Category : Berriak

Santo Tomas egunean autobusen erabilera masiboa izan da. DBUS-eko erabiltzaileen errekor historikoa

SANTO TOMAS egunean, atzo, abenduaren 21ean, DBUS hiriko autobusetan 122.031 bidaia egin ziren.

Kopuru hori enpresak historia osoan egun bakarrean izan duen handiena da eta aurreko errekorrarekin (aurreko urteko egun berekoa) alderatuta, igoera 1.346 bidaiarikoa izan da.

 Lineen arabera, hauek izan dira erabilienak:

  • – 28-AMARA-OSPITALEAK: 19.248 bidaiari.
  • – 13-ALTZA: 15.587 bidaiari.
  • – 5-BENTA BERRI: 15.506 bidaiari.
  • – 26-AMARA-MARTUTENE: 7.330 bidaiari.
  • – 33-LARRATXO-INTXAURRONDO-BERIO: 5.910 bidaiari.
  • – 14-BIDEBIETA: 5.598 bidaiari.
  • – 9-EGIA-INTXAURRONDO: 5.550 bidaiari.
  • – 17-GROS-AMARA: 5.015 bidaiari.

Lanegunetan autobusa erabiltzeari dagokionez, 122.031 bidaiariko kopuruak igoera % 35ekoa izan dela adierazten du (hau da, gutxi gorabehera, 32.000 bidaiari gehiago).

Autobusen erabileraren arrakasta hori lortzeko, egun osoan, DBUSek lineak sendotzeko zerbitzu berezia jarri zuen abian. Izan ere, beste 20 gidari eta autobus jarri zituen martxan eta egun osoan zerbitzua eskaintzen 215 gidari aritu ziren lanean.

Era berean, Mugigarritasuneko Agenteen lankidetza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtziona zezan.

Irakurri

Donostia aho batez eredutzat onartua mugikortasun iraunkorrari buruzko jardunaldi europarretan

Imagen_027Urriaren 25etik 29ra bitartean Donostian Mugikortasun Iraunkorrari buruzko jardunaldi europarrak egin dira CIVITAS Archimedes proiektuaren baitan, eta jardunaldi horietan Europako hainbat herrialdetatik, Italia, Holanda, Frantzia, Ingalaterra, Alemania, Belgika, Errumania, Txekia eta Danimarkatik esaterako, etorritako ordezkari eta politikariek hartu dute parte.

Jardunaldi horietan hiri guztiek mugikortasunaren alorrean dituzten antzeko arazoak aztertu dira Hirietako espazio urria, desplazamenduetan automobilaren erabilera handia, hirietako erdiguneetara sartzeko zailtasunak eta aparkalekuaren arazoa, hiriguneetara autoetan sartzea murrizteko politikak, garraio publikoa hobetzeko egin beharreko ahaleginak, industria guneetara autoetan sartzeak dakartzan auto ilarak, salgaiak banatzeak dakartzan arazoak edo oinezkoen, txirrindularien eta autoen arteko bizikidetza zaila, horiek denak izan dira, besteak beste, jardunaldietan eztabaidatu diren gaietako batzuk.

Egun horietan zehar, bisitariek Donostiako hirian dauden mugikortasun politikak eta mugikortasun moduak zehatz-mehatz ezagutzeko aukera izan dute, oinezkoentzako ibilbideak eginaz, bizikletetan leku batetik bestera ibilita, eta hirian zehar autobus ibilbideak eginaz. Hitz batean, hirietako hainbat tokitara heltzeko, esaterako Ospitaleetara, Unibertsitatera edo Industrialdeetara heltzeko dauden arazoak ezagutu ahal izan dituzte. Garraio Publikoak ekitaldi jendetsuetara, Errealaren futbol partida batera esaterako, joateko ematen dituen aukerak ere aztertu ahal izan ziren.

Parte hartzaileek aho batez onartu dute Donostiak mugikortasunaren alorrean izan dituen lorpenak, eta Donostiabusen garraio publikoaren sarea eta gestioa goraipatu dute, bizikletaren erabilera eta hiriko auzoetan garatu den garraio sare bertikala bultzatzeko egiten ari diren ahaleginak azpimarratuta.

Lan saioak hiriko hainbat tokitan egin ziren, besteak beste Euskal Herriko Unibertsitatean edo Donostiabusen instalazioetan bertan. Horretaz aparte hirian egindako hainbat jarduketa bisitatu ahal izan ziren, besteak beste Eskola Bidea edo salgaiak bizikletaz banatzeko sistema.

Jardunaldien baitan, jardunaldi ireki bat egin zen Donostiako ordezkari lokalentzat. Jardunaldi horretan Europako hainbat hirik hartu zuten parte, eta bertan arlo hauetan garatzen ari diren politikak eta ekintzak azaldu ziren. Jardunaldian hirurogei lagun baino gehiago egon ziren eta Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan egin zen. Partaidetzari dagokionez, jende askok hartu zuen parte.

Oro har, Europarraren lantalde ebaluatzaileak ikusi zuen Donostia Europan dagoen hiririk aurreratuenetako bat dela mugikortasun iraunkorrago baten alde dauden CIVITAS hiriei ezarritako helburu betetzeari dagokionez. Horrela azpimarratu zuen, gainera, bere ondorioetan, Donostia Europako beste hiri batzuek jarraitu beharreko eredua zela onartu zuenean.

CIVITAS-ARCHIMEDES proiektua, zeinetan Donostia bi urte luze lanean ari baita, 2012ra arte luzatuko da. Proiektuaren aurrekontu osoa 26 milioi euro baino gehiagokoa da, eta hortik Donostiari 6 milioi euro dagozkio. Proiektuaren helburua, berriz, mugikortasun iraunkorreko programa garatzea da, programa berritzaileak eta energikoki efizienteak direnak alegia.

Donostiarekin batera, ondoko hiriak ere badira CIVITAS-ARCHIMEDES proiektuko kideak: Aalborg (Danimarka), Brighton (Erresuma Batua), Iasi (Errumania), Monza (Italia), Ústí nad Labem (Txekiar Errepublika) Donostian egin diren jardunaldietan zehar erabaki denez, proiektuaren hurrengo bilera Italian egingo da, Monzan hain zuzen ere.

Attach Documento adjunto: 69.jpg (219,154 KB)

Irakurri

SMS zenbaki berria: 217377 – busa iristeko denbora

sms1Erabiltzaile guztiei jakinarazten zaie, CMT-ak (Comisión del Mercado de las Telecomunicaciones) SMS zenbaki berriak izendatu dituenez, autobusen iristeko ordua eskaerak 217377 zenbakira bidali behar direla.

Sistema honen bitartez, mukikorrarekin mezu bat bidali eta autobusa iristeko ordua jakingo dezu. Geltokiaren kodea jakinda eta mugikor batekin, geltokian egon beharrik gabe zein odrutan iritsiko den autobusa jakingo dezu.

INFORMAZIO GEHIAGO (PDF)

Irakurri

Donostia, mugikortasun iraunkorrago baten alde dauden hirien bilerarako tokia

CIV_map_archimedes_rgb_vectorUrriaren 25, 26, 27 eta 28an Donostiako hiriarekin batera CIVITAS-ARCHIMEDES proiektuan ari diren Aalborg (Danimarka), Brighton (Erresuma Batua), Iasi (Errumania), Monza (Italia), Ústí nad Labem (Txekiar Errepublika) hirietako ordezkari politiko eta teknikoek proiektu europarraren urteko bilera egingo dute Donostian. Bileran Europako Batzordeko ordezkariak ere egongo dira.

Donostiak proiektuan dituen tokiko lankideak dira UPV-EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Logistikako Euskal Erakundea, GA21, Donostiabus eta Donostiako udala bera, Mugikortasun sekzioaren eta Sustapen sozietatearen bitartez.

Proiektuak, hirien partzuergoa bi urte baino gehiagotan lantzen ari denak, ARCHIMEDES izena dauka eta 2010ra arte luzatuko da. Bere aurrekontua 26 milioi euro baino gehiagokoa da guztira, eta Donostiak duena, berriz, 6 milioi eurokoa.

ARCHIMEDES proiektuaren helburu nagusia da mugikortasun programak garatzea, programa iraunkorrak, berritzaileak eta energetikoki efizienteak hain zuzen ere.

Guztira 44 neurri jartzen ari dira abian Donostian ARCHIMEDES programaren baitan, mugikortasun iraunkorrarekin eta garraio publikoarekin lotuta. Honakoak ditugu, besteak beste, neurri horien artean: bus bideen hobekuntzak, autobus garraio publikorako igarobideak, ibilgailu pribatuaren ordezko garraiobideen sustapena, autobus ekologikoak, kalitate sistema garraio publikoan, mugikortasun plan pertsonalizatuak, bide segurtasunaren hobekuntza, bidegorrien sarea handitzea, unibertsitateko campuseko mugikortasuna hobetzea, merkantzien banaketa hobetzea, etab.

Urriaren 27a, hirira irekitako topaketa

Urriaren 27koa da hitzordurik garrantzitsuenetako bat. Goizeko 11:00etatik 13:30era bitartean Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan topaketa irekia egingo da tokiko eragile sozial batzuekin hiriko mugikortasunari buruz hitz egiteko eta jendeari erakusteko nola garatzen ari diren beraien mugikortasun proiektuak beste hiri batzuk. Topaketa horretarako gonbidatuta daude gure hiriko mugikortasunaz, irisgarritasunaz eta bizitasunaz interesa izan eta Donostiari mugikortasun iraunkorrerako bidean eta espazio publikoaren bizitasunaren eta kalitatearen etengabeko hobekuntzan egin duenagatik erreferente izaten lagundu dioten pertsonak.

Mugikortasun iraunkorrean aditu diren 50 laguneko talde zabal batek hirian azken urteetan CIVITAS programa europarraren baitan ezartzen ari diren neurriak bisitatuko ditu.

Topaketan zehar hainbat tailer eta lan bilera egingo dira datozen bi urtetan proiektua osatzeko abian jarriko diren neurriak lantzeko eta mugikortasun iraunkorrerako hurrengo politika komunitarioei egingo zaien ekarpen gisa Europako Batzordeari helaraziko zaizkion emaitzak ebaluatzeko.

Gainontzeko bilerak DBuseko egoitzetan eta UPV-EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Ibaetan duen egoitzan egingo dira.

Irakurri

Arrakastatsua ATUC elkarteak Donostian egin duen urteko kongresua

Congreso_ATUCATUC Hiri Garraio Kolektiboen Enpresa Kudeatzaileen Elkarteak urriaren 6, 7 eta 8an egin duen urteko kongresua guztiz arrakastatsua izan da bertaratu den lagun kopurua eta bertan entzun ahal izan ziren hitzaldien kalitateari begira. 290 lagun baino gehiago egon dira bertan, ekitaldiak orain arte izan duen lagun kopururik handiena alegia, eta haien parte hartzea garatu diren lan saioetan oso handia izan da.

Kongresuaren XVII. edizioak, Donostia-San Sebastian hiria anfitrioia izan duenak, “Hiri iraunkorrago baten alde: Plangintza, Gestioa eta Finantzaketa” izenburua izan du eta arreta berezia egin die garraio enpresen gestio ekonomiko eta finantzarioari, giza baliabideei eta teknologia berriei. Miguel Ruiz ATUC lehendakariak berak kongresuaren aurkezpenean aurreratu zuenez, Hiri Garraioaren Finantzaketari buruzko Lege bat eduki beharra dago. Gai horren gainean eztabaidatu zuten, hain zuzen ere, bigarren lan jardunaldiko parte hartzaileek.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailburuordea arduratu zen kongresua inauguratzeaz, eta inaugurazio ekitaldian eman zuen hitzaldian garraio publikoek gizarte modernoei ematen dieten balioa azpimarratu zuen, haien ekonomia bultzatzeko gai direlako eta komunikabideen hobekuntza dakartelako. Jarduera hori bultzatzeko, hiritarrei zerbitzu hoberena eskainita, Gascok sektore publikoaren eta ekimen pribatuaren arteko elkarlanaren alde agertu zen.

UITP Garraio Publikoaren Nazioarteko Elkarteko ordezkaria den Patrick Vautierrek aurkeztu zuen lehenengo txostena. Txosten horretan Patrick Vautierrek hiri garraioak Europan dituen erronkei buruz hitz egin zuen. Berak azpimarratu zuenez, administrazioaren laguntzak murriztu direla ikusita, garrantzitsua da garraio publikoak hirietako enplegu eta aberastasunen sortzaile bihurtzea.

Madrileko Metroko zuzendari gerente Ildefonso de Matiasek, berriz, efizientzia ereduak gainditu eta epe ertain eta luzerako kostu ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak baloratu beharko direla esan zuen, eta kalitate mailari eusteko bidaia denboretan interes berezia jarri beharko dela adierazi zuen. Pedro Puig-Peyek, ETT Garraio eta Lurralde gaietako teknikari taldeen ikerketen kontseilari ordezkariak, garraio azpiegitura eta zerbitzuek lurraldearen egituraketan duten funtsezko eginkizuna azpimarratu zuen.

Donostiabusen esperientzia arrakastatsuaz gain, Lisboako eta Bogotako esperientziak ere azaldu ziren. Lisboako esperientziari dagokionez, Rita Cabeças OTLIS arduradun komertzialak Lisboako garraio publikoaren kasua aurkeztu zuen (metroa, autobusa eta tranbia), txartelen ordainketan teknologia berriek duten aplikazioaren adibide gisa. Mario Valbuena Transmilenioko Operazioen zuzendariak, berriz, Bus Rapid Transit (BRT) sistema martxan jartzeko prozesua zehaztu zuen; izan ere, sistema horrek Bogotako (Kolonbia) garraio kolektiboaren sistema metropolitarra egituratzea lortu du bakarrik hamar urtetan.

Bigarren lan jardunaldian Hiri Garraioaren Finantzaketari buruzko Legeak hartu zuen protagonismoa ASSTRA (asociaciones Trasporti) elkarteko Emanuelle Proyaren eskutik, eta, horrekin batera, TMBko zuzendari nagusi Ignasi Armengolek teknologia berriek hiri garraioan duten aplikazioez hitz egin zuen. 1370/07 Europar Erregelamenduak duen garrantzia ere azpimarratu zen bertan, luzera begira sektorerako positiboa izango omen delako merkatuan duen eraginagatik, agintarien eta operadoreen arteko hitzarmenetan izango dituen ondorioengatik, horrek denak zerbitzuaren kalitatea hobetzea ekarriko baitu, bere ustez.

Madrileko EMTko Ingeniaritzako Zuzendari Juan Angel Terronek ibilgailu hibridoen oraina eta etorkizuna aztertu zituen. Berak planteatu zuenez, ibilgailu hibridoak operadoreek kontuan hartu beharreko benetako aukeratzat hartu beharko dute, eguratsera botatzen den CO2aren %30 murriztea ekarri ahal dutelako.

Bukatzeko, Jaime Montalvok sektorearen lan eta ekonomia egoerak aztertu zituen. Kongresuari amaiera emateko, bi lan jardunalditan zehar azaldutako ideiek eta txostenek bertaratutakoengan eragindako ideiak bateratzeko eztabaida laburraren ondorioz aterarako emaitzak aurkeztu ziren.

Palmak hartu du lekukoa, berak hartuko baitu ATUC elkartearen kongresuaren hurrengo edizioa.

Irakurri

Donostiak saria irabazi du Malmon, Suedian, egin den CIVITAS hirien urteko bileran

civitasPasa den astean CIVITAS hirien urteko bilera egin zen Malmon, Suedian. Ekitaldian Europar Batasunak garraio iraunkorrago baten alde diharduten hiriei ematen dizkien CIVITAS sariak banatu ziren 2010eko edizio honetan elkartu ziren 120 baino gehiago hirien artean.

Lehenengo kategorian, hau da, Berrikuntza Teknologikoari dagokion kategorian, epaimahaiak, Europar Batzordeak izendatutako bost aditu europar independientek osatuta zegoenak, bigarren sari eman zion Donostia hiriari. Bere gainetik Bologna hiri italiarra baino ez zen gelditu.

Saria: “Donostiak Garraioaren Gestioarekin lotutako Berrikuntza Teknologikoen alorrean izan dituen lorpen ikaragarriak onartzen ditu. Lidergo politiko garbiaren bidez eta aditu eta toki erakundeekin elkarlanean arituta, hiriak garraioa hobetzeko neurriak planifikatu eta arrakastaz ezarri ditu. Hori dela eta, hiria bikaintasunaren eredu bihurtu da eta jarraitu beharreko eredua da Europan Mugikortasun Iraunkorrerako neurrien garapena bultzatzeko. Europar Batzordeak onartzen du Donostia Europako hiri hoberenetako bat dela Europako hiritarren bizimodua hobetzeko egiten dituen ahaleginei dagokienez.

Foroan zehar, aurretik aukeratutako zenbait txosten aurkeztu ziren. Txosten horietako bat hirietan merkantziak banatzeko sistema hobetzeko neurriari buruzkoa izan zen. Txosten horretan merkantziak bizikletaz banatzeko Donostian abian jarri berri den esperientzia berria azaldu zen bereziki. Neurri hori Logistikako Euskal Erakundeak aurkeztu zuen eta parte hartzaileek oso ondo baloratu zuten.

Beste sari bat Kontxako pasealekuan egindako erakusketa estatikoari

Era berean, Donostiak CIVITAS hirietako komunikazioko adituen saioan parte hartu zuen. Bileraren helburua zen garraio iraunkorraren alorrean kontzientziatzeko CIVITAS programaren baitan aurrera eraman diren udal mailako esperientziak trukatzea. Hiri bakoitzak alor horretan egin berri duen zerbait aurkeztu zuen eta irabazlea Donostiak pasa den irailaren 19an aurkeztutako ekimena izan zen. Ekimenak auto pribatuak okupatzen duen espazio publikoa erakusten zigun eta, aldi berean, oinezkoek edo garraio publikoak okupatzen dutenarekin alderatzen zuen. Kasu horretan epaimahaian hirietako ordezkariek beraiek egon ziren, eta haiek aukeratu zuten ekintzarik hoberena.

Irakurri

ATUC elkartearen Hiri eta Motropoli-barrutiko Garraioaren Kongresu Nazionala Donostian egingo da urriaren 6,7 eta 8an

portada_congresoDonostiako Tranbia Konpainia dugu ATUC Hiri Garraio Kolektiboaren Enpresa Kudeatzaileen Elkarteak antolatu eta Gipuzkoako hirian lehenengo aldiz egingo den Hiriko eta Metropoliko Garraioaren Kongresu Nazionalaren XVII. edizioaren anfitrioia. ‘Hiri iraunkorrago baten alde: Plangintza, Gestioa eta Finantzaketa’lemapean bilduko dira sektoreko profesionalak.

Informazio gehiago ATUC

Kongresua, Victoria Eugenia Antzokian egingo dena, hiru egunez egingo da, eta espero da 200 bat lagunek parte hartuko dutela bertan. Hiru egun horietan zehar hainbat gai aztertuko dira, denak ‘Hiri iraunkorrago baten alde: Plangintza, Gestioa eta Finantzaketa” lemapean, edizio honek izango duen izenburupean alegia. Besteak beste, Europan hiriko garraioa finantzatzeko gaur egun dauden moduen adibideak eta hiriko garraioaren eta teknologia berrien artean gero eta estuagoa den harremana azalduko dira.

Kongresuari hasiera eman ondoren, lehenengo ponentzia Patrick Vautier UITP Prescom-eko buruaren eskutik etorriko zaigu. Hizlariak Europan hiriko garraioak dituen erronkez hitz egingo du. Horretaz aparte, topaketan estatuz kanpoko esperientziak azalduko dira, hala nola Miguel Rodriguez Lisboako Metroko Marketin zuzendariak eta Fernando Paez Bogotako Transmilenioko gerente nagusiak azaldutakoak. Lehenak Lisboako metroaren eta tranbia eta autobusaren arteko elkarbizitzaz hitz egingo du, eta bigarrenak, berriz, Kolonbiako hirian dagoen garraio publiko masiboaren sistema gestionatzen duen erakundearen esperientzia kontatuko digu.

DBUSeko zuzendari gerente eta Donostiako Mugikortasun saileko zuzendari Gerardo Lertxundi izango da kongresuaren lehen eguneko hizlarietako bat. ‘Kalitate Handiko Autobus Sarea” izeneko hitzaldia emango du eta bertan Donostiako autobus sareaz arituko da, hain zuzen ere autobus sareak dituen bidaiari ugariez, AENORek egiaztatutako zerbitzuaren kalitateaz eta ezarritako hiriko BRT zerbitzuaz. Elkartearen lehendakari Miguel Ruizek, berriz, ekitaldiaren azken egunean aurkeztuko du bere ponentzia, ‘ATUC finantzaketa legearen aurrean’ izenarekin. Eusko Jaurlaritzak ere, ekitaldia antolatzen laguntzeaz gain, jardunaldietan parte hartuko du, garraio alorrean egiten ari dena aurkeztuta.

Bai Kongresuaren inaugurazioan bai Kongresuaren amaieran, azkeneko ondorioak aurkezterakoan, hainbat erakundetako eta ATUC erakundeko goi karguek parte hartuko dute.

ATUCen urteko bilera

Kongresua da garraioaren alorrean Espainian egiten den urteko fororik garrantzitsuena eta bertan biltzen dira Espainiako hiri gehienetako garraio kolektiboaren sektoreko ordezkariak, hiriko garraiorako enpresa bakoitzak garatzen dituen politikak eta jarduerak bateratzeko.

Donostiak oso pozik hartu du Kongresua egiteko lekua izatearena, eta, seguruenik, hiriak duen garraio publikoko zerbitzu bikainagatik aukeratu dutela horretarako, zerbitzu bikain horretan hiriko autobusen udal sarea sartuta dagoela, autobus erabiltzaile ugarirekin eta DTK-DBUSaren ustiapen eta gestioko ratio bikainekin.

ATUC da garraioaren sektorerako erreferentziazko elkarte profesionala, eta hiriko eta metropoliko garraiobideez, hots, autobus, tranbia, aldiriko tren eta metro sareez arduratzen diren 74 operadore publiko zein pribatu daude bertan sartuta. Elkarteko kideek urtean gutxi gorabehera 3.500 milioi bidaiari mugitzen dituzte, horietatik 2.000 milioi autobusetan eta 1.500 milioi tren eta tranbietan.

Irakurri

Euskararen aldeko kanpaina DVBusen

DVBUSAutobusetako pantailetan euskara ikasteko hainbat ariketa eta denbora-pasa erakusten dira.

DVBus informazio zerbitzu bat da, Tranbia Konpainiaren erabiltzaileekin batera bidaiatzen duena, eta ekimen berritzailea aurkeztu du, Donostiako Udalarekin batera abiarazita. ‘Autobusean euskara ikasiz’ programa da, eta hasieratik bidaiariek oso harrera ona egin diote. Erabiltzaileek ariketa errazak ikusi ahal izango dituzte, euskaraz ezer ez dakitenentzat edo oso oinarrizko ezagutza dutenentzat zuzenduak.

Euskararen Udal Patronatuak eta DVBusek -DV Multimendia Taldekoa- programa berritzaile hau jarri dute martxan, modu ludiko eta entretenigarrian euskararen gaineko jakintzan laguntzeko. Ekimena Tranbia Konpainiaren autobusetako monitore guztietan ikusi ahal izango da, datorren otsailaren amaierara arte.

Ekimenak Donostiako euskaltegien laguntza ere badu (Donostiako AEK, Ilazki, Urrats, Legazpi 6, Hitzez eta Altza-Urumea). Lankidetza horri esker, bidaiariek erronka errazei egin ahal izango diete aurre: galderei erantzun, oso oinarrizko ariketak egin edo eguneroko egoeretan euskaraz nola adierazi ikasi ahal izango dute. Pantaila horiek guztiak egunero berrituko dira, interesa dutenek pixkana beren ezagutza handitu ahal izan dezaten.

DVBusek interes orokorreko informazioa eskaintzen du bere autobus linea guztietan, eta arreta berezia jartzen die hiriko gaiei. Kiroleko eta nazioarteko gaiei buruz ere eguneko informaziorik berriena erakusten dute, bestelako eduki jostagarri batzuekin batera, horien artean moda irudiak, lehiaketak edo denbora-pasak.

Irakurri