Dbus-eko autobusen erabilera handia San Tomas egunean
Pasa den abenduaren 21ean, larunbatean, 2024ko San Tomas eguna ospatu zen, eta egun horretan Dbuseko autobusen erabilera handia erregistratu da. 117.183 bidaia zenbatu dira, kopuruak behin-behinekoak badira ere.
Emaitza horiek kontuan izanda, bidaiarik gehien eduki duen larunbata da Dbusen historian, hiri zerbitzuak Donostian soilik ematen dituenetik. Kopuru horiek 2019an erregistratutakoak gainditzen dituzte; orduan ere San Tomas eguna larunbata izan zen eta 109.859 bidaia zenbatu ziren. Neguko ohiko larunbat batean baino 46.000 bidaia gehiago dira, halaber.
Lineaz linea begiratuta, hauexek izan ziren erabilienak:
- 13-ALTZA: 17.236 bidaia
- 5-BENTA BERRI: 13.387 bidaia
- 28-AMARA-OSPITALEAK: 12.197 bidaia
- 26-AMARA-MARTUTENE: 9.232 bidaia
Autobusen erabilera arrakastatsu hori lortzeko, DBUSek lineak indartzeko dispositibo berezia jarri zuen abian egun osoan zehar, 36 gidari eta autobus gehiagorekin.
Era berean, Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtzionatu ahal izateko.
Bidaien errekorra lanegunetan
Joan den abenduaren 20an ere, ostirala, Dbus-en lanegun bateko erabileraren errekor berria erregistratu zen. Zehazki, 115.119 bidaia zenbatu zituzten. Berriro ere datu historikoa da, Konpainiaren historian inoiz ez baita hainbeste bidaia erregistratu hirian ekitaldi berezirik ez dagoen egun batean
Dbusek Innobus-Tur proiektua amaitu du, irisgarritasunean eta bidaia esperientzian hobekuntza garrantzitsuekin
Dbusek arrakastaz amaitu du Innobus-Tur proiektua, zeinarekin hiriko garraio publikoaren sistema modernizatu ahal izan den, erabiltzaileen esperientzia hobetzeko, irisgarritasuna handitzeko eta autobusaren erabilera sustatzeko, egoiliarrentzat zein bisitarientzat alternatiba jasangarri eta erakargarri gisa.
4,1 milioi euroko inbertsioarekin eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren bidez Next Generation EU funtsetatik eskuratutako 3,68 milioi euroko finantzazioarekin, Innobus-Tur garraio publikoa digitalizatzeko proiektua da, eta, Dbusez gain, Kanaria Handiko Las Palmaseko (Guaguas Municipales), Malagako (EMTSAM) eta Palmako (EMT PALMA) hiri autobusen udal enpresek ere parte hartu dute, udalerrien elkarte baten bitartez.
Era berean, Innobus-Tur urrats erabakigarria izan da Donostiako garraio publikoa modernizatzeko. Hobekuntza nabarmenetako batzuk dira markesinen berritzea, ordainketa bideen digitalizazioa eta autobusetako makina balidatzaileen modernizazioa.
Markesina adimendunak Navilens sistemarekin
Dbusek markesinak berritu ditu, diseinu funtzional eta irisgarria emanez. Elementu bereizgarri gisa, markesina berriek Navilens sistema dute. Sistema horren teknologiak koloretako QR kodeak erabiltzen ditu, zeinak distantzia handira irakur daitezkeen eta ikusmen desgaitasuna duten pertsonei Donostiako autobus geltokiak modu autonomoan kokatzea ahalbidetzen dieten. Lokuzioen bidez, seinaleztapen sistema horrek orientatzea ahalbidetzen du, testuinguruan jarritako informazio eskuragarria lortzeko aukera emanez, hala nola geralekuaren izena, bai eta autobusen iritsiera ordua denbora errealean eta autobusen helmuga ere.
Irismen handiko markagailu bisual horiek, halaber, baliagarriak dira beste dibertsitate funtzional sentsorial edo kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.
Ordainketaren digitalizazioa: QR txartelak
24 eta 48 orduko QR txartelak sartzea da Innobus-Turren berrikuntza handietako bat. Dbuseko linea guztietan erabil daiteke soluzio hori, eta txartela eskudirutan ordaintzearen ordezko beste alternatiba bat eskaintzen du, Donostian autobusez bidaiatzea errazagoa eta erosoagoa izan dadin.
Hauek dira garraio titulu berriak:
- 30 minutuko QR txartela, egunekoa: eguneko nahi beste zerbitzutan erabil daiteke, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Transbordoak egiten uzten du.
- 30 minutuko QR txartela, gauekoa: aurreko kasuan bezala, garraio titulu hau erosleak nahi beste gaueko zerbitzutan erabil dezake, erosi eta hurrengo 30 minutuetan.
- 24 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 24 orduz, eguneko zein gaueko zerbitzuetan.
- 48 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 48 orduz, eguneko zein gaueko zerbitzuetan.
Makina balidatzaile berriak: ordaintzeko aukera gehiago
Dbusek makina balioztatzaile zaharrak kendu ditu eta haien ordez modelo aurreratuagoko makinak jarri ditu, erabiltzaileei ordaintzeko malgutasun handiagoa eskaintzeko, makina horiek era guztietako sistemekin ordaintzea ahalbidetzen baitute: MUGI txartelak, BAT eta BARIK txartelak, San Sebastian Card eta Basque Card turista txartelak, EMV kontakturik gabeko banku txartelak eta QR kodea duten txartel berriak. Horrela, autobuseko makina guztiek funtzionaltasun berak eskaintzen dituzte, eta ordaintzeko modu gehiago eskaintzen dituzte; beraz, erabiltzaileen bidaia esperientzia hobetzen dute.
Innobus-Tur proiektuaren beste inplementazio batzuk
Ekimen horiez gain, proiektuak beste aurrerapen esanguratsu batzuk ere inplementatu ditu, hala nola hauek:
- Autobusak elkartu ez daitezen eta modu efizientean gidatzeko sistema.
- Edukierak kontrolatzeko sistema eta jatorria-helmuga matrizeak estimazio algoritmo bidez kalkulatzekoa.
- Autobusak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak (arrapala adimendunak, bidaiarien zenbaketa, pneumatikoen presioa, aire girotua).
- Autobus erreiak eta geltokiak bidegabeki okupatuta dauden detektatzeko eta kontrolatzeko sistema garatzea eta ezartzea, mugikortasuna eraginkorragoa eta ordenatuagoa izan dadin.
- Eskaripeko iragarpen sistemak eta geltokiak sentsorizatzeko sistemak, denbora errealeko informazioarekin.
- Planifikazio sistema espezializatuak, giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko.
- Lan harremanen digitalizazioa.
- Komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea.
- Tailerreko jarduerak eta jarduera osagarriak digitalizatzea, flota jasangarria izan dadin.
Ekintza horiekin, are sendoagoa da Dbusek iraunkorragoa eta irisgarria den eta erabiltzailearengan zentratuta dagoen mugikortasun eredu batekin duen konpromisoa.

Dbus-ek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin
Bosgarren urtez, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko. Oraingo honetan, Txara 2 Laguntza eta gizarte baliabideen zentroarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta bertan bizi diren adineko 35 pertsonak aukera izan dute gaur, abenduak 17, autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.
Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.
Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 65 eta 98 bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.
Aurreko urteetan jarduerak izan zuen arrakasta eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat.

Amaitu dira Dbuseko Kotxetegiak elektrifikatzeko lanak
Gaur amaitu dira ofizialki Dbuseko flotako autobusak %100 elektriko bihurtzeko lanak, obra amaierako akta sinatuta. Ekitaldian, Dbuseko eta Donostiako Udaleko ordezkariek parte hartu dute, eta proiektuan inplikatutako enpresek ere: Krean S.Coop., obren zuzendaritza fakultatiboaren arduraduna; EDS Ingenieria y Montajes SAU eta Altuna y Uria SA enpresek osatutako ABEEA, gauzatze lanen arduraduna; eta Jema Energy SA, baterien kargarako sistema hornitzeko eta instalatzeko lanen esleipenduna.
Proiektuaren xehetasunak
Proiektua 11 hilabetean garatu da, eta hainbat fase izan ditu:
- Azpiegitura elektrikoa berritzea: Kotxetegietako aparkalekuan, barrualdean zein eraikinaren teilatuan, zegoen azpiegitura elektrikoa modernizatu da.
Horretarako, 1,5 kilometroko linea elektriko bat trazatu da Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, non sekzionamendu zentro bat kokatu den. Puntu horretatik, hornidura elektrikoa zuzenean banatzen da transformazio zentroen bidez.
- Karga puntuen instalazioa: eraikineko 119 aparkalekuak (barrukoak eta kanpokoak) karga azpiegiturarekin hornitu dira. Era berean, 22 karga puntu instalatu dira, eta 60 pantografo alderantzikaturi eusteko egitura metaliko bat ere bai.
Proiektuan 5.504.913 euro inbertitu dira guztira, eta diru kopuru horretatik 3.038.800 euro Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatu dira, Europar Batasunak NextGenerationEU planaren babespean.
Etorkizun %100 jasangarriago baterantz
Obra horiek Bideberdea: etorkizun %100 elektriko eta jasangarri baterantz izeneko proiektu estrategikoaren parte dira, zeinarekin 2030aren amaieran flota osoa erabat elektrikoa izatea bilatzen baita. Lehen urrats gisa, Dbus ZEROko lehen autobusak sartu dira, eta 2025eko lehen seihilekorako 12 metroko autobus guztiak (elektrikoak edo hibridoak) jasangarriak izatea espero da. Gainera, 2025erako ere, aurreikusita dago 18 metroko 6 Dbus ZERO artikulatu berri sartzea.
Guztira, datozen hilabeteetan 43 ibilgailu elektriko berri sartuko dira zerbitzuan, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) deialdiei esker. Proiektu horiek, Zentro Zero eta Electrizen izenekoak, NextGenerationEU Europako funtsekin finantzatu dira.
Ekintza horiekin, Dbusek mugikortasun jasangarriarekin eta trantsizio energetikoarekin duen konpromisoa indartzen du, hiri garraio garbiago eta eraginkorrago baterako bidea gidatuz.


“Dbus eta Gabonak”, 18. Haurrentzako Marrazki Lehiaketaren sari banaketa
Hemezortzi urtez jarraian, Dbusek, FNAC-en parte-hartzearekin, “Dbus eta Gabonak” Haurrentzako Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Edizio honetako parte-hartzea paregabea izan da, 0 eta 12 urte arteko 1.200 haurren marrazkiak jaso baitira.
Gaur, 2024ko abenduaren 12an, Donostiako Aquariumeko auditorioan sari banaketa burutu da.
A mailako irabazleak (8 urte bitarteko haurrak) ondorengoak izan dira:
- 1. Saria: Maialen Echeverría Ibargoien, 8 urtekoa, Zuhaizti Ikastola. Txartel pertsonal eta eskualdaezina Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko 2025eko 6 hilabetetan + LENOVO M10 HD tableta.
- Saria: Unai Otaegi Roca, 8 urtekoa, Ikasbide. Txartel pertsonal eta eskualdaezina Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko 2025ko 3 hilabetetan + argazki kamera.
- 3. Saria: Ainara Jesslyn Álvarez Gómez, 7 urtekoa, Amara Berri-Morlans. Txartel pertsonal eta eskualdaezina Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko 2025ko 3 hilabetetan + liburu sorta eta idazketarako sorta.
B mailako irabazleak (9 urtetik 12 urte bitarte) ondorengoak izan dira:
- 1º Saria: Jon Sagarzazu Pereda, 12 urtekoa, Larramendi Ikastetxea. Txartel pertsonal eta eskualdaezina Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko 2025ko 6 hilabetetan + LENOVO M10 HD tableta.
- 2. Saria: Ane Sánchez Aseguinolaza, 11 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko 2025ko 3 hilabetetan + argazki kamera.
- 3º Saria: Naira López Legorburu, 11 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko 2025ko 3 hilabetetan + liburu sorta eta idazketarako sorta.
- marrazki lehiaketa honetako gainontzeko finalistek ere sariak jaso dituzte, parte hartu izana bermatzen duen diploma, Dbusen txartel-zorroa eta Konpainiako autobusetako baten maketa hain zuzen. Gainontzeko finalistak ondorengoak izan dira:
– A maila:
- Madalen Osa Navarrete, 7 urtekoa, Amara Berri-Morlans.
- Koldo López Castroviejo, 8 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa.
- Lea Alberdi Basterretxea, 8 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa.
- Alexia García López-Rey, 7 urtekoa, Amara Berri-Morlans.
- Adele Costana Iturralde, 7 urtekoa, Jakintza Ikastola.
- June Pinto Ajona, 8 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa.
- Negu Gurrutxaga Zabaleta, 8 urtekoa, Axular Lizeoa.
– B maila:
- Uxue Fernández Extremo, 9 urtekoa, Herri Ametsa.
- Helene Almeida Moreno, 10 urtekoa, The English School.
- Julia Dantas Mendes, 10 urtekoa, Deutsche Schule-Colegio Alemán.
- Arriet Zudaire Robles, 11 urtekoa, Amara Berri-Morlans.
- Nikole Aramburu Sierra, 11 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa.
- Eva Shipilova, 11 urtekoa, Academia Brancussi.
- Aimar Iturralde Sánchez, 12 urtekoa, Peñaflorida BHI.
Marrazki finalistak DVBUSen agertuko dira urtarrilaren 6a arte.
Dbusetik haurrek marrazkiak egiterakoan jarritako ilusioa eta sormena eskertu nahi dugu, bai eta guraso eta eskolen parte-hartzea ere.
Marrazkien erakusketa
Donostia Kulturaren kolaborazioa dela eta, aurre-aukeratutako 200 marrazkiak ikusgai egongo dira abenduaren 20tik urtarrilaren 19ra arte, Aiete Kultur Etxean (Aiete pasealekua 63).
|
ERAKUSKETAREN ORDUTEGIAK LEKUA: AIETE KULTUR ETXEA |
Gabon hauetan, anezka zerbitzua Illunbeko aparkalekutik hiriko erdialdera
Bihar, abenduak 6, abiatuko da Gabonetan eta aurreko asteburuetan, Illunbeko aparkalekua eta Donostiako erdigunea lotuko dituen autobus zerbitzua.
Anezka zerbitzu horrek Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako erdialdearen arteko joan-etorriak errazten ditu, hirian garraio publikoa sustatzeko eta trafikoa murrizteko helburuarekin.
Lehen asteetan, zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan eskainiko da. Abenduaren 21etik aurrera, zerbitzua egunero eskainiko da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan ez baita zerbitzurik egongo.
2021ean abian jarri zenetik, herritarrek oso ondo hartu dute ekimena. Hala erakusten dute 2023ko datuek, orduan 7.616 bidaia egin baitziren eta 2022. Urtean berriz, 7.011 bidai, hau da, %8,6 bidai gehiago.
Horregatik guztiagatik, eta Gabonetako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean erabilera sustatzen jarraitzeko, Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat egin dute, errepide nagusietan jarritako argi panelen bidez zerbitzu horren berri emateko.
Zerbitzuaren datuak
Anezka-zerbitzuak 20 minutuko maiztasuna izango du, eta abenduaren 6ko, 7ko, 8ko, 14ko eta 15eko asteburuetan eta abenduaren 21etik urtarrilaren 5era bitartean egunero eskainiko da zerbitzua, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, orduan ez baita zerbitzurik egongo.
Orain arte bezala, bi geltoki izango ditu:
- Illunbeko geltokia: irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
- Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin.
Anezka zerbitzu honi, hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira: Mugi, BAT edo BARIK txartelak, gaur egun %50eko hobaria dutenak, San Sebastian Card, eta QR edo EMV titulu digitalak eta noizbehinkako bidaia txartela.
Bidaia garraio txartelarekin edo EMV txartelekin ordaintzen dutenek auzo guztietara doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbuseko sarean. Era berean, garraio txartelik ez duten bisitariek QR kodea duen bidaia txartel berria eskuratu ahal izango dute, Dbuseko app ofizialaren bitartez, zeina iOS eta Androiderako eskuragarri dagoen. Bidai txartel horrekin, Dbuseko sare osoan nahi beste bidaia egin ahal izango dituzte, bidaia txartela erosi eta hurrengo 30 minutuz, 24 orduz edo 48 orduz.
Autobus %100 elektrikoa
Illunbetik hiri erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.

Dbus-ek “Negozio aukera berriak: 5G sare pribatuak” izeneko jardunaldian parte hartu du
Gaur, abenduak 4, Dbusek “Negozio aukera berriak: 5G sare pribatuak” izeneko jardunaldian parte hartu du, Adegik Euskaltel Fundazioarekin lankidetzan antolatuta.
Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, mahai inguru batean parte hartu du, eta bertan azaldu du konpainiak 10 autobusetan 5G teknologia inplementatzen izan duen esperientzia, teknologia hori inplementatuz, alde batetik, autobusen barruan erabiltzaileei eskaintzen zaien wifi konexioa hobetu ahal izan baita eta, bestetik, autobusen bideozaintza sistema modernizatu. Izan ere, konpainia erreferentzia da estatuan autobusetan 5G konexioa ezartzen, bere ibilgailuetan teknologia hori instalatu duen lehen mugikortasun operadorea izan baita.
Dbusek 5G Euskadi proiektuan parte hartu du eta horri esker inplementatu da 5G teknologia, Euskal Herriko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala bultzatzeko asmoz.
Gaur goizeko topaketan parte hartu dute, halaber, beste enpresa batzuek, hala nola BasqueCCAM-Centro Vasco de Movilidad, Masorange, CAF edo Vicomtech.
Dbus-ek informazio kanpaina bat egingo du, autobusetako segurtasuna hobetzeko
Gaur, Dbusek “14 Tip zure bidaia Top izan dadin” izeneko kanpaina aurkeztu du. Dbuseko bidaiariek bidaietan segurtasun eta erosotasun handiagoa izatea da kanpainaren helburua.
Willis Towers Watson aseguru artekaritzarekin lankidetzan garatu da kanpaina, eta erabiltzaile guztiei zuzenduta dago; bereziki adinekoen kolektiboarentzat, horiek dira-eta istripu posibleen arrisku handiena dutenak. Ricardo Sanz Espainiako WTWko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “estatistikoki egiaztatuta dago kanpaina horiek %25 eta %50 artean murrizten dituztela gorabeherak”.
Horregatik, gaur hasi eta urtarrilaren 31ra arte, jarduera horretarako esklusiboki prestatutako bi pertsonak Dbuseko hainbat autobus eta lineatan bidaiatuko dute, erabiltzaileei bidaia seguru baterako jarraibideak eta gomendioak eskaintzeko. Era berean, autobusean seguru eta eroso bidaiatzeko moduari buruzko informazio liburuxkak banatuko dira.
Kanpainan laguntzen arituko diren bi pertsonek laguntza eta babesa emango diete bidaiariei eta, bereziki, adineko pertsonei, segurtasunari buruzko gai hauetan zentratuta:
- Herritarren heziketa, adineko pertsonentzat eta haurdun daudenentzat erreserbatutako eserlekuak pertsona horiei uzteak duen garrantziaz.
- Desgaitasuna dutenei aulki gurpildunak jartzeko moduari buruzko aholkuak ematea.
- Heldulekuak erabiltzeak daukan garrantzia gogoraraztea, bidaian hobeto helduta eta seguruago joateko dira eta.
- Bizkar zorroak eta fardel objektuak nola jarri behar diren erakustea, autobus barruko pasabidea ez oztopatzeko.
- Zutik bidaiatzen duten pertsonak ibilgailuaren atzealdera mugitzearen garrantzia, bidaiariei aurreko atetik autobusera sartzen uzteko.
Horrez gain, otsailaren 1etik 10era bitartean, 2 prestatzaile erretiratuen zentro batzuetara joango dira eta autobusean seguru bidaiatzeko moduari buruzko hitzaldi informatiboak emango dituzte.
Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak azpimarratu duenez, “Udal Gobernu honen helburu nagusietako bat mugikortasun jasangarria bultzatzea da. Mugikortasun garbi, osasungarri eta seguruaz ari gara, eta hiru ardatz horiek dira gure eguneroko lanaren oinarria. Gaur aurkezten dugun ekimena ardatz horietako bat indartzera dator, segurtasunarena, garraio publikoko zerbitzuaren parterik garrantzitsuenari, erabiltzaileei, zuzenean zuzendutako kanpaina batekin”.
Dbuseko zuzendari kudeatzaile Igor Gonzalezek nabarmendu duenez, “Dbus oso sentsibilizatuta dago segurtasun arloarekin, eta, horregatik, gidatze segurua eta eraginkorra bezalako alderdiak lantzen dira bai hasierako prestakuntzan bai gidariei ematen zaien etengabeko prestakuntzan”. Era berean, nabarmendu duenez: “Guretzat oso garrantzitsua da erabiltzaileekin harreman hurbila izatea, eta bidaiariekin harremanetan jartzeko ekimen honek bidaia errazteko eta erosoagoa eta seguruagoa izateko hainbat gomendio eskaini nahi ditu”.
Era berean, ekintza horren bidez gorabeheren prebentziorako hartu daitezkeen segurtasun neurriak aztertu eta ebaluatzea bilatzen da. Horregatik, erabiltzaileei laguntzen egongo diren aholkulariek geltokian bertan zein autobusera igotzean eta ibilgailutik irtetean pertsona horiek izaten dituzten premia eta mugak ikusiko dituzte, eta, gero, lanaldiaren amaieran, “datuak jasotzeko orri” batean idatziko dituzte. Orri horretan gertatzen diren gorabehera eta dauden arrisku garrantzitsuenak jasoko dira. Era berean, ibilbidean zehar gertatzen diren egoerei buruz bidaiariek dituzten iruzkinak jasoko dituzte, segurtasunaren hobekuntzarako lagungarri izango direlakoan.
Kanpaina honetako mezuak indartzeko, liburuxka bat argitaratu da, seguru eta eroso bidaiatzeko 14 aholku eta gomendiorekin. Gomendio horiek autobusean bidaiatzen denean egiten diren 4 ekintza hauetarako dira:
- Geltokian itxarotea
- Autobusera igotzea
- Bidaian zehar
- Autobusetik jaistea
Mezu horiek guztiak markesinetan, autobusetako pantailetan, Dbusen webgunean eta bere sare sozialetan ere egongo dira gaurtik otsailaren 10era arte, egun horretan amaituko baita kanpaina.
Willis Tower Watson
WTW 140 herrialdetan presentzia duen Aseguru Artekaritza multinazionala da. Konpainiak Artekari + Aseguratzaileen 7 lehiaketatan parte hartu eta zazpiak irabazi ditu. Horregatik daramate Dbusek eta WTWk 25 urte baino gehiago elkarrekin lanean.
WTWren helburu nagusia ezbehar kopurua kontrolatu eta murriztea da. Horretarako, aldian behin helburu hori lortzeko ekimenak egiten dira; tartean, herritarrei zuzendutako kanpainak, hala nola gaur goizean aurkeztutakoa edo gidariei zuzendutako prestakuntza kanpainak, besteak beste.
Ricardo Sanzek nabarmendu duenez, “Dbuseko langile guztien inplikazioari esker, bidaiari kopurua edo hiriko obrak bezalako faktoreek ez eragitea ezbehar kopurua handitzea”. Era berean, nabarmendu nahi izan du: “8.000 hiri autobus baino gehiago kontrolatzen ditugu, eta esan dezakegu ezbeharren kopuru eta zenbatekoari begiratuta zenbakirik onenak dituztenen artean dagoela Donostia, beste hiri batzuekin alderatuta”.
Dbusen erabileraren errekor historikoa urrian
2024ko urria izan da Donostiako udalerrian Dbuseko zerbitzuak gehien erabili diren hilabetea Konpainiaren historian. Zehazki, 2.912.401 bidaia erregistratu dira, pasa den urteko urriaren baino %11,58 bidaia gehiago, orduan 2.610.029 bidaia erregistratu ziren eta.
Zenbaki horien arabera, 2023ko urria da Dbusek eskari gehien izan duen bost hilabeteen rankingaren barruko lehena. Hauek dira, hain zuzen, bost hilabete horiek:
- 2024ko urria: 2.912.401 bidaia
- 2024ko abuztua: 2.817.822 bidaia
- 2024ko uztaila 2.776.959 bidaia
- 2024ko iraila: 2.764.609 bidaia
- 2024ko maiatza 2.720.621 bidaia
Era berean, 2024a urte historiko bihurtzeko bidean da, aurten 26.608.735 bidaia erregistratu baitira orain arte. Horrek esan nahi du 2 milioi bidaia baino gehiagoko aldea dagoela 2023ko aldi berarekin alderatuta, orduan 24.507.649 bidaia erregistratu baitziren.
Datu horiek sendotzen dute garraio publikoak Donostiako mugikortasun jasangarrirako funtsezko zutabe gisa duen garrantzia, eta herritar guztien bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute.
Bideberdea: etorkizun %100 elektriko eta jasangarri baterantz aurkeztu du Dbusek
Gaur, Dbusek ekitaldi instituzional bat egin du Tabakaleran, eta bertan Bideberdea: etorkizun %100 elektriko eta jasangarri baterantz aurkeztu du. Konpainiak orain hasiko duen eta 2030ean, flota %100 elektrikoa duenean, bukatuko den aro berriaren jendaurreko aurkezpena da.
Era berean, Bideberdea da Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, isil bihurtzearen alde egiten duten apustua, zeinak zerbitzu hobea ematen duen, bere Dbus ZERO autobus berrien bitartez.
Gainera, Bideberdea harago doa. Ez da soilik garraio proiektu bat, konpromiso sozial bat ere bada, bai eta Donostiako herritar guztientzat etorkizun hobe bat bilatzen duen hiri proiektu bat ere.
Ekitaldia mugikortasunaren sektoreko erakunde, eragile eta profesionalen aurrean egin da, eta bertan Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, “gaur ezagutzen eta aurkezten duguna ez da soilik Tranbiaren Konpainiaren apustua. Hiri oso baten apustua da. Hiri garbiagoa eta ke eta zarata gutxiago duen hiria izatearen aldeko apustua. Hiri jasangarriagoa eta bere emisioak arintzen eta murrizten duen hiria izatearen aldeko apustua. Mugikortasun eredua aldatuz hiria eraldatzearen aldeko apustua”.
Gainera, Goiak gaineratu du “hamarkada bat barru donostiarren garraio eta mugikortasun ohiturak aldatu egingo direla eta, gero, atzera begiratzean, konturatuko garela hartzen ari diren erabakiak norabide egokian doazela. Atmosferara egiten diren emisioak murriztu nahi baditugu, sakoneko erabakiak hartu eta benetako alternatibak eskaini behar ditugu jendeak autoa etxean utz dezan”.
Etorkizun %100 elektriko baterantz
Bideberdea prozesuaren aurkezpenean, Olatz Yarzak, Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak, nabarmendu duenez, “Donostiako Udalak urteak daramatza garraio publiko eraginkor, jasangarri eta kalitatezkoa eskaintzearen aldeko apustu argia egiten, garraio publikoa hiritik mugitzeko lehen aukeretako bat bihur dadin herritarrentzat. 2024an erregistratzen ari garen bidaien datu historikoek adierazten dute aurten izango dela konpainiaren historian autobusa gehien erabili den urtea, eta erabiltzaileek gutaz egiten duten balorazio altuak helburu hori lortzen ari garela ziurtatzen du, zalantzarik gabe”.
“Harago joateko unea da, eta zerbitzu %100 elektrikoa eta garai berrietara egokitua lortzeko prozesua amaitu, hirian duen ingurumen inpaktua ahalik eta gehien murrizteko eta erabiltzaileen esperientzia are gehiago hobetzeko”, azpimarratu du zinegotziak.
Ondoren, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek datozen urteetan Dbusen izango diren mugarriak azaldu ditu, horiei esker “horizonte moduan ezarrita dugun urtera iritsi ahal izango dugu, 2030eko urtera, alegia, urte horretan ikusi ahal izango dugu-eta Dbuseko eta Donostiako etorkizuneko garraio publikoa izango dena.
Hori lortzeko, datozen 6 urteetan Donostiako Tranbia Konpainiak bere historiako 138 urteetan izan duen eraldaketarik handienari ekingo dio, zerbitzua deskarbonizatuko baitu, flotari ez ezik Konpainian eguneroko funtzionamenduari eusten dion azpiegitura guztiari eraginda”.
Eraldaketa hori Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak egindako Klima 2050 Planaren barruan kokatzen da, Klima Aldaketak planteatzen dituen erronkei eta horrek herritarren bizi kalitatean izan dezakeen inpaktuari erantzuteko. Hori lortzeko, prozesua bihurketa progresibo gisa planteatzen da, Dbus eta Donostia gero eta berdeago izatera daramatzaten mugarri hauekin.
- 12 metroko autobus guztiak %100 jasangarri bihurtzea (elektrikoak eta hibridoak). Horretarako, asmo handiko plan bat prestatu da 2024aren amaieratik 2025aren lehen seihilekora arteko epean 12 metroko 39 Dbus ZERO ibilgailu %100elektriko berriak flotan sartzeko.
- Lehen Dbus ZERO autobus artikulatu (18 metro) eta %100 elektrikoak sartzea autobus flotan. Aurreikusita dago 2024an lehen 6 ibilgailuak iristea eta 2025ean beste 9.
- 17-Gros-Amara-Miramon linea zerbitzuaren lehen linea erabat elektriko bihurtzea.
- Aurreikusten da 2026 eta 2030 bitartean batez beste 16 Dbus ZERO autobus jasoko direla (12 metroko 11 autobus eta 18 metroko 5 autobus), eta, horrela, jomugako urtean, hau da, 2030ean helburua beteta izango du; 12 metroko eta 18 metroko flota osoa %100 elektrikoa izatea.
- Helburu horiek guztiak gauzatu ahal izateko beharrezkoa da kotxetegietako azpiegitura elektrikoa berritzea, ibilgailu berrien energia eskaera asetzeko, bai eta kargagailuak instalatzea ere.
Testuinguru horretan, jarduera hauek nabarmendu daitezke:
- 2024an linea elektriko baten trazadura egin da, Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, 1,5 kilometro inguruko distantzian non sekzionamendu zentro bat kokatu den. Sekzionamendu zentro horretatik hasiko da Dbuseko eraikin nagusiko teilatuko eta sotoko aparkalekuetako plazen banaketa.
- Kargagailuak eta pantografo alderantzikatuak instalatzea eta abian jartzea, autobusak kargatzeko.
- Kotxetegien kanpoaldeko aparkalekua elektrifikatzea Zubiaurre pasealekuan sare elektrikorako konexio berri batekin, 2025aren amaierarako aurreikusita dagoen 17-Gros-Amara-Miramon linearen elektromugikortasun beharrak asetu ahal izateko.
17-Gros-Amara-Miramon BEI linea berria (Bus Elektriko Adimenduna)
BRT sistemek (Bus Rapid Transit) ahalmen handiko autobusekin funtzionatzen dute, eta zerbitzua azkar, eroso eta eraginkorra izatea bermatzen dute.
Gaur egun, Dbusek ahalmen handiko sistema bat du 5-Benta Berri eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan. Azken hamarkadan ahalmen handiko sistema hori aztertu ondoren, Dbusek garrantzitsutzat jotzen du ezarpenaren bigarren faseari ekitea eta sistema beste linea batera zabaltzea, linea hori elektrifikatuz eta funtzionaltasun berriez hornituz.
Azterketa horren ondorioz, 17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI sistema bertan ezartzeko, linea estrategikoa delako; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoaren Anoetako geralekuko pasanteari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.
BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiria jasangarriagoa, kerik gabeko, eta kutsadura maila baxukoa izaten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileek bidaia esperientzia oso ona izaten. Azpimarratzekoa da, adibidez, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko direla, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko ticketing eragiketak (QR bidaia txartelak erostea edo txartelak kargatzea) geltokian bertan eta autobusera sartu aurretik egin ahal izango direlako eta semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako, besteak beste.
Autobusen barrualdea ere gidariengan zein erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko da, eta diseinu abangoardista eta erosoagoa izango du. Nabarmenduko dira zoruak, zura itxura izango dutenak, eta argiztapen puntu berriak, esaterako.
Aurreikusita dago, halaber, BEI autobusen markesinek diseinu berritzailea izatea eta funtzionalitate berriak eskaintzea, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak dituzten geltokiek ere totem identifikatzailea izango dute, baita pantaila digitala ere.
Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira.
Era berean, BEI linea berria abian jarrita, urtean 239.528 litro gasolio gutxiago kontsumitzea eta 645 Tn CO2 gutxiago isuritzea aurreikusten da.
17 linea BEI zerbitzu bihurtzea 2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmenari esker izan da posible, 25,7 milioi euroko aurrekontuko hitzarmena baitzen. Eusko Jaurlaritzak, EAEko 2021-2027 EGEF Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du, eta Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35a, hau da, 9 milioi euro.
Arrakasta kasuak
Konpainiak aurre egin beharreko mugarri guztiak aurkeztu ondoren, mahai inguru bat egin da, eta bertan garraio publikoaren elektrifikazioari buruz hitz egin da, bai eta sistema aurreratuen inplementazioari buruz ere, esaterako, Bus Elektriko Adimendunari buruz
Mahai inguruan, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezekin batera, arlo horretan adituak diren eta norabide horretan jada urrats garrantzitsuak eman dituzten hiriak ordezkatzen dituzten pertsonek parte hartu dute, hala nola Vitoria-Gasteizko TUVISA hiri garraio publikoko autobus zerbitzuaren kudeatzaile Marijo Ajuriaguerrak, eta hark esan du herritarrek ondo hartu dutela BEI linea (Bus Elektriko Adimenduna)euskal hiriburuan ezartzea.
Euskal Herri-Aturriko Mugikortasun Sindikatuko Artitz Videgainek ere parte hartu du mahai inguruan, eta hark Baionako esperientzia kontatu du, non BRT linea berria abian jarri baita, bai eta hirian autobus berriak sartzeak izan duen ondorio positiboa ere.
Bestalde, Hiriko eta Metropoliko Garraio Publikoen Elkarteko Material Batzordeko presidentea den Rafael Orihuelak azaldu du nola Next Funtsek eta beste finantzaketa publiko batzuek hiri autobusetako “floten deskarbonizazioa bultzatu duten eta, beraz, hirietako airearen kalitatea hobetzen laguntzen ari diren”.
