Category : Berriak

“5G Euskadi” proiektuaren barruan, Dbusek 5G konexioa probatuko du 17 eta 28 lineetan

Dbus “5G Euskadi” proiektuan parte hartzen ari da, zeinaren bidez 5G sare esperimental bat hedatuko baita Euskal Herriko hiru parke teknologikotan (Miramon, Zamudio eta Miñao) eta Abadiñoko herrian. Euskadiko lehen 5G proiektu pilotua da, eta bere helburua da Euskal Herriko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala bultzatzea. Proiektuan 13 agente parte hartzen ari dira eta 9 erabilera kasu inplementatuko dira, eta kasu horietako hirutan Dbusek parte hartuko du.

5G sareek etorkizunean izango dute garapenaz eta teknologia hori mugikortasunaren, energiaren, industriaren eta zibersegurtasunaren eremuetan aplikatuz lurraldearen garapen sozialerako eta ekonomikorako izango duen garrantziaz gogoeta egin ondoren jaio da “5G Euskadi” proiektua. Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren mendekoa den Red.es erakunde publikoak deituriko programaren zati bat da.  

Dbusek 3 erabilera kasu inplementatuko ditu

Zehazki, proiektu berritzaile honen bitartez Dbusek hiru proba egingo ditu 17-Gros-Amara-Miramon eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan. Izan ere, linea horiek Miramon aldean zerbitzua ematen dute, eta Miramon da, hain zuzen, proiektuaren barruko ekintzen inplementaziorako lekuetako bat.  

  • Bideozaintzako sistema: Dbuseko autobusek kamerak dituzte autobusaren erabiltzaileen eta gidarien segurtasuna bermatzeko. Segurtasun kamerek bereizmen handiz hartutako irudiak prozesamendu zentrora denbora errealean transmititzea izango litzateke batez ere erabilera kasu hori.
  • Autobusaren barruko Wifi konexioaren hobekuntza: Dbuseko autobusek wifi konexioa dute erabiltzaileen esku. Konexio hori 4G sare batean sortu da, eta horrek bere erabilera mugatzen du erabiltzaile bat baino gehiago ari bada konektatzen saiatzen. Proiektuaren bitartez 5G konexioa egiaztatuko litzateke, zeinak erabiltzailearen esperientzia hobetuko lukeen.
  • Ibilgailuen mantentze lanak: 5G sarearen erabilera autobusaren hainbat parametro monitorizatzeko eta horren bidez autobusaren mantentze lanak hobeto egiteko.

Dbusekin batera, proiektuko bazkide parte hartzaileak dira Euskaltel, R, Orange, MásMóvil, ZTE, Gestamp, Ikusi (Velatia Taldea), CAF, Datik (Irizar Taldea), CEIT eta Vicomtech. Enpresa horiek, gainera, Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza hitzarmenak ezarri dituzte. Proiektuak, halaber, erakunde hauen babesa dauka: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila), Donostia-San Sebastiango Udala, Gipuzkoako Aldundia, Bizkaiko Aldundia, Arabako Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala.

Proiektuak 30 hilabete iraungo du, eta 7,1 milioi euroko aurrekontua dauka guztira. Aurrekontu horretatik, Dbusi 338.316€-ko aurrekontua dagokio, eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioak eta Eskualde Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) elkarrekin finantzatuko dute, Espainiako Eskualde askotako Programa Operatiboaren kontura (POPE).

Irakurri

Dbusen ordaintzeko modu lehenetsiak

Osasun arrazoiengatik, Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileei eskatzen zaie bidai txartela ordaintzeko, ahal dela MUGI edo Lurraldebus txartelak –bere aldaera guztiak–, BAT eta BARIK txartelak edo turista txartelak edo EMV kontakturik gabeko banku txartelak erabiltzeko. EMV kontakturik gabeko banku txartelekin ordaintzeko, berriz, txartela bera edo txartelari lotutako aplikazio mugikorrak erabili ahal izango dira, eta transakzioagatik ez da komisiorik kobratuko. 

MUGI/Lurraldebus txartelak kargatzea

Hainbat aukera dago kargatzeko:

– Txartel pertsonalizatuak online kargatu daitezke, Dbuseko apparen bitartez, “Kargatu” izeneko erlaitzean, MUGI sistemarekin lotzen baita, eta MUGIren webgunean bertan ere. Online egiten diren kargak 20 minutura gutxi gorabehera erabilgarri daude Dbuseko autobusetan.

Karga hori Dbuseko autobusetan aktibatu daiteke, gidariaren ondoan dagoen makinan. Horrez gain, Kutxabanken kutxazainetan ere aktibatu daiteke (ez da beharrezkoa bezero izatea).

– Txartel anonimoak eta pertsonalizatuak kioskoetan/estankoetan/liburu dendetan kargatu daitezke (Mugi sistemari atxikitakoak izan behar dira), bertara joanda, baita kaleko kargatzeko makinetan eta Kutxabankeko kutxazainetan ere (ez da beharrezko bezero izatea). Karga hori berehala egiten da.

MUGI txartelak eskatzea

MUGI txartel pertsonalizatuak www.mugi.eus helbidean eskatu dezakezue, eta etxera bidaliko dizuete.

MUGI txartel anonimoak edozein unetan erosi daitezke kioskoetan/estankoetan/liburu dendetan (Mugi sistemari atxikitakoak izan behar dira).

MUGI txartelei buruzko informazio gehiago: www.mugi.eus eta 943 000 117 telefonoan.

Turista txartela erostea

San Sebastian Card eta Basque Card turista txartelak Donostiako Turismo bulegoan erosi daitezke.

Denon osasunagatik, ahal bada ez ordaindu eskudiruz. Eskerrik asko zure laguntzagatik.

Irakurri

“Donostia” modelo berriko lehen autobus markesina instalatu du Dbusek

Dbusek, Donostiako Udaleko Mugikortasun Departamentuarekin elkarlanean, proiektu pilotu bat abian jarriko du, datozen urteetan, markesinak berritzeko eta hiriko markesinen heren bat eguneratzeko egingo diren lanen barruan, Donostian instalatuko diren markesinen modelo berriko markesina bat instalatzeko. Donostia modeloa da, eta duela hilabete batzuk Promedios Taldearen PM TRANS EUROPE S.L.U. enpresari esleitu zitzaion lizitazioan aukeratu zen.

 Markesina berria, gure hirirako bereziki diseinatu baitzen, markesina modelo arina da, eta Grimshaw modeloaren antzekoa, zeina Dbuseko geltokietan instalatu den azken modeloa baita. Larramendi geltoki berrian instalatu da markesina (19-Aiete Bera Bera, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza eta B2-Aiete-Bera Bera lineak), eta 3D publizitatea du lehen aldiz. Zehazki, Dbusen kanpaina baten kartelak instalatu dira, markesinaren izenari eta gure hiriari keinua eginda, Donostiaren irudien bitartez, hala nola Haizearen Orrazia, sakonera efektua sortuta, nondik eta zer distantziatatik begiratzen zaion.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Markesina berria Irisgarritasunari buruzko Legera egokituta dago. Sarbidean 90 zentimetroko zabalera libre edukiko du gutxienez igarotzeko, manparak zeharrargiak izango dira, eta kolore biziko bi banda seinaleztatzaile edukiko ditu kristala duela adierazteko. Horrez gain, linearen zenbakiari eta helmugari buruzko informazioa dauka, braillez, eta bermatze leku iskiatikoa duen eserlekua dauka.

Geltoki berriak, halaber, autobusen iritsieraren berri emateko eta erabiltzaileentzat interesgarriak diren beste abisu batzuk emateko panel elektroniko bat dauka. Informazio panelaren modeloa ere berria da. Sendoagoa da, eta karaktereak hobeto irakurtzen uzten du. Hiriaren beste bost informazio panel batzuetan jada instalatuta dagoen sistema berritzaile bat dauka, zeinarekin zerbitzua erabiltzaileen benetako eskarira egokitu daitekeen, autobus geltokian zain dauden pertsonen kopurua abiapuntu hartuta, ikuspen artifizialeko sentsoreen bitartez.

Proiektu pilotu honen helburua da aztertzea ea zenbateraino praktikoa den erabiltzaileen eta gidarien ikuspuntutik, hobekuntzarik sortzen bada berrituko diren gainerako markesinetan sartzeko. Linea honetan, prozesu parte hartzaile bat ireki da ezgaituekin lan egiten duten hainbat elkarterekin batera, markesina testatu ahal izateko eta beren ekarpenak egin ahal ditzaten.

Donostiak 563 autobus geltoki dauzka, eta horietatik 309 markesina erakoak dira eta 254 zutoin erakoak. Berrikuntza honetan 110 markesina eguneratuko dira gehienez 3 urteko epean, hau da, gutxi gorabehera 34-36 markesina urtean, Larramendin instalatutakoa lehena izanik.

Geltoki berria Larramendi kalean

Uztailaren 18tik aurrera, larunbatez, Dbuseko 19-Aiete-Bera Bera, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza eta B2-Aiete-Bera Bera lineek geltoki berri bat edukiko dute –Larramendi–, kale bereko 23 zenbakiaren parean. Aldapetako aldapako trafikoan egin diren aldaketen ondoren línea hauek Urbieta 38an duten behin-behineko geltokia ordeztuko du geltoki horrek.

Aieterantz doanean, orain arteko egiten zuten ibilbide bera egingo dute: autobusek Urbieta kaletik, Larramendi kaletik (Larramendi 23aren pareko geltokia) eta Lizarra kaletik zirkulatuko dute, eta Aldapetatik jarraituko dute (ikusi planoa).

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Loiola aparkalekuko geltokia

Era berean, uztailaren 18tik aurrera, larunbatez, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lineak ez du jada Loiola aparkalekuan geldialdirik egingo. Horrela, linearen ordutegiak hobeto betetzea nahi da, geltoki gehien dituen Dbuseko linea baita. Geltoki hau mantentzen da, halere, 24-Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo, 26-Amara-Martutene, 27-Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros, 41-Gros-Egia-Martutene eta B4-Amara-Martutene lineetarako.

Irakurri

Bizikletak alokatzeko Dbizi sistemaren kudeaketarako kontratua izenpetu dute Dbusek eta BIZISS ABEE-k

COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz aurreko zerbitzua eten ondoren eta sistema berri abian jartzeko lanetan eragin duen atzerapenaren ondoren, Dbusek eta BIZISS ABEEk (MOVUSek eta UEBASERek eratutako ABEE) hiriko bizikleten alokairurako Dbizi sistema berriaren kudeaketarako kontratua izenpetu dute.Sistema berria mistoa izango da, bizikleta mekanikoak eta elektrikoak edukiko baititu. Bizikleta horiek diseinu funtzional erakargarria eta esklusiboa edukiko dute, eta beren irudi korporatiboa Dbusen irudi korporatiboarekin bat etorriko da, eta bistarako nortasun uniformea eta homogeneoa emango die.

Sistema berriaren ezaugarriak

Sistema berriak hobekuntza batzuk ditu bizikletetan, hala nola bizikleta mekaniko arinak; kalitate handiko bizikleta elektrikoak; bandalismoaren aurkako lohi babesa, bi pertsona eraman ezin izateko; eta aulki zuloduna, aulkian urik ez metatzeko.

Geltokiei dagokienez, esleipenduna atera den proposamenak ez du obra zibilik eskatzen geltoki mekanikoen eta elektrikoen hasierako instalaziorako eta geroko lekualdaketetarako. Geltoki elektrikoen lanetarako baino ez du behar obra zibila egitea. Era berean, energia berriztagarrien erabilera jasotzen du, eguzki panelen eta baterien bitartez, geltoki mekanikoen hornidura elektrikorako. Sistemak planteatzen du, halaber, egitura sendo bat, bizikleta elektriko eta mekanikoetarako ainguraketa sistema berbera duena, eta egurats zabal, itsas giro, bandalismo eta erabilera publiko intentsiboarekiko erresistenteak diren fabrikazio materialak eta akaberak ere bai. Geltokien muntaketa oso denbora laburrean egiten da.

Ainguraketa sistema nabarmen hobea da aurreko sistemarekin alderatuta. Zeharkako buloi sendo bat dauka geltokian, zeinak bizikletaren arra zeharkatzen baitu, eta arraren diseinu triangeluarrari esker bizikleta ainguratzea eta desainguratzea oso erraza da. Ainguraketa sistemaren diseinuari esker, halaber, ekintza bandalikoak baldin badaude geltokiko zein bizikletako kalteak txikiak izango dira. Ainguraketa sistemak, gainera, soinu eta kolore bidezko (koloretako 3 led) abisuak ematen ditu, oso argi, bizikleta ainguraketa puntuan ondo lotu edo deslotu den baieztatzeko.

Elementu teknologikoak fisikoki geltokian daude eta ez bizikletan bertan, eta bizikletak mugitzen dira beti ainguraketa batetik bestera; beraz, bizikletak arinagoak direla eta ekintza bandaliko pairatzeko duten arriskua txikiagoa da. Horrek, azken finean, erabiltzaileek esperientzia hobea izatea dakar. Elementu teknologikoetako edozein akatsek ainguraketa bat indargabetuko luke, baina ez luke eraginik izango kalean dauden/eskaintzen diren bizikleten kopuruan.

Ildo horretan, sistema berriak ahalbidetuko du bizikleta elektrikoak zein mekanikoak edozein geltokitatik/geltokitara askatasunez mugitzea, oinarriko geltoki guztiak (elektrikoak zein mekanikoak) mistoak izango baitira. Batez ere, bizikleta elektrikoaren autonomiagatik egin daiteke hori. Proposamenean sartzen da, halaber, ainguraketa duten geltoki kopurua handitzea, eskari handiko puntuetan geltokien ahalmena handitu ahal izateko, baina beti geltokiaren ahalmena erabilgarri dauden ainguraketa kopurura mugatuta, bizikletak puntu zehatz batera masiboki mugitzea ekiditeko eta hiriko beste gune batzuetan bizikleten eskaintzarekin arazorik ez egoteko.

Sistemak bi geltoki birtual edukiko ditu puntu espezifikoetan. Geltoki birtual horietan ez dago fisikoki geltoki bat, baina bizikleta utzi daiteke bertan. Ekitaldietarako ere planteatzen dira geltoki birtualak, eta geltoki horietan sistemaren langileak egongo lirateke beren kudeaketarako.

Sistemak edukiko duen irekiera ordutegia da sistema berriaren beste hobekuntza bat; izan ere, ordutegi zabalago edukiko du, astelehenetik ostiralera, 6:00etatik 0:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 24 orduko funtzionamendua. Erabiltzaileentzako arreta zerbitzuari dagokionez, sistemak arreta zerbitzu presentziala edukiko du hiriaren erdialdean. Era berean, Call Centerren ordutegia zabalagoa izango da, zehazki 6:00etatik 00:00etara urteko egun guztietan. Gainera, sistemak app eta webaren bitartez funtzionatuko du.

Sistemak bost aldiz handituko du eskaintza

Dbizi sistema berria honela geratuko da:

 

Geltokiak

Bizikletak

1. Fasea

45

437

2. Fasea

24

137

Guztira

69

574

Sistemak, zeinak hasieran aurrekoa bera izango baita (16 geltoki eta 115 bizikleta elektriko), bost aldiz handituko du eskaintza, eta hori bi fasetan egingo da. Era berean, proposamen irabazleak bizikleta mekanikoen kopurua 50 bizikleta gehiagorekin handitzea jasotzen du (574 bizikletako kopuruan sartuta daude).

Kontratuak 8 urteko iraupena edukiko du eta sistemaren gutxi gorabeherako kostua 6.668.000 eurokoa izango da (BEZa sartu gabe). Kostu hori, gainera, nabarmen jaitsiko da erabiltzaileen sarrerekin, publizitatearen ustiapenarekin, dirulaguntzekin eta beste bide batzuen bidez.  Espero da lehen geltokiak eta bizikletak 2020ko azaroan egotea erabilgarri.

 

Irakurri

“Dbus, zugatik egiten dugu lan”, garraio publikoa sustatzeko kanpaina

COVID-19aren ondoriozko egoeretara moldatuz joateko hainbat hilabetetan gogor lan egin ondoren, Dbusek garraio publikoa sustatzeko kanpaina bat abiarazi du etapa berri honetan, Donostian autobusez mugitzen diren pertsona guztiei kalitateko zerbitzua eman ahal izateko, eta are gehiago egoera berri honetan, Konpainiaren barruan egiten den lana erakutsita eta balioetsita: “Dbus, zugatik egiten dugu lan”. 

Kanpainak erabiltzaileen konfiantza berreskuratu nahi du, eta ilusioa, lana, esfortzua, segurtasuna, ardura eta konpromisoa transmititu, horiek izan baitira Konpainiaren balio nagusiak bere historiako 130 urte baino gehiagotan. Dbuseko sektore desberdinetako langileak dira kanpainaren protagonistak, tartean direla gidariak, administrazioko langileak, garbitzaileak, Mediku Zerbitzukoak eta Lan Arriskuen Prebentzioko Zerbitzukoak, Erabiltzaileen Arretarako Departamentukoak eta tailerretakoak.

Herritarrekiko konpromiso horren erakusgarri moduan, hilabete hauetan Konpainiaren erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko prebentzio neurri ugari ezarri dira, autobusen funtzionamendua osasun egoera desberdinetara berehala moldatuta. Autobusen eta instalazioen garbiketa eta desinfekzioa areagotzea, autobusen barruko funtzionamenduaren aldaketa, autobus artikulatu guztiak martxan jartzea, zerbitzuen monitorizazioa edo maskara derrigor erabili behar izatea dira neurri horietako batzuk.  

Era berean, kanpainaren asmoa da autobusek eta garraio publikoak mugikortasun iraunkorrerako sistema diren heinean eta ibilgailu pribatuaren aldean igorpen kutsatzaileen aurkako borrokan duten zeregina bultzatzea. Garraioa da ingurumeneko kutsadura iturri nagusietako bat, eta karbono dióxidoaren igorpenen ia laurdena.

Autobusen erabilera handitzeak nabarmen murriztuko lituzke hiriko kongestio arazoak, autobus baten edukiera 20 ibilgailu pribaturenaren parekoa baita batez beste.  

Kanpaina hainbat euskarritan ikusi daiteke, hala nola Dbusen markesinetan, 4 autobusen errotuluetan, ibilgailuen barruko pantailetan, web orrian eta sare sozialetan. Era berean, bideo bat egin da autobusak eta zerbitzuak martxan jartzeko prest egon daitezen egunero Kotxetegietan eta hiriko kaleetan dabiltzan bitartean ere arretaz egiten den lana erakusteko.

Bideoa ikusgai dago, baita ere, Dbusen Youtube kanalean (dbusdonostia)

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Egunarekin

Ekainaren 23an, asteartean, Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Dravet Sindromea edo Haurtzaroko Epilepsia Miokloniko Zorrotza 4 eta 12 hilabeteko haurrengan agertzen da lehen aldiz, eta konbultsio kloniko edo toniko-kloniko orokor edo aldebakarrekin lotua dago. Orokorrean iraupen luzekoak dira konbultsioak, sukarrarekin edo gabe. Azken ikerketen arabera, gaixotasun honek 20.000 jaiotzetik 1i eragiten dio. 

Dbusek bat egiten du Dravet Sindromea ezagutarazteko eta gaixotasun honen aurka lanean dihardutenei babesa emateko tokiko plataformak egiten dituen ekintzei. Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek Dravet Sindromearen kartela eramango dute egun guztian zehar.

Irakurri

Dbusek memoria aurkeztu du eta 2019aren balantzea egin du

Dbusek 2019ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta Erantzukizun Sozial Korporatiboari buruzko Memoria aurkeztu du Administrazio Kontseiluan.  

Dbusek urtean zehar bai enpresaren barruan bai kanpoan egin dituen ekintzen laburpen zabala da dokumentua. Memoriak alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hartzen ditu bere baitan, eta, besteak beste, eskainitako zerbitzuarekin lotura duten alderdiak, egindako jarduketak, autobusen flotari buruzko datuak eta Dbus partaide izan deneko proiektuak zein 2019an egin dituen ezarpen teknologikoak zehazten ditu. Era berean, bere orrialdeetan bidai kopuruak eta garraio titulu desberdinen erabilera, emaitza ekonomikoak eta Konpainiak jaso dituen errekonozimenduak aztertzen dira. 

Horrez gain, memoriak bereziki azpimarratu ditu kudeaketa etikoa eta garapen iraunkorra, eta Dbusek alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoekin zein bere langileekin hartutako konpromisoaren isla garbia da; kudeaketan eta zerbitzuaren kalitatean bikaintasuna lortze aldera enpresak egindako apustuaren baitan sartzen dira horiek. 

Memoria ikusi (pdf-a)

Irakurri

Solaris High Energy+ bateriak dituen solaris etxearen autobus %100 elektrikoa probatuko du Dbusek

Hiru astean, Dbusek Solaris High Energy+ bateriak dituen Solaris etxearen lehen autobus %100 elektrikoa probatuko du Donostian. Solaris Urbino 12 electric modeloa da, 12 metrokoa eta igorpen kutsatzailerik eta igorpen akustikorik gabekoa. Modelo honen 1.000 unitate baino gehiago daude jada zirkulazioan, Europako 18 herrialdetako 75 hiri baino gehiagotan, eta 35 milioi km baino gehiago ibili dituzte, eta Dbusen probatuko den autobusa da bateria berri horiek dituen lehena.  

Proiektu pilotua 26-Amara-Martutene linean gauzatuko da, benetako zerbitzu batean eta bidaiariekin, izan ere, linea horretan hainbat teknologiatako autobusak ari dira funtzionamenduan eta horrek autobus horien funtzionamendua konparatzea ahalbidetuko du. Ibilgailua Solarisek utzitakoa izango da, eta 200 km baino gehiagoko autonomia dauka High Energy+ baterien teknologiari esker, eta soilik Kotxetegietan eta gauez kargatzen da. Donostian zerbitzuan ematen ari dela probatzeko, Dbusen autobus flotaren informazio sistemetara egokitu da. Konpainiaren autobusen beste ezaugarri batzuk ere baditu, hala nola zoru baxuko plataforma eta gurpildun aulkiak sartzeko arrapala. 

Gaur aurkeztu da proba pilotua, Donostiako Udaletxean, eta bertan hartu dute parte Mugikortasun eta Garraioko Zinegotzi Pilar Aranak; Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezek; Solariseko Estrategia eta Eraldaketa Zuzendari eta CAF Ibilgailuetako Eraldaketa Zuzendari  Javier Iriartek; eta Solaris Bus Ibericako Zuzendari Nagusi Kepa Mendikutek.

Dbusen eta CAF Taldearen arteko bigarren lankidetza proiektua da, jada 2018an autobus hibrido-elektriko bat probatu zuen-eta Donostian, eta SOLARIS Urbino Hybrid 12 modeloko 12 metroko 19 autobus hibrido ere badauzka. Ingurumena errespetatzen duen mugikortasunaren aldeko apustu honetan, Dbusek beste fabrikatzaile batzuen 19 autobus hibrido eta 3 autobus %100 elektriko ere badauzka, eta Euskadiko flotarik iraunkorrenetako bat da.

Proiektu pilotu honekin, CAF Taldeak eta Dbusek Donostian mugikortasun elektrikoa bultzatzen laguntzen dute, Donostiako autobus linea batzuen ezaugarrietara egokitzen den eta teknologikoki berritzailea den irtenbide bat egiaztatuz.

Irakurri

Dbus-ek autobus artikulatu berriak jarri ditu zerbitzuan, haur aulkietarako eta gurpildun aulkietarako hiru lekurekin

Dbusek 18 metroko lau autobus artikulatu berri jarri ditu zerbitzuan. MAN etxearen Lion´s City G Euro 6 modeloko autobus artikulatuak dira, eta duela gutxi iritsi dira Kotxetegien instalazioetara. Azken asteetan egokituz joan dira, zerbitzua ematen hasi ahal izateko. COVID-19a dela eta, autobusen leku kopuru maximoa aldatu da eta autobus artikulatu berriak zerbitzuan jartzen direnean egungo autobusen leku kopuru maximoa handitu ahal izango da bidaietan

Autobus berriak pasa den urtean flotan sartu ziren 18 metroko azken autobusen berdinak dira, baina nobedade garrantzitsu bat daukate. Autobusen erdiko aldean gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatuta dauden hiru leku daude, gune horretan leku gehiago eskainita. Hiru lekuak behar bezala seinaleztatuta daude eta aldi berean autobus horiek seinale bat daukate aurreko aldean zein erdiko atean, erabiltzaileek kanpotik identifikatu ahal ditzaten. Autobus artikulatuak 2 edo 3 leku dituen adierazten du pegatina horrek.

Gaur egun, Dbusek dituen 12 eta 18 metroko autobusek gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatutako bi leku dituzte erdiko gunean. Gurpildun aulkian edo haur aulki batekin sartzen diren erabiltzaileak erdiko atetik sartzen dira, eta erdiko plataformaren gunean makina balioztatzaile bat daukate. Mikrobusen kasuan, leku bakarra dute gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatuta. Hemendik aurrera, flotan sartuko diren autobus artikulatu berrietan haur aulkietarako leku berri hori gehituko da apurka-apurka.

 

 

Irakurri