Category : Berriak

Man Truck & Bus-en Turkiako, Alemaniako eta Espainiako ordezkaritzen bisita jaso du Dbus-ek

Dbusek MAN Truck & Busen Turkia, Alemania eta Espainiako ordezkaritzetako talde baten bisita jaso du. Autobus elektrikoen produktu eta garapeneko ingeniariek osatzen zuten taldea. Lan jardunaldi horiek Kotxetegietan egiten ari den elektrifikazio prozesuaren barruan egin dira.

Datozen 12 hilabeteak funtsezkoak dira autobus flota deskarbonizatzeko trantsizioan, denbora tarte horretan Dbusek aurreikusten baitu beste 43 autobus erabat elektriko gehiago jasotzea. Horrela, flotaren %33 autobus %100 elektrikoak izango dira 2025eko lehen hiruhilekoan. Autobus horien guztien erosketa MAN Truck & Bus Iberiari esleitu zaio, eta Next Generation funtsen bidez finantzatuko dira, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren (MITMA) dirulaguntzari esker.

Hori dela eta, Dbusen eta MAN Truck & Busen arteko topaketarako jardunaldi hauek antolatu dira, garatzen ari diren lanen berri emateko elkarri, eta Dbusen elektrifikaziorako egingo den eraldaketan inplikatutako alde guztien arteko sinergiak ezartzeko.

Jardunaldiak oso aberasgarriak izan dira, eta gai batzuetan sakontzeko aukera eman dute, esaterako, autobus elektrikoen garapenean, gure instalazioen kargako azpiegitura elektrikoetan, karga puntuen eta kudeaketa softwarearen arteko komunikazio protokoloetan; azken batean, Dbusi zerbitzuaren benetako egoeraren kontrola izatea eta arazoen konponbidean aurrea hartzea ahalbidetuko dioten soluzioetan sakondu ahal izan dute.

Bilera horietan, gainera, Dbusek bere segurtasun plan berria aurkeztu du. Plan horretan jasotzen dira elektrifikazioaren ondorioz aurre egin beharreko erronka berriak, besteak beste, suteen aurkako plana eta atoian eramateko probak.

Elektrifikazio lanak

 Joan den urtarrilaren 22an hasi ziren kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa berritzeko lanak. Obra honen helburua da linea elektriko baten trazadura egitea, Egiako banaketako azpiestazio transformatzailetik Kotxetegien ingurura, gutxi gorabehera 1,5 kilometroko trazadura, non sekzionamendu zentro bat egongo den, eta zentro horretatik, zuzeneko hornidura elektrikoaren banaketa hasiko da, transformazio zentroetatik igarota. Gaur egun, trazaduraren %35 eginda dago; beraz, obra gauzatzeko aurreikusitako epeak betetzen ari dira, maiatzaren amaierarako bukatzea espero baita.

Kotxetegien instalazioen barruan, berriz, aparkalekuko 119 plazetako hartunea egokitzen ari da, horri esker autobus elektriko berriak gehitu ahal izango dira-eta.

 

 

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna  da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarri du Donostiako autobusetan.

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Linfedemaren Nazioarteko Egunarekin

Asteazkenean, martxoak 6, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, asteazkenean, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

 

Irakurri

Dbus-ek hitzarmen sinatu du genero indarkeriaren biktima diren langileen enpresen arteko mugikortasuna errazteko

Dbusek, garraio publikoko 8 operadorerekin batera, lankidetza hitzarmen bat sinatu du gaur, ekimenari atxikitako 8 erakundeetakoren bateko kide izan eta genero indarkeriaren biktima diren langileen enpresen arteko mugikortasuna errazteko. Dbusez gain, hauek dira hitzarmen honekin bat egin duten enpresak: Ferrocarrils de la Generalitat de Catalunya (FGC), TUGSAL, Emtusa, Alsa, TRAM, Sagales eta Vectalia.

Hitzarmenaren helburua da genero indarkeriaren biktima diren langileei lan alternatiba bat eskaintzea, eta erasotzailearengandik urruntzen laguntzea, babes sozialeko beste neurri batzuk seguru eskuratzeko modua eskainiz. Horrela, enpresa sinatzaileren batek plantillan genero indarkeriaren biktimatzat jotzen den langile bat badu eta langile horren kasuari erantzun behar badio, hitzarmenaren babespean jartzen diren gainerako enpresekin harremanetan jarri ahal izango da, eta horietako batean lan egiteko lanpostuen proposamenak jaso ahal izango ditu.

Lan alternatiba bat eskaintzeko aukera, hitzarmen honetan jasotzen den bezala, genero indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoak baldintza horietan dauden emakume langileei dagokienez ematen dituen mandatuan eta babes berezian oinarritzen da. Lege Organikoak berariaz aurreikusten du genero indarkeriaren biktima den langileak mugikortasun geografikorako eskubidea duela, bai eta langabeziara jotzeko eskubidea ere, lan harremana deuseztatu beharrean ikusten badu bere burua. 2018an, Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialak dagoeneko akordio bat lortu zuen langile publikoen babesaren arloan, eta, hala, estatuko administrazioen arteko mugikortasuna eta neurri bereziak ezarri ziren.

Zortzi konpainiek agintzen dute langilearentzat proposatuko duten lanpostuaren ezaugarriak hark jatorrizko enpresan betetzen zuen lanpostuak zituenen ahalik eta antzekoenak izango direla, eta langilea lanpostu horretan benetan hartuko duela. Langileak lanpostua gordeta izango du jatorrizko enpresan.

 Berdintasunarekiko konpromisoa

Dbusek ahalegin guztiak egin ditu erakundearen barruan berdintasuna sustatzeko. Hala, 2010ean, I. Berdintasun Plana jarri zuen abian, eta urte horretan bertan, Emakumearen Euskal Erakundeak – Emakunde“Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzaile” gisa aitortu zuen. Gaur egun, Dbus III. Berdintasun Plana ezartzen ari da.

Era berean, 2018tik, Dbus BAI SAREAko kidea da, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean laguntzen duten erakundeek osatutako sareko kidea, alegia, lan eremuan berdintasuna bultzatzeko eta bermatzeko helburuarekin.

Gaur sinatutako hitzarmen honekin, Dbusek irmoago bultzatuko du erakundearen berdintasun politikaren egungo mailak hobetzen jarraitzera.

 

Irakurri

Dbusek bat egingo du Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin

Dbusek bat egingo du, otsailak 29, ospatzen den Gaixotasun Arraroen Munduko Egunarekin. Horregatik, Donostiako hiriko autobus guztiek informazio kartel bat eramango dute, gaixotasun arraroak dituzten pertsonek egunero bizi dituzten errealitateak ahalik eta gehien zabaltzeko eta erakusteko, eta kontzientzia soziala areagotzeko egingo diren jarduerak bultzatzeko.

Irakurri

Dbizi-k beste hobari bat gehiago du familia ugarientzat

Dbizi bizikleta sistema publikoak herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko lanean jarraitzen du, eta, beraz, apirilaren 1etik aurrera familia ugariek beste hobari bat izango dute bizikleten erabileragatik, eta ez bakarrik abonamenduaren kontratazioan, orain arte bezala. Tarifa horri aplikatuko zaion deskontua %20koa izango da familia ugarien kategoria orokorrerako, eta %50ekoa berezirako.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “neurri honek hirian bizikleta publikoaren erabilera sustatzen jarraitu nahi du, baita karga ekonomiko gehien izan dezaketen familien artean ere, hala nola familia ugarien artean. Yarzak esan du, gainera, “zerbitzua gero eta sendoagoa dela, eta 2023an berriro hautsi dela abonatuen eta erabileren errekorra, urte horretan sistema handitu baita, bai geltoki kopuruari dagokionez, bai bizikleta kopuruari dagokionez”

Hain zuzen ere, 2023an, bidaien bilakaeran nabarmena izan da eskaerak asko hazi baitira aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Zehazki, 2023an 945.642 bidaia erregistratu dira, eta pasa den urtean, berriz, 787.963 izan ziren, hau da, %20 inguruko hazkundea erregistratu da. Igoera horrek esan nahi du 2023an 123.937 km ibili direla guztira, hau da, egunean 339 km batez beste. Aurreko urtean 96.010 km egin ziren, batez beste 263 km egunean.

 

 

 

 

 

 

 

2023an, Dbiziren historiako abonu gehien erregistratu dira, eta urrian 10.879 abonatu izan dira, hau da, 2022an erregistratutako daturik onena baino %30 gehiago, orduan 8.370 abonamendu erregistratu baitziren. 2023an, joera berdina izan da abonu motari dagokionez, eta urteko iraupena duen banakako abonu arrunta nagusitu da.

Hilabeteko iraupena duten noizbehinkako abonuek, banakakoek zein taldekoek, presentzia handiagoa izan dute uztailetik irailera bitartean.

Bizikleta elektrikoa eta 30 minututik beherako bidaiak nagusi

Kopuruek adierazten dutenez, jendeak oraindik ere argi eta garbi nahiago du bizikleta elektrikoa, 2023an erregistratutako bidaien %62,34 bizikleta elektrikoan egin dira-eta.

Urriaren 6an erregistratu zen bizikleten erabilerarik handiena, 5.232 bidaia egin baitziren. Orain arte, errekorra 2022ko irailaren 22an erregistratutako bidaia kopurua zen, orduan 3.667 joan-etorri erregistratu baitziren.

Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea Dbiziko bizikletetan egindako bidaia bakoitzaren batez besteko iraupena 12 minutu eta 10 segundokoa izan dela, hau da, oraindik ere 15 minutu baino gutxiagokoa da, aurreko urtekoaren oso antzekoa. Bidaien %97 izan dira 30 minutu baino gutxiagoko iraupenekoak.

Dbiziren erabiltzailearen profilari dagokionez, generoaren araberako banaketan azken urteetako datuak mantendu dira, hau da, %53 gizonak dira eta %46 emakumeak. Bestalde, erabiltzaileen batez besteko adina nabarmen jaitsi da azken urtean, 37 urtekoa baita, eta aurreko urtean 42 urtekoa izan zen.

Sistema zabaldu da 2023an

2023an, Dbizi zerbitzua nabarmen handitu da. Zehazki, beste 21 geltoki gehiago inauguratu dira, eta, esaterako, Altza, Bidebieta edo Añorga auzoetara iritsi da zerbitzua. Horrela, zerbitzua 47 geltoki izatetik 68 izatera igaro da, eta horrek esan nahi du %44 geltoki gehiago direla.

Horrez gain, beste 257 bizikleta elektriko gehiago sartu dira flotan, sistema handitu aurretik erabilgarri zeuden 120 bizikleta elektrikoen aldean.

Zerbitzu handitze horrekin, hiriko leku gehiagotara iristen da zerbitzuarekin eta bizikleta elektriko gehiago eskaintzen dira erabiltzaileen eskari handiari erantzuteko.

Tarifak eta deskontuak 2024an

Hiriaren goialdeetan dauden auzoetako bizilagunen artean bizikletaren erabilera sustatzeko, Dbizik %40ko deskontua eskainiko die aurrerantzean ere bidaia tarifetan bizikleta elektrikoa erabiltzen dutenei, baldin eta bidaiaren jatorriko edo helmugako geltokia Aiete, Egia, Altza, Bidebieta, Trintxerpe, Intxaurrondo, Martutene edo Añorga bezalako guneetan denean.

Bestalde, Dbizi handitzearen ondorioz, bizikleten eta geltokien mantentze lanen eta logistikaren kostua nabarmen handitu da azken hilabeteetan. Horregatik, eta inflazioren ondoriozko kostuak eta zerbitzua zabaltzeak ekarritako kostuak neurri batean arintzeko, pentsatu da 2022tik izoztuta zeuden tarifak eguneratzea apirilaren 1etik aurrera.

Hala ere, abonu arrunta edo noizbehinkakoa egun hori baino lehen kontratatuta duten erabiltzaileei, prezioak mantenduko zaizkie kontratatutako abonuaren mugaeguneratu arte.

Hurrengo taulan apirilaren 1etik aurrera aplikatuko diren tarifa berriak ikus daitezke:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Tarifa sistema berri hau modu mailakatuan ezarriko da, abonuak berritu ahala, eta sistema osoan %2ko igoera ekarriko du benetan 2024ko urtean.

Irakurri

Dbusek autobus bat eman dio Autobusaren Lagunen Gipuzkoako Elkarteari

Donostiako Tranbia Konpainiak autobus bat eman dio Autobusaren Lagunak Gipuzkoako Elkarteari (AGABUS). Autobusa zaharra da, 2004an flotatik erretiratutakoa eta kotxetegietan zegoena. 318 ibilgailua da, Mercedes Benz markako 0405 modelokoa. Autobus hori 18 urtez ibili da Donostiako kaleetan.

DTK-k 1987an, Konpainiaren lehen zerbitzuaren mendeurreneko urte berean, Mercedes Benz markako lehen autobus sorta bat jaso zuen, 33 autobuseko sorta bat, eta horietako bat da Mercedes Benz markako 0405 modeloko ibilgailu hori. Ordura arte, hirian ibili ziren autobusak Pegaso markakoak izan ziren.

Autobus horiek sartutakoan, zoru altuko autobusak deiturikoak, hau da, eskailera mailak zituzten autobusak ez ziren gehiago erabili. Ibilgailu horiek kendu ahala, %100 irisgarriak diren eta zoru baxua eta mugikortasun urriko pertsonak edo haurren kotxeak/aulkiak sartzeko arrapala duten autobusak sartzen joan ziren, kendutakoen ordez.

Gaur egun, Dbus bere flota eraldatzeko prozesu batean murgilduta dago, eta bere helburua da 2030erako flotako ibilgailu guztiak %100 elektrikoak eta zero emisiokoak izatea. Jarduera hori egin ahal izateko, beharrezkoa da kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa eraldatzea, eta obra horiek 2024an hasi dira. Obra horiek 318 autobusa aparkatuta egon den eremuari eragiten diote zuzenean, eta, hori dela-eta, konpainiak autobusa bere instalazioetatik erretiratu behar izan du.

Ibilgailu hori flotatik erretiratu zenetik, Agabus arduratu da ibilgailua mantentzeaz. Horregatik, eta kotxetegietan mantentzeko lekurik eta baliabiderik ez dagoenez, Dbusek autobus horren dohaintza eskaini dio Elkarteari, eta dohaintza hori gauzatzeko akordio bat sinatu da gaur. Era berean, Agabusek konpromisoa hartzen du DTKrekin elkarlanean aritzeko ekitaldi berezietan, hala nola urteurrenetan, erakusketetan, etab., konpainiarekin lotutako hainbat material historiko eskainiz, baita, Dbusek hala eskatzen badio, gertakari puntual horietarako 318 autobusa utziz ere.

Urteak dira DTKren eta Agabusen arteko harremanak hasi zirela. Agabus ibilgailu hori mantentzeaz arduratu da ibilgailua flotatik erretiratu zenetik, eta, mantentze lan horrez gain, konpainiaren 125. 130. eta 133. urteurrenak direla-eta egindako erakusketetan ere lagundu du Elkarteak. Ekitaldi horietarako, Elkarteko kide batzuek DTKrekin lotutako hainbat material utzi zuten.

Autobusaren Lagunen Gipuzkoako Elkartea 2007an sortu zen. DTK-ko langile talde batek  sortu zuen, konpainiak jada erabiltzen ez dituen ondasun materialak mantentzearekin eta kontserbatzearekin lotutako jarduerak proposatzeko eta enpresa zuzendaritzarekin batera jarduera horietan aritzeko. 17 urte geroago, harreman hori sendotu egin da bi aldeek sinatutako akordio honekin.

 

 

Irakurri

Dbus autobusen erabileraren errekor historikoa San Sebastian egunean 195.000 bidaiari baino gehiagorekin

Urtarrilaren 19an eta 20an, San Sebastian eguna izan dela eta, Dbusen autobusen erabilerak errekor historikoa lortu du. Guztira, urtarrilaren 19tik, ostirala, 20ra, larunbata, 196.681 bidaia erregistratu dira Dbuseko autobusetan. Horrek esan nahi du pasa den urtean erregistratutako 180.705 bidaiarekin alderatuta ia-ia %9ko igoera gertatu dela.

Dbusek zerbitzu gehigarriak jarri zituen auzo guztietarako lineetan 19ko arratsaldetik, bandera igoeraren aurretik, eta gau guztian zehar 20ko zerbitzuak hasi arte. Zerbitzuak ere indartu egin ziren 20eko goizean Haur Danborradagatik eta 20ko arratsalde-gauean, goizaldeko 4:00ak arte, bandera jaitsieraren ondoren.

Igoera hiriko linea guztietan eman da, eta hauek izan dira gehien erabili direnak:

  • 13-ALTZA: 803 bidaia
  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 687 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 081 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE: 896 bidaia
  • 17-GROS-AMARA-MIRAMON: 209 bidaia

Datu horiekin alderatuta, donostiarrek Dbus hautatzen jarraitzen dute egun hauetan Donostian barrena mugitzeko nahiz eta, danborradak direla eta, zirkulazioa zailago izan.

Dbusetik eskerrak eman nahi dizkiegu erabiltzaileei erakutsi duten konfiantzagatik eta lanean jarraituko dugu egunero zerbitzua hobetzeko.

Irakurri

Dbus-ek zerbitzua elektrifikatzeko obrak hasi ditu

EDS INGENIERÍA Y MONTAJES SAUk eta ALTUNA Y URIA SAk osatutako ABEEa arduratuko da Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino linea elektriko baten trazadurari ekiteaz.

Gaur astehelena, urtarrilak 22, Kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa eraldatu eta autobus %100 elektriko gehiago sartzen utziko duten obrak hasi dira.

Dbus eraldatu eta zero emisioko flota bihurtzeko, ezinbestekoa da instalazioetako azpiegitura elektrikoa eraldatzea. Gaur egun, flotako 4 autobus %100 elektrikoekin kotxetegietako hartune elektrikoak duen ahalmen guzti-guztia erabiltzen da. Horregatik, beharrezkoa da linea elektriko baten trazadurari ekitea Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, 1,5 kilometro inguruko distantzian, non sekzionamendu zentro bat egongo den. Sekzionamendu zentrotik zuzeneko hornidura elektrikoa banatzen hasiko da, transformazio zentroetatik igaroz.

 

 

 

 

 

 

 

Eraginak

Obrak 4 hilabete inguruko iraupena izango du, eta bizilagunei ahalik eta gutxien eragiteko, lanak egingo dituen enpresa esleipendunak, EDS INGENIERÍA Y MONTAJES SAUk eta ALTUNA Y URIA SAk osatutako ABEEak, obra zatika egitea proiektatu du, zati bakoitzaren iraupena gehienez 5 egunekoa izanik

Gune hauek eragingo ditu obrak: Alkolea pasabidea, Egia kalea, Aldapa kalea, Tolaregoia kalea, Gabriel Aresti pasealekua, Ametzagaña kalea, Polloe plaza, Sibilia kalea, eta Fernando Sasiain.

Obra gaur hasi da, Txurkoene kalean, 11 eta 19 zenbakien artean. Horretarako, obra zuzendaritzak jakinarazi du lanak egiten diren egunetan, gutxi gorabehera aparkaleku batzuetan eta alboko espaloian nabarituko dela lanen eragina. Galtzada eta etxebizitzetarako sarbidea, berriz, erabat libre geratuko dira.

Urtarrilaren 29ko astean, Txurkoene kaleko beste zatia egingo da, hau da, 1 eta 11 zenbakien arteko zatia. Lehen zatian bezala, obrek aparkalekuei eta alboko espaloiari eragingo diete. Galtzadari eta etxebizitzetarako sarbideari ez diete batere eragingo.

Obrek aurrera egin ahala, eta kaltetutako guneetara hurbildu ahala, gutun bat bidaliko zaie auzokoei, obren iraupena eta eraginak jakinarazteko, Txurkoene kaleko bizilagunekin egin den bezala. Gainera, auzokideren batek zalantzaren bat izanez gero edo informazio gehiago nahi izanez gero, enpresa eleipendunak harremanetarako telefono bat emango du jakinarazpen horretan.

Flotaren elektrifikazioa

Kotxetegiak elektrifikatzeko prozesuaren lehen fase honetan, kargatzeko hartune guztiak egingo dira, guztira dauden 119 aparkaleku plazetaraino. Horrez gain, kargatzeko 32 puntu, 60 pantografo alderantzikatu eta horiei dagokien euskarri egitura metalikoa gehituko dira. Instalazioak elektrifikatzeko lan horiei esker, beste autobus elektriko gehiago sartu ahal izango dira, eta, horrela, urte batzuen buruan, Dbusen azpiegitura elektriko berria erabat martxan dagoenean, Dbusek 8,5MW-ko karga ahalmena edukiko du, eta, beraz, Gipuzkoan potentzia gehien kontratatuta duen erakundeetako bat izango da. Aurten bertan hasiko da autobus %100 elektriko gehiago sartzen, instalazioen elektrifikazio lanak amaitu ondoren. Zehazki, 2024an 12 metroko 23 autobus %100 elektriko eta 18 metroko sei autobus elektriko (artikulatuak) jasotzea aurreikusten da.

Berrikuntza horri esker, kalkulatzen da urtean 960.000 litro gasolio gutxiago kontsumituko direla eta 2.600 tona CO2 gutxiago igorriko direla.

Next Generation funtsen finantzaketa

Obra hau eta lehen 30 autobusen erosketa Next Generation funtsek finantzatuta egingo dira. Autobus horietatik, 12 metroko autobus batek Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko planaren ezohiko deialdiaren bidez dirulaguntzak jaso ditu, eta gainerako ibilgailuak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren (MITMA) dirulaguntzarekin erosiko dira. Lizitazio horien ondoriozko inbertsioa 23.456.613,82 €-koa da, eta Next Generation Europako funtsen bi deialdien dirulaguntza osoa 10.056.492 €-koa da.

 

Irakurri

Gabon hauetan, Illunbe eta erdialdearen arteko anezka zerbitzua %50 hazi da

Illunbeko aparkalekuaren eta Donostia erdialdearen arteko doako anezka zerbitzuak erabiltzaileen errekorra erregistratu du berriro Gabon hauetan, egunero 293 bidaia egin baititu batez beste. Hau da, 2022ko Gabonetan batez beste egindakoak baino %50 bidaia gehiago egin ditu, orduan egunean 195 bidaia egin baitziren batez beste.

Aurretik egondako anezka zerbitzuek harrera ona izan ondoren, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, berriro jarri dute martxan zerbitzu hori abenduaren 2tik urtarrilaren 6ra, 11:00etatik 22:30era, 20 minutuko maiztasunez, garraio publikoa sustatzeko eta hirian trafikoa murrizteko.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu du datuek “erakusten dutela zerbitzuak sendotzen jarraitzen duela, erdialdera modu eroso eta jasangarrian joateko oso aukera ona den heinean”, eta gaineratu du “orain gure helburua dela hirira iristeko garraio pribatuaren alternatiba den zerbitzu hori sustatzen jarraitzea, eta egunean batez beste zerbitzua erabiltzen duten ia 300 bidaiariko kopuruak gora egiten jarrai dezala lortzea”.

Nobedade moduan Gabon hauetan, Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat lortu dute, Gipuzkoako errepide nagusietan jarritako argi panelen bidez ekimen horren berri emateko eta, horrela, ahalik eta bisitari gehienengana iristea. Ekimen hori abian jarriko den hurrengo baterako, Udalak aztertzen jarraitzen du “nola lortu ahalik eta erabiltzaile potentzial gehien hainbat bideren bidez, zerbitzua gu bisitatzera datozenen lehen garraio aukeretako bat izan dadin”, Yarzak adierazi duenez.

Zifra errekorrak

Gabon hauetan, anezka zerbitzuak 7.611 bidaia erregistratu ditu, eta 2022ko Gabonetan, berriz, 7.011 erregistratu ziren. Horrek esan nahi du bidaiarien kopurua %8,6 igo dela. Orduan, zerbitzua etengabe eman zen abenduaren 3tik urtarrilaren 7ra arte, hau da, 36 egunez. Aurten, berriz, aurreko urteetako esperientziaren ondoren, abenduaren 2tik abenduaren 16ra bitartean zerbitzua asteburuan eta abenduko zubian eman da, eta abenduaren 16tik urtarrilaren 6ra arte, zerbitzua etenik gabe eman da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan ez baitzen zerbitzurik eman. Guztira, 26 zerbitzu egun izan dira, eta egunean batez beste 293 lagunek erabili dute zerbitzua, 2022an batez beste erabili zutenak baino %50.25 gehiago.

Oraingo honetan, abenduaren 30ean, larunbatean, erabili da gehien zerbitzua, 678 bidaia erregistratu baitziren. Era berean, abenduaren 26tik 31ra bitartean izan da erabilerarik handieneko astea. Izan ere, Gabonetako kanpainan egindako bidaia guztien %40, hau da, 3.132 bidaia  erregistratu dira aste horretan, eta egunean batez beste 522 bidaiari. Abenduko zubian ere datu errekorrak erregistratu dira, 2.210 bidaia egin baitira 5 egunetan, hau da, egunean 442 bidaia batez beste. Zerbitzuak bidaiari gehien izan dituen 2 aste horietan erregistratutako bidaien %70 egin dira.

Autobus %100 elektrikoa

Illunbetik hiri erdialdera joan-etorriak egin dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero emisiokoa. MAN Lions City 12e modeloa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.

MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAU enpresari erositako autobusetatik zerbitzuan jarri den lehena da, enpresa horrek irabazi baitzuen lizitazioa, zeinarekin Donostiako autobus lineetan 12 metroko beste 13 autobus %100 elektriko eta 18 metroko sei autobus %100 elektriko sartu ahal izango baitira.

 

Irakurri