Dbusek kanpaina bat abiarazi du, “Ondo bidaiatu” lelopean, autobus barruan batzuetan gertatzen diren bost kasuren inguruan, erabiltzaile guztiek bidaia atseginago egin dezaten bost gomendio emanda. Kanpainak autobus zerbitzuen gainerako erabiltzaileak errespetatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du, portaera zuzenak nabarmenduta portaera lotsagabeen eta batere zibiko ez direnen aldean.
Beste kanpaina batzuetan jada bildu diren arren autobusetan nahiko sarri erregistratzen diren eta heziketa, elkartasun, enpatia eta errespetuarekin zerikusia duten egoeretarako bost gomendio dira. Autobusean, jendea elkarrekin egoten den beste edozein lekutan bezala, garrantzitsua da besteengan pentsatzea eta ikustea nola gure portaerarekin gainerako erabiltzaileak lagundu edo gogaitu ditzakegun.
Dbusen ondo bidaiatzeko 5 gomendio
1) Eserlekua gehien behar duten pertsonei utzi: gomendio honekin azpimarratzen da eserleku “berdeak” mugikortasun urria duten pertsonei utzi behar zaizkiela (haurdun dauden emakumeak, adineko pertsonak, 6 urtetik beherako adingabeak, mugitzeko arazoak dituzten pertsonak, etab.), pertsona horientzat erreserbatuta baitaude, baina azpimarratzen da, halaber, garrantzitsua dela autobuseko edozein eserleku gehien behar duten pertsonei utzi behar zaizkiela.
2) Ez jarri oinak beste eserlekuetan: eserlekuak alferrik okupatzeaz gain, oinak eserlekuen gainean jarriz eserlekuak zikindu ditzakezu eta horrela beste erabiltzaile batzuk ere bai. Mezu hori indartzeko, autobusen barruan hori adierazten duten pegatinak daude.
3) Musika modu egokian entzun autobus barruan: gomendio honekin adierazi nahi da musika edo edozein gailu elektroniko kaskoak jarrita eta neurrizko bolumenean entzun behar dela, beste erabiltzaileak ez molestatzeko.
4) Ez jan autobus barruan: Autobusa edo autobusean doazen beste erabiltzaile batzuk ez zikintzeko. Gomendatzen da autobusera igo aurretik jana gordetzea. Era berean, ezin da autobusera igo edalontziekin, lata irekiekin, izozkiekin edo gorde ezin diren eta erori daitezkeen beste elementu batzuekin.
5) Beste erabiltzaileen lekua errespetatu: azpimarratu nahi da garrantzitsua dela erabiltzaile bakoitzak berari dagokion lekua okupatzea, beste erabiltzaile batzuentzat traba izan daitezkeen egoerak saihestuta, hala nola beharrik gabe leku gehiago okupatzea, eserita doazen besteei leku gutxi uztea edo baita besteak mehatxatzea ere.
Gomendio horiek Dbusen webgunean zein bere sare sozialetan eta informazio karteletan eta autobusen barruko pantailetan daude eskuragarri, bai eta autobus geltokietako markesina batzuetan ere. Gomendio horiekin, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoaren erabilera egokiaren garrantziaz sentsibilizatu nahi dute, autobusak leku atsegina izan daitezen, bizikidetzako gune gisa, non adin desberdineko pertsonek elkarrekin bidaiatzen duten.