Category : Berriak

Eguneraketa – Aldaketak 21-Mutualitateak-Anoeta, 43-Anoeta-Igara eta B4-Amara-Martutene lineetan, Anoeta – Aita donostiaren inguruko obrak direla-eta

Anoeta-Aita Donostia plazaren inguruan egiten ari diren obren beste fase bat dela eta, apirilaren 30ean hasi eta obrak amaitu arte, 21-Mutualitateak-Anoeta, 43-Anoeta-Igara eta B4-Amara-Martutene lineen ibilbidea aldatu egingo da.

21-Mutualitateak-Anoeta

Mutualitateak geltokian ibilbide bukaerako geldialdia egin ondoren, autobusak eskuinera jiratuko du Errondo pasealekutik, Colladorantz, eta Pio XII.era iritiko da. Gero, Antso Jakitunean ohiko ibilbideari egiteari ekingo dio.

Errondo Anoetako geltokia, Madril hiribidea 19koa eta Madril hiribidea 5ekoa kendu egingo dira.

43-Anoeta-Igara

Anoeta alderantz: Morlanseko biribilgunera iristean, Colladotik zirkulatuko du, bertan geldialdia eginda, eta Madril hiribidetik, Madril hiribideko 10ean eta Madril hiribideko 28an (ibilbide bukaerako geltokia) geldialdiak eginda.

Errondo Anoetako geltokia eta Madril hiribidea 3koa kendu egingo dira, eta horietan gelditu beharrean Madril hiribidea 10ean eta 28an geldituko dira.

Igara alderantz: Madril hiribidea 28tik Errondo pasealekura joango da, eta han geldialdiak egingo ditu Errondo-Salaberrian eta Errondo-Barkaiztegin. Morlanseko biribilgunean, Izostegitik gora egingo du, eta ohiko ibilbideari ekingo dio berriro.

Pio XII.eko geltokia kenduko da, eta Errondo-Salaberria eta Errondo-Barkaiztegi geltokiak gehituko zaizkio ibilbideari.

B4-Amara-Martutene

Erdigune alderantz: Isabel II.etik zuzenean eskuinera biratuko du eta Madrid etorbideko 5ean egingo du geldialdia.

Madrid hiribideko 19ko geltokia kendu egingo da.

Irakurri

[IREKITA] Lan eskaintza: Biltegi eta erosketa teknikaria

Zuzendaritza Teknikoaren mende eta dagozkion arlo eta taldeekin koordinatuta, bere egitekoa erosketa eta biltegien kudeaketa optimizatzea, eraginkortasuna hobetzea, kostuak murriztea eta stockaren plangintza eta kontrola hobetzea da. Hori guztia ERP softwarea eta beste IT tresna batzuk erabiliz.

Eskatzen den profil nagusia: Ingeniaritzako edo ADEko prestakuntza, 3 urteko esperientzia erosketak eta biltegiak kudeatzen. Analisi- eta antolaketa-gaitasuna, etengabeko hobekuntzarako orientazioa, pertsonen arteko eta taldean lan egiteko trebetasunak, oso garatuak.

Hurrengo estekan baldintzak deskargatu daitezke baldintzak deskargatu (pdf), eta parte hartzeko eskabidearen inprimakia inprimakia deskargatu (.doc)

Eskaerak aurkezteko epea 2024ko maiatzaren 28ra arte.

Eskabideak, hautaketa-prozesuaren baldintzen arabera, [email protected] bidez edo OTEIC taldean (Zuatzu Enpresa Parkea, Igeldo eraikina, 1. solairua – 20018 Donostia).

Taxibus zerbitzu berria Atotxaerrekara eta Itsasargiaren Pasealekura

Gaur, 2024ko apirilaren 26an DTKren Administrazio Kontseiluak Atotxaerrekako eta Itsasargiaren pasealekuko bizilagunentzat eskaripeko Taxibus zerbitzu berri bat aztertu du. Horrela, Dbus-ek bere zerbitzuak zabaldu egiten ditu eta Itsasargiaren pasealekura iristeko aukera izango du, orain arte eskuragarri zeuden ibilgailuekin sartzeko zailtasunak zirela eta, ezin baitzuen zerbitzu hori eman, nahiz eta bizilagunek asko eskatzen zuten zerbitzua izan.

Linea berriak egunero funtzionatuko du, baita jaiegunetan ere, eta 60 minutuko maiztasuna izango du. Hori horrela, zerbitzu konbinatua bat bezala lan egingo du, bi auzoak Antiguorekin eta Dbus-eko autobus-sarearekin konektatuz.

Atotxaerrekako auzoa ere Añorga Txiki eta Añorgarekin lotuko da. Era berean, autobusa ordaintzeko Mugi txartela erabiltzen duten erabiltzaileek doako transbordoak egin ahal izango dituzte Dbus-en linea guztietan. Mugi txartelik ez duten bidaiariek Dbus-en sarean onartutako gainerako tituluekin ordaindu ahal izango dute bidaia: noizbehinkako txartela, BAT, BARIK eta QR edo EMV titulu digitalak. Bestalde, eskaripeko zerbitzua izango denez, erabiltzaieek gutxienez 30 minutuko aurrerapenarekin egin beharko dute eskaera, webgune bidez edo telefonoz.

Atotxaerrekaren eta Itsasargiaren pasealekuaren arteko zerbitzu konbinatu berri honek, bi auzoak Antiguorekin eta Dbuseko gainerako autobus sarearekin lotuko ditu, eta urtean 30.000 erabiltzaile izatea espero da.

Eskaripeko zerbitzu berria Atotxaerrekara

Taxibuseko linea berriak egungo 47-Atotxaerreka zerbitzua ordezkatuko du, eta Antiguo auzoarekiko eta Añorgarekiko lotura hobetzea ahalbideko du. Hori dela eta, bizilagunen eskariei erantzutez, linearen ibilbidea egokitu egingo da, eta orain arte izan den ibilbide zirkularra izan beharrean, bi norabidekoa izango da. Horrela, lotura zuzena izango da Atotxaerreka eta Antiguo artean, baita Atotxaerreka eta Añorgaren artean ere. Hori lortzeko, lau geltoki berri gehituko dira Atotxaerrekan Añorgarako noranzkoan. Gainera, Atotxaerreka-Añorga ibilbidean Añorga Txikin geldialdia egingo du, erabiltzaileek auzorako sarbide zuzena izateko, bertan baitaude zerbitzu nagusiak, hala nola, dendak, ikastola, bankuak, etab.

47-Atotxaerreka linearen datuak

47-Atotxaerreka linea, 2023ko uztailean jarri zen martxan, linea pilotu bat bezala, auzora bitzitzera etortzen ziren bizilagun berrien eskaerari erantzuna emateko, eta auzoan garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen benetako eskaera baloratzeko. Zerbitzu horri esker, Atotxaerreka auzo berria Antiguo auzoarekin eta Dbusen autobus-sare osoarekin lotzen zen, doako transbordoen bidez. Irailean Arzakenea ingururaino zabaldu zen ibilbidea, eta Atotxaerreka Añorga Txiki eta Añorga auzoekin ere lotu zen.

9 hilabeteko funtzionamenduaren ondoren, linea honen erabilera Dbusen gainerako mikrobusen lineena baino askoz txikiagoa izan da. Horrela, 47-Atotxaerreka linearen batez besteko erabilera lanegunetan 110 erabiltzekoa izan da egunean; Dbus-en beste linea batez bestekoa, aldiz, 420 bidaiarikoa izan da eguneko, beraz, horrek esan nahi du 47 linearen erabilera mikrobusean ematen diren zerbitzuena baino lau aldiz txikiagoa dela. Era bereab, nabarmentzekoa da %25eko  zerbitzua erabiltzailerik gabe egiten dela.

Datu horiekin, beharrezkotzat jo da Atotxaerrekaren jatorri-helmuga zerbitzua birformulatzea, herritarrengan ahalik eta inpaktu txikiena sortzen saiatuz. Premisa horiei jarraituz, Taxibus zerbitzu berriak maiztasun berarekin mantentzea ahalbidetzen du, eta, gainera, bizilagunen eskaerei erantzunez, ibilbidea hobetzea lortu da, auzoa Antiguorekin, Añorga Txikirekin eta Añorgarekin zuzenago lotuz.

 

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

Apirilaren 25ean Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta Dbusek adierazi nahi du egunarekin bat egiten duela, AVAIM elkarteak (Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartea) antolatu dituen jardueretan lagunduz.

Horregatik, bihar, osteguna, Donostiako hiri autobus guztiek egunaren kartela eramango dute, egoera hori bizi duten pertsonei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko.

Irakurri

Dbus-ek bat egin du “Que el verde y la flor inunden la ciudad” ekimenarekin

Apirilaren 19tik 21era egingo den Donostia Loratzen 24 Jardunaldien barruko ekimenetako bat da

Datorren igandean, apirilaren 21ean, Dbusek bat egingo du Donostia Loratzen 24 jardunaldien baitan Cristina Enea Fundazioan egingo den “Que el verde y la flor inunde la ciudad” izeneko ekimenarekin. Funtsean, proiektu hau da hiriko espazio enblematikoak lore-landare elementuekin apaintzea.

Testuinguru horretan, gaur, Askatasuna 31ko markesina lore elementuekin apainduta egongo da egun osoan, horrela herritarrei lore artea eta paisajismoa hurbiltzeko. Meriflauers Donostia Loratzen 24 jardunaldien antolatzailearen hitzetan, “asmoa da hiriko naturarekin harremanak izateko modu berri bat aurkeztea, lorea gure eguneroko bizitzan sartzea”. Markesina Donostiako Paname Lore Estudioak dekoratuko du.

Markesinaz gain, La Perlako plaza (Irungo Nialfloral Art), Tabakalerako eskailerak (Irungo Julia Tellechea) eta Nautikoa (Astigarragako Idoia Lizeaga) ere apaindu dituzte.

Donostia Loratzen 24 apirilaren 19, 20 eta 21ean egingo da, Cristina Enea Fundazioan, eta lorearen profesionalak elkartu egingo dira, tailer eta hitzaldien bidez ikasteko, entzuteko, eztabaidatzeko eta kezkak partekatzeko. Jardunaldiak Meriflauersek antolatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzarekin.

 

 

Irakurri

Dbus-ek BEI autobus linea berriaren aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketa lizitatu du

Dbusek kotxetegietako kanpoko aparkalekuaren elektrifikazio azpiegitura eraikitzeko proiektuaren idazketa kontratatzeko lizitazio plegua argitaratu du, etorkizuneko BEI linearen (Bus Elektriko Adimenduna) elektromugikortasun beharrak asetzeko. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 99.900 eurokoa da (BEZik gabe), eta proiektua idazteko eta entregatzeko epea, osatzen duten dokumentu guztiekin, 2 hilabetekoa izango da.

17 Gros-Amara-Ospitaleak linea zerbitzu %100 elektriko bihurtzeko, kotxetegietako aparkaleku berria, 2021ean inauguratua, beharrezko azpiegitura elektrikoz hornitu behar da, linearako aurreikusita dauden 9 ibilgailuak kargatzeko aukera emango duten karga estazioak izateko.

Horretarako, DTK-k Dbuseko kanpo aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketaren kontratazioa lizitatu du, etorkizunean BEI lineari zerbitzua emateko.

Proiektuaren idazketak instalazio elektriko osoa (hartunea, tentsio ertaina eta behe tentsioa), datuen sarearen azpiegitura, beharrezko egitura metalikoa, baterien karga eta suteen aurkako babesaren instalazioa jaso beharko ditu. Proiektuaren barruan sartuko dira, halaber, memoria prestatzea, planoak, eraikuntza xehetasunen kalkuluen azterketak, neurketak, kontratuaren aurrekontua bermatzeko prezio unitarioak, eta, oro har, obrak egiteko beharrezkoa den edozein dokumentazio.

BEI sistema 17 linea osoan

Linea guztiak aztertu ondoren, 17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI-Bus Elektriko Adimenduna Sistema ezartzeko, linea estrategikoa baita; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoa Anoetako geralekutik pasatzeari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.

BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiri jasangarriago bat, kerik gabeko eta kutsadura maila baxuko hiri bat egiten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileak bidaia esperientzia oso ona izaten. Azpimarratzekoa da, adibidez, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko direla, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko funtzionalitate batzuk autobusean sartu gabe egin ahal izango direlako, semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako, etab.

Autobusen barrualdea ere gidariengan zein erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko da, diseinu abangoardista eta erosoagoa izango dute-eta. Nabarmenduko dira zoruak, zura itxura izango dutenak, eta argiztapen puntu berriak, esaterako.

Aurreikusita dago, halaber, BEI autobusen markesinek diseinu berritzailea izatea eta funtzionalitate berriak eskaintzea, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak diren geltokiek ere totema izango dute, baita pantaila digitala ere.

Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira.

Era berean, BEI linea berria abian jarrita, urtean 239.528 litro gasolio kontsumitzea eta 645 Tn CO2 gutxiago isuritzea aurreikusten da.

Erakundeen arteko hitzarmena

 2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten hirian autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak, EAEko 2021-2027 EGEF Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du, eta Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35, hau da, 9 milioi euro.

Irakurri

Dbus-ek autismoaz kontzientziatzeko ibilaldi solidarioarekin bat egiten du

Beste urte batez, Dbusek bat egiten du Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko egunarekin, hori dela eta, Gautenak (Gipuzkoako Autismo Elkartea) ibilaldi solidarioa antolatu du datorren igandean, apirilaren 14ean.

Horregatik, igandean, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsona guztiei eta haien senideei babesa erakusteko eta gizartean kontzientziazioa handitzeko Gautenak (Autismoaren Gipuzkoako Elkartea) antolatutako jardueretan laguntzeko.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin

Dbusek bat egiten du apirilaren 8an ospatuko den ijito herriaren nazioarteko egunarekin.

Horregatik, egun horretan Donostiako hiri autobus guztiek ijitoen bandera eramango dute egun osoan zehar, Dbus herri horren aitorpena bultzatu eta ijitoen komunitatea errespetatuta beraiekin batera bizitzen lagunduko duten jardueren alde dagoela erakusteko.

Irakurri

DTK-k memoria aurkeztu du eta 2023aren balantzea egin du

DTK-k 2023ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta Erantzukizun Sozial Korporatiboari (ESK) buruzko Memoria aurkeztu ditu Administrazio Kontseiluan. Memoria jada eskuragarri dago web orrian: 2023.urteko memoria

2023. urtean DTK-k bere historiako bidaien marka hautsi du, eta hori izan da urteko ezaugarri bereizgarria. DTKn 2023an kontabilizatutako bidaien kopurua, Dbuseko eta Dbiziko zerbitzuak barne, 30.544.764 bidaiakoa izan da, eta 2022an 26.291.471 bidaiakoa izan zen.

Konpainia osatzen duten pertsona guztien ahaleginari esker, eta Udalari esker, akziodun den heinean, eta baita egunero-egunero garraio publikoaren alde egiten duten erabiltzaileei eta garraio publikoaren bilakaeraren oinarri diren aurrerapen teknologiko handiei esker ere, gaur egun Konpainia hiri garraioko enpresa eraginkor eta aurreratuetako bat da Europan.

1.Bidaiak Dbusen

2023.urtean Dbuseko zerbitzuetako autobus bidaiak 29.599.122 izan dira, eta aurreko urtean, berriz, 25.503.508 bidaia erregistratu ziren.

Linea erabilienei dagokienez, 2022an gehien erabili den linea 28-Amara-Ospitaleak izan da, eta horren atzetik 13-Altza eta 5-Benta Berri lineak. Hiru lineek AENORen kalitate ziurtagiria dute, Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauak araututa, baina arauak ezartzen dituen konpromisoak, hiru linea horietan ez ezik, autobus flota osoan eta Konpainiaren eguneroko funtzionamenduan ere aplikatzen dira.

2. Bidaiak Dbizin

Dbiziko bidaiek 2023an izan duten bilakaeran nabarmena izan da eskariek izan duten igoera, aurreko ekitaldiarekin alderatuta handia izan baita. Hala, 2023an 945.642 bidaia erregistratu dira, eta pasa den urtean, berriz, 787.963 erregistratu ziren, hau da, bidaiek %20 egin dute gora. Horrek ekarri du batez beste egunean 339 km egitea bizikletan. Azpimarratzekoa da ohiko erabiltzaileek bizikleta elektrikoak nahiago dituztela argi eta garbi. Urtean egindako bidaia guztietatik, %62 bizikleta mota horrekin egin dira.

Sistemako abonatu kopuruari dagokionez, 2023ko irailean abonatuen kopuru maximoa erregistratu zen, 10.879 erabiltzaile; horrek esan nahi du sisteman %30 abonatu gehiago dagoela, 2022ko daturik onenaren aldean (8.370 abonatu 2022ko urrian).

Horrez gain, 2022an Dbizi izan zen AENORen ziurtagiria eskuratua zuen lehen enpresa, Garraio Publikoaren Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren gaineko UNE-EN 13816 arauaren arabera, zeinak bere zerbitzuaren kalitatea aitortzen duen.

3. Kotxetegiak elektrifikatzea

2023an DTK-k Kotxetegiak elektrifikatzeko lanak esleitu ditu, eta, horri esker, beste autobus %100 elektriko batzuk gehitu ahal izango dira zerbitzuan. Zehazki, Kotxetegiak elektrifikatzeko azpiegituraren proiektua idaztea eta obra gauzatzea esleitu du. Lanen helburua da Konpainiaren elektromugikortasun beharrak asetzea, Donostiako autobus flota elektrifikatzeko prozesuan bete-betean sartuta.

Dbus zero emisioko flota bihurtzeko, instalazioetako azpiegitura elektrikoa eraldatu behar da. Flotako 4 autobus %100 elektrikoekin kotxetegietako hartune elektrikoak duen ahalmen guzti-guztia erabiltzen da. Horregatik, beharrezkoa da linea elektriko baten trazadurari ekitea Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetaraino, 1,5 kilometro inguruko distantzian, non sekzionamendu zentro bat egongo den. Sekzionamendu zentrotik zuzeneko hornidura elektrikoa banatzen hasiko da, transformazio zentroetatik igaroz.

Instalazioak elektrifikatzeko lan horiei esker, autobus elektriko gehiago sartu ahal izango dira, eta, horrela, urte batzuen buruan, azpiegitura elektriko berria erabat martxan dagoenean, Dbusek 8,5MW-ko ahalmena edukiko du, eta, beraz, Gipuzkoan potentzia gehien kontratatuta duen erakundeetako bat izango da.

2024ko urtarrilean hasi dira lanak, eta orain arte gutxi gora behera trazatuaren %50a egin da.

4. Flota elektrifikatzea

2023an DTK-k 12 m-ko beste 38 autobus %100 elektriko gehiagoren eta 18 m-ko beste 6 autobus %100 elektriko gehiagoren erosketa  esleitu dio MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAUri. Horrela, 18 metroko lehen autobus %100 elektriko artikulatuak sartuko ditu flotan modu iraunkorrean.

Autobus %100 elektrikoak eta zero emisiokoak dira, eta Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak betetzen dituzte, hau da, plataforma baxuak eta arrapala elektrikoak dituzte mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, autobusa %100 irisgarri izan dadin. Era berean, ibilgailua erabat egokitzen da Dbusen baldintza teknikoetara, hala nola, gidariaren lanpostuaren diseinura eta erabiltzaileentzako lekuaren banaketara, besteak beste.

5. BEIren aurretiazko azterlanak

2023an, DTK-k lanean jarraitu du BEI-Bus Elektriko Adimendunaren sistema ezarri aurretiko fasean. Sistema 17 linean (Gros-Amara-Miramon) ezarriko da, Erdigunea eta Gros auzoa autobus eta Renfe geltokiekin, Amararekin, Donostiako Ospitale gunearekin eta Miramongo parke teknologikoarekin lotzen dituen linea baita. BEI proiektuaren barruan erabiltzaileen bidaia esperientzia hobetzeko hainbat ekintza sartzen dira.

Hobekuntza horien artean, azpimarratzekoa da bidaia denborak laburragoak izango direla, autobus horiek semaforoetan lehentasuna baitute, eta, beraz, trafikoak sor ditzakeen gorabeherak saihesten dira. Era berean, ibilbideak azkarrago egiten direnez, erabiltzaileek geltokietan eman behar duten denbora nabarmen murrizten da, eta, beraz, joan-etorrietarako erabili behar duten denbora osoa txikiagoa da.

6. Dbizi sistema zabaltzea

2023 sistema sendotzeko urtea izan da. Izan ere, bere geltokien eta bizikleta elektrikoen sarea handitu da, eta, horri esker, sistemak lurralde estaldura zabalagoa izan dezake eta errazago da mugikortasun jasangarria donostiarren egunerokotasunaren parte izatea.

2023an 21 geltoki berri jarri dira, eta 257 bizikleta elektriko gehiago sartu dira sisteman. Sistemaren handitze horrekin, Dbizi orain arte zerbitzurik ez zuten Donostiako guneetara iristen da, hala nola, Altzara, Bidebietara eta Añorgara. Horrela, hirian estaldura handiagoa eta bizikleta elektriko gehiago eskaintzen ditu, erabiltzaileen eskari handiari erantzuteko.

7. Bidaia txartela QR kodearekin ordaintzea inplementatzea

2023ko irailetik, bidaia txartela QR kodearekin ordaindu daiteke Dbuseko autobusetan. Sistema berritzaile hori Dbuseko linea guztietan erabil daiteke, eta bidaia txartela ordaintzeko beste aukera bat da, eskudirutan ordaindu ordez, Donostian autobusez bidaiatzea errazago eta erosoago eginda, “eassyago” eginda.

Dbusen app ofizialaren bidez eros daiteke bidaia txartela; appa, berriz, iOSen eta Androiden dago eskuragarri Horrela, beraz, lau garraio titulu berri daude erabilgarri:

  • 30 minutuko QR txartela, egunekoa: eguneko nahi beste zerbitzutan erabil daiteke, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Transbordoak egiten uzten du. Prezioa 1,85€ da.
  • 30 minutuko QR txartela, gauekoa: aurreko kasuan bezala, garraio titulu hau erosleak nahi beste gaueko zerbitzutan erabil dezake, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Prezioa 2,50€ da, eta transbordoak egiten ere uzten du.
  • 24 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 24 orduz, bai eguneko zerbitzuetan, bai gaueko zerbitzuetan, eta 6€-ko prezioa dauka.
  • 48 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 48 orduz, eta eguneko zein gaueko zerbitzuetan ere bai. Prezioa 10€ da.

8. Navilens gidatze sistema ezartzea

2023ko Mugikortasunaren Europako Astearekin batera, Dbusek markesinetan inplementatutako Navilens gidatze sistema jarri zuen abian. Distantzia handira irakur daitezkeen QR kodeen sistema bat da, ikusmen desgaitasuna duten pertsonei Donostiako autobus geltokiak modu autonomoan kokatzeko aukera ematen diena. Lokuzioen bidez, seinaleztapen sistema horrek aukera ematen du testuinguruan jarritako informazio eskuragarria lortzeko, hala nola geltokiaren izena, bai eta autobusen iritsiera ordua denbora errealean eta autobusen helmuga ere. Irismen handiko markagailu bisual horiek, halaber, baliagarriak dira beste dibertsitate funtzional sentsorial kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.

9. Dbus, munduan ticketing berritzaileena duten 7 garraio enpresen artean

2023an Dbus izan da Transport Ticketing Global sarian, Garraio Enpresa Berritzaileenaren kategorian, finalista aukeratu dituzten zazpi enpresetako bat. Garraio publikoko ordainketa sistemak aitortzeko nazioartean ematen den ospe handiko saria da. Garraioa jasangarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin berrikuntzak egitearen alde bikain ari diren garraio publikoko operadoreen lana azpimarratzen du sariak.

Ezarri dituen jarduera ugariri esker aukeratu dute Dbus. Jarduera horien artean ticketing sisteman egindako hainbat hobekuntza nabarmentzen dira, batez ere txartela ordaintzeko beste aukera batzuk ezarri izana (eskualdeetako garraio txartelak, hala nola, Mugi, Bat, Barik eta Txiktxak; EMV Contactless txartel adimendunak; mugikorretako QR kodea; etab.).

Azpimarratzekoa da sariarekin aitortzen dela garraio publikoa asko erabiltzen dela (Donostia da autobusen erabilera indizerik handiena duen hiria; donostiar bakoitzak 180 bidaia inguru egiten ditu, Europako erabilera kopuru handienetako bat eta antzeko tamaina duten gainerako hirietako erabilera kopuruaren oso gainetik), autobus zerbitzua etengabe hobetzen dela (abiadura komertziala eta puntualtasuna handiak dira), zerbitzuetan maila teknologiko aurreratua duela, ticketing sistemaren hobekuntzak egin direla eta kutsatzen ez duten garraiobideen erabilera sustatzeko hainbat ekimen egin direla. Faktore horiek guztiak funtsezkoak izan dira epaimahaiaren balorazioan eta Transport Ticketing Awards sari ospetsuan finalista gisa aitortzean.

10. Enpresa aktiboa da, hainbat lantaldetan eta forotan parte hartuz, esperientziak trukatuz. Kotxetegietara bisita teknikoak

2023an DTK-k hainbat jardunaldi, foro eta lantaldetan hartu du parte modu aktiboan, bai modu presentzialean, bai online formatuan.

  • Global Public Transport Summit kongresuan parte hartzea. Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasunak (UITP) bi urtez behin egiten duen kongresua da

Jardunaldian, Dbusek Donostiaren kasuaren berri eman zuen, Donostia elektromugikortasun proiektuaren xede hiri gisa, eta flota elektrifikatzeko eta instalazioak egokitzeko Konpainian egindako urratsak azaldu zituen.

  • ATUCen Hiri eta Metropoliko Garraioari buruzko Urteko XXIX. Kongresuan parte hartzea

Dbusek autobus zerbitzuaren deskarbonizazio eta elektrifikazioaren inguruan antolatutako mahai inguruan parte hartu du.

  • “5G  Euskadi” proiektuaren bukaerako ekitaldian parte hartzea

Euskadin garatu den lehen 5G proiektu pilotua da, eta bere helburua da Euskal Herriko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala bultzatzea.

Era berean, 2023an Dbusek hainbat bisita jaso ditu, eta horietan partekatu ahal izan ditu eskuratutako know-howa eta proiektuak. Bereziki nabarmentzekoak dira honako bisita hauek:

  • Israelgo Garraio Ministerioaren ordezkaritza bat. Bisitan zehar, ordezkaritzak egiaztatu ahal izan ditu Dbusek dituen SAE sistemaren (ustiapenean laguntzeko sistema) eta ticketing sistemaren
  • AGIR Frantziako elkarteko kideen ordezkaritza bat. Garraio publikoko operadoreetako 500 bat profesional eta Mugikortasun eta Garraioko enpresa, administrazio publiko eta adituak biltzen ditu elkarte horrek.
  • Bilbobusen ordezkaritza bat. Teknikariek osatutako ordezkaritza bat zen, eta Kotxetegietako instalazioak ezagutu ahal izan ditu, eta Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak xehetasunez egiaztatu ere bai.

 

 

Irakurri

Dbizi-k Geltoki+ aurkeztu du: bizikleta elektrikoak aparkatzeko sistema berria

Helmugako geltoki jakin batzuk beteta daudenean erabili ahal izango da funtzionalitate berri hori.

Dbizik, Donostiako bizikleta sistema publikoak, Geltoki+ abian jarriko du. Dbizi sistemaren funtzionalitate berri bat da, eta bere helburua da herritarrei kalitatezko zerbitzua eta beraien beharretara egokitutakoa ematen jarraitzea. Funtzionalitatea apirilaren 2tik aurrera egongo da erabilgarri.

Hala, Dbizik aparkaleku gehiago eskainiko ditu bere 11 geltoki periferikoenetan, giltzarrapo adimenduneko sistema baten bidez. Giltzarrapo adimendunen sistema hori geltokiak beteta daudenean erabili ahal izango da.

Gaur goizean aurkeztu da sistema, eta, bertan, Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak hau nabarmendu du: “Dbizi sistema gaur egun herritarrek asko baloratzen eta erabiltzen duten zerbitzua da, eta, beraz, Geltoki+ funtzionalitatea ezarri nahi izan dugu, erabiltzaileen harrera on horri erantzuteko”. Horrez gain, hau ere esan du: “Etengabe ari gara lanean hobekuntzak bilatzen, bizikleta hiritik ibiltzeko lehentasunezko garraio gisa erabiltzea bultzatzen jarraitzeko”.

Geltoki+

Bizikleta elektrikoen atzeko gurpilean giltzarrapo adimendun bat jartzea izango da, berez, Dbiziren funtzionalitate berri hau ahalbidetuko duen sistema (bizikleta mekanikoetan ez da eskuragarri egongo). Izan ere, sistema horri esker, bizikletak aparkatzeko berariaz definitutako lekuetan aparkatu ahal izango da. Leku berezi horiek Dbiziko geltoki jakin batzuen inguruan kokatuta egongo dira, eta Dbiziko geltoki horietako aparkaleku guztiak beteta daudenean baino ezingo dira erabili.

Geltoki horiek Geltoki+ izenez ezagutzen dira, eta hiriaren erdigunetik urrunen dauden eta/edo hiriaren goialdeetan dauden auzoetako batzuetan egongo dira, auzo horietan Dbiziko geltokien arteko distantzia handiagoa baita. Horrela, beste aukera bat eskaintzen zaie helmugako geltokia beteta aurkitu eta hurbilen duten beste geltokia urrun samar geratzen zaienei.

Geltoki horietan arkua duten aparkalekuak jarriko dira bizikletetarako, eta aparkaleku horiek lokailu batzuk izango dituzte bizikletaren giltzarrapora lotzeko. Bizikleten aparkaleku horiek erraz identifikatu ahal izango dira, izan ere, kolore berdez margotuta daude, aparkaleku arruntetatik bereizteko.

Aparkatzeko prozesua

Bizikleta bat Geltoki+ batean aparkatzeko prozesua oso erraza eta intuitiboa da. Dbiziren appak Geltoki+ funtzioa aktibatuko du erabiltzailea Dbiziko geltoki horietako batera hurbiltzen denean, eta hura beteta dagoenean. Erabiltzailea Geltoki+ geltokira hurbildu beharko da, eta bizikletaren giltzarrapoa aparkalekuko arkuaren kableari lotu. Giltzarrapoa behar bezala itxita dagoenean, bidaia behar bezala amaitu dela jakinaraziko du aplikazioak.

Bizikleta Geltoki+ geltokietatik kanpo aparkatzen saiatuz gero (kalean, zerbitzu hori ez duten geltokietan), edo horietan aparkalekuak libre badaude, giltzarrapoa itxi egingo da, eta Dbiziren appak leku horretan aparkatzerik ez dagoela jakinaraziko du; beraz, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikleta desblokeatzeko eta baimenduta dagoen leku batean aparkatzeko. Erabiltzaileak jarraibideei jarraitzen ez badie, sistemak bizikleta blokeatuko du, baita erabiltzailearen kontua ere.

Erabiltzaileei laguntza handiagoa emateko, Dbizik bideo batzuk argitaratuko ditu bere web orrian (www.dbizi.eus), funtzionalitate berri hori azaltzeko.  Era berean, abonatu guztiek mezu elektroniko bat jasoko dute, sistema berriari buruzko informazio zehatzarekin.

 

 

 

 

 

 

 

 

Geltoki+ batean aparkatu ahal izateko bizikleta elektrikoek ezinbestez behar duten giltzarrapoa martxoan hasi da jartzen, eta jada 125 bizikletak dute instalatuta giltzarrapo hori. Aurreikusita dago ekainerako bizikleta elektriko guztiek aukera berri hori izango dutela.

Giltzarrapo adimendun berri horiek Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) Next GenerationEU funtsen bidez finantzatu dira.

Geltoki+ berrien kokalekuak

Geltoki+ berriak geltoki hauetan egongo dira, eta, geltokiaren arabera, giltzarrapoa duten 6-12 bizikleta elektriko aparkatzen utziko dute:

– Añorga+: 4 arku izango ditu, eta gehienez 8 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Buenavista+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Herrera+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Zubiaurre+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Nornahi+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Atarizar+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Munto+: 6 arku izango ditu, eta gehienez 12 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Andoain+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Tranbia+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Urbia+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

– Bartzelona hiribidea+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.

 

 

Irakurri