, errotazio maila gutxituta.
– Enpresarako funtsezkoak diren pertsonak erakartzea errazagoa da, talentua areagotuta, bai kantitatez bai kalitatez.
– Enpresaren irudi korporatiboa hobetzen du.

Oro har, lana eta familia uztartzeak aldaketa sozial eta ekonomikoetara egokitzen laguntzen du eta, ondorioz, erakundean aldaketak egitera eta ingurunera egokitzera bultzatzen du. Horrela, bada, lana eta familia arteko uztarketak berrikuntzari eta produktibitateari ateak irekitzen dizkie, eta esan daiteke enpresentzat lehiakortasunerako funtsezko erreminta dela.

Dokumentu osoa web orrian kontsultatu daiteke: www.adegi.es

Irakurri

DONOSTIABUSEK BERRIRO BIDAIARIEN ERREKORRA HAUTSI DU 2011KO LEHEN SEIHILEKOAN

Evolucion_anual_viajeros_DBUS_junio_2011Azken hamabi hilabetetan, hau da, 2010eko uztailaren 1etik 2011ko ekainaren 30era bitartean, DBUSeko bidaiari kopuruak errekorra hautsi du berriro ere 29.297.180 bidaiarirekin. Aurreko urtean, epealdi berean, izan ziren bidaiariekin alderatuta, 409.441 bidaiari gehiago egon dira, eta azken bi urtetako datuak aztertuta, bidaiarien igoera 1.072.776koa izan da.

DBUSeko zerbitzuetako autobus bidaiarien kopurua nabarmenki igo da 2011ko lehen seihilekoan, 14.459.244 bidaiari izan dira eta. Zifra horrek esan nahi du 282.173 bidaiari gehiago egon direla 2010eko lehen seihilekoarekin alderatuta, eta berretsi egiten du 2005eko lehen seihilekoan egon ziren 12.737.640 bidaiarirekin alderatuta egon den 1.721.604 bidaiariko igoera.

Datu horiekin, eta beste hiri batzuekin alderatuta, Donostiak jarraitzen du izaten autobus erabiltzaile gehien duena biztanleko.

Lineaz linea begiratuta, AMARA-OSPITALEAK 28. linea izan da erabiliena (2.385.211 bidaiari), eta, ondoren, 13. linea, ALTZAkoa (1.907.854 bidaiari) eta 5garrena, BENTABERRIkoa (1.519.470 bidaiari).

Martxoan eta maiatzean erabili da gehien autobusa; hain zuzen ere, martxoan 2.592.816 lagunek erabili dute, eta maiatzean 2.502.406 lagunek.

Erabiltzaileen batez bestekoak gora egiten jarraitu du, azken urteetan bezala, bai lanegunetan, bai larunbatetan bai jaiegunetan. Halere, eta logikoa denez, lanegunak dira autobusa gehiago erabiltzen diren egunak. Izan ere, lanegunetan 92.752 lagunek erabiltzen dute batez beste autobusa egunean, eta horrekin beste errekor bat hautsi da, orain arte bidaiari kopururik handiena urteko lehen hiruhilekoan 91.947 izan da eta.

Gaueko autobusaren erabilerak ere gora egin du, eta 2011ko lehen seihilekoan 92.561 lagunek erabili dute zerbitzu hori. Horrek esan nahi du aurreko urtean sasoi berean genituen datuekin alderatuta %2,5eko igoera egon dela.

2011ko lehen seihilekoko erabiltzaileen %88,96k bidaia txartelan deskontua egiten dieten garraio txartelak erabili dituzte. Bidaiarien %11,04k baino ez du erabili noizbehinkako txartela. Horrek esan nahi du urteko lehen seihilekoan 12.863.517 bidaia egin direla deskontuarekin eta 1.595.727 bidaia, berriz, ohiko prezioarekin. Hau da, deskontua duten txartelekin bidaiatzen duten bidaiariek gora egiten jarraitzen dute eta ohiko txartelarekin bidaiatzen dutenak, berriz, gutxitzen ari dira.

Azpimarratzekoa da, halaber, 1.387.479 bidaia hileko bonoekin egin direla, orain arteko kopururik handienera helduta, eta 1.500.000 bidaiatik gora Lurraldebus txartelarekin.

Irakurri

DBUS autobus elektriko baten garapenean parte hartzen du

Donostiabusek, IRIZAR taldearekin batera lan egiten du %100 elektrikoa den hiriko autobus baten garapenean, 2014an autobus hori errealitate egingo den esperantzarekin. DBUS eta IRIZARekin batera, JEMA eta I&T enpresesak eta CEIT, Tecnalia eta Vicontech Teknologia Zentroek parte hartzen dute proiektu honetan.

Funtsean, proiektu berritzaile horrekin autobus elektriko berri bat garatu nahi da, hain zuen ere gaur egun autobus elektrikoek egitura, trakzio sistema, energia sortu eta pilatzea, komunikazio, eta kontrol eta jarduketari dagokienez dituzten erronka teknologikoak gaindituko dituen autobus elektrikoa. Halaber, proiektuarekin autobusaren erabilera behin betiko bultzatu nahi da hiri ingurunetan pertsona asko batera garraiatzeko modurik hoberena delakoan.

Egiaztatu denez, ibilgailuak hiritik dabiltzanean poliki doaz eta denboraren %25-40 geldi ematen dute geratu beharreko lekuetan eta semaforoen aurrean, eta horren ondorioz eguratsera igorritako CO2 kantitatea asko handitzen da. Aldaketa hori munduko ekosisteman nahasmenduak sortzen ari da; beraz, Europar Kontseiluak berotegi efektuarekin eguratsera igortzen diren gasak murrizteko helburuaz gas horiek %20 izatea ezarri du 2020rako.

Hori dela eta, garraioaren sektorea gogor ari da lanean erregai fosilekiko mendekotasuna gutxitzen lagunduko diguten ibilgailu elektrikoak garatzeko asmoarekin eta, era berean, eguratsera igortzen diren gas kutsatzaileak ere gutxitzeko. Halere, ibilgailu mota horiek garatzeko ezinbestekoa da baterien garapenean ere aurrera egitea, haien autonomia eta prezioa horren menpe baitago. Arrazoi horrengatik orain arte garatzen diren autobusak hibridoak dira, propultsio elektrikoa eta ohiko errekuntza motor bat konbinatzen dituzten autobusak.

Berritzaile ikerketa proiektua 2011ko lehen seihilekoan hasi da eta gutxi gorabehera 3 urte iraungo du, eta espero da proiektuak autobus elektriko baten prototipoa ematea, bai eta autobusak funtzionatzeko behar duen elektrizitatez kargatzeko estazioak ere. Dbus izango da autobusaren prototipoa probatuko duen enpresa, Donostiako erabiltzaileen premietara egokituta. JEMAk eta I&T, potentziako eta kontroleko elektronikaz dituen ezagutzak jarriko eta autobusen gestio operatiboaz arduratuko dira hurrenez hurren, eta IRIZAR enpresak autobusa fabrikatuko du.

Honakoak dira proiektuaren helburuak:
• 350 Km-ko autonomia bermatzea, batería modulu optimoak garatuta, eguzki panelen bidez energia osagarria sortuta, eta, batez ere, korronte elektromagnetikoen bidez karga induktibo bat sortuta ibilgailuak egiten duen ibilbidean zehar, hori dena ezaugarri horiek dituen autobus batek egin ohi dituen eragiketetarako behar den energia elektrikoa edukitzeko.

• Hiri ingurunetan garraio kolektiboaren erabilera dela-eta eguratsera igortzen diren CO2 eta beste gas kutsatzaile batzuk (CO, HC, NOx, PM) gutxitzea ia igorpenak guztiz desagerrarazi arte.
• Hiriko autobusen segurtasuna nabarmenki handitzea IRIZAR lantzen dituen gama handiko autobusen sektorearen irizpide espezifikoak sartuta:
o Maila handiko funtzioak, hala nola ez labaintzeko kontrola, egonkortasun kontrola, gradiente iragazki bereziak, etab, kontrol estrategiaren bidez elektrikoki aktibatuko direnak.
o Egitura zurrun eta sendoa, talkak eta albo batera irauli egitea jasateko modukoa.
o R66/01 betetzea, autobus mota hauetan exigitzen ez den arren.
• Ibilgailuaren pisua asko-asko gutxitzea bere egituran nagusiki aluminioa eta beste aleazio arinak erabilita. Hori oso erronka teknologiko esanguratsua izango da.
• Makina elektrikoak eta inbertitzaileak osatzen duten multzoaren errendimendu energetikoa handitzea, efizientzia handieneko puntuetan %95eko errendimendua ere gaindituta, kontroleko elektroniko optimizatuak eta fidagarriak garatuta eta frenatze prozesuetan energia berreskuratuta.
• Ibilgailuaren fidagarritasuna handitzea, eraginkorragoak diren eta azkarrago erantzuten duten kontrol energetikoaren algoritmo berrien bidez, ahal diren kasuetan sentsoreen erabilera kenduta (sensorless), sistema askoz gogorrago eginda.
• Segurtasuna eta erosotasuna bultzatzea hiriko garraiorako ibilgailu berriak gidatzerakoan, laguntzarako, informaziorako eta ibilgailuaren kontrolerako sistema berriak sartuta, gidariak izan ditzakeen arreta galerak eta autobusek izan ditzaketen talkak izateko arriskuak murrizteko.

Autobus elektrikoaren proiektu berri honekin, Dbusek bere ibilgailu garbien eta kutsadurarik gabeko ingurune apustua indartuko du; izan ere, orain jada EEV igorpen maila duten autobus ekologikoak ditu eta Donostiako kaleetan zehar dabiltzan 12 metroko autobus hibridoa.

Irakurri

DBUSek Donostian antolatutako “hiri garbiak” konferentzia arrakasta haundia izan du

CIVITAS_ALCALDEEkainaren 15ean eta 16an, Europako 90 bat aditu elkartu dira Miramar jauregian garraio publikoetan erregai berriztagarriak edo elektromugikortasuna erabiltzeak etorkizunerako ekar ditzakeen onurez gogoeta egiteko eta aztertzeko neurri horiek zenbateraino hobetuko lituzketen eguratsaren kalitatea eta irisgarritasuna etorkizuneko hirietan.

INFORMAZIO GUZTIA IKUSI

AURKEZPENAK IKUSI

Irakurri